2025-12-20
Blog Page 111

Dagoeneko 35 langile hil dira Euskal Herrian urtea hasi zenetik

Gaur, laneko beste heriotza baten berri izan dugu. Eraikuntzako sektorean aritzen zen 63 urteko langile bat hil zen atzo Berangon, eraikuntza-obra batean karga bat buru gainera erori ostean.

Ezer baino lehen, LAB sindikatutik gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu familiari, lagunei eta lankideei. Azken heriotza honekin, gutxienez 35 dira Euskal Herrian aurten lan istripuz hildakoak, gaixotasun profesionalen ondorioz hildakoak kontuan hartu gabe.

Istripuak ez dira halabeharraren ondorio, eta, aldiz, lan-baldintza kaskarren eta osasunaren gainetik etekinak lehenesten dituen ekoizpen ereduaren ondorio dira. Horregatik, prebentzio neurrien kausei eta gabeziari buruzko ikerketa zorrotza egitea eta argitzea eskatzen dugu. Produktibitatea osasunaren eta bizitzaren gainetik jartzen duen eredu honek ezartzen dizkigun bizi eta lan baldintzak gure osasunarekin ordaintzen ditugu langileok.

Eraikuntzaren sektorean, gainera, behin eta berriz gertatzen dira istripu hilgarriak, bai altueratik erortzeagatik, bai materialen erorketagatik (kasu honetan hala izan dela dirudi, jasotako informazioaren arabera), baita lan-baldintzetatik eratorritako beste faktore batzuengatik ere; hala nola, presiozko prestakuntza baliabideen faltagatik. Istripu horiek gure ekonomiaren eta lan ereduaren emaitza dira, eta eredu horretan lehentasuna ematen zaio presari, segurtasun, osasun eta prebentzioaren aurretik.

Patronalak absentismoari buruz egiten duen eztabaida antzuaren aurrean, honen benetako kausetara jo gabe, herri eta lan munduan benetan aldatu behar dena politika publikoak dira, patronala kontrolatzeko eta kontrol, zigor eta ikuskapenak ezartzeko, benetako eredu-aldaketa bati begira, non, behin eta berriz esan dugun bezala, bizitza eta prebentzioa lehentasunezkoak izango diren.

Horregatik, LABetik heriotza berri hau salatzen dugu eta dei egiten dugu hari erantzuteko deituko diren mobilizazioetara. Halaber, langile klasearen segurtasuna eta osasuna lehenetsiko dituen eredu baten beharra ere aldarrikatzen dugu.

Barakaldo Kirolak-en instalazioen garbiketarako azpikontratatutako langileei ez dizkiete nominak ordaindu, berriz ere

Barakaldoko Udalak udal kiroletako instalazioak garbitzeko azpikontratatutako enpresak bere betebeharrak larriki urratu ditu, langileek ez baitute joan den uztaileko nominei dagokien ordainketa jaso. Egoera hori ez da isolatua; errepikatu egin da, ia 80 familia egoera larrian utziz.

2021ean, langileek antzeko egoera bat bizi izan zuten, eta, orain, 2024an, egoera larri hau errepikatu egin da. Azpikontratatutako enpresak apiriletik fakturak egin dituela alegatu du, baina Barakaldoko Udalak ez du ordainketarik egin. Bestalde, Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) likidezia ekonomikorik eza argudiatu du uztaileko nominak ordaintzeko betebeharra ez betetzeko.

LAB sindikatua ez da geldi egongo langile klase gisa ditugun eskubide oinarrizkoenak zapaltzen dituztenen aurrean:

  • Atzo, abuztuaren 5ean, salaketa aurkeztu genuen Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzan, nominak ez ordaintzea enpresak egindako hutsegite larria delako eta laneko arau hauste gisa tipifikatuta dagoelako.
  • Aste honetan bilera sorta bat hasiko dugu alderdi politiko guztiekin, alkatetzarekin eta Barakaldo Kirolakekin, premiazko irtenbide bat eskatzeko.
  • Beharrezkoa balitz, ez dugu baztertzen mobilizazioak egitea, plantillari dagozkion nominak kobratzeko eskatzeko.

    Garrantzitsua da gogoratzea zerbitzu horren lizitazio prozesua Clequali taldeko enpresa batzuek aurkeztu dutela. Lizitazio prozesua udaberrian egin zen, baina joan den uztailean ezohiko osoko bilkura deitu zen, eta horrek lizitazio berriaren esleipena luzatzea ekarri zuen, enpresa esleipendunak, Clequali enpresataldeko Prointalek, Zerga Agentziarekin zituen zorren ondorioz. Egoera horrek agerian uzten du EAJren eta PSOEren udal gobernu taldearen zabarkeria, plantillarekiko betebeharrak betetzen ez dituzten enpresen gain zerbitzuak uzten jarraitzen duelako.

    Beharrezkoa da EAJko alkate Amaia del Campok berehalako neurriak hartzea, langileek soldatak jasoko dituztela bermatzeko. Erakundeen ekintzarik ezak eragindako ia 80 familiaren sufrimendua betikotzen du egoera honek, eta erakundeekiko konfiantza ahultzen du. Barakaldoko Udalak bere gain hartu behar du erantzukizuna, eta ez die utzi behar enpresa arduragabeei bere langileen bizitzekin jolasten.

Langabeziak gora egin du, zerbitzuen sektoreko prekaritatearen eraginez

Prekaritatearen erakusle, igo egin dira behin-behineko kontratuak eta lanaldi partzialekoak. Migratzaileak eta emakumeak dira lan baldintza kaskarrenak dituztenak.

Iaz urte sasoi honetan izandako datuekin alderatuta, 2.080 langabetu gehiago daude orain Hego Euskal Herrian; gehienak, emakumeak

137.406 pertsona daude une honetan langabezian Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Hau da, azken hilabetearekin alderatuta, %1,50 egin du gora langabeziak. Horien artean, %58,94 emakumezkoak dira. Nabarmentzekoa da hainbat sektore feminizatutan, eskola jangeletako edota eskola-garraioko langileen artean esaterako, aldizkako kontratu finkoen modalitatea dezente zabalduta dagoela; horrenbestez, ikasturtean zehar lanean diharduten asko langabe izatera pasatzen dira udako hilabeteetan.

Emakumeei ez ezik, langabeziaren igoera honek gazteei eragin die bereziki, beste behin ere; izan ere, joan den urtearekin alderatuta, %8,58 igo da langabezia 25 urtetik beherakoen artean.

Gauzak horrela, langabeziaren gorakadaren iturria zerbitzuen sektorean dago, zeinetan 1.816 langabetu gehiago dauden iaz baino. Gainerakoetan langabeziak behera egin du. Azken hilabeteko datuei erreparatuta, ordea, sektore guztietan igo da langabe kopurua, baina bereziki zerbitzu sektorean.

LABek behin eta berriro salatzen duen moduan, pertsona migratzaileak dira egun lan-baldintzarik kaskarrenak eta egoerarik prekarioenak jasaten dituztenak. Oraingoan ere langabeziak bereziki kolpatu ditu, eta gizarteko segmentu horretan iaz baino 1.876 langabetu gehiago daude. Aurreko hilabetearekin alderatuta, berriz, langabeziak behera egin du kolektibo horretan, industrian eta eraikuntzan izan ezik. Horrek erakusten digu, beste behin ere, zerbitzu sektoreko uda parteko kontratuak direla pertsona migratzaileek eskuratzen dituztenak; hau da, hain justu, prekarioenak izan ohi direnak.

Kontratazioek gora egin arren (iaz baino 5.760 kontratu gehiago sinatu baitira uztailean zehar), sortu den enplegua oso kalitate eskasekoa da. Horren erakusle, kontratu berrien %80,12 behin-behinekoak izan direla, halakoak %8,69 igo baitira iazko datuekin alderatuta. Eta prekaritatearen beste erakusle bat lanaldi partzialeko kontratuak direnez, kasu honetan ere argi ikusten da bereziki emakumeak direla halako kontratuak dituztenak; zehazki, %68,12. Hala, lanean diharduten emakumeen artean, lanaldi partzialean dabiltzanak %26,1 dira, eta gizonen artean, berriz, soilik %11,3 dira.

Kontratazioak igo arren langabeziak gora egitearen arrazoia da gero eta jende gehiago gehitzen ari dela lan merkatura. EPAk uztailean emandako datuei erreparatuz gero, aktibo kopurua izugarri handitu da azken urtean: 64.500. Beraz, gero eta jende gehiago dabil lanean, baina lan bila hasten direnen kopurua handiagoa da lana aurkitzen dutenena baino, eta, beraz, langabeziak gora egin du.

Gizarte Segurantzako afiliazioari erreparatuta, aurreko hilabetearekiko behera egin du, eta 15.571 afiliatu galdu dira uztailean, gehienak zerbitzuen sektorean (13.996). Azken urteko datuekin alderatuta, ostera, afiliazioak sektore guztietan egin du zertxobait gora, gizonen zein emakumeen artean. Aldiz, 25-50 urte artean dituztenen kasuan jaitsi egin da.

Vianako Mondelezen akordioa #LortuDugu

Greba mugagabean ia bi hilabete igaro ostean, borrokak bere fruituak eman ditu eta Oreo gailetak ekoizten dituen enpresan hitzarmen berria izango dute langileek.

Besteak beste, KPIari loturiko igoerak eta lan-orduen murrizketa izan dira akordio honen bidez eskuratu diren onuretako batzuk.

Ororen gainetik, baina, nabarmentzekoa da langileek borrokarako erakutsitako prestasuna, eta hori izan da oraingo fruituak lortzeko arrazoia. Enpresaren jazarpenaren gainetik, argi utzi dugu beharginek zeresana dutela eta eskubideen alde borrokatzea zilegia dela azpimarratu nahi dugu berriro ere.

Espainiako Estatuan planteatutako pentsioen erreforman mutualitateek jokatuko duten paperak pribatizazioan sakontzea dakarrela ohartarazi dugu

Neurria gaitzestearekin bat, eta Nafarroako nahiz EAEko gobernuek halakorik ez aplikatzeko exijentzian berresten gara.

CEOE eta CEPYME patronalek CCOO eta UGT sindikatuekin eginiko akordioa ezagutzera eman den honetan, azpimarratzekoa da Lan Osasunaren kudeaketari dagokionez pribatizazioan sakontzeko urratsak ekarriko dituela. Hala, LABetik iazko martxoan ezagutarazi eta salatu genuen mutualitateen eta Gizarte Segurantzaren arteko akordioa egikarituko da pentsioen erreformaren bitartez.

Salatzen dugu estatu mailan eginiko akordioa dela eta, ondorioz, Euskal Herriko errealitate sozial eta sindikalarekiko inposatzailea. Gauzak horrela, eta iaztik egin bezala, Nafarroako nahiz EAEko gobernuei exijitzen diegu ez dezatela akordioan aipaturiko neurriak aplikatu. Izan ere, akordioak erkidegoz erkidego osasun publikoko erakundeen eta mutualitateen arteko hitzarmenetarako oinarriak ipintzen ditu, eta, ondorioz, erkidegoek izango lukete horien aplikazioari buruzko erabakia. Bada, mutualitateen esku-hartzea baztertu eta osasungintza publikoa lehenesteko beharra azpimarratzen dugu LABetik.

Estatu mailako akordio honek, bere 7. puntuan, behin-behineko ezintasunen kudeaketa eta langileen sendatzeari lotutako neurriak jasotzen ditu. Hala, planteatzen dena da “mutualitateen baliabideak erabiltzea, prozesu traumatikoetan diagnostiko eta tratamenduak denboran azkartzeko”. Gauzak horrela, hitzarmenak garatuz gero, mutualitateak behin-behineko ezintsasun egoera arruntean (hau da, laneko arrazoiengatikoa ez den bajan) dauden langileak tratatuko lituzke (zerrendaturik daudenetako traumatismoak gertatu diren kasuetan), Gizarte Segurantzako Institutuak aurreikusitako errekuperazio denborak pasatakoan eta langilearen onespenarekin. Azken horri lotuta, Arartekoak berak ohartarazi du langileek presiopean eman dezaketela onarpena, eta LABen ere onartezintzat jotzen dugu. Beraz, diagnosia eta tratamendua mutualitateak egingo luke, baina alta eta bajen erabakiak Osakidetza edo Osasunbideko familia medikuaren esku jarraituko luke.

Akordioan jasotakoak sistema publikoaren ezintasuna islatzen du, esplizituki halakorik aitortzen ez bada ere. Patronalak eta mutualitateek aldarrikatu izan duten eskaera bati men egiten dio, zeinaren bidez enpresa-entitate horiek kontingentzia arrunten kudeaketaren zati handi bat eskuratuko baitute. Gainera, oraingoa mutualitateek eta gobernuek adostutako neurrietako bat baino ez dela, eta aurrerago gehiago etorriko dira, guztiak ere pribatizazioaren norabidean.

Akordioak “bi denboratako” osasun zerbitzua planteatzen du gizartearentzako: bata, langile aktiboentzako, garrantzitsuena delarik lehenbailehen produktibo izatea, baliabide sanitario gehiago jarrita, sendatzeko baino, baja laburtzeko helburua dutenak; bestea, berriz, produktiboa ez den gizartearen zatiarentzako, zeinari osasun sistema publikoa dagokion eta baliabide gutxiago bideratzen baitzaizkion, sendatzeak eta errekuperazioak presarik ez duela eta.

Akordioak ez du argitzen tratamenduen irizpide eta erabakiak mutualitateen edo Osakidetza/Osasunbideko sendagilearen esku geratuko litzatekeen. Honek ekarriko duena zera da: traumatismo batzuetan alta azkarra bilatzeko asmoz, ikuspegi sanitariotik egokiak ez diren tratamenduak ezar daitezkeela, ondo sendatzea baino, kaltea arindu eta lehenbailehen lanera itzultzea helburu izanik. Gogorarazi behar da mutualitateek kriterio ekonomizista kriterio sanitarioaren aurretik ipintzen dutela beti. Erkidego bakoitzak mutualitateekin garatutako balizko hitzarmenetan eskumen hori mutualitateetako medikuen esku uzteko aukera egongo litzateke, eta hori oso larria litzateke.

Hori guztia gutxi ez, eta oraingo akordioak 2019an bertan behera geratu zen BONUS sistemaren berrezartzea dakar. Horren bidez, laneko gaixotasun eta istripu traumatikoen beherakada KOMUNIKATZEN duten enpresek kontingentzia profesionalen kotizazioetan beherapenak lortuko lituzkete.

Sistema honek, Mutualitateen ezinbesteko konplizitatearekin, istripuen komunikazioan ezkutatze ariketa dakar ezinbestean, lehenago ere ikusi bezala. Beraz, enpresek, zergak gutxitzeko helburuarekin, ahal bezainbat istripu ezkutatuko dituzte, mutualitatera bisita ekidinez. Gobernuek beraiek ere aitortu izan duten bezala, mutualitateetan gaixotasunen azpierregistroa masiboa dela gogorarazi behar dugu.

[IRITZIA]: Navarra Biomed-eko zuzendari ohiaren aldeko requiema

Ilargi Angulo Elduayen Nafarroako LABeko enpresa publikoen arloko arduradunaren iritzi-artikulua.

Denok dakigu zein zen duela hilabete bat dimisioa eman zuen Miguel Servet Fundazioko zuzendariak defendatzen zuen postura, bai eta zenbat eta zenbat saiakera egin zituen ere Osasun Sailari ikusarazteko entsegu klinikoen kudeaketa Idisnara pasatzeak zer ondorio ekarriko zituen. Hori gauzatuz gero, gastu publikoarekin egiturazko bikoiztasunak sortzeaz gain, Fundaziorako BEZaren aurrezkia arriskuan jarriko litzateke, eta horrek baliabide publikoak CUN eta CIMA bezalako erakunde pribatuetara desbideratzea ekarriko luke. Hori ikusirik, erraz uler liteke pertsona oso deserosoa zela Osasun Departamentuarentzat. Gainera, orain arte egindako urratsetan atzera egiten saiatu beharrean −duela hilabete batzuk Ustelkeriaren Aurkako eta Praktika Onen Bulegoak gomendatu zuen bezala−, Miguel Servet Fundazioa edukiz husteko bideari tinko eusten dio.

Horregatik argi utzi nahi dugu LAB sindikatuarentzat dimisio hau bide berean egindako beste urrats bat gehiago dela, Departamentuak ikerketa biomedikoko erakunde pribatuei mesede egiteko duen asmoa gauzatzeko bidean, arlo publikoaren kaltetan, noski. Eta dagoeneko urtebete daramagu hori salatzen.

Errealitatean, sistema eta profesional publikoek parte hartze subsidiarioa izaten dute sare pribatuko ikertzaileek buru dituzten proiektu askotan (pazienteak errekrutatuz, adibidez). Idisnan talde «mistoak» sortzeak, hasierako desabantaila horren bilakaera aztertzeko borondaterik ez badago, desoreka horiek ezkutatu egingo ditu lankidetza publiko-pribatua deitu duten alfonbra horren azpian. Gogora dezagun, bidenabar, Carlos III.a Osasun Institutuak exijitu zuenez, Idisnaren helburu nagusiak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren ikerkuntza handitzea izan behar duela, bai kantitatez bai kalitatez. Baina tamalez, hori ez dator errealitatearekin bat.

Osasun Departamentua etengabe ari da bere burua zuritu nahian, behin eta berriz errepikatuz ahal duen guztia egiten ari dela ikerketa biomediko publikoaren eta bere ikertzaileen alde, baina errealitatean ez dugu halakorik ikusten. Nafarroan ikerketa biomedikoko proiektuak finantzatzeko erabiltzen den diru publikoaren aurrekontuetan desoreka handia dago, eta hori geldiarazi beharrean, elikatzen jarraitzen dute Idisnaren bidez, zeina alderdi pribatuak gidatzen duen. Nafarroako Gobernuak emandako azken deialdietako datuei erreparatzen badiegu, aise ikusiko dugu erakunde publikoen ikerketa biomedikorako emandako euro bakoitzeko, batez beste, 4,4 euro eman zaizkiela erakunde pribatuei, dela proiektu estrategiko moduan, dela doktoretza aurreko beketan.

Edonork justifika lezake hori, esanez kalitate txikiagoa dagoela ikerketa publikoko taldeak finantzatzeko eskaeretan. Gu ez gatoz bat argudio horrekin, baina, onartzera ere, horrek honako beste galdera ekarriko luke: zer egiten ari da Departamentua kalitate-desberdintasun hori gainditzeko? Arlo publikoa babesten ez badu, ez al da talde pribatuen eta publikoen arteko desberdintasuna areagotzearen alde ari?

LABek dei egiten die Navarra Biomed-eko zuzendaritza berriari, Kontseilaritzari eta Nafarroako Gobernuari pribatizazio prozesu hau geldiarazi, ikerketa biomedikoaren aldeko apustu sendoa egin eta ikerketa publikoko institutu baten bideragarritasuna berma dezaten.

Cementos Rezolan lanpostuak suntsitzearen aurka borrokan jarraitzen dugu

Enpresak azken erabakia jakinarazteko zain gauden honetan, borrokak ez du etenik, eta gaur manifestazioa egin dugu Donostiako kaleetan barrena.

Joan den astean amaitu zen Añorgako Cementos Rezolak ezarritako Enplegu Erregularizazio Espedientea negoziatzeko epea, akordiorik gabe itxi zena. Izan ere, enpresak eginiko proposamenak enplegu suntsiketa erabat desproportzionatua dakar eta borondatezko irteerarik ez du bermatzen. 56 lanpostu suntsitzea, negoziazioari bide eman gabe gainera, ez da bidezkoa.

Bada, egoera honetara iritsita, enpresak 15 egun ditu bere azken erabakia zein izango den jakinarazteko. Edozein kasutan, horren berri izan artean langileek borrokan jarraitzen dute, lanpostuen defentsan.

Gipuzkoako metalaren merkataritzako hitzarmena sinatu dugu

Azkeneko oharrean azaldu genuen erantzukizun ariketa baten bitartez gure ordezkariekin lan egin behar genuela gehiengo sindikalak erdietsitako aurreakordioa baloratzeko eta gure sinadurarekin parte hartuko genuen ala ez erabakitzeko.

Ariketa hori egin ondoren, gure sinadurarekin parte hartzea erabaki dugu. Izan ere, 15 urteren ondoren, ezinbestekoa iruditzen zaigu sektoreari aplikatuko den hitzarmen bat ematea, eska daitekeen gutxienekoa jasotzen duena eta berme juridikoa ematen duena. Hala ere, berretsi nahi dugu borroka sindilakalaren faltak baldintza hobeak zituen hitzarmena lortzea eragotzi duela.

Aurrerantzean lanean jarraituko dugu hurrengo hitzarmenak oraingoak bildu ez dituen hobekuntzak izan ditzan.

Bizkaiko esku-hartze sozialean hitzarmena #LortuDugu

Bi urte eta erdiko borrokaren ostean, 32 negoziazio-mahai eta 8 greba egun nahiz hainbat eta hainbat batzar, mobilizazio eta ekimen aurrera eraman ostean, sektoreak merezi duen hitzarmena erdietsi du. Argi geratu da borrokak merezi izan duela.

Sektoreko beharginak zoriondu nahi ditugu egindako lan kolektiboagatik, eta berriro ere azpimarratzen dugu esku-hartze sozialeko langileak langile publikoak direla, zerbitzu publikoa ematen dutenez gero. Bada, hitzarmen honek, lan-baldintzen arloan hobekuntza nabarmenak ekartzeaz gain, sektorearen aitortzan aurrerapausoa ekarriko du, orain arte ikusezintzat hartu izan bada ere. Izan ere, sektore feminizatua izateaz gain, gizarteak erabakigune guztietatik kanpo uzten dituen pertsonekin lan egiten dute. Ondorioz, administrazio publikoen abandonua pairatu izan dute behin eta berriro: gero eta dirulaguntza gutxiago, neurriz kanpoko eskakizunak eta baldintza onartzeinak planteatzen dituzten hitzarmenak, gehiegizko burokratizazioa…

Gaur, ordea, fruituez hitz egin dezakete sektoreko beharginek. Izan ere, honakoak dira akordioak biltzen dituen hobekuntza nagusiak:

  • – Indarraldia: 2022-2025
  • – 2026ra arte guztira %24ko soldata-igoera finkoa, KPIaren bermea gainditzen duena.
  • – Erreformen aurkako klausulak. Besteak beste, subrogazioarekin lotutako hobekuntzak, ultraaktibitatea indartzea edota hitzarmen kolektiboa aplikatzeko lehentasuna Estatuko hitzarmenen aurrean.
  • – Arrisku psikosozialei buruzko hobekuntzak. Beste neurri batzuen artean, lanpostuen arrisku-ebaluazioak egingo dira lau urtean behin, mediku-azterketetan arrisku psikosozialen ebaluzioa eta burn out adierazleak sartzea eta bikote edukatiboa ezartzea unitate estandar gisa zenbait zerbitzutan. Bestalde, haurdunaldiengatiko baimenei lotutako arrisku ebaluazioak ere ezarriko dira, eta horien emaitzen araberako hainbat neurri aurreikusten ditu testuak.
  • – Urtean 1564 orduko lanaldia (13 orduko murrizketa)
  • – Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriak: 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, kontingentzia arruntengatiko ezintasunen osagarria %100ean ordainduko da lehen egunetik.
  • – Ordezkapenak lehen egunetik, administrazioekin adostutako langile-ratioak bermatzeko.
  • – 60 urtetik gorakoen urteko gehienezko lanaldia 7 ordu murriztea
  • – – Berdintasun planak negoziatzeko betebeharra
  • Eszedentzien baldintzetan hobekuntzak

Hala, LABek nabarmendu du hitzarmen hau sinatzea urrats historikoa dela, eta guztien artean aktibatu ahal izan dutela erdigunean egotea merezi duen sektorea.