2026-01-25
Blog Page 1122

Nazio elkartasun lasterketaren hirugarren edizioa Berriozarren

Lasterbidean nazio elkartasun lasterketaren hirugarren edizioa gertu dugu. Aurtengoan ekainaren 7an burutuko da Berriozarren. Aurreko bi edizioetan bezala lasterketan egindako urrats bakoitzak etxetik urrun daudenen etxera bidea irudikatu nahi du. Oraindik izana emateko aukera dago www.herrikrossa.com helbidean.

Informazio guztia:
www.lasterbidean.eus

 


 

 

LABek lehen indarra izaten jarraitzen du Irakaskuntzan

LABek 2014/2015 ikasturtean burututako Hauteskunde Sindikalen balorazio positiboa egiten du. Sindikatuaren proiektuak babes zabala jaso du langileen aldetik eta beste behin, lehen indarra da Irakaskuntzan..

2014/2015 ikasturtean zehar burutu diren Hauteskunde Sindikalen epe trinkoa pasa den honetan argi eta garbi esan dezakegu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Administrazioak zuzenean kudeatutako esparru unibertsitario (irakasle eta AZP) eta ez-unibertsitario guztian (irakasle, heziketa berezia, sukaldari eta garbitzaileak), Haurreskolak Partzuergoan; Hego Euskal Herriko ikastoletan eta maiatzaren 20an Nafarroan burututako hauteskundeen ondotik, non boto emaile kopuru txikiagoa egonik gora egin dugu bozketan eta azpimarratzeko ere, Erribera izaten ari garen igoera, LABek LEHEN INDARRA IZATEN JARRAITZEN DUELA, eta berriro ere gure proiektuak babes zabala jaso izan duela. Irakaskuntzako sektorean Gizarte ekimena dagokion esparruan mantentzeaz gain GORA EGIN duela azpimarra genezake.

Babes honen arrazoietan bi gako kokatzen ditugu nagusiki:

1.-Sektore ikuspegiaren garapena, hezkuntzako langile guztion eskubideen alde borroka egiten duen sindikatua gara.
2.-Euskal Herri osorako alternatiba eraiki, gauzatu eta irudikatzen dugulako.

Era berean konsziente gara hezkuntzan ere aldaketak bizi ditugula, eta sindikatua horri begira egokitu beharreko tresnak, bitartekoak eta borrokak zabaldu behar dituela, langileria subjetu aktibo izaten jarraitu dezan.

• Langileri aktiboa izateko gure eskubideen aldeko borrokak ezinbesteko garrantzia du eta orain arteko bidean sakonduz, esparruz esparru erronka ezberdinei aurre egin eta proposamenak mahaigean jarriko ditugu .

• Ikasturte honetan abiatu baina hurrengoan sakonduko dugun dinamika izango da: Gaurdanik hezkuntza sistema propioa IRUTEN deritzona gure ardatzetako bat da.
Inposatutako lege, dekretuak…salatzeaz gain Euskal Herriak behar eta nahi duen hezkuntza sistemaren bidean urratsak ematea da iruten, dinamika eraikitzailea alegia. Bitartekoak eskeini asmo dugu: hezkuntza proiektuak garatzeko, testu liburuak aukeratzeko irizpideak…

Honekin batera argi dugu bestelako hezkuntza eragile zein herri eragileekin elkarlana sustatu eta garatu nahi dugula, borroka puntualak zein alternatibari ekingo dioten dinamika iraunkorretan elkarrekin arituz. Eta hezkuntzan aldaketa bideratzen hasteko ibilbidea martxan jartzeko gonbitea luzatzen diogu eragile orori.

Honetarako, langileok ez ezik hezkuntza komunitate osoak zein herritarrok parte hartzea aberasgarri bezain eraginkorra dela ulertzen dugu eta hau izango da gure lanaren oinarria.

Gure ustez, emaitza guzti hauek LABek herri honentzat Hezkuntzako esparruan egiten dituen planteamenduei izugarrizko bultzada ematen diete.

Bistan da estatu espainolak egituratu eta ezarri digun hezkuntza sistemak ez gaituela asetzen, agortuta dagoela. Era berean, Euskal Herri osorako marko pedagogiko eta normatiboa bakarraren bideari heltzeko errealitate eta erritmo ezberdinak aintzat hartu behar ditugu baina badugu nondik heldu eta bide horretan gure ustez, honako zazpi oinarri landuz hasiko gara bide horri bultzada ematen:

1. Euskal Kultura eta hizkuntza oinarritutako kurrikuluma.
2. Hezkuntzaren ikuspegi askatzailea izango duena.
3. Ikasle euskaldun eleanitzak helburu.
4. Hezkidetza oinarri eta garatuko duena.
5. Aukera berdintasuna eta aniztasunaren bermatzailea
6. Partaidetasunean oinarritua
7. Dinamikoa

Amaitzeko, guzti hau posible egin duten delegatuak (aurreko indarraldian izandakoak, orain izendatutako berriak eta mantentzen direnak), ikastetxeetan lan eskerga egiten duten gure afiliatuak; eta egunerokotasunean, LABen egituratik gertu laguntzen dutenei behar duten aitorpen, dedikazio eta militantzia eskertu nahi dugu. Beraiek baitira gurekin batera LAB sindikatua osatzen dutenak.
 

 

 

Telefonica eta Movistarreko autonomoen borrokak LABen babes eta elkartasun guztia du

Bi hilabete daramate Telefónicak eta Movistarrek azpikontratatutako autonomoek borrokan. Bi hilabete, duintasun eta zilegitasun guztia duen borroka eredugarri horretan, multinazional prekarizatzaile horri aurre egiten.

Telefónicak urteak daramatza langile eredua aldatzen. Lehen langile propioen bidez egiten ziren funtzioak orain azpikontratatzen dituzte, egoera prekarioan dauden azpikontratetako langile eta automoak estutuz. Eredu aldaketa horrek ez du mugarik, prekarizazio prozesu hori ez dute geldituko. Guk geuk, langileok, gelditu behar dugu.

Telefónica eta Movistarrek langileen kontrako prekarizazio prozesuarekin aurrera egiten dute. Azken bi urteetan multinazionalak 7,594 miloi euro irabazi arren langileen kontrako lapurreta aurrera doa. Asezinak dira. Guztia kendu nahi digute.

Langileok behar dugun konponbidea Telefónicako eta Movistarreko eredua gelditzea da. Azpikontratazio eta prekarizazio prozesua geldituz lortuko da garaipena. Horretarako prekario dauden langileen aktibazioa da gakoa, eremuz eremu, Telefónicako langileetatik hasi eta azken autonomoraino, denak elkarrekin, denon prekarizatzailea denaren kontra.

Honengatik guztiagatik LABek babestu egiten ditu datorren astean eta hurrengoan Telefónicako langileek egingo dituzten elkartasun-lanuzteak. Aurrera begira saiatuko gara erantzun zabalago bat antolatzen.

 

 

LABek MFS Lehendakari ordea den Julia Amparo Lotan kidearen askatasuna eskatzen du

0

LABek UNSITRAGUAko kide eta MFSko lehendakari ordea den JULIA AMPARO LOTANen atxiloketa gaitzesten du. LABek nazioarte mailan askatasun sindikalaren eta JULIA AMPARO LOTANen askatasunaren alde egingo diren ekintzetan parte hartzeko konpromisoa berretsi nahi du.

Urteetan zehar UNSITRAGUAko gure kideek Guatemalako gobernutik jasaten ari diren jazarpena salatu nahi dugu. Jazarpen honen azken islada JULIA AMNPARO LOTANen atxiloketa da. Guatemalako gobernuari jazarpen sindikalarekin amai eta Julia kidea berehala aska dezan exijitzen diogu.
 

 

 


LABek lanuzteak deitu ditu Telefónican greban diren Movistarreko langileei elkartasuna adierazteko

Sektoreko patronalak, Telefonica haren buru izanik, ezarri duen laneko esplotazioaren aurka, Movistarrentzat lan egiten duten eta ia duela bi hilabete greban dauden kontratetako eta azpikontratetako langileei nahiz autonomoei elkartasuna adierazi nahi die LABek. Ekainaren 2an, 4an, 9an eta 11n, Hego Euskal Herrian bi ordutako lanuzteak deitu ditugu Telefonican.

Haiekin bat eginez, arbuiatzen dugu zereginak kanpoko beste enpresetara bidali izana, are gehiago, haietan, pertsonak morroi bihurtzen dituzten egoera latzetan egin behar izaten dutelako lan. Hau guztia jabeen eta zuzendarien onuran egiten da, nahiz eta multinazionalak, iazko irabaziak hirukoiztu zituen 2015eko lehen hiruhilekoan.

Prozedura horrek, Telefonicak lan ematen dien enpresetara atxiki langile guztien erantzun irmoa eskatzen du, prekarietatea bertan behera gera dadin eta lan baldintza duinak lor ditzagun.

Azpikontratazioen sistemak, zeregin berak bete ohi ditugun langileok bestelako lan baldintzak izatea dakarrelako, “lan berdina soldata bera!” oinarrizko printzipioa urratzen du.
Horregatik, ekainaren 2an, 4an, 9an eta 11n, Hego Euskal Herrian bi ordutako lanuzteak deitu ditugu Telefonican, ondorengo aldarrikapenak eginez:

• Kontratuaren eta barrutiaren arabera, kontratetako grebalariek bete ohi dituzten zereginak ordezkatzeko, Telefónicako langileei betebeharrak esleitzearen aurka gaude.

• Telefónicako enplegu duina areagotu behar da, operazioetan eta beste departamenduetan lanera kanpora eramatea eta lanaren kaskartzea ezaba dadin, lan berdinari soldata bera helburutzat hartuz.

• Beharrezkoa suertatuko da Telefónicak langile kopurua handitzeari ekitea; baliabideak, lehentasunez, harentzat lan egiten duten kontratetako langileen artean bilatuko dira.

• Kontratetako eta azpikontratetako langileen baldintzak ezarriko dituen esparru arautzaile eta arauemailea behar dugu; honetan, errealitateak kontuan hartuko dira (enpresa batean lan egitea, norberaren kontura egitea,…). Kasu bakoitzak irtenbide berezia eskatzen du, lan baldintzak ziurtatzeko eta bermatzeko.

  

 

 

TS Fundiciones enpresaren irekiera ospatzeko jaia Ekainaren 6an

0

Asteartean Donostiako epaitegian egin zen lizitazio ekitaldian, Zestoako Sansinenea industrialdean kokatuta dagoen TS Fundiciones enpresaren behin betiko adjudikatzailea SHANDONG IRAETA WIND POWER FLANGES MANUFACTURES SL (Gonvarri) izendatu zen, 5.150.000 eurorengatik. LABentzat albiste hau oso pozgarria da bai TS-ko langileei zein haien familie ekarriko dienagatik eta Sansinenean kokaturik dagoen plantan proiektu industrial berri bat jartzea ahalbidetu delako. Denon artean lortutako garaipen hau ospatzeko, datorren Ekainaren 6an denok batera ospatuko dugu goizeko 12:00taik aurrera, Zestoako Plazan.

Zestoako eta Urola-Kostako eskualdean, lehen itxitako enpresa garratzitsu bat berreskuratzea suposatzeaz gain, aktibitate industrialari ezinbesteko bultzada emango dio.

Asko izan dira aurrean izan ditugun oztopoak, onartu beharra daukagu: ez zaituztegu ahazten enpresa itxi zenutenok, eta inolako erantzunkizun gabe enpresatik atera zaretenak, gu langabeziara kondenatuz. Epaitegietako bidea ere gogorra izan da, luzea, askotan itxaropena galtzeko zorian egon gara.

Baina gure arteko diferentziak gaindituz, elkarrekin borroka egiteko gai izan gara: Oztopoak oztopo, langileek egindako mobilizazio, kontzentrazio, biluzte, itxialdi, okupazioak… asko izan dira.

Baina bide horretan ez gara bakarrik egon. Bide horretan, tunelean argirik ikusten ez genuenean, elkartasunak eman digu aurrera egiteko indarra. Zestoako herria eta Urola Kostako eskualde osoaren laguntza izugarria izan da.

Badakigu, oraindik dena ez dagoela bukatuta. Badakigu orain proiektu industriala martxan jarri eta eman diguten hitza betearazteko lanean segi beharko dugula. Hau da, langile guztiek metrezi duten lanpostua lortu arte borrokan jarraitu beharko dugula.

Baina lortu duguna, lortu duzuena haundia da, eta merezi duen bezala ospatu beharra dagoela uste dugu. Ospatu behar dugu langileriak merezi duelako dena kontra duen eredu batean lortutako garaipenak ondo ospatzea. Eta ospatu behar dugu gainera, Zestoako herriak eta Urola Kostako eskualdeari ESKERRIKASKO handi bat esan behar diegulako.

Horregatik, denon artean lortutako garaipen hau ospatzeko, datorren Ekainaren 6an denok batera ospatuko dugu goizeko 12:00taik aurrera, Zestoako Plazan. Bertan, ikusiko dugu elkar!
 

  

{linkr:related;keywords:ts-fun;limit:5;title:Albiste+gehiago}
 

 

LABek gehiengo osoa lortu du Nafarroako bi industria garrantzitsutan

5 ordezkari eskuratu ditu Urdiaingo Magotteaux-en eta 7 Tafallako Fagor Ederlanen. LABek hazten jarraitzen du hilabetez hilabete. Lan Sailak publikatutako azken datu ofizialen arabera (apirilak 30), LABek bere gailur historikoa gainditu du berriz ere, ordezkaritza sindikalaren %14,43 eskuratuta.

Berriki Magotteaux eta Fagor Ederlanen eginiko hauteskundeetan LABek emaitza oso onak lortu ditu, gehiengo osoa eskuratuz.

Magottoux-en honako hau zen orain arteko ordezkaritza: ELA 5, LAB 3, UGT 1; Hauteskunde berrien ostean, aldiz, LABek 5 ordezkari lortu ditu, ELAk 3 y CCOOek 1.

Tafallako Merindadeko enpresa nagusiena den Fagor Ederlanen ere LABek gehiengo osoa lortu du. Komitea 17 kidetik 13ra murriztu bada ere, LABek bere 7 ordezkariak berritu ditu. Hona hemen orain arteko ordezkaritza, 17ko Komitean: LAB 7, ELA 4, UGT 4, La Voz 1. Oraingoa, aldiz, 13ko Komitean: LAB 7, ELA 4, UGT 1, CCOO 1.

Honela bada, LABek hazten jarraitzen du hilabetez hilabete. Lan Sailak publikatutako azken datu ofizialen arabera (apirilak 30), LABek bere gailur historikoa gainditu du berriz ere, ordezkaritza sindikalaren %14,43 eskuratuta. Pasa den urteko apirilean, %13,27ko ordezkaritza zuen.
 

 

 

Osakidetzak progresiboki eta modu isilean Kudeaketa Klinikorako Unitateak izeneko gestio sistema merkantila ezartzen ari da

0

Osakidetzako zuzendaritza progresiboki eta modu isilean osasun sare osoan Kudeaketa Klinikorako Unitateak izeneko gestio sistema merkantila ezartzen ari da.

Kudeaketa Klinikorako Unitateak (KKU) izeneko gestio sistema merkantila ezartzeko arrazoi hauek ematen dituzte: Gizartearen zahartzearen ondorioz osasun zerbitzuen eskaera geroz eta haundiago izatea, aldaketa teknologikoak, eta gizartearen eskariak geroz eta haundiagoak izatea. Beraien esanetan “erabiltzaileen gehiegizko erabilerak eta krisi ekonomikoaren eraginak osasun sistema sostengaezina” izatea sortzen dute.

Osakidetzako Administrazio Kontseiluak 2012ko maiatzean onartu zituen Kudeaketa Klinikorako Unitateak, eta progresiboki osasun sistema publikoan ari da zabaltzen. Osasun zerbitzuak, ospitaletako plantak, lehen arreta, osasun arreta, laborategiak… modu deszentralizatu eta autonomoan jestionatzeko modua balitz bezala saldu nahi digute.

KKU delakoen bidez baliabide materialak eta giza baliabideak kudeatzeko ardura eta boterea unitate bakoitzeko mediku eta erizainei ematen zaie. Azkenean, eredu honen funtsa da “pizgarri ekonomikoen” banaketa eta hauek lortu ahal izateko profesionalek helburu batzuk lortu behar izatea. Lehentasuna ematen zaio gutxi gastatzeari, arreta espezializatura paziente gutxi bideratzea, pazienteak denbora gutxian izatea ingresaturik, farmazian aurreztu, aparatuen preskripzioan…

Lortu nahi diren helburuen arabeara profesional perfil zehatza aukeratu ahal izango da. Profesionalak helburuak lortzen baditu ongi ordainduko zaio. Osakidetzan jadanik txertatua dago “Garapen Profesional” kontzeptua. Honen arabera, profesionalei lau mailen arabera ordaintzen zaie, kontutan harturik beraien esperientzia profesionala, formakuntza, eta sistemarekiko inplikazioa. LAB sarritan agertu izan da Garapen Profesional eredu honen aurka, aitortza ekonomiko batean oinarritzen baita. Bestetik, erdi mailako agintaritzen irizpide subjetiboak hartzen ditu kontutan, eta ondorioz buruzagitzekiko adiskidekeria eta peloteoa bultzatzen ditu. Formakuntzaren aitorpenari dagokionez, ia osorik zenbait sindikatu eta enpresa pribaturen esku uzten du formakutza Osakidetzak.

KKUren aldekoek harrotasunez adierazten dute sistema honek kostuen jeitsiera dakarrela, aurrekontuak profesional beraiek kudeatzen baitute, plantila gutxiagoatze neurriak aplikatuz, absentismoa eta aldi bateako ezintasunak zigortzen dira, ez dira ordezkapenak egiten baimen eta oporretan, etabar. Era berean profesionalek osasun material eta botiken inguruan erabakiak hartu ahal izango ditutzte. Froga diagnostikoak eta interkontsultak eskatu edo ez ere erabaki ahal izango dute.

Kudeaketa Klinikorako Unitateetako Zuzendaria soilik dirua baloratzen duen enpresa Gerentea bihurtzen da.

LAB sindikatuaren iritziz larria da irizpide hauek ezartzea OSASUN SISTEMA PUBLIKOAN. Larria da ere guzti honetan mediku eta erizain sindikatuek eta elkarte zientifikoek laguntzea, “Osasun sistema nazionalaren iraunkortasun eta kalitatearen aldeko ituna” sinatuz osasungintza publikoaren aurkako eraso larri hau posible izatea egiten bait dute aipaturiko sindikatu eta elkarteek.

Hainbat komunitateetan eta Europan izandako esperientziek alertan egotera garamatzate. Osakidetza Kudeaketa Klinikorako Unitateak ezartzen ari da Mahai Sektorialeko sindikatuoi kontsulta egin edota adostasuna bilatu gabe, eta gizarteko beste sektore batzuen adostasuna lortu gabe. Horregatik, gai honen inguruko salaketa lanarekin jarraituko dugu, gure herriko osasungintza publikoa progresiboki eta konszienteki kaltetzen bait du.

 

 

 

SEAk lan baldintzak desarautzeko duen estrategia utzi du agerian Epaitegi Gorenak

0

Epaitegi Gorenak eman duen sententziak SEAk sektoreko lan baldintzak desarautzeko duen estrategia utzi du agerian. Sententzia hau SEA patronalak eragin orokorreko metaleko hitzarmena erdiesteko inongo asmorik ez duen seinalerik argiena da.

Zer nolako borondatea izango ote du SEAk negoziatzeko, epaitegietan hitzarmena desager dadila eskatzen ari bada? Honek gainontzeko sindikatuak, alegia ELA, UGT eta CCOO, hausnarketa sakon batetara eraman behar ditu, ia urtebetez, SEArekin negoziatzen -biltzen- ari diren honetan. Zein izan den honen emaitza? Ba, hutsaren hurrengoa, SEAk ez daukalako inolako asmorik negoziatzeko. 

Epai hau ezagutu ostean, SEAk lan eskubideak murrizteko asmoz, gutxiengo sindikala osatzen duten UGT eta CCOO sindikatuekin eragin mugatuko hitzarmena erdiesteko prest ote dagoen beldur gara. Zalantzarik gabe, patronalarentzat erosoena hauxe izango litzateke eta euren jarrera zuritu eta babestu baino ez luke egingo. Baina, honela jokatuz, sektoreko langileei iruzurra egingo litzaieke eta ez lituzke patronalak negoziazio koletiboan mantentzen dituen blokeo eta inposaketa estrategia konponduko.

Irtenbidea ez dator patronalaren neurrirako hitzarmen bat egitetik, sindikatu eta langile guztiek, sektoreak dituen benetako arazoei aurre egingo dizkien hitzarmen duin baten aldeko borrokatik baizik.