2025-12-26
Blog Page 114

PIMESA enpresan akordioa #LortuDugu

LABen oso positiboki baloratzen dugu akordioa, langileen ekimen mobilizatzaileari esker lortu dena.

Asteazken honetan, 2024ko uztailaren 17an, langileek batzarrean akordioa berretsi ondoren, Enpresako Zuzendaritzak eta UGT, LAB eta CCOO sindikatuek osatzen duten Enpresa Batzorde osoak lortutako akordioa sinatu da, joan den uztailaren 10ean egindako batzarrean gehiengoz akordioaren alde bozkatu ondoren.

Lau hilabete baino gehiagoko negoziazioen ondoren eta langileek mobilizazioen egutegiarekin hasi ondoren, sindikatuek enpresaren zuzendaritzarekin akordio bat egin dute, eta 4 urteko indarraldirako eduki hauek jaso dituzte:

• KPI + %1eko soldata igoera.

• Urteko lanaldia 15 ordu murriztea.

• 15 urtera arte luzatzea, adingabea zaintzeagatik lanaldia murriztea eskatzeko eskubidea.

• Kategorien gaiari heltzeko Batzorde Paritario bat eratzea, gehienez ere 6 hilabeteko epean, sinatzen denetik hasita.

• Hitzarmenaren sinaduran kontsolidatu ezin den ordainsaria eta hurrengo hiru urteetarako salmenten araberako plusa.

Aipatzekoa da LABek prozesu osoan izan duen konpromisoa, bai negoziazio mahaian bai borroka sindikalean. Beste behin ere erakutsi dugu LABek beti planteatu dituela proposamenak eta ekintzak prozesu osoan zehar, hori guztia PIMESAko langileen lan-baldintzak hobetzeko helburu bakarrarekin, aurrera eramandako mobilizazioak dinamizatuz.

Era berean, PIMESAko langileak zoriondu nahi ditugu, euren ekimenari eta borrokari esker langileen baldintzak nabarmen hobetzea lortu dutelako.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu beste behin ere, langile klasearen borrokari esker, hobekuntza hauek lortu ahal izan direla. Borrokak merezi du!

Gipuzkoako Metalaren merkataritzaren sektorean aurreakordioa erdietsi dute 

Duela urtebete hasi ziren sektoreko gure ordezkariak hitzarmena berritzeko asmo handiko proposamen bat garatzen, bi helburu nagusiekin: Gehiengoa duen sindikatua bultzatu negoziazio mahaia deitu zezan eta patronalak negoziatzera eser zitezen derrigortu.

Negoziazio-mahaia otsailean eratu behar zen, baina patronalek egutegi zailtasunak zeuzkatenez, eta beraien ordezkaritza nola neurtu ez zekitela-eta, maiatzera arte ezin izan genuen mahaia eratu. Bi hilabeteko esprinta eta bost negoziazio bileren ostean, sindikatu nagusia eta patronalek aurreakordioa erdietsi dute:

  • – Soldatei dagokienean, lehenik, 2009tik 2023rako Estatuko KPIa berreskuratzea dakar soldata-tauletan eta, bigarrenik, KPIaren igoeraren %85a soldata errealei dagokienez. Estatuko KPIaren hurrengo urteetako igoerak ere bermatzen ditu aurreakordioak. 2027ko abenduaren 31era arte, hain zuzen.
  • – Lizentzien atalean, estatuko legeriak ekarritako berrikuntzak jaso besterik ez du egiten.
  • – Urteko lanaldia 8 ordu murriztuko da hitzarmena indarrean egongo den 4 urteetan.
  • – Lan-erreformen aurrean langileen eskubideak babestuko dituzten klausulak jasoko ditu.
  • – Euskara sustatzeko, sexu, genero eta sexu-orientazioaren araberako jazarpenaren kontrako neurriak eta protokoloak garatzeko aukera emango ditu.

Aurreakordio horrek ez ditu gure proposamenak jasotzen dituen gutxieneko baldintzak bermatzen. Izan ere, LABen epe laburreko hitzarmen baten alde egin nahi genuen. Berreskuratze ekonomikoaz gain, atzerapenak ordaintzearen eta antzinatasuna berriro saritzearen alde geunden urteetako izoztearen kalte-ordain bezala. Bizitza erdigunean jartze aldera, aldiz, lanaldi murrizketa nabarmenagoa eta lizentzietan hobekuntzak ere ezinbestekotzat jotzen genituen. Ordea, lizentziek ez dute hobera egiten eta urteko lanaldi-murrizketa anekdotikoa da. Zentzu horretan, tamalgarria da Estatutik aurki heldu den lan-legediak aurreakordioan adostutakoa hobetzea. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparru batean sinesten dugu, eta esparru propio hori defendatzeko, Estatuko lan-legediaren aurretik Euskal Herriko sektoreko hitzarmenetan hobekuntzak bermatu behar direla ezinbestekotzat jotzen dugu. Era berean, nabarmendu nahi dugu pena dela aurreakordio hobeago bat lortzeko borroka sindikalaren saiakera minimorik ere egin ez izana. Bestela izan balitz, ziur gaude eduki mamitsuagoak izango genituzkeela mahai gainean.

Hala eta guztiz ere, jakin badakigu sektorearen errealitatea zein den: soldata-izoztea eta banakako negoziazioaren mende dauden hobekuntzek hiru soldata-eskala sortu dituzte sektorean. Hori gutxi ez eta indarrean ez dagoen hitzarmen batek sortzen dituen segurtasun gabeziak ere nabarmenak dira. Horregatik, askozaz gehiago lor zitekeela uste dugun arren, erantzukizun-ariketa baten bitartez gure ordezkariekin lan egingo dugu akordioa baloratzeko eta gure sinadurarekin parte hartuko dugun ala ez erabakitzeko.

Arabako egoitzetan premiazkoa da hitzarmen duina

Greba eguna da gaurkoan sektorean, eta goizean kalejira egin dugu Gasteizen, patronalari mugiarazteko exijitzeko eta aldundiak ere esku har dezan eskatzeko. Arratsaldean, 18:00etan, beste hitzordu bat daukagu, Desamparadas plazatik abiatuta.

Jarraipen zabala izan du Arabako nagusien egoitzetako gatazkaren baitan gaur eginiko 36. greba egunak, beste behin ere ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan diren arren. Langileek goizean kalejira egin dute hiriburuko erdialdean barrena, eta arratsaldean beste mobilizazio bat dago deituta, Desamparadas plazatik abiatu eta aldundiraino joango dena.

Beste behin ere gogorarazi behar dugu egoitzetako beharginek egiten duten lana zerbitzu publikoa dela, eta egungo baldintzak hobetzea behar-beharrezkoa dela. Greba Feminista Orokorrean aldarrikaturikoaren ildotik, zaintza erdigunean jartzea premiazkoa da, baina badirudi patronalaren nahiz Arabako Foru Aldundien asmoak ez datozela bat gizartearen eskariarekin. Izan ere, jarrera itxia agertzen jarraitzen dute gaur-gaurkoz.

EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos alderdiak ados azaldu dira Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak hemen erabaki ahal izatearekin

Adostasun hori dekretuaren bozketan erakustea eskatzen diegu. LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok aldebiko bilerak egin ditugu alderdi horiekin. PSE eta PPk ez diete bilera eskaerei erantzun.

EAEko sektore publikoko LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok bilerak egin ditugu EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos alderdiekin Espainiar Gobernuak onartutako langile publikoen soldatari buruzko Errege Dekretuari buruz hitz egiteko.

Aldebiko bilera horietan, sindikatuok eskatu diegu alderdiei lan baldintzak hemen erabakitzea bermatuko duen dekretua ahalbideratzea, gaur egun dagoen bezala ez baitu hori posible egiten. Eta kongresuko bozkak erabil ditzatela langile publikoen lan
baldintzak hemen erabakitzea ahalbideratzeko, horretarako beharrezko erabakiak hartuz eta formulak bilatuz.

Alderdiek ez dute argi adierazi zer bozkatuko duten uztailaren 23ko dekretuaren kongresuko bozketan. Baina guztiek agertu dute Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak hemen erabakitzearen aldeko jarrera. Hori baita sindikatuen eta langile publikoen eskaria.

Sindikatuon ustez, alderdiek erakutsitako jarrerarekin koherenteak izateko, orain langile publikoen soldatak Euskal Herrrian erabakitzea ahalbideratzeko erabakiak hartu beharko lituzkete. Bestetik, PSE eta PPren jarrera salatu nahi dugu. Maiatzako bileran
errondan ez zuten parte hartu eta oraingoan ere ez diote eskaerari erantzun.

Sindikatuok borrokan jarraituko dugu Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak hemen erabakitzeko, sektore pribatuen hitzarmenen prebalentziarekin gertatu den bezala. Alderdiek hitzetatik neurri zehatzetara pasa behar dute.

Lan Istripua FCCn San Fermin Jaietan

Zaborra biltzeko kontrata den FCC Medio Ambiente-ko langileek (Iruñerriko Mankomunitateak azpikontratatuta duen zerbitzua) elkarretaratzea egin dute, uztailaren 10ean gaueko txandan izandako azken lan istripuaren aurrean.

Lan-txandetan egindako kontzentrazio horien bidez, langile guztiek babestutakoa, Iosu U. animatu nahi izan dute. Altueran lan egiten ari zela erorketa izan zuen langileak, eta gaur egun larri ospitaleratuta jarraitzen du. Une latz hauetan familiari ere elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan diote.

ATSU eta LAB sindikatuek osatutako enpresa batzordeak gertakariak salatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, behin ikerketaren emaitza eta istripuaren arrazoiak ezagututa.

Aroztegian egindako zigor eskaera berehala kentzeko exijitzen dugu, eskaera fiskala adierazpen askatasunaren aurkako eraso kezkagarria baita

Lekarotzen 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat eraikitzearen aurka Aroztegian kanpatzeagatik 20 urteko kartzela-zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzea, Baztango bailarako bizilagunen borondatea onartzean datzan gatazka, eremu errepresibora bideratzeko asmoa da.

Horren harira, “talde kriminal bat” osatzea leporatzen zaien zazpi pertsonei kartzela zigor eta zigor ekonomikoen eskaera zoroa berehala kentzeko exijitu du. Gure ustez, benetan kriminalizatzailea da estamentu judizialak erabiltzea guztiz legitimoak eta beharrezkoak diren borroka sozial baketsuak zapaltzeko, Aroztegia kasu.

Cementos Rezolako langileen borroka aurrera doa, enpleguaren defentsan

Manifestazioa egin dugu gaur Donostian, enpresak ezarritako Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta fasea bukatzear den honetan.

Bihar izango da azken bilera enpresarekin, eta ekainaren 28az geroztik greba mugagabean jarraitzen duten langileek argi dute beren helburua: deskarbonizazioa ahalbidetzea, baina inolaz ere lanpostuak suntsitzeko aitzakia gisa.

EEE hau martxan jartzeko enpresak argudiatutako arrazoia izan da Clinker ekoizpena Añorgatik kentzea eta jarduera hori Heidelberg Materials enpresak Arrigorriagan duen plantara mugatzea. LABen trantsizio ekosozialaren aldeko apustua egiten dugu, noski, baina berriro diogu halako prozesuek langileen parte-hartzea izan behar dutela oinarri eta kaleratzerik gabe gauzatu behar direla.

Nafarroako Erriberako Schindler igogailuen laguntza zerbitzuan greba mugagabea abiatu dugu

Laguntza iraunkorreko zerbitzuko (guardiako zerbitzuko) langileek greba mugagabea abiatu dute aste honetan, beren lankideek baino baldintza okerragoak dituztelako eta berdintasuna exijitzen dutelako.

Lanaldi arruntak ohiko funtzionamendua izango du, astelehenetik ostegunera 8:30etik 18:30era eta ostiraletan 8:30etik 15:15era. Ordutegi horretatik kanpo sartzen da etengabeko laguntza-zerbitzua, grebak zerbitzu horri eragingo dio eta agintari eskudunak
ezartzen dituen gutxieneko zerbitzuak egingo dira.

Nafarroako Erriberako langileek Nafarroako gainerako langileentzat itundutakoa baino ordainsari txikiagoa jasotzen dute zerbitzu horrengatik, eta berdintasuna eskatzen dute: lan bera, konpentsazio bera. Langileek proposamenak aurkeztu dituzte, malguak izan dira, baina orain arte ez da akordiorik lortu enpresarekin.

Enpresarekin elkarrizketa izateko bide guztiak agortu ondoren, langileek greba-eskubideari heltzea erabaki dute.

[IRITZIA]: Osakidetzako Emergentzietako ESIaren salbuespena

Gotzone Amuriza, Jose Bragado eta Jesus Oñate LABeko ordezkariak dira Osakidetzan. Jarraian irakur dezakezuen iritzi-artikulu honetan, larrialdietako ESIan bizi den egoeraz ohartarazten dute.

Emergentziak zerbitzuaren egoera, larrialdiak koordinatu eta Osakidetzako ZIU mugikorrak kudeatzen dituen zerbitzuarena, oso larria da. Kudeatzaileek egoera horretara eraman dute herritarren osasuna babesteko oinarrizko zerbitzua.

Eguneroko arretan sortzen ari diren hutsuneak gero eta ohikoagoak diren arrisku-puntu beltzak dira, eta ez dago egoera aldatzeko planik. Baieztapen horrekin egoera dramatizatu bat marraztu nahi dugula dirudi, baina lerro hauek idazten ari garenok uste dugu oso larriak diren egoerak ezin direla modu atseginean azaldu.

Emergentziak zerbitzuak ematen duen arretan dauden hutsune horiei aurre egiteko, ez dago planik, eta neurri falta nabarmena da. Gerentziak eta giza baliabideen zuzendaritzak denbora gehiegi daramate bateragarritasunen legea hausten. Profesionalik ez dagoenez eta neurririk ere ez dagoenez, Osakidetzak bi bide erabiltzen ditu: bata, legezkoa eta sindikalismo korporatiboaren bermea duena; eta bestea, legez kanpokoa. Azken horren alde egitea larria da. Izan ere, gerentziak ezagutzen badu ere, bide horretatik jarraitzen du.

Legezko bidea, sindikalismo korporatiboarekin, azkenaldian SATSErekin eta beste batzuetan SMErekin hitzartutakoa, aparteko orduen bidea da, Osakidetzan, erakunde gezurti on gisa, beste termino batekin definitzen dena: autokontzertazioa. Osakidetzan zerbitzuak ematen ditugun 70 kategoria profesional baino gehiagoren artean bi, hiru edo lau kategoriaren interesak soilik ordezkatzen dituzten sindikatuen laguntzarekin legitimatutako jarraibideen bidez, funtsezko arazoa betikotzen ari da. Duela 30 urte onartzen hasi zirenetik orain arte, egitura falta ezkutatzeko eta neurri desegokiak hartzeko balio izan du autokontzertazioak. Ordutik, aparteko orduetan oinarritzen den eta funtzionatzen ez duen sistema bat dugu. Hori da Emergentziak zerbitzuan gertatzen ari dena.

Bestalde, bateragarritasunen legeak eragozten duen jendea kontratatzen ari da Osakidetza, Emergentziak zerbitzuko zuzendaritza gerentearen eta Giza Baliabideen zuzendaritzaren bidez. Hori saihesteko kontrol-mekanismo nahikoa jarri gabe egiten ari dira, nahiz eta jakin aspalditik gertatzen ari dela. Osakidetza alde batera uzten ari da LABek helarazitako oharrak. Haien ustez, guk identifikatu behar ditugu bateraezintasunak dituzten lankideak. Emergentziak salbuespen kafkiar batean bizi da; administrazioa ez da arduratzen legea betetzeaz eta kontrol neurriak hartzeko ardura delegatzen ari da; kasu honetan, LAB sindikatuarengan.

Orain arte bi praktika horiek larrialdietako zerbitzua estaltzen zuten, baina gaur egun ez da eraginkorra. Ondorioz, herritarrak, azken hamarkadetan ezagutu gabeko arrisku egoeran daude. Osasun egoera kritikoak artatzen dituen Emergentziak zerbitzua arriskuan dago, eta errusiar erruleta bat da, tragiko bihur daitekeena. Horregatik, premiazkoa da kudeaketa aldatzea ekarriko duten eta zerbitzua indartzera bideratuko diren neurriak hartzea. Bateraezintasunen legea hausteko hain ausartak izaten ari direnek ez dute ausardiarik larrialdi sareko anbulantzia guztiak publiko bihurtzeko prozesu bat abiatzeko ere. Horrek erakusten du nork daukan honen guztiaren gidaritza.

Bi jarduera bateraezinak uztartzen ari diren lankideek 24 ordutik gorako lanaldi nekagarriak egiten ari dira batzuetan, edozein lanbidetan aritzeko ezarritako muga guztiak gaindituz.

LABetik herritarrei ohartarazi nahi diegu egoera kritikoa dela, eta Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langileak eta herritarrak jasaten ari direna ez dela salbuespen egoera bat. Egiturazko egoera da, eta dagozkion neurriak hartu behar dira. Onartu behar da osasun zerbitzuen murrizketa baten aurrean gaudela: ordutegi-murrizketa duten osasun-zentroak, ekipoa osorik edo zuzenean ixten dituzten EAGak, Gasteizen langile-faltagatik borrokan ari diren larrialdiak eta arazo larriak dituzten Emergentziak. Dioten bezala, egoera salbuespenezkoa da eta salbuespenezko neurriak behar dira, bai, baina kontrako norabidean.