2025-12-15
Blog Page 1089

TTIParen aurkako mobilizazioak urriaren 10ean Hego Euskal Herriko hiriburuetan

0



TTIP, CETA eta TISAren kontra gauden Euskal Herriko jendarte zibileko erakundeak, alderdiak eta sindikatuok multinazionalen onurarako egindako merkataritza itun hauek salatzeko mobilizatuko gara datorren urrian 10ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Era berean itun hauen kontrako mozioak aurkeztuko ditugu udal eta aldundietan. 

Euskal Herriko jendarte zibileko erakundeak, alderdiak eta sindikatuak TTIP, CETA eta TISAren kontra gaude. Merkataritza itun hauek gure ondasun eta baliabideetara heltzeko gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak handiagotzen dituzte, zerbitzu publikoen demokratizazioa kaltetzen dute, jendarte arauentzat eta ingurumenarentzat izugarrizko mehatxua dira, arriskuan jartzen dute gure kalitatezko nekazaritza, baserritar txikien iraupena, elikadura arauak, arau farmazeutikoak, ezinbesteko trantsizio energetikoa eta, guzi honekin batera gure eskubideak eta jendartea hobetzeko gaitasuna ere. Itun hauen onuradun bakarrak multinazional handiak dira. 

Europar herri-ekimaren arrakasta ospatzeko arrazoi handi bat dugu gaurkoan. Jadanik 2.950.862 sinadura bildu dira itun hauen kontra, beraz gure aldarrikapenak indartuz doaz egunez egun. Bultzada honekin Urriaren 10ean Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon mobilizazio ezberdinak egingo ditugu eta hemendik bertan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu.

Aurpegi biko mosaikoak eraikiko ditugu urriaren 10ean. Aurpegi batean TTIP, CETA eta TISA errefusatzen ditugula erakutsiko dugu eta beste aldean,  Euskal Herriko herritarrak jendarte justuago baten alde, demokratiko baten alde, eta solidario baten alde daramatzagun borroka guztien islada izango da. Modu hoentan pertsonak zentro diren jendartea nahi dugula, eta ez kapitala zentro den jerdartea, irudikatuz.

MOBILIZAZIOAK
Mobilizazioak 12:30etan izango dira. Bilbon Arriaga aurrean, Donostian Artzai onean, Gasteizen Foru Plazan eta Iruñean Sarasate Pasealekuan.

Azken hamarkadetan, sektore publikoen agintetik interes pribatuen eskuetara transferentzi handia egiten ari dela ikusten dugu, liberalizazio ekonomikoari eta finantzieroari bultzada emanez. Honegatik guztiagatik, desberdintasunak, pobrezia eta ingurumenaren hondamena areagotuz doaz. TTIParen ,CETAren eta TISAren helburuak aipatutakoak areagotu, eta era berean atzera bueltarik gabekoak bilakatuko dituzte.

Itun edo hitzamen hauek galaraztean datza gure borroka, eta borroka honek austeritatearen kontra, klimaren alde eta justizia sozialaren aldeko jendarte mugimenduekin bat egiten du. Milaka eta milaka herritarrek parte hartuko dute Urriaren 1etik 15era Europa osoan, denak elkartuz Bruselasen, austeritateari ez, pobreziari ez eta TTIP ri ez, esateko.

Egunetik egunera langabezia pairatzen duten herritar kopurua gorantz doa, etxe-bizitzaren eskubideen galera, osasun zerbitzuen kalitatearen jeitsiera, berdintasunean oinarritutako hezkuntza zerbitzuen murrizketak edota duinak ez diren pentsiodunen kopurua handiagotzen doa, Europar Batasuna deritzon honetan. Finantza krisia deiturikoa kapitalismo globalizatuaren aitzaki perfektua bilakatu da, herritarrean eskubideak murriztu eta herrien subirautza demokratikoa deseuzteko.

Herritarrei juztizian oinarritutako gure borraka honetara, gehitzeko dei egiten diegu.

MOZIOAK UDALETXETAN

Ildoari jarraituz, udaletan eta aldundietan MOZIO kanpaina bati emango diogu hasiera. Gure ordezkari politikoei udalerriek eta Lurralde historikoek TTIP, CETA eta TISA ezartzearen kontrako Deklarazioa onar dezaten eskatzen diegu. Mozioa udal eta diputazioetara kanpainan parte hartzen duten alderdien eskutik iritsiko da (Irabazik -Equo-, Podemos Ahal Dugu k eta Ehbilduk).

TTIP, CETAeta TISAri ez! Multinazionalek boterea hartzeari ez! Herritarrentzako onuragarria den merkataritzari bai, baina multinazionalen onuragarria denari ez!



  

 

 

DBUSen EAJ eta UGTk adostutako hizkuntza eskakizunen inguruko akordioa oztopo da euskararen normalizazioan

Azken egunotan, EAJ eta UGT, Donostiako autobusetako (DBUS) langileek bete beharreko hizkuntza eskakizunaren inguruan akordio batera iritsi dira, bertan euskararen ezagutza derrigorrezko ez izatea adostu dute. Akordioaren aurrean, DBUSeko LABeko sail sindikalak, berriz ere, euskararen defentsa egin behar du. 

LABen iritziz Donostiako hiri autobus bat hartzen duen pertsona orok euskaraz artatua izateko eskubidea bermatua eduki behar du. Zentzu honetan, halabeharrez, ezin gara pozik egon EAJ eta UGTren arteko akordio honekin, euskararen normalizazioan oztopo baita. Izan ere, gaur egun euskaraz ez dakien gidari gazte bat kontratatzea hurrengo hamarkadetan bidaiarien aipaturiko hizkuntza eskubide hori urratzea da. Euskaldunez erabat osaturiko lan poltsa berririk kontratatu ezean, euskararen normalizazioari kontra egitea da.

Argumentu honen aurrean, UGTk etorkizuneko balizko langile ez-euskaldunen aldeko aukera berdintasun eskubidea jarri ohi izan du mahai gainean. Langileekiko hain artatsua bada, zergatik aritu da gainontzeko sindikatuoi deus esan gabe PNVrekin kromoak ezkutuan trukatuz? Orain hobe ulertzen da irailaren 3an burutu beharreko epaiketa urriaren 1era atzeratu izanaren arrazoia. Jokaera ilun horretan ez du LAB bidaide izango. Gardentasun adostuan bai.

 

 

 

LABek “Bakea, erabakia” lelopean urriaren 3an Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen die euskal langileei

0

Denbora darama euskal jendarteak urteetako sufrimenduari ateak itxi eta aro berri batean murgiltzeko nahia eta beharra aldarrikatzen. Espainiar zein frantziar Estatuen asmoak bestelakoak dira, ordea, independentzia nahi duen herria isilarazi nahian tematuak jarraitzen dute. Azken atxiloketekin errepresioaren bidean sakatu dute, gatazkaren konponbiderako itxaropenari eskuburdinak jartzeko. Ez du lortu, ezta lortuko ere, bere buruaren jabe izateko aurrera egin nahi duen herria geldiaraztea.

Herriak du konponbidearen giltza. Ez dago munduan Estaturik, herria protagonista duen nazio baten bake nahia isilduko duenik. Zain egon gabe, beraz, jarrai dezagun bakoitzak guretik dagokiguna eginez, herri bezala, bakea eraikitzeko konpromisoak eta urratsak ematen.

Estatuaren oldarraldiaren aurrean, konponbiderik nahi ez dutenen aurrean, gatazka etengabean aritu nahi dutenen aurrean kalera irten eta mobilizatzea ezinbestekoa da. Zentzu honetan, hitzordua jarrita dago, larunbat honetan, hilak 3, Donostiako kaleetan, “Bakea, Erabakia” lelopean egingo den manifestazioarekin bat egiten du LABek, eta bertan parte hartzeko deia egiten diogu gure militantziari eta euskal langileria osoari.

Bake eta konponbide prozesua burura eramateko dugun konpromisoan berresten gara. Bide horretan protagonista eta palanka izan behar duen euskal langileria eta euskal jendartea, orohar, aktibatzeko bidean lanean segitzen dugu. Gogoeta hori LABeko militantziarekin konpartitzen ari gara uneotan, eskualde ezberdinetan egiten ari garen delegatuen asanbladetan. Berriro diogu, herriak duelako konponbidearen giltza.
 

 

 

Prekarietateari eta esplotazioari aurre egiteko enplegu politika berria aldarrikatu du LABek Nafarroan

LAB sindikatuak Delegatuen Batzarra egin du gaur Iruñean, Nafarroan irekitako eskenatoki berria aztertu eta aldaketa politiko nahiz sozialerako ekintza sindikala berrindartzeko asmoz. Batzarraren ostean, kontzentrazioa egin dute LABeko ordezkariek Nafarroako Jauregiaren parean, Gobernuari "enplegu politika berri bat" eskatzeko.

Nafarroako bozeramaile Igor Arroyok adierazi duenez, "nola Akordio Programatikoan hala Gobernuko ordezkari gorenen adierazpenetan honako kontzeptuak azaltzen dira: kalitateko enplegua, lanaren banaketa edota lan erreformari aurre egiteko beharra. Kontzeptu horiek zehaztu beharra dagoela uste dugu, izen eta abizena jarri beharra dago. Kalitateko enpleguak badu abizena: 1200 euroko gutxieneko soldata sektore guztietan. Lanaren banaketak ere badu berea: 35 orduko lan astea soldata murrizketarik gabekoa. Eta lan erreformari aurre egiteko, negoziazio kolektiboa blindatu beharra dago. Gobernuari zehaztapenetara jotzea eskatzen diogu, nafar langileriak pairatzen duen prekarietate eta esplotazioari aurre egingo dion enplegu politika berria diseinatuz". 

1200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lanastea eta negoziazio kolektiboaren blindajearekin batera, beste aldarrikapen hauek egin ditu LABek: aukera berdintasuna enplegurako sarbidean, lan osasuna mutuetatik Osasunbideara pasa dadila, 65 urterekin eta duintasunez jubilatzeko aukera eta lan munduan ere hizkuntzaren normalizazioa abian jartzea. 

LABek "kontzertazio sozialean" parte hartuko ote duen galdetuta, Gobernuaren proposamenen zain daudela adierazi du Arroyok. "Edozein kasutan ere, etorkizuneko erronkei aurre egingo duen lan harremanen eredu berriaz hitz egingo digutela suposatutzat ematen dugu. Izan ere, 1995an abiatutako eredua baztertzailea izateaz gain langileentzat kaltegarria izan da. Gaur egungo lan eta bizi baldintzak duela 20 urte baino okerragoak dira. 95eko eredua iruzur hutsa izan da, porrot egin du, iraganaren parte da. Orain eredu berri bat eraikitzeko unea da, denon artean, bazterketarik gabe, etorkizunari begira". 

Bestalde, LABeko ordezkariek urriaren 24an Bilbon egingo den "Alternatiben Herria" ekimenari babesa eman diote. Bost karpa, zazpi lokal eta beste bost erakusketekin, eredu kapitalistarekiko alternatibak jorratzeko azken aldiko topaketarik handiena izango da. Iruñetik autobusak abiatuko dira, goizeko 7:45etan Trinitariosen dagoen suhiltzaileen parketik (5 euro). 
  

 

 

LABeko ordezkariek urriaren 24an Bilbon egingo den “Alternatiben Herria” ekimenari babesa eman diote

Egunotan LAB sindikatua ikasturterako erronka eta lan ildoak eztabaidatu eta adosteko batzarrak burutzen ari da delegatuekin eskualdez esku. Gaur Oarso-Bidasoa, Iruñerria eta Busturialdeko txanda izan da. Bertan, delegatuek "Alternatiben Herria" ekimenari babesa eman diote.

Busturialdeako delegatuak

 

 

Emakume Mundu Martxaren karabana aurrera doa Euskal Herrian zehar

Martxoaren 6an Kurdistanen hasi eta urriaren 17an Lisboan amaituko den Emakume Mundu Martxaren ekimena ( IV. Nazioarteko Ekintza) Euskal Herria gurutzatzen ari da egunotan. Irailaren 28an Tafallara iritsi zen karabana eta urriaren 4a bitarte herri ezberdinak zeharkatuko ditu Bilbon izango den azken ekimen nazionalean amaitzeko. Atzo Baiona, Hondarribia eta Donostia igaro ondoren, gaur Orereta, Hernani, Tolosa eta Zumaia herriak astinduko ditu berdintasun haizeekin.

Atzokoan Donostiara iritsi zen Mundu Martxaren karabana, eta bertan LABeko kide izandako Maixabel Gaztañaga gogora ekarri zen emakume langileen eskubideen alde egindako lana goraipatuz eta eskertuz.

Gaurkoan Orereta iritsi denean batzarra burutzen ari ziren Oarso-Bidasoako delegatuak ongi-etorria ematera irten dira.

Martxak berebiziko garrantzia hartzen du munduko emakumeen artean sareak osatu eta indartzeko orduan. Horregatik eta berdintasunaren bidean lanean berretsiz, LABek antolatu diren ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.
 

 

 

Lanuztea Fumbarrin lan istripu gehiago eman ez daitezen neurriak eskatzeko

0

Fumbarriko Enpresa Komiteak deituta (3 LAB, 2 CCOO) datorren astelehenean, hilak 5, ordubeteko lanuztea izango da enpresan lan istripu gehiago eman ez daitezen neurriak eskatzeko. Lanuztea 12:15tatik 13:15tara izango da eta enpresa aurrean elkarretaratuko dira "Fumbarrin lan istripu gehiagorik ez! Gure Lan osasunaren alde!" lemapean. LABek babes osoa ematen dio ekimenari. 

Egoera hau jasangaitza izanik Funbarriko LABeko kideek enpresarekin bilera urgente bat eskatzeko asmoa erakutsi dute. LABek zuzendaritzari lan eta segurtasunari dagokion plangintza prebentibo integral bat osatzeko lan egutegi bat eskatuko dio, lan istripuak zein gaixotasun profesionalak ekiditeko bidean enpresa eta komitearen arteko elkarlana eta langile guztien partehartzea bermatuko duena,
 

 

 

LAB lehen indarra Edesa Industrialeko hauteskunde sindikaletan


CNA enpresak Fagor Electrodomésticos erosi zuenetik lehen aldiz burutu dira hauteskundeak eta langileek ondorengo ordezkaritza hautatu dute: LABeko 6 delegatu eta ELAko 3 delegatu. Bozketetan, LABek 105 bozka eskuratu ditu, eta ELAk 50 bozka. 

LABek emaitza honek Fagor Electrodomesticos enpresako porrotean izandako enpleguaren defentsarako lana isladatzen duela uste du. Aurrerantzean ere, enpleguaren aldeko eta langileon eskubideen defentsarako konpromisoa berrestu nahi du.
 

 

 

LABek Arraiotzeko HiperSimplyko langile baten kaleratzea salatu du

0


LABek Arraiotzeko HiperSimplyko langile baten kaleratzea salatu du eskubide sindikalak urratuak izan direlako. Hauteskunde sindikaletan LABen hautagaia izandakoa da langilea eta berriki lan hitzarmena betetzen ez zuelako enpresa salatu du.

LABetik uste dugu langile honen kaleratzea hauteskunde sindikaletan hautagaia izateaz gain bere eskubideak erreklamatzeagatik izan dela, langile honen portaera enpresarentzako oztopoa zelako eta paretik kendu nahi zutelako.

Ez dezagun ahantzi azkeneko hauteskunde sindikaletan enpresak hiru hautagai aurkeztu zituela, eta langileekiko mehatxuen bidez beraiek hautatzea lortu zuela, langileei erranez hautagai horien alde ez bozkatuz gero garesti ordainduko zutela, eta hau dena Naiarak ordezkatzen zuen LABen zerrenda aukeratua suertatu ez zedin.

Enpresak langileari ezezik, lanean gelditzen diren langileei atentzioa deitu nahi izan die kaleratze honekin, beldurra zabaltzeko eta jendeak sinestarazteko egoera aldatu nahi duenak eta mugitu egiten den langileak langile honen ondorio berdinak jasango dituela.

Onartezina da gaur egun oraindik ustez pasatako garaiatako praktika laboral hauek ematea, baino zoritxarrez egoera hauek maizegi gertatzen dira, jende gehiegi aprobetxatzen baita egoera hauetaz, eta horregatik LAB sindikatuak ez du amore emanen langile honen kaleratze bidegabearen salaketan eta langileen lan baldintzak urratuak ez izateko borrokan.