2026-06-25
Blog Page 1097

Jada 12 dira lan istripu baten ondorioz hildako langileak

0



Martxoaren 5ean J.M.G.F. langilea lan-istripuz hil zen Armintzako portuan, itsasora erori ondoren. Bidezain enpresako langilea zen. Azken heriotza honekin, 12 dira aurten lan-istripuz Euskal Herrian hildako langileak, 9 Bizkaian.

 

 

Laminaciones Arreguin sinatu da trantsiziorako akordioa

0

Martxoaren 7an sinatu zen behin betiko eta ahobatez Laminaciones Arreguiko zuzendaritza eta langileon arteko akordioa. LAB, ELA eta ESKk balioa ematen diogu Laminaciones Arreguin negoziatutako trantsizio baten alde egiten duen akordio honi.

Laminaciones Arreguiko LAB, ELA eta ESKren oharra

Martxoaren 7an sinatu zen behin betiko eta ahobatez Laminaciones Arreguiko zuzendaritza eta langileon arteko akordioa. Honen bidez, etendura eta Aldi baterako Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) ezartzen da, enpresak uko egiten dio alde bateko inposizioari eta enpresa-batzordeak proposatutako neurriak onartzen ditu. Bere aldetik, langileon ordezkariok ez dugu bide judizialera joko espediente honen kontra eta aurrekoaren kontrako demanda erretiratuko dugu. Ez da hortaz, espedientea sinatzeko akordioa, bere arrazoiak konpartitzen ez ditugulako –dokumentuan ikusten den moduan- ezta nahi genituen berme guztiak jasotzen dituelako, bide judiziala ekiditeko baizik.

Akordio honen ondorioz, datozen bi urteotan enpresak eta langileok nolabaiteko lasaitasuna biziko dugu, etendura egoeran egonda ere eta langabezia prestazioa kontsumituz, ez da behartutako kaleratzerik egongo eta lan-hitzarmenean jasotako lan-baldintzei eutsiko zaie. Era berean, etenduraren ondorioak konpentsatzeko mekanismoak ezartzen dira eta bere ezarpena homogeneoa izateko, diskriminazioak eta ezarpen arbitrarioak ekidituz. Era berean, gure ustez egungo egoera baino hobean aurre egin ahal izango diogu etorkizunari 2018tik aurrera, enpresa baldintzatuagoa egongo baita data honetatik aurrera langileak kaleratu nahi baditu.

Etendura- aldi baterako espedienteak indarrik gabe uzten du 2014an, batzordeko gehiengoak aldatzeko zuzendaritzak Larachako lantegia sartu ondoren, enpresak UGT, CCOO eta CIGekin sinatu zuen espedientea. Honekin Arabako lantokietako hamarnaka langile kaleratzen zituen eta beste langileei etendurako aldi baterako espedientea ezartzen zitzaien. Espediente hau ezartzeak diskriminazio nabarmena zekarren UGTra afiliatu gabekoentzat, ez zuen gutxieneko homogeneitatea bermatzeko neurririk jasotzen eta ez zituen bihar-etziko balizko kaleratzeak zailtzen.

2015eko Aldi Baterako EEEa ere indarrik gabe uzten da. Honek iaz EAEko Auzitegi Nagusiak nulutzat jo zuen amaiera EEEa laguntzen zuen. Aldi baterako EEE hau epaiketaren zain zegoen baina akordio honen ondorioz honen aurkako demanda erretiratuko da.

LAB, ELA eta ESKk balioa ematen diogu Laminaciones Arreguin negoziatutako trantsizio baten alde egin dugun akordio honi. Urte luzetako borroka, demanda, epai judizial eta sufrimendu handien ondoren, Celsa Taldeak gerentzia berri batengana jo du enpresa honetarako eta espero dugu fase berri baten hasiera izango dela, negoziazio eta akordioaren bidez Laminaciones Arreguiko enplegua eta jarduera industriala izango duena lehentasun moduan.

Zentzu honetan, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari trantsiziorako ahobateko akordio honekin bat egin dezan eta egitasmo industrial honen etorkizuna ziurta dezan. Gatazkan horrenbeste urte egon ostean, Eusko Jaurlaritzak jarrera proaktiboa hartu behar du eta enpresa honen jarduera eta enpleguaren alde egin.
 

 

 

Martxoak 8: 35 orduko lan astea, 1200 euroko gutxieneko soldata eta aukera berdintasuna

0

LAB sindikatua Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean mobilizatu da gaur, emakumeek lanean nahiz erretiroan pairatzen duten diskriminazioa salatzeko.

Zerbitzu Federazioko arduradun Berta Garciak adierazi duenez, “sistema kapitalista patriarkalak zaintza ardurak inposatzen dizkigu emakumeoi. Funtzio hau gutziz beharrezkoa da jendartearen biziraupenerako baina ez aitortzen ezta ordaintzen ere. Soldatapeko lanari dagokionez, emakumeoi gutxien baloratutako enpleguak eskaintze dizkigute, prekarioenak, lanaldi partzial derrigorrezkoak”.

Enpresen diskriminazioaren adibidetzat VW-en kasua aipatu du Garciak: “azken aldian egindako 750 kontratazio mugagabeetatik soilik %23 dira emakumeak eta azken 7000 ebantualetatik soilik %21”.

Errealitate honen aurrean, honako neurri hauek aldarrikatu ditu LABek:

  • Zaintza lanen aitortza sozial eta salariala. 
  • Kontratazioan aukera berdintasuna, gizonak nagusi diren eremuetan kontratazio berrien %50 emakumeak izan daitezela.
  • Kalitateko zaintza bermatuko duten doako zerbitzu publikoak.
  • Emakumeak lan mundutik kanporatuak izan ez daitezen, kontziliazio neurri eraginkorrak.
  • Lantokietan emakumeen promozioa ahalbidetuko duten neurri zehatzak (lan ordutegian prestakuntza eskaintza eginez, besteak beste).
  • Lanaldi osoko kontratuak sustatzeko neurriak (35 orduko lan astea gizon-emakume ororentzat).
  • Hileroko gutxieneko soldata 1200 eurotan.
  • Gutxieneko pentsioa 1080 eurotakoa.

 

 

 

Aukera berdintasunean diskurtsoetatik haratago joan behar gara

0


Emakume Langileen Nazioarteko Eguna den honetan, emakumeok lan munduan jasaten dugun prekarietateari aurre egiteko eta aukera berdintasunean pauso berriak emateko 35 ordutako lan-astea eta 1.200 eurotako soldata ezartzearen beharra aldarrikatu dugu. Bilbon DIA supermerkatuetan, beste hainbatetan ematen den bezala, emakumeok bizi dugun prekarietatea irudikatu dugu, Iruñean Nafar Gobernuaren aurrean elkarretaratu gara prekarietatea gehien pairatzen dugunak emakumeak garela salatuz eta Donostian emakumeok prekarietatetik ateratzeko borrokatzeak duen garrantzia aldarrikatu dugu erdiguneko komertzioetan propaganda banatuz.

Bilboko mobilizazioan Ainhoa Etxaidek, LABeko Idazkari Nagusiak, hartu du hitza egoera aldatzeko bestelako politikak ezinbestekoak direla azpimarratuz.

Martxoaren 8 honetan lan munduan emakumeak presente gaudela ikustarazi nahi izan du LABek, eta horrela izanik ere, gure lana ez dela aitortzen eta ematen zaion balio askoz ere txikiagoa dela salatu dugu. Etxaideren ustez “bada garaia emakumeok pairatzen ditugun diskriminazio egoerak seinalatu eta egoera eraldatuko duten urratsak emateko”.

Gaurkoan LAB Bilboko DIA supermerkatuan mobilizatu izana ez da kasualitatea. Lan zentro honetan gehienak emakumeak dira, asko eta askok lanaldi partzialean ari dira lanean 500 euroren truke. Hau da, soldaten bataz bestekotik oso urrun. Beraz “instituzioei esaten diegu diskurtsoetatik haratago, asko dagoela egiteko”.

Egoera hobetzeko LABek ezinbesteko ikusten du soldatak hobetzea (1.200euroko soldata ezarriz) eta 35 orduko lanaldia arautzea. Badakigu neurri hauek ez direla berez emakumengana iritsiko, horretarako estrategia espezifikoak jarri behar dira martxan. “Hau posible izango da emakumeok egiten dugun lana aitortzen bada, eskubide osoko langileak garela aitortu eta errespetatzen bada” gogorarazi du Etxaidek.

Horrez gain LABek instituzioei urratsak ematen has daitezela exigitu die. Hamar urte pasa dira berdintasun legea martxan jarri zenetik eta gaur egun emakumeen egoera orduan baino kaskarragoa da. Egoera horren atzean politika zehatzak daude, politikak aldatuz gero, egoera ere aldatuko litzateke.

DIA SUPERMERKATUETAN EMAKUMEOK BIZI DUGUN EGOERA

DIA supermerkatua Euskal Herriko edoizen herri edo auzotan aurki dezakegun enpresetako bat da. Burtsan inbertitzen ditu bere etekin izugarriak eta emakumeak zapaltzen dituenetako bat da. Enpresa honetako langile gehienak emakumezkoak gara eta hori nahikoa iruditzen zaie 800 eurotako miseriazko soldatak edukitzeko, eta hori kasurik onenean, egun osoko lanaldia baduzu. Bestela, 500ekin nahiko.

DIAn eskaintzen dituzten lan-baldintzak soldata bezain miseriazkoak dira. Oihuak, mehatxuak, iruzurrak eta langileekiko errespetu faltak egunerokoak dira.

Kaleratze masiboak, familia eta laneko bizimodua uztartzeko ezintasuna, DIAk ez dituelako hau errazteko ordutegiak aldatu nahi. Enpresak ez du ordutegi jarraitua eta nahierara aldatzen ditu. Horrela, ezinezkoa familia eta laneko bizitza uztartzea.

Laneko erritmoek arriskuan jartzen gaituzte langileok presio handiarekin egin behar dugulako lan. Korrika aritzen gara, pisu astunak zamatzen ditugu, eta berriro korrika. Langile batek erreponitu egiten du, kobratu, garbitu, ordenatu etab. gaixotu egiten gaituen eta gure beso, hanka. bizkarrak… hau da, gure osasuna kaltetzen duen erritmora.

Zaintzapean gaude, poltsak espiatzen dizkigute, takillak baimenik gabe ireki, ez kobratu ez gozatzen ditugun aparteko orduak sartzera behartzen gaituzte eta errespeturik gabe tratatu etengabe. Whatsappa arma bezala erabiltzen dute, igandeetan ere mezuak aginduz, familia zein lagunekin gauden artean.

DIA ez da salbuespena. Hau bezalako enpresa ugari dago. Emakumeak erabili eta esplotatu egiten dituzten enpresak. Eta ematen du gizonekiko independenteak izatea eragotziko digun lan ba izatea onartu behar dugula eta garapen pertsonal eta bizitza sozialik ez izatea.

Baina gauzak ez dira horrela. Gero eta gehiago gara emakumeok esplotatu, gaixotu eta hil egiten gaituztela salatzen dugun ardi moreak. Eta guztia, emakume izate hutsagatik.
 


 

MARTXOAK 8
ARRATSALDEKO MOBILIAZIOAK

IRUÑEA: 20:00etan Gaztelu Plazan
DONOSTIA: 19:00etan Bulebarretik
GASTEIZ: 20:00etan San Anton Plazatik
BAIONA: 18:15etan Apezpiku etxearen aurrean
BILBO: 19:30etan Arriagatik

BILBO

IRUÑEA
Argazkia: @elomendia

Argazkia: @elomendia

DONOSTIA
 

 

Itsasondoko Jaso Industrialeko langileak greban enpresa-itun duinaren alde

0

Itsasondon kokatzen den eta iaz 50 urte bete zituen garabien sektoreko enpresa, greban dago. Zuzendaritza eta Enpresa Batzordea 6 hilabete luze doaz negoziaketan 2015ean amaitu zen hitzarmena berritze aldera eta adostasun bat lortzea ezinezkoa izan denez, batzarrak mobilizazioetara jotzea erabaki du blokeo egoerarekin amaitu eta akordio batera iristen saiatzeko. Asteazken honetan, martxoaren 9an, goizeko 10etan lantegitik abiatu eta Ordiziako azokatik buelta egingo duen manifestaldia antolatu dute "Jaso Itsasondo, enpresa-itun duinaren alde" lemapean. 

Aurreko astean 2 orduko geldialdiak egin zituzten ostegun eta ostiralean eta aste greba egingo dute. JASOko langileei, bost egun hauetan, SATeko lankideak gehitu zaizkie. Langileak txandaka antolatu dira eta enpresaren ordutegi guztian lantegiaren aurrean daude protestan (7:30-18:00).

 

 

 


MARTXOAK 8: #feministokPrest iraultzarako!

0


LABen GOIZEKO MOBILIZAZIOAK
Iruñea: Diputazioaren aurrean elkartuko gara eguerdiko 12:00etan.
Bilbo: Emakumeek bizi duten prekarietatea irudikatzeko, DIA supermerkatu batera eramango dugu protesta. Handik, giza-katea egingo dute Eusko Jaurlaritzaraino.
Donostia: Emakumeak lan munduan pairatzen duten egoera salatuko dugu propoganda banaketa bidez eguerdian.

ARRATSALDEKO MOBILIZAZIOAK
IRUÑEA:
20:00etan Gaztelu Plazan
DONOSTIA:
19:00etan Bulebarretik
GASTEIZ:
20:00etan San Anton Plazatik
BAIONA:
18:15etan Apezpiku etxearen aurrean
BILBO:
19:30etan Arriagatik
 

 

“EL CORREO” ere, ETBko kazetariak presionatzen

0


ETBko kazetari batek Arnaldo Otegi kartzelatik ateratakoan dantza egitea albiste omen da. Inolako berezitasunik ez dagoen ekimen batean VOCENTO taldeko egunkaria ETBko kazetari bati jazarpena egiteko probestu egin du, horren bidez eta bide berean ETBren ildo informatiboa markatzeko.

Askotxo izan dira alderdi unionistek parlamentuaren bitartez zein bestelako ekimen publiko edo pribatuen bidez egin dituzten eta egiten ari diren presioak EITBren ildo editoriala euren irizpide ideologikoetara bideratzeko. Oraingoan jazarpen ideologikoa komunikabide pribatu eta boteretsu baten bidez egin da, eta zuzenean kazetari bat seinalatzen eta kriminalizatzen saiatuz. Eta "saiatuz" diogu, ezer esan gabe dena esan nahi delako, "dena ETA da" alegia.

EITBko LABek aspalditik adierazi izan duen nazka areagotu egin da gaur. Lehenik eta behin, seinalatua izan den gure lankidearekiko elkartasun eta babes osoa eskaini nahi diogu. Bai eta zigortuta daudenei eta izan daitezkeenei ere, presio mota guztiak salatzera animatzearekin batera.

Alderdi, gobernu, hedabide eta bestelako botereei EITBko langileak bakean uzteko exijitzen diegu, lana ahalik eta modu profesionalean egin ahal izateko. Bide berean EITBko Zuzendaritzari exijitzen dioguna da presio horietan ez erortzeko, eta langileak erabiltzen eta presionatzen ez jarraitzeko.

 

 

 

Langile bat lan istripuz hil da Beran

42 urte zituen Irungo bizilagun eta langile autonomoa zendu da gaur N-121-A errepidean bere furgonetak kamioi baten kontra jo ondotik. Erran bezala istripua furgoneta eta kamioi baten artean izan da Iruñea-Behobia lotzen dituen errepide honetako 65. Kilometroan. Istripuaren ondorioz furgoneta gidaria hil egin da.

Lehenik eta behin gaur Beran lanean ari zela izandako istripuaren ondorioz hildako langilearen familia eta lagunei gure dolumina eta babesa helarazi nahi diegu hildakoaren. 2016an Euskal Herrian lan istripuz hiltzen den 10. langilea da, Nafarroako hirugarrena.

Gogoraraztea, honekin bi izan direla aste honetan Euskal Herriko errepideetan hildako garraiolariak. Izan ere astelehen honetan garraiolari bat hil zen kamioi batek harrapatuta Abandon, A-8 parean dagoen zerbitzugunean, Bilboko noranzkoan.

Iruñea eta Irun konektatzen dituen eta zoritxarrez ezaguna den N-121-A errepideak berriro ere hildako bat eragin du. Istripua goizeko 05:45 aldean izan da, langilea bere furgonetarekin banaketa-lanetan zegoen bitartean.

Zoritxarrez, ez da lehenengo aldia errepide honetan langile bat hiltzen dena. 2014ko urtarrilean lanean zeuden bi anaiak ere bizitza galdu zuten errepide honetako puntu berdinean. 2014ko urtarrileko aste makabro horretan aipaturiko bi anaia horien istripuaz gain, bailarako bizilagun batek ere istripu larria izan zuen eta larriki zaurituta gelditu zen, eta bi anai hauen istripuaren hurrengo egunean, kamioi bat errepidetik atera zen. Zorionez, ez zen zauriturik egon. Hau guztia gaurko istripua eman den puntu berdinean gertatu da, metro gutxitara konkretuki.

N-121-A errepidea egunero trafiko handienetakoa duen errepidea da, Egunero 10.000 ibilgailu ibiltzen dira errepide honetan eta horietatik heren bat kamioiak dira. Honi zonaldeko klimatologia gehitzen badiogu, ikusiko dugu nola eguraldi txarra dagoen bakoitzean errepide hau loteria bat izan daitekeen.

Loteria makabroak gaur langile honen bizitza moztu du, baina edozein momentutan errepide hau erabiltzen ahal duten milaka eta milaka pertsonei tokatu ahal zaie. Errepide nazional batez ari gara solasean, inondik ere daukan trafikoaren pisua jasateko gaitasuna duena, batez ere Leitzarandik joateak kamioientzat kostu ekonomiko handiagoa suposatzen duenez, N-121-A errepidetik joaten direlako.

Aurreko Nafarroako Gobernuek inoiz ez dute errepide honen egokitzapena beraien lehentasunen artean izan, eta egin duten gauza bakarra egoerari partxeak jartzea izan da, arazoaren erroetara joateko borondaterik ez zegoelako. Bizilagunak egoera honekin nazkatuta daude, eta konkretuki Zalain auzoko bizilagunekin (istripua gertatu den Berako auzoa) solas eginez gero balazta eta bozina soinuak eguneroko ogi direla eta miraria dela istripu gehiagorik ez gertatzea.

Aipatutako guztiarengatik Nafarroako Gobernuari behingoz egoera honi soluzioak bilatzen inplikatu dadila eskatzen diogu, berriz ere horrelako salaketarik egin behar ez izateko. Gaiaren inguruan eztabaida ireki eta parte hartzailea zabaltzeko momentua da, jendartearen eskutik eta eragile sozial eta politikoen iritziak kontutan hartuta.

 

 

 

MARTXOAK 8: Emakumeontzat aukera berdintasuna prekarietatearen kontra

0


 Berdintasunaren bidean: 35 ordu eta 1.200 euro (IRITZIA.- Izaskun Garzia, LABeko kidea)
 Emakumeok iraultzarako prest gaude (Euskal Herriko Koordinadora Feminista)


EMAKUMEONTZAT AUKERA BERDINTASUNA PREKARIETATEAREN KONTRA
35 ORDU eta 1.200€

Martxoaren 8an, zortzi baino hamaika arrazoi ditugu emakumeok berriz ere kalera atera eta gure ahotsa ozen azalarazteko. Izatez, oraindik ere ugariak dira emakumeok gure bizitzaren esparru ezberdinetan pairatu beharreko diskriminazioak, eta hainbatetan aldarrikatutako aukera berdintasunetik urrun jarraitzen dugu.

Egun indarrean den sistemak, esparru pribatuan egiten diren etxeko lanen zein zaintza lanen erantzukizuna emakumeon gain kokatzen jarraitzen du. Hori bai, sistemaren biziraupenerako ezinbestekoak diren lan horiei inolako aitortzarik eman gabe, jendarteari zein ekonomiari egiten dioten ekarpenaren aurrean ezikusiarena eginez. Asko dira eredu horren baitan eroso sentitzen diren gizonezkoak ere, dituzten pribilegioei heldu eta erantzunkidetasunean aurrera urratsak emateko prest ez daudenak. Ardura horiek nagusiki emakumeen gain egotea ez da bidezkoa, eta gainera, lan mundurako sarbidea oztopatu egiten digute emakumeoi; lan merkatuan sartzea lortzen dugunean ere, erabat baldintzatuta gaude.

Egungo sistemarentzat emakumeak lan munduan egotea subsidiarioa da, bigarren mailakoa, gure lana gizonezkoen lanaren osagarri gisa ulertzen baita. Hala, aitortzarik txikieneko eta lan baldintzarik prekarioeneko enplegura bideratzen gaituzte. Emakumeok prekarietatera eta pobreziara kondenatu nahi gaituzte, menpeko nahi gaituzte, gure burujabetza ekonomikorako eskubidea ukatzen digute, baina emakumeok ez dugu gure borrokan etsiko.

Hierarkia harremanetan baino errespetuzko harreman justuago batzuetan oinarritutako jendarte eta sistema baten alde lan egiten jarraituko dugu, lanaren ikuspegi integrala barneratuz, lan guztien aitortza egin eta egungo sistemak ezartzen duen sexuen araberako lan banaketa gaindituko duen lan harreman eredu berria eraikitzeko. Subjektu gara, geure buruaren jabe gara eta eskubideak ditugu. Dagozkigun eskubideen alde borrokatzen jarraituko dugu. Prekarietatea gainditzeko, lanaren eta aberastasunaren banaketan aurrera egiteko, emakumeok 35 orduko lanaldiaren eta 1.200 euroko gutxieneko soldataren adarrikapenak gureak egiten ditugu.

35 ORDU
Emakumeon lana gizonen lanaren osagarri gisa ulertzeak emakumeak modu orokor batean lanaldi partzialetara bideratzea ekarri du. Datuak esanguratsuak dira: lanaldi partzialean diharduten langileen ia %78 emakumeak dira, eta ez eurek hala erabakita, sistemak hala ezarri dielako baizik. Emakume askok, hilabete bukaerara iristeko, lanaldi partzialeko hainbat lan egitea beste aukerarik ez dute. Horregatik 35 orduko lanaldiaren aldarrikapenaren enplegu banaketari heldu nahi diogu, emakumeoi 35 orduko lanaldia bermatuko digun enplegu duina aldarrikatzen dugu.

1.200 EURO
Oraindik ere emakume eta gizonen soldaten arteko berdintasuna lortzetik urrun gaude. Soldaten arteko arrakala nabaria da, INEk kaleratutako azken datuen arabera, EAEn emakumeen urteko soldata (azken erreferentzia 2013koa) gordinaren bataz bestekoa gizonezkoena baino 7.625 euro gutxiagokoa izan zen, eta Nafarroaren kasuan 8.484 euro gutxiagokoa. Horrek esan nahi du Hego Euskal Herrian emakumeen soldata %35 baino gehiago igo beharko litzatekeela gizonen soldatarekin parekatzeko.

Soldata arrakala handia izateaz gain, emakumeok lan munduan ditugun lan baldintzak prekarioak dira: derrigorrezko lanaldi partzialak, lan merkatu araututik kanpo geratzen diren lanak egitera behartuak egotea etab. Ondorioz, emakumeak 1.200 euroetara heltzen ez diren lansariak jasotzea ohikoa bilakatu da. Emakumeen kasuan pobrezia erreala %6,1ean ezartzen da eta gizonen kasuan %5,5ean. Egoera honen aurrea, emakumeok ere Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata 1.200 eurokoa izateko borrokatuko dugu, prekarieaukera berdintasuna aldarrikatuz.