2026-09-26
HomeEkintza SindikalaEAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Gaur, abenduak 19, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta gehiengo sindikala adostasun batera iritsi gara. Ondorioz, indarrean zegoen hitzarmena gainditu eta hemendik aurrera hitzarmen berria izango dugu. 2023ko ekainaren 1ean, Hezkuntza Legearen testuinguruan, egindako bi greba egunak eta LAB eta Hezkuntza Sailaren artean akordio laborala sinatu izana ezinbestekoak izan dira hitzarmena sinatzeko.

2004ean sinatutako hitzarmenean Hezkuntza Laguntzako Espezialistek hezitzaile kategoriaren aitortza lortu genuen. Borroka luzearen ondorioz lortutako aitortza izan zen hura, eta Euskal Herriko beste lurraldeentzat erreferentzia izan gara. Nafarroan, gure urratsei jarraika, berriki lortu dugu hezitzaile kategoriaren aitortza.

Oraingo honetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste aurrera urrats garrantzitsu bat egin dugu. Alde batetik, Hezkuntza Laguntzako Espezialisten, Zeinu Hizkuntzako Interpreteen eta Transkribatzaileen soldatak Haurreskolak Partzuergo publikoko hezitzaileenekin parekatuko dira. Bestalde, lan zama arindu eta ikastetxeko erabakiguneetan parte hartzea ahalbidetuko duen ordutegia lortu dugu; arreta zuzena 25 ordutara jaitsiko da, eta ikastetxean koordinatzeko eta materiala prestatzeko 5 ordu izango ditugu astean. Gainera, funtzioetan lan hezitzailearen aitortza egingo da eta, lankidetzan azpimarra jarriz, ikastetxeko beste profesionalekiko mendekotasun hizkuntza desagertzen da.

Baina lorpenak ez dira hor bukatzen. Besteak beste, kategoria guztietan behin-behinekotasun tasa%5etik beherakoa izango da eta EPEak 3 urtetik behin egingo dira, ereduak negoziatuz; lizentzia eta baimenetan hobekuntzak daude, eta zaintza eta soldatapeko lana uztartzeko aukerak zabaltzen dira; ordezkoen prestutasunagatiko eta mugikortasunagatiko konpentsazioa eta puntuazioa lortu dugu, zerrendetan izena emateko euskarazko C1 hizkuntza eskakizuna eskatuko da; ordezkoen araudi osoa negoziatzeko egutegia adostu dugu; eta baliabideak esleitzeko irizpideak negoziatzeko atea ireki zaigu, zeinak ikasleen ratioak eta intentsitateak ikasturtea bukatu aurretik negoziatzeko aukera emango baituen.

Ez dugu ahaztu behar hona iritsi ahal izateko 2018an, zortzi greba egunen ostean, 2004ko hitzarmena hobetzen zuen akordioa sinatzea lortu genuela, eta hori ezinbestekoa izan dela. Akordio hark asteko lan orduak mugatu zituen, Fisioterapeuten, Okupazio Terapeuten eta Gizarte Langileen soldatak irakasleenekin parekatu zituen eta Zeinu Hizkuntzako Interpreteak gure kolektiboan integratu zituen, besteak beste.

Kolektibo honetako langileon ordezkarien % 63k baino gehiagok babestu du lan hitzarmen berri hau. Gaur lortutakoak orube bat ezartzen du Heziketa Bereziko hezitzaileon lanaren aitortzan aurrera urrats berriak egiteko. LABek borrokan jarraituko du hezkuntzako kolektibo guztietan eta, bereziki, indarra egingo du administrazioak bazterrean dituen kolektibo feminizatu eta gutxietsiek merezi duten aitortza lortzen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.