2026-06-17
HomeEkintza SindikalaLanbitel-eko langileen lan-baldintzak duintzea eta Lanbiden txertatzea eskatu dugu

Lanbitel-eko langileen lan-baldintzak duintzea eta Lanbiden txertatzea eskatu dugu

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Lanbide Zerbitzu Zentralen aurrean, Lanbitel-eko 80 langileek pairatzen duten egoera salatzeko. Izan ere, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko erabiltzaileei telefono bidez arreta emateko zerbitzua sortu zenetik, beti egon da azpikontratatuta eta kanporatua.

4set Talent & Tecnology enpresari lizitazio publikoaren bidez pribatizatutako zerbitzu horren zeregin nagusia “herritarrek, erakundeek eta enpresek Lanbideren telefono-plataformara egiten dituzten deiak jasotzea, erantzutea eta horiei irtenbidea ematea” da. Beraz, Lanbidek zuzeneko arreta zerbitzua emateko dauzkan bulegoekin batera, herritarrek erakunde horretan egin beharreko kudeaketak egiteko harremanetarako eta konponbiderako duten lehen gunea dira.

Zerbitzu publiko bat prekaritate-baldintzetan eskaintzen duten langile horiei, Espainiako Estatuko Call Centerren hitzarmena aplikatzen zaie, operadore informatzaile kategoria egokituz (teleoperadore espezialista) 16.000 euroko soldatarekin, hau da, plantillan dauden 80 pertsona inguruk zerbitzua ematen diote Lanbideri, 4set bezalako enpresa batek (Lanbideko pleguetan, zuzendaritzaren beharrezkoa den permisibitatearekin), langileen esplotazioaren kontura irabaziak gizendu ditzan.

Erabiltzen duen ordainsari ekonomikoen politika, egoera horren erakusle da. Enpresak berak bakarrik kontrolatzen dituen parametro batzuk erabiltzen ditu (etekinen ordainsaria, jardunaren ordainsaria, etab.), plantillaren zati bati mesede egiteko eta beste bat zigortzeko balio dutenak. Enpresaren jokabidea zalantzan jartzen duten langileak zigortzen dituzte, ordezkaritza sindikala bera barne.

Halaber, ordainsari-politikaren printzipio orokorren artean, “soldata emozionala” nabarmendu behar da, lorpen handi gisa saltzen baitu, edozein enpresak lan-baldintza duinak sortzeko dituen betebeharrak soilik betetzen dituenean. Ezinezkoa da “soldata emozionalaren” azpijoko horri eustea, ezinezkoa baita enpresa honetako soldaten prekaritatearekin bizi-proiektu bat aurrera eramatea. Soldata emozionalak ez du hipoteka ordaintzen.

Puntu honetara iritsita, LABetik premiazkoa ikusten dugu Lanbidek telefono bidezko arreta zerbitzua bere egituran txertatzeko beharra. Langileek behar dute, eta herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea haren funtzionamendu onaren menpe dago. LABek errespetua eta baldintza berberak eskatzen ditu Lanbitel-eko langileentzat, bai administrazioak zuzenean kontratatuta egonda edo kasu honetan bezala, azpikontrataturik egonda ere.

Zer iritzi du horretaz Eusko Jaurlaritzak? Zer deriotzote horri EAJk eta PSOEk? Zer iritzi du horri buruz Lanbideko zuzendari nagusia den Francisco Pedraza Morenok? Bide batez, Irekiaren profilean honako hau dio Lanbideri buruz: “enplegu gehiago eta hobea lortzeko enplegagarritasuna hobetu nahi duen zerbitzua da”. Enplegu hobea azpimarratu nahi genuke… Ez al da aplikagarria Lanbitel-entzat? A zer adar jotzea Pedraza jauna…

Zer deritzozue herritarrentzat behar-beharrezkoak diren zerbitzu publikoak hobetzeko bideratutako diru publikoa, plantillak prekarizatzen dituzten enpresa pribatuen eskuetan uztearen inguran?

Nola eskaini nahi dugu herritarren premiazko beharren neurrira egokituta beharko lukeen zerbitzu egonkor bat, plantilla hain lan-baldintza eskasetan izanda?

Langileen baldintzak duindu behar dira, baina ez gaitezen okertu, ez gara ari enpresak “soldata emozionalean” irribarreaz eta laguntasunari buruz aipatzen duen aitortzaz… Hori ez, lan- baldintzen benetako hobekuntzaz ari gara, parekatzeko eta duintzeko bideari ekiteaz. Eta azken helburua, baina ez garrantzi gutxiagokoa, zerbitzua publiko egitea eta Lanbiden integratzea da.

Beste behin ere, sektore prekarioenak dira Eusko Jaurlaritzak harro zabaltzen dituen zerbitzu publikoei eusten dietenak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.