2026-10-20
Blog Page 1123

Txagorritxu ospitaleko garbiketa kontratako greba bertan behera geratu da

0

Garbialdiko enpresa komiteak, enpresarekin akordio batera iritsi ostean bertan behera geratu da ostiralerako deituta zegoen greba mugagabea. Besteak beste enpresak 2016ko urtarrilaren 10ean eta hemendik aurrera sortuko diren bakanteak argitaratu eta betetzeko konpromisoa hartu du. Horrez gain egutegi bat adostuko du Komitearekin, langileei zor zaizkien norberaren gauzetarako baimena eta antzinatasungatiko lizentziak disfrutatzeko.

Enpresa komitearen oharra:

Pasa den ostiralean otsailaren 26an, Garbialdiko Enpresa Komiteak egun horretarako deituta zegoen greba mugagabea bertan behera uzteko komunikazioa erregistratu zuen Lan Delegaritzan, enpresarekin akordiora heldu ostean ondorengo edukietan:

– Enpresak 2016ko urtarrilaren 10ean sortu zen bakantea argitaratu eta beteko du. Bestaldetik, hemendik aurrera sortu daitezkeen bakanteak argitaratu eta betetzeko konpromisoa hartu du.

– Enpresak asteburuetako txandan sortuko den bakantea beteko du.

– Enpresak egutegi bat adostuko du Komitearekin, langileei zor zaizkien norberaren gauzetarako baimena eta antzinatasungatiko lizentziak disfrutatzeko 2016 urtean zehar, Auzitegi Gorenaren sententzia betez.

– Ezintasun Iragankorretako osagarrietan enpresak aplikatu zituen deskontuak ordainduko ditu, Auzitegi Gorenaren sententziak hala aginduta eta 2012ko paga estra ordaintzeko egutegi bat adostu da.
 

 

 

Errefuxiatuei ongi etorria larunbatean Bilbon

"Ongi Etorri Errefuxiatuak" ekimenak manifestazioa deitu du bihar, hilak 27, munduan beren bizilekuetatik ihes egitera behartuak dauden 60 milioi pertsonak bortxa eta miseriatik aske bizi daitezen eskatzeko. LABek bat egiten du mobilizazioarekin eta sindikatuko kide guztiei bertan parte hartzeko deia luzatzen die.

Manifestazioa Arriaga Plazatik hasiko da eguerdiko 12:00etan.

 

LABek Galdakaoko haurreskolarako alternatiba bat exijitzen du

0

Hurrengo asteetan Lehendakari Agirreko haurreskolako behin betiko proiektua aurkeztuko du Galdakaoko Udalak, hasieran aurkeztutako proposamenari egotzitako arazoei aurre egiten dien egokitutako proiektua. Udalak aditzera eman duenez, lur azalean eta 800 metro karratu inguruko plazan kokatuko da, zeinetan harmailak kenduko dituzten. Segurtasun, osasungarritasun eta higiene baldintzak betetzen ez dituen haurreskola baterako 640.000 euro ordainduko dira diru publikotik.

Udaleko diru kutxako 642.000 euroko gastua izango du gaur egun bertan dagoen lokala bermoldatzeak eta gainera 150.000 euroko gastua gehitu behar zaio, gertu dagoen jolas gunean haurreskolako beharrei egokitzeko lanetarako.

Javier Cuevasek proiektu honen arkitektuak otsailaren 23an egindako aurkezpenean, kokapen berria “ezinhobea” dela azaldu zuen, egun erabiltzen ez diren komunak eta plazaren zati bat hartuko duelarik. Era berean, onartu zuen zati batean lurpean geratuko zela, 1,20 metro plazaren mailaren azpitik..

Azpiegitura berri honek, sukaldea, jantokia, komunak eta jolasgunea izango ditu, azken hau haurreskolaren ordutegitik kanpo edozeinek erabiltzeko aukerarekin.

LAB sindikatuak Galdakaoko Udalak aurkeztutako proiektu honen ezegokitasunaz ohartarazi nahi du, Haurreskolak Partzuergoak eraiki nahi denaren txostenean azpimarratzen baitu kokapena ez dela egokia.

Txosten hau Uriarteren Hezkuntza Sailak onartzen duen eta haurreskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak zehazten dituen 215/2004 dekretuan oinarritzen da. Haurreskolaren kokapenak, sute-kasuan erabiltzaile eta langileen ebakuazioa oztopatuko lituzke. Era berean, hezetasunerako joera eta argi naturalaren falta jasotzen da.

Bestalde, LABentzat proiektuak ez du betetzen Udalaren beraren eraikuntzarako ordenantza, haurreskolako gela batzuk ez dutelako izango argi naturalik ezta airea berriztatzeko aukerarik. Pentsa ezina dena, adibidez, lonjak etxebizitzetan bihurtzeko orduan.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Autobabeserako Araua arriskuan jartzen du, larrialdi baten aurrean prebentzioa eta babesaren gaineko lege arautegiak eraikuntzako kode teknikoa barneratzen baitu, udal ordenantzak jasotzen duen laneko segurtasun eta garbiketa arautegi orokorra. Guztia jantoki eta sukaldeetara bideratutako udal lokalen baldintzak ez aipatzeagatik, kalera irteteko irteera berezi bat izan behar baitute, beste gauza askoren artean.

Horregatik guztiagatik, LABek ondoriotatzen du eraikin gaixoa izango dela erabiltzaileentzat. Sortuko diren laneko arriskuak ekiditeko gastuak areagotuz.

Proiektu hau bertan behera uztea eta beste alternatiba bat bilatzea exijitzen dugu, denon poltsikotik irteten diren 642.000 euroak merezi dutelako. Ziur gaude aipatu ditugun guztiak beteko dituen eraikin berria merkeago irtengo zaigula.
 

 

 

Errausketaren aurkako igandeko mobilizazioan parte hartzera dei egiten du LABek

0


Datorren igandean, otsailaren 28an, Errausketaren aurkako mugimenduak mobilizazioa deitu du Gipuzkoan. LABek mobilizazioa babesten du eta bertan parte hartzeko deia egiten die langileei. Errausketa jarduera kutsatzailea da, zuzen zuzenean erasaten duena osasuna eta honen aurka aterako da kalera sindikatua.

Datorren igandean, otsailaren 28an, Errausketaren aurkako mugimenduak mobilizazioa deitu du Gipuzkoan. Herri ezberdinetatik zutabeak aterako dira, Zizurkildik (08:00etan plazan), Hernanitik (08:30ean Gudarien plazan), Añorga Txikitik (09:30ean), Zubietatik (11:00etan), Usurbildik (11:00etan frontoian), Andoaindik (08:00etan merkatuan) eta Lasartetik (10:30ean Okendo plazan). Zutabe ezberdinek bat egingo dute 12:00etan errauskailua egin asmo duten “0 puntuan” eta 13:00etan amaiera emango zaio Zubietako frontoian.

LABek mobilizazioa babesten du eta bertan parte hartzeko deia egiten die langileei. Errausketa jarduera kutsatzailea da, zuzen zuzenean erasaten duena osasuna eta honen aurka aterako da kalera sindikatua. Honen aurrean, badaude alternatibak baina kapital handien interesak gailentzen ari dira kontu honetan ere, pertsonen eta ingurumenaren babesaren gainetik.

 

 

 

Azpikontratetan enplegua eta lan-baldintza duinak bermatu behar dira


Azpikontratetan klausula sozialak sartzeko proposamena aurkeztu dugu Bizkaiko Foru Aldundian

Horixe da LABen izenean David Rasines eta Alberto Cristobalek Bizkaiko Foru Aldundiko Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean eskatu dutena. Prekarietatearen aurrean Aldundiko azpikontratetan enplegua eta lan-baldintza duinak defendatzen dituen proposamena egin dute. Ekimena “Zure ESKUbideak, ¡actívate por tus derechos!” kanpainaren barruan kokatzen da. 

Batzordearen proposamena aurkeztu ondoren, Aldundiak azpikontratatutako enpresetako delegatuek kontzentrazioa egin dute Foru Aldundiaren atarian “Azpikontratetarako klausula sozialak, BFAn zergatik ez?” lemapean.

Bizkaia da EAEko lurralde bakarra da langileen lan baldintzak arautuko dituen eta haiei duintasuna emango dien araurik edo legerik onartu ez duena. Bakarra da ere alor pribatuari ematen zaion diru-publikoa kontrolatzea onartu ez dena. Egoera honekin amaitzeko garaia iritsi da, garaia da prekarietatea suntsitzeko.

Azken hamarkadetan, Euskal Herriko erakundeak gobernatu duten alderdi politikoek, batik bat EAJk, PSEk, PPk eta UPNk, erabaki dute zerbitzuak azpikontratatu eta kanpora eroan behar zirela. Iraganean administrazioak berak betetzen zituen lanak eta zerbitzuak kanpora eramanez mozkinen aldea handitzen saiatu dira, lagunen aginte pribatuan jarri izan dira, eta askotan, multinazionalen esku. Hori eginez soldata-kostuak urritzen dituzte, eta enpresa nagusiaren kontratu-harremana apurtzen dute, eta langileei dagokienez, Bizkaiko Aldundiak azpikontratatu diren langileekiko lotura eteten du, haien egoerari jaramonik ez eginez, bertan lan egin arren, Aldundiko langilea ez delako. Horrela, irabazi tartea handitu gura dute, eta zerbitzuaren kudeaketari edota kanpora eraman diren lanen kudeaketari muzin egiten diote, langileak banatzen dituzte lan baldintzak ezberdinduz, administrazioan edota azpikontratan beharra egiten den arabera.

Erabaki politiko horrek oso ondorio larriak dakarzkie langilei:

• Erakundeak euretaz ahaztu dira, soldata eta baldintza negargarriekin zapaldu dituzte.
• Ez bagara lehenbailehen irteten kalera, arazoak izatean, lanpostuak urrituko dituzte.
• Langileek betetzen duten eginkizunak kalitatea galdu du; hori enpresa pribatuek irabaziak guztiaren gainetik lehenestearen ondorioa da.

LABek jakin badaki hiritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak langile publikoek bete behar dituztela. Hori gure helburua izanik, badakigu lan edo zerbitzu hauetako asko eta asko azpikontratatzen eta azpikontratatuko direla. Hortaz, dinamika bati ekin dio sindikatuak enpresa hauetako langileoi enplegua berma dadin eta lan baldintzak duinak izan daitezen, horrek ekarriko duelako eskainiko diren zerbitzuak kalitatezkoak izango direla eta lan eskubideek galerarik izango ez dutela.

Egin daiteke, legezkoa eta beharrezkoa da. Bizkaia ezin daiteke bazterrean gera. LABek proposatu du Bizkaiko Foru Aldundian, Gipuzkoan onartu zen antzeko Foru Araua onar dadila, berme juridikoak emango dituena eta langileen lan-baldintzak arautuko dituena. Honela, klausula sozialak txertatuko dira Aldundiak lehiaketara ateratzen dituen pleguetan, zeintzuk, besteak beste, honako puntuak jasoko dituzten: subrogazioa, hitzarmena betetzea, enpresek euren erabakiz gure baldintzak alda ez ditzan, langabetuen enplegua bermatzea, hizkuntza eskubideak bermatu, ingurumenari buruzko irizpideak sartu,…

Bidea seinalatu du LABek, gure lan baldintzen hobekuntzan borrokatzeari eta azpikontratetan bizi dugun prekarietatea zapuzteko borrokari eutsi dio. Foru arau honen bidez enplegua bermatu gura du LABek, eta hura kalitatekoa izatea lortu.

 

 

 

MARTXOAK 3 – 40. URTEURRENA [ ELA, LAB, ESK eta STEILAS ]

MEMORIAK INDARTUTA
Geure etorkizuna eraikitzen

Dagoeneko berrogei urte beteko dira Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda poliziak erailak izan zirela Gasteizen.

Ez ditugu ahaztu nahi ere: Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Antón Ferrero, Tarragonan eta Basaurin elkartasun manifestazioetan erail zituztenak. 

Martxoak 3: Langileon borrokaz Euskal Herrian aldaketa behingoz!

  

Martxoaren 3a gertu dugu. Aurten 40 urte betetzen dira langileon eskubideen defentsan borrokan ziren 5 langile erail zituztela Estatuko botere faktikoek Gasteizen. Langile haien omenez eta haien borrokak egun duen garrantzia azpimarratzeko ekimen ezberdinak burutuko dira Martxoaren 3an. Goizean LABeko kideok "Martxoak 3: Langileon borrokaz Euskal Herrian aldaketa behingoz" lelopean mobilizatuko gara. Aldaben batzartu ostean 11:15etan giza-katean Martxoak 3 plazaraino hurbilduko gara bertan ekitaldia egitera.

Arratsaldean ere, LAB kalean izango da, oraingo honetan beste sindikatuekin batera deitu dugun manifestazioan. Manifestazioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da Andra Mari Zuriaren plazan eta "Martxoak 3. Memoriatik etorkizuna eraikiz" lelopean Martxoak 3ko plazan amaituko da.

 

 

Mendekuzko eta salbuespenezko kartzela politikarekin amaitu behar dugu


Espainiar eta frantziar estatuek euskal presoekin eta senitartekoekin mendekuzko eta salbuespenezko kartzela politika kriminala darabiltela salatzeko elkarretaratzea egin genuen atzo Eskoriatzan. Politika horien adierazle dira preso baten senide batzuek izandako auto istripua eta larriki gaixo diren presoen kasuak.

Giza eskubideen defentsan alderdi politiko eta eragile ezberdinen inplikazioa ezinbestekoa da eta LAB bide horretan gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu.
 

 

 

Panda Security Bilbon gelditzen da

0

Panda Securityko langileek, asanbladan batuta, botazioz erabaki dute (151 boto alde eta 22 kontra) enpresaren egoitza Bilboko Miribillan kokatuko dela eta ez Zamudion. Hilabete mugituaren ondoren dator erabakia, enpresak egoitza Bizkaiko teknologia parkera eramatea iragarri zuenean, Zamudion, Bilboko udalerritik kanpo. Erabaki hau, langile eta euren familiengan sortuko zuen eragin ekonomikoa zein bestelakoa kontuan hartu barik hartu zen.

Leku berriak langileentzat ekarriko lituzkeen kalteak ikusita eta enpresak uko egiten ziola lekualdatzeak ekarriko lukeen denbora eta diru galera konpentsatzeari, asanbladak LABek deitutako greba mugagabera jotzea erabaki zuen.

Greba deialdiari esker, enpresaren zuzendaritzak bere planteamendua aldatu eta ordezkari sindikalekin negoziatzeari ekin zion. Aipatu negoziazio mahaian, Zamudiora lekualdatzea gelditzea erabaki zen eta otsailean zehar leku alternatibo bat bilatzea enpresa eta langileen artean. Bilera horren ondoren, bertan behera utzi zuen greba Asanbladak.

Langileek egindako ahaleginari esker, ordezkaritza sindikalak Miribillako aukera jarri zuen mahai gainean. Ikuspuntu ekonomikotik, aukera honek Zamudiokoak ekarriko lukeenaren antzerako aurrezkia ekarriko luke. Era berean, ez da hain lekualdatze traumatikoa langileentzat desplazamendua mugatu egingo delako. Bilbo barruan geratzen da enpresa eta garraio publikoz joan ahal izango da bertara. Gainera, Miribillara lekualdatzeak hobekuntzak ekarriko ditu ordutegi aldetiko malgutasunaren aldetik, Enpresa-batzordeak eta Panda Securityko zuzendaritzak adostu dituztenak.

Langileen batasuna eta ordezkaritza sindikalarengan izan duten konfidantza funtsezkoa izan da enpresa Zamudiora eramateko aldebakarreko erabakia gelditzerako orduan. Pandako langileek erakutsitako tinkotasunak eta denek egin duten ahaleginak erakusten dute posible izaten jarraitzen duela inposizioei aurre egitea. Arrazoia izateaz aparte indarra eta batasuna daudenean, posible da egoera latzei buelta ematea guztion onurarako izango diren zerbait bihurtzeko.