2026-11-01
HomeEkintza SindikalaEAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

EAJk “Herriaren zerbitzura dagoen alderdia” izeneko 4. ponentzia argitara eman berri duen honetan, komunikazioa hobetzeko irizpideen inguruan EITBri erreferentzia zuzena egiten dion honako hausnarketa jaso du: “Ente publikoak gizartearen aniztasuna islatzen duela bermatzea, tresna politiko bihurtu gabe, baina alderdiaren interes legitimoetatik aldendu gabe”.

LABek gogorarazi nahi du Euskal Irrati Telebista herri erakundea sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 legeak argi eta garbi zehazten dituela ondorengo printzipioak:

• “Berriemanketen gauzak direneantxe ikustea, egiatasuna eta alderdikeriarik eza”.

• “Berriemanketa eta iritziaren arteko bereizketa”.

• “Berdintasun-sortarauarekiko, politika, erlijio, gizarte, kultura eta linguistika aniztasunarekiko begirunea”.

EAJren barne dokumentu batean EITBri horrelako aipamena egitea oso larria da. Garbi dago EAJk ez duela EITBren sorrera irizpideak errespetatzeko asmorik, baina euskal gizarteari argi eta garbi adierazi nahi diogu EITBko langileok profesionaltasunez jarraituko dugula lanean, legeak dioen bezala, “gizarte demokratiko batek eskatzen duen bezala, adierazpen-askatasuna defendatuz eta informazioa askatasunez komunikatu eta jasotzeko eskubidea zainduz”.

Tamalez, eta gertatutakoa oso larria izan arren, ez gaitu inor ezustean harrapatu. EITB marka aspalditik dago EAJri lotuta. Goi-kargu asko ikusi ditugu EITBtik Eusko Jaurlaritzara edo Sabin Etxera salto egiten: Bingen Zupiria ETBko zuzendari ohia, adibidez, Jose Antonio Ardanza (1983-1989) eta Iñigo Urkullu (2016-2024) lehendakarien gobernuetan izan zen, eta egun, Eusko Jaurlaritzan segitzen du, Imanol Pradales lehendakari jeltzalearen eskutik. Andoni Ortuzar, berriz, EITBko zuzendari nagusi izan zen 1999tik 2008ra bitartean, baina kargu hori utzi zuen EAJko buruzagitzara pasatzeko, lehendabizi Bizkai Buru Batzarrera eta, ondoren, EBBko presidente karguan.

2020an, baina, inflexio puntu bat eman zen, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusi izendatu zutenean. Ordutik hona, alderantzizko bidea egiten hasi dira, hau da, EAJko kargu politikoekin betetzen ari dira atzamarrez aukeratzen diren EITBko zuzendaritza eta ardura postuak: Andoni Aldekoa, Ibone Bengoetxea (aurten utzi du EITBko gerente kargua lehendakariorde bilakatzeko), Isabel Octavio, Iñigo Camino…

EITBko komunikabideak (ETB, Irratiak eta eitb.eus) audientzia galtzen ari dira, urtez urte, informazioa eta entretenimendua kontsumitzeko moduak aldatu direlako eta lehiakortasuna izugarria delako, baina baita EITBk sinesgarritasuna eta irudi ona galdu dituelako euskal jendartearen aurrean, herritarrek EITB EAJrekin eta instituzioekin lotzen baitute. Adibide bat: euskal herritarren erdiak baino gutxiagok uste dute EITBn albistegiak “egiazkoak eta inpartzialak” direla. Ez diogu guk. EITBk berak 2022an egindako inkesta baten ondorioa da.

Horregatik guztiagatik, EAJri eskatzen diogu, EITBren etorkizuna benetan inporta bazaio, utz diezaiola komunikabide publikoa berea balitz bezala eta bere interesen mesedetan erabiltzeari. Halaber, EITBko zuzendaritza nagusiari galdegiten diogu EAJri eska diezaiola berehala kendu dezala EITB erakunde publikoari egiten dion aipamena ponentzia horretatik.

Nahikoa da! EITB ez da “alderdiarena”, EITB euskal jendarte guztiarena da!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....