2025-12-26
Blog Page 113

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.

Hala berean, LAB sindikatuak, enpresak ezartzen duen prekaritateak langileak hiltzen dituela ere salatu nahi du. Lan txandetako giza baliabideen urritasunak dakarren segurtasun protokoloak eta prebentzio araudiaren ezin betetzearen ondorioz gertatu da istripua.

Langileon babesa bermatu behar duten segurtasun protokoloak eta lan baldintza duinak eskatzen dizkiegu FCC enpresari eta administraritzari. Etekin ekonomikoak langileon segurtasunaren gainetik jartzeak daukan ondorio latzena ikusi berri dugu berriz ere. Lan istripuen ondorioz 33 hildako daramatzagu aurten Euskal Herrian, horietako 11 Gipuzkoan. ASKI DA!

Osasun sistema publikoa indartzeko neurriak aurkeztu ditugu

Langileen gehiengorik gabe Osasun Itunik ez dago.

Osasun Sistema Publikoa indartu eta Osakidetzak behar duen eraldaketarako LABek proposatzen dituen neurriak aurkeztu ditugu. Neurri horiek izango dira ondoren EAEko gobernuak Osasun Ituna adosteko deituriko mahaira eramango dituenak.

Osakidetza kalitatezko osasun sistema publikoa izango bada, aurreko gobernuaren politikek errotiko aldaketa eskatzen dute, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren esanetan: “Urte luzez, osasun publikoaren aldeko apusturik ez da egin; politika neoliberal eta klientelarrak izan dira nagusi Osakidetzan. Publikoa debaluatu egin da, pribatua indartzeko”. “Langileen greba eta mobilizazioak, osasun publikoaren aldeko plataformak kalera atera izana eta erabiltzaile guztiok ikusten, nozitzen, ari garen gainbehera izan dira gai hau agenda politikoaren erdigunean jarri dutenak”, azpimarratu du Aranburuk.

Gauzak horrela, LABen bost neurri planteatzen ditugu:

1. Pribatizazio eta kontzertazio politikarekin amaitu eta pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko plan bat eskatzen dugu

Zatika-zatika, Osakidetzak modu publikoan kudeatu beharreko hainbat zerbitzu pribatizatu egin dituzte:

  • LABek, aurkezturiko helegiteen bidez, Osakidetzak modu okerrean kanporatu edo pribatizatu nahi zituen kontratuak geldiarazi ditu, 160 milloi eurokoak. Salatutako kanporatze horien guztien lanak egiteko profesionalak badaude. Zerrenda oso luzeak daude lan horiei guztiei aurre egiteko, eta horregatik daramatza LABek urteak esaten zuzendaritzaren politikak pribatizatzaileak direla.
  • – Alor honetan, hitzarmena eta sententziak ez ditu betetzen Osakidetzak. Ikuztegien zerbitzua pribatizatuta egon da. Hitzarmenean adostu zen kontzesioak amaitzen ziren heinean, Osakidetzak zuzenean hartuko zuela lan hau. Ez du egin, eta pribatizatuta mantendu du. Esaterako, Santa Marinako ikuztegiko lanak pribatizatuta mantentzen saiatu zen. Bada, LABek salatu zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen zerbitzu hori zuzenean eman behar zela. Osakidetzak ez du sententzia onartzen, eta Enplegu Zentro Berezi batekin kudeatzen saiatzen ari da.
  • – Biltegiak: orain arte ospitale bakoitzak bere biltegia izan du. Orain, zentralizatzea eta handitzea planteatzen ari da Osakidetza, eta aldaketa hori pribatizatzeko baliatu nahi du. Biltegi zentral horren kudeaketa integralak Osakidetzarena izan beharko luke.

Osakidetzak egin ditzakeen eta egin beharko lituzkeen lan medikuak kanporatu egiten dira:

  • – Erresonantziak, ebakuntzak edo laborategiko lanak —analisiak, esaterako—, lan horiek egiteko langileak eta bitartekoak izan arren. Gurutzetan, adibidez, BIOCruces sortu da, erabat pribatua, eta horra bidaltzen da laborategiko lan zamarik handiena.

2. Langile gehiago behar dira, egonkorrak eta baldintza duinekin

  • – Egiturazko plantilla handitu egin behar da. Pribatizazioaren jomugan dauden kategoria ez sanitarioek (mantenimentua, zerbitzuetako langileak, administrariak eta laguntzaileak…..) are gehiago pairatzen dute hutsune hori. Egonkortze prozesua motel doa eta 2024ko abendurako ez da beteko behin-behinekotasunaren langa %8an ezartzen duen Europako agindua.

Bestetik, 2018–2019ko LEP prozesua oraindik ez da behar bezala amaitu, ez dago zerrenda ofizialik eta langileen kontratazioan gardentasun falta izugarria da.

Kontratazio ereduak hona ekarri gaitu. %54ko behin behinekotasun tasarekin, esan behar dugu kontratazio eredua kolapsatu dela. Lan kargen ikerketa bat egin behar da, eta beste eredu bat negoziatu behar da, sindikatuekin batera.

  • – Mediku faltari aurre egiteko neurriak behar dira. Mediku falta da hainbat erabaki justifikatzeko aitzakia. Udako ordutegiak murrizteko, EAG Etengabeko Arreta Guneak ixteko, herri handietako anbulatorioak medikurik gabe lanean egoteko edo emergentzietako anbulantziak medikurik gabe bidaltzeko. Mediku falta planifikazio faltaren ondorio da. Urtero Eusko Jaurlaritzak Barneko Mediku Egoiliarren (BAME) eta Barneko Erizain Egoiliarren (BAEE) inguruko beharrak helarazten dizkio Madrilgo Gobernuari. Zer eskatzen duten, ordea, ez da publikoa. “Jaurlaritzak argudiatzen du Madrildik ezartzen dutela Barneko Mediku Egoiliarren kopurua, baina Jaurlaritzak zer nolako eskaera egiten duen ez dakigu”, azaldu du Aranburuk.
  • – BAME/BAEE-en formakuntza eta baldintzak hobetu egin behar dira: Ez dituzte era egokian formatzen, eta guardiak alde bakartasunez aldatzen zaizkie. Horrek haserrea sortzen du Osakidetzarekiko. Ondorioz (batez ere BAME-en kasuan), formazioa amaitzen dutenean beste toki batera doaz. Horri gehitu behar zaio, espezialitatea amaitzen dutenean, eskaintzen zaiena ez dela batere erakargarria: behin-behinekotasun kontratua. BAME/BAEE-ek betetzen dute mediku/erizain falta, nahiz eta oraindik formakuntza osoa ez izan.
  • – Ratioen inguruko lege berri bat behar da: LABek badu proposamen zehatza, legebiltzarrean erregistratu genuena eta orain arte ez zaio kasurik egin. Indarrean dauden ratioak jasanezinak dira langileentzat eta erabiltzaileentzat eta zerbitzua kaskartzen dute.
  • – Langileen lan baldintzak hobetu egin behar dira, eta negoziazio erreal bat eskatzen dugu. Salatu nahi dugu Osakidetzaren Mahai Sektorialean azken akordioa 2009koa dela.
  • – Politika feministak behar dira: Osakidetzan lan egiten duten emakumeek “kristalezko sabaia” pairatzen dute. Ardurak dituzten lanpostuak hartzea oso zaila da, kontziliatzea ezinezkoa egiten delako. Dauden berdintasun planak ez dira eraginkorrak eta horri ez zaio irtenbiderik ematen.
  • – LEP eredua aldatu behar da, konziliazio eta bizitzaren zikloak (amatasuna, gaixotasunak, zaintza lanak, etabar…) errespetatzeko. Osakidetzako langileek 2 urtero LEP bat egiten dute, horrek ez du gure bizitzarekin bat egiten…

3. Lehen Arretaren egoera hobetzea urgentziazkoa da

Lehen arretan dagoen egoeraren arrazoietariko bat egonkortze falta da, behin-behinekotasun handia. Medikuen errotazio handia dago eta horrek familia medikuen lana oztopatzen du (pertsonak ez dituzte inoiz ezagutzen…).

Ez dago gaixotasunaren prebentzioaren kulturarik, jada gaixo daudenak artatzen dira eta ospitalzentrismo handia dago. Emaginen egoera da horren adibide: beraien lehentasuna erditzeetan dago eta geroz eta gutxiago aurretik egin beharreko prestaketa lan egokian edo erditzean izan beharreko jarraipenean.

Horrek guztiak eragiten duena da lehen arreta jasotzeko pribatura joateko tendentzia handitzen ari dela.

4. Osasun mentalaren arazoa prebenitzeko eta artatzeko bitarteko gehiago behar dira

Geroz eta dimentsio handiagoa duen arazoa izanik ere, ez dago planik. Orain profesional falta dago; esaterako, ez dago psikologorik, ez dago gizarte hezitzailerik. Ez da prebentzioan inolako arretarik jartzen eta oso erraz jotzen da medikatzera edo ospitaleratzera.

Espazio soziosanitario indartsu bat sortu behar da instituzio guztien artean, koordinazio onarekin jendartearen beharrak betetzeko

5. Osakidetza euskalduntzeko plana behar da:

Plaza guztiek izan beharko lukete profila, eta egun ez da horrela. Euskalduntzea borondatezkoa da, eta, noski, horrek ondorioak ditu: ezinezkoa da euskaraz lan egitea eta zerbitzua euskaraz jasotzea.

Errealitatea hori izanik ere, azkenaldian mezu euskarofoboak ugaritzen ari dira. Dikotomia faltsuak elikatzen dira: zer nahiago duzue profesional ona edo euskalduna edo lan egiteko eskubidea eta euskaraz ikasteko derrigortasuna kontrajartzen dituena.

Borondate politikorik ez dago. Zuzendaritzen aldetik ez dago prestasunik arazo honi irtenbide egoki bat bilatzeko, eta gehienak ez dira euskal hiztunak. Adibidez: Bizkaian ESIetako 7 gerente daude eta bat ere ez da euskalduna.ESIetako 7 zuzendarien artean, 2 bakarrik dira euskaldunak.

Neurri hauek guztiak langileekin adostu behar dira. Amaitzeko, LABetik argi utzi nahi izan dugu langileen gehiengorik gabe ezin dela Osasun Itunaz hitz egin.

Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta epearen baitako azken bilera akordiorik gabe amaitu da Cementos Rezolan

Heidelberg Materials/Cementos Rezola enpresak ekainaren erdialdean 56 pertsonari eragiten zien EEE prozesua aurkeztu zuenetik gaur arte Kontsulta Epeari zegozkion negoziaketa aurrera eramaten aritu da Enpresa Batzordea, LABek eta ELAk osatua. Hasieratik garbi utzi izan dugun moduan, trantsizio ekosozialista baten bidean deskarbonizazio prozesuak beharrezkotzat jo izan ditugu. Hala ere, ez dugu bat egin enpresaren “deskarbonizazio” planteamenduarekin, ezinezkotzat ikusten baitugu horrelako gai mardul baten negoziaketak EEE prozesu batean eta 56 lanpostu suntsituta gauzatu ahal direnik.

Hala, kontsulta epea akordiorik gabe amaitu da. Enpresak eginiko proposamenak enplegu suntsiketa erabat desproportzionatua dakar eta borondatezko irteerarik ez du bermatzen. Enpresa Batzordeak hasieratik lan egin dudenontzako akordio on baten bidean, baina proposamen hauek aintzakotzat hartu ez direnez, enpresak akordio bat gauzatzeko borondaterik erakutsi ez duela iritzi dio.

Azkenik, azken hilabete honetan, langileek aurrera eramandako borroka eredugarria jarri nahi dugu zentroan. Denon artean, dugun onena eman dugu lanpostuen eta lan baldintzen defentsan, eta hau ez dela hemen amaitzen eta borrokak azkeneraino jarraituko duela jakinarazi nahi du enpresa batzordeak.

Mondélezeko enpresa batzordeak enpresaren jazarpen sindikala salatu du

Zazpi hilabeteko negoziazioaren eta 44 greba egunen ostean, enpresaren jarrera guztiz zurruna izaten ari da, ez edukiei dagokienez, baizik eta langileak kikildu asmoz

Dagoeneko zazpi hilabete igaro dira Mondélezen (Oreo gaileten ekoizlea) hitzarmenari buruzko negoziazioak abiatu zirenetik, eta 44 egun langileek planto egin zutenetik, zuzendaritzak negoziaziorako jarrerarik ez zuela ikusita.

44 egunok eman dituzte bere fruituak, batzuk onak eta beste batzuk txarrak. Alde batetik, ahaldundutako eta bat egindako plantillaren lanari esker, akordioa inoiz baino hurbilago dago, edukietan asko aurreratu baita. Bestalde, ordea, harrokeriak, mendeku goseak eta etorkizunean greba erreminta gisa erabili ahal izateko eskubidea baldintzatu nahiak akordioa ezinezko egiten du.

Mondélezeko zuzendaritzak uko egin dio bortxa eta mehatxuak alegatuta zortzi grebalariren aurka jarritako salaketak kentzeari. Bada, langileok ez gara amarruan eroriko, argi baitaukagu zein den salaketa horien atzean dagoen benetako helburua. Borroka hau irabazten ari gara, eta horren erakusle da, aurrez azaldu bezala, edukiei dagokienez akordioa oso gertu dagoela. Enpresak, ordea, ziurtatu nahi du etorkizunean ez duela egoera honekin berriro topo egingo, eta zehapenen eta salaketen bidea erabili nahi du beldurraren politika ezartzeko eta grebaren tresna berriro erabil ez dezagun.

Horregatik guztiagatik, mezu argia helarazi nahi dugu: ez dugu men egingo mehatxuen eta xantaiaren aurrean. Akordiorik egotekotan, jazarpenik gabe izango da. Bada, mezu hori ezin izan diogu zuzenean igorri enpresari, alde sozialarekin biltzeari uko egin baitio hiru aldiz. Bide batez, Nafarroako Gobernuari ere dei egiten diogu gai honetan esku har dezan eta lanaren arloa gainditzen duen egoera hau bidera dezan.

Bien bitartean, langileok batuta eta borrokan jarraituko dugu, azken 44 egunotan egin bezala.

Microliquideko langileen asanbladak enpresaren azken proposamena ontzat eman du

Langileen mobilizazioei esker Enplegu Erregulazio Espedientearen baldintzak hobetu egin dira.

Enplegu Erregulazio Espediente baten bitartez, 24 pertsona kaleratzeko prozedura abiarazteko asmoa zutela komunikatu zuen zuzendaritzak maiatzean. Ekainaren amaieran kaleratze kolektiboaren arrazoiak biltzen dituen dokumentazioa banatu zuten, eta kontsulta epeari hasiera eman zitzaion. Horrekin batera, langile asanbladak greba mugagabe bat abiaraztea erabaki zuen. Negoziazioek iraun bitartean, langileen mobilizazioak eta hainbat asanblada burutu dira, eta azkenean, langileek, enpresaren azken proposamenari baiezkoa eman diote.

-EEEak 15 pertsonari eragingo dio. Horietatik zortzik borondatezko atxikipena izango dute.

-Lan egindako urte bakoitzeko, 40 eguneko soldata ordainduko zaie indemnizazio gisa.

-Antzinatasunik ez duten kasuetarako, 8000€-ko gutxieneko indemnizazio bat ordainduko da.

Akordio honekin, hasierako 24 kaleratzeetatik 15era jaistea onartu da, eta horietatik 8k borondatezko atxikipena izango dute. Antzinatasunik ez duten langileen kasuan, indemnizazioak nabarmen hobetzen dira. Gainontzekoek legezko indemnizazioak bikoizten dituzte.

Langileen asanbladan, enpresaren azken proposamena %70en baiezkoekin onartu zen.

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Hala, ezezkoa ematen diogu Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itunari, eta pertsona guztiek migratzeko eskubidea dutela aldarrikatu.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

LAB sindikatuak aurtengo ikasturtean aurrera eramandako borroken ezaugarri nagusien eta emaitzen inguruko balantzea aurkeztu dute Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegik eta koordinatzaile orokor Igor Arroyok, eta eginiko lanari esker euskal langileriarentzako lortu diren aurrerapausoak nabarmendu dituzte.

Oihana Lopetegik horrela laburbildu ditu aurtengo ikasturteko borroka eta gatazken nondik norakoak: “190 borroka piztu ditugu, eta 84 borrokatan greba erabili da. Beraz, greben presentzia borroken % 44,21ean egon da. Sektore mailako borrokak 35 izan dira, horietatik 18 sektore feminizatuetan. Enpresa mailako borrokak 155 izan dira, horietatik 20 eremu feminizatuetan. Itxitako gatazken portzentaia %46,32koa izan da.”

Hala, enpresetako gatazka kopuruak gorantz egin duela azaldu du, sektoreetakoek beherantz egin duten bitartean. Edonola ere, konfliktibitatea mantentzen dela dio. “Izan ere, sektoreetako gatazketara deituak zeuden langile kopurua askoz ere txikiagoa izan da ikasturte honetan aurreko kurtsoekin alderatuta. 2022ko abenduan %27koa bazen estaldura tasa, iazko ikasturteko borrokaldien ondorioz langile askok lortu zuten hitzarmena berritzea, eta 2023ko abenduan %52,3koa zen tasa hori, altua urte sasoi horretarako. Datu horrek ematen digu sektoreetako gatazken beheranzko joera ulertzeko giltza”.

Sektoreko gatazka gutxiago, beraz, eta enpresetakoek gorantz egiten jarraitu dute. “Hitzarmen kolektiboen defentsan izan dira batik bat (%51,18), baita ere patronalaren aldetik egon diren erasoei aurre egiten (%33,16): itxierak, kaleratzeak, aldi baterako enplegu erregulazio espedienteak edota jazarpen mota desberdinak: jazarpen sindikala, oso nabaria Amazon bezalako enpresa batean esaterako; eraso matxistak, zein bestelakoak”, zehaztu du Lopetegik.

Eremu prekarizatuetan antolatzen jarraitzen dutela ere azpimarratu du LABeko ordezkariak, Amazonen, Telepizzaen, enplegu zentro berezietan, nekazaritza eta abeltzantzan edo sektore feminizatuetan, kasurako. “Eremu horietan antolatzeak langileen aldarrikapenak modu kolektiboan lantzea dakar, langileentzat onura zuzena lortuz”, azaldu du.

Gatazka horietan guztietan askotariko gaiak landu badira ere, ikasturtea oso modu nabarmenean ardaztu duten gaiak negoziazio kolektiboko marko propioaren defentsa, zaintza eskubide kolektibo gisa eta zaintzaileen lan baldintzak, eta zerbitzu publikoen defentsa izan direla adierazi du Lopetegik: “Lege bidez bertako hitzarmenen lehentasuna onartzeaz gain, bertako hitzarmenak berreskuratzearen edo sortzearen alde lan handia egin da. Gainera, eros-ahalmena mantendu eta langileen lan baldintzak hobetzeko borrokak zerbitzu publikoen defentsarekin uztartu ditugu, baita zaintza eskubidearen aldekoarekin ere”.

Azpimarratzekoak diren bestelako elementu batzuk ere azaldu ditu, arreta berezia jarriz trantsizio ekosozialean edo euskararen alde egin diren mobilizazioetan: “Aurten trantsizio ekosoziala gure borroketan izan beharreko lekua hartzen hasi da, Mecanerren bezala, enpleguaren defentsa trantsiziorako plan ekosozial baten aldarrikapenarekin batu delarik. Azkenik, euskararen aurkako oldarraldiak langileen mobilizazioa eragin du. Langileak zerbitzua euskaraz jasotzeko eta euskaraz lan egiteko eskubidearen defentsan mobilizatu dira”.

Borrokaren balioa

Ondoren, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok Euskal Herrian egindako borroka sindikalaren balioa nabarmendu du: “Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomoa da, estatuekiko koordenada desberdinetan aritzen dena. Euskal sindikalismoak badu langileen eskubideak defendatzeko eta lan mundutik aldaketak eragiteko bokazioa eta indarra”.

Arroyoren hitzetan, bikoitza da euskal sindikalismoaren erronka: batetik, euskal langileon lan eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabakitzea, bertako hitzarmenen eta bertako politika publikoen bidez; eta bestetik, ekintza sindikalaren eta negoziazio kolektiboaren bidez euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetzea. Bi helburu hauek eskutik doaz: estatalizazioak pobretzea dakar eta euskal esparruaren eraikuntza, berriz, lan eta bizi baldintzak duintzeko bidea.

Esparru propioaren eraikuntzan ikasturte honetan emandako aurrerapenak nabarmendu ditu Arroyok: “2010/2012ko lan erreformek negoziazio kolektiboaren estatalizazioarekin batera enpresa eremuaren aldeko apustua eta negoziazio kolektiboaren ahultzea ekarri zuten. Testuinguru horretan LABek hasieratik defendatu zituen negoziazio eremu guztiak eta bereziki erreformen jopuntuan ziren sektoreko hitzarmenak: erreformen aurkako bi Greba Orokor eta ondorengo beste bi lanuzte orokor (aurreraeragintasun mugagabearen defentsan bata eta estatalizazioaren aurka bestea); 2013an bertako negoziazio esparruak babesteko Akordio Intersektoriala lortzeko saiakera, lau urte beranduago lortutako negoziazio kolektiboko egituraren inguruko Sektorearteko Akordioaren ernamuina izan zena; eta bertako hitzarmenen lehentasuna berrezartzeko egindako presio lana, ikasturte honetan fruituak eman dituena”.

Bide horrekin jarraituz, aurrera begira beste hiru urrats ematea jarri dugu LABen helburutzat. Lehena, bertako hitzarmenak berreskuratu (Nafarroako grafikagintza edo Gipuzkoako egurgintza) edo berriak sortzea (Nafarroako adinekoen egoitzetan, enplegu zentro berezietan, etxeko langileena, EAE-n kimiketakoa edota Nafarroan kultur-teknikariena).

Bigarrena, bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata ezartzea, hilean 1.600 euro gordinekoa, soldata baxuagoko hitzarmenekiko edota hitzarmenik ez duten eremuekiko (horietako asko feminizatuak eta arrazializatuak) dagoen arrakala murriztu eta langile ororentzat orube duin bat ezartzeko.

Eta hirugarrena, funtzio publikoaren gainean Estatuak ezarritako betoa gainditzea. EAJ eta Gobernuaren artean batzorde mixto bat ezartzeko akordioa aurrerapausotzat aurkeztu bazen ere, administrazio publikoetako langileen lan baldintzak eta lanpostuak sortzeko irizpideek estatalizatuta jarraitzen dute. Ildo honetan, Espainiako kongresuan tramitatzen ari den legeak euskal langileen erosmen ahalmenaren galera dakartzan soldatak igoera ezarri asmo dugu (eta horren aurka egitea eskatu berri die intersindikalak euskal alderdiei).

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.

Gaur bildu da LAB Imanol Pradales Lehendakariarekin. Sindikatuaren ordezkaritza Xabier Ugartemendia Zerbitzu Publikoetako arduradunak eta Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak osatu dute.

LABek bere prestutasuna adierazi du langileei eragiten dieten gaien eztabaidetan parte hartu, ekarpenak egin eta adostasunak bilatzeko. Horretarako, LABeko ordezkariek Lehendakariari eskatu diote, kargua hartu ondoren egiten ari den bilera errondari erreferentzia eginez, ez dadila horretan geratu, baizik eta posible egin dezala, aurreko Gobernuak sindikatuekiko izan duen mespretxuzko jarrera zuzenduz, bestelako garai baten hasiera; alegia, bilera eta harremanen normalizazioa ekarriko duen baina bileretara mugatuko ez den aldaketa eskatu diote.

Aurreko Jaurlaritzaren inposaketaren eta aldebakartasunaren bidea alboratu, langile publikoen soldata eta lan baldintzak bertan negoziatzearen alde egin eta negoziazio kolektiboa berreskuratzearen beharra azpimarratu dute LABeko zuzendaritzako bi ordezkariek.

Horrekin batera, jarrera antisindikalak albo batera uztearen beharreaz aritu dira. Pradalesi gogorarazi diote Elkarrizketa Sozialeko mahaiari eusten badio erabaki desegokia izango dela, “besteak beste, mahai hori ez delako adostua, gutxiengoak osatzen duelako eta antidemokratikoa delako”. LABek gune horretan ez duela parte hartuko berretsi dute. Bestalde, gatazka laboraletan, beti langileei bizkar eman eta patronalaren alde jartzen den Lehendakaria ez izateko eskatu diote.

Aranburuk eta Ugartemendiak lau gai nagusitan politikak aldatzeko beharra planteatu dute: langileen soldatak eta bizi baldintzak hobetzeko politikak eskatu dizkiote Lehendakariari, baita lehentasunez 1600€ko gutxieneko soldata ezartzearen alde egiteko ere, eta etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko; zerbitzu publikoak indartzeko apustu irmoa ere eskatu diote: osasungintza, zaintza eta etxebizitza, tartean; erronka ekosozialei aurre egingo dien industria birmoldaketa sustatzea izan da hirugarren eskaria, eta, azkenik, langileen lan eta bizi baldintzak hemen erabaki ahal izateko marko juridiko-politiko berri baten beharraz aritu dira.

Gai horiek guztiak langileekin adostu behar direla adierazi eta gaurko bileran arreta berezia jarri diote Osakidetzaren egoerari. “Langileak ari dira osasun sistema publikoari eusten, langileek mantentzen dute Osakidetza bizirik, eta haien eskutik jasotzen dugu egunero egoeraren larritasunaren berri”, azaldu du Ugartemendiak. Hala, benetako apustua egiteko unea dela gehitu du Aranburuk: “Egungo arazoak ez dira pandemiak sortuak, aurretik datoz eta osasun sistema publikoaren aldeko apustu nahikorik egin ez izanaren ondorio argia dira”. Publikoaren kalitatea debaluatzearekin batera, osasun sistema pribatua indartzen dela kritikatu dute.

“Norabide aldaketa sakona” eskatu du Aranburuk: “Inbertsioak handitu, kontzertazioarekin eta pribatizazioarekin amaitu, lagunkeriak eta trikimailuak albo batera utzi, lehentasun gisa Lehen Arreta hobetu eta, noski, langileen egonkortasuna eta baldintzak hobetu behar dira, baita Barneko Mediku Egoiliarrenak ere”.

Langileek denbora daramate kalean greba eta mobilizazioetan, osasun sistema publikoaren alde, eta gauza bera hainbat osasun plataformatatik. Dinamika horiek guztiek Osakidetzaren arazoa agenda politikoaren erdigunean kokatu dute. Orain arte Jaurlaritzak entzungor egin die sindikatu eta herritarren eskakizunei. Bada, Jaurlaritza berriak Herri Itun bat egin nahi badu, osasun publikoaren defentsan aritu diren eragileak entzutetik hasi beharko luke, izan sindikatuak zein erabiltzaileen plataformak.

LABek baditu Osakidetzaren egoera iraultzeko eta hobetzeko neurri-proposamen zehatzak. Bi egun barru publiko egingo ditu eta neurri horiek eskutan hartuta joango da sindikatua negoziazio edo eztabaida gune desberdinetara. Beraz, Herri Ituna osatzeko prozesuan parte hartzeko prestasuna eta proposamenak baditu LABek. Hori bai, “benetako negoziazioa” eskatu du eta ohartarazpena egin dio Lehendakariari: “Osakidetzan, langilerik gabe ez dago Herri Itunik”.

FCC enpresan kamioian erortzen diren edukiontziak kentzeko prozeduraren zorroztasun faltak Nafarroan lanean hildako zortzigarrena eragin du

Pasa den uztailaren 10ean, gaueko txandan, zabor edukiontzien hustuketan ziharduen FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) I.U. langileak, kamioiaren kabinaren gainera igo behar izan zuen hustuketa egiteko kontainerra trabatuta gelditu zelako. Bertan zegoenean, irristatu eta lurrera erori zen buruan kolpe larria jasoaz. Lan istripu horrek gaur arratsaldean hil egin du langilea. LAB sindikatuak bere elkartasuna eta doluminak helarazten dizkie bere familia, lagun eta lankideei.

Zabor bilketa normalean kamioiaren gidariak egiten du baina arazoak sortzen badira, hau da, kontainerra trabatzen denean, gidariek protokolo bat dute segurtasuna bermatzeko. Prozedurak, beste langile batzuen presentzia exijitzen du tartean errekurtso prebentiboarena, baita arduradunarena ere eta eskailera berezi batzuk erabili behar dira segurtasuna bermatzeko.

Gaueko txanda izanik, ez zegoen nahikoa langile eta prozedura ez zen abian ipini.

Langileek aspaldi ohartarazi zuten enpresa, mankomunitateko kamioi berriekin arazo asko sortzen zirela zabor bilketan. Gainera, nahiz eta “protokolo” bat eduki prozedura honetarako, langile guztiek ez zuten ezagutzen, edozein langile eramaten zuten prozedura hau aurrera eramateko, nahiz eta formakuntza ez eduki (pluma erabiltzeko eta altueran lanak egiteko formakuntza), eta normalean bakarrik goizetan betetzen zen protokoloa, jende gehien dagoen txandan.

Beraz, berriro ere FCC enpresak, zerbitzuari etekin ekonomiko gehiago ateratzeko behar direna baina langile gutxiago kontratatu ditu lan arriskutsu bat egiteko eta honek eragin du segurtasun protokoloan ezin abian jarri izatea, istripu hilgarri berri bat eraginez.

LABek salatu nahi du administrazioak esleitutako kontratuen garapenean ez direla segurtasun neurriak betetzen enpresa hauen interes ekonomikoak langileen bizitzaren aurretik daudelako. Administrazio orori eta euren kudeatzaileei eskatzen diegu, esleipenetan lan osasun klausulak barneratu ditzatela enpresa hauei prebentzio araudia betearazteko. Hamarkada luzeetan erakutsi bait digute behartzen ez bazaie ez dutela laneko osasunerako araudia beteko.