2026-10-02
HomeEkintza SozialaHelduak eta PentsiodunakGure pentsioak lapurtzen ari zaizkigun horiek seinalatu eta salatu behar ditugu

Gure pentsioak lapurtzen ari zaizkigun horiek seinalatu eta salatu behar ditugu

Pentsioen kutxari eginiko lapurreta salatzen du LABek eta horrekin batera, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeari uko egiten jarraitzen dutela ere bai. Rajoiren Gobernuak Pentsio Publikoen “kutxa” gisa ezagutzen dugunari astinaldia eman dio berriro. Azken urteetan Funtsak 42.608 milioiko lapurreta jasan du, eta hala, 2011tik 2016ª bitarte, 66.815 milioi izatetik 24.207 milioi izatera pasatu da. 

Urteetan langileek lortutako aurrezkiak xahutzen dituzten bitartean, Gizarte Segurantzako kontuetan diru-sarrera berririk ez dute egiten, besteak beste, prekarietatearen erruz, soldata baxuak direla medio edota soldatarik handienak dituztenek osotasunean kotizatzen ez dituztelako, diru-kutxa publikora bideratu beharko litzatekeen zati garrantzitsu bat euren poltsikuetan gorde eta pentsio-funts pribatuetara bideratuz. Halaber, enpresariek ere, jasotzen dituzten “diru-laguntzak” tarteko, ez dute diru-kutxa publikora bideratu beharko luketen kopurua guztia bideratzen.

Horri guztiari gehitu behar diogu EAEn, PNV-PP-PSOE alderdien jarrera, 1.080 euroko gutxieneko Pentsio Duina ezartzearen kontrako jarrera adierazi dutelako Legebiltzarrean, Pentsiodunen Plataformek egindako eskariari muzin eginez. Gauzak horrela, pentsionista askok bazterketa eta pobrezia egoeran jarraitzea sustatzen ari dira, kasurik gehienetan kopuru horren azpitik kobratzen ari baitira. Gogoratu, gainera, Europako Gutun Sozialaren arabera, ezarritako kopuruak balio izan behar duela pertsona guztientzat etorkizun duina bermatzeko.

Bada garaia Euskal Herrian Babes eta Gizarte Segurantza Sistema Propio bat erdiesteko, pertsona guztientzat pentsio publiko duinak bermatuko dituena. Bada ordua herri-sektore honi, pentsiodunei alegia, ezarri izan zaizkien murrizketa-politikekin amaitzeko. Pentsiodunek urteetan lan egin eta kotizatu dute, baina orain, zigorrak, murrizketak eta osasun sisteman berrordainketa inposatzen ari zaizkie, zer eta euren gaixotasunak behar bezala artatzeko.

Gure pentsioak lapurtzen ari zaizkigun horiek seinalatu eta salatu behar ditugu, PNVk egiten duen moduan, egungo egoeraren alternatiba gisa pentsioen pribatizazioa sustatzen ari diren horiek guztiak. Euskal Herrian pertsona guztiek Gutxieneko Pentsioa izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, beren azken urteak baldintza duinetan emateko aukera izan dezaten. Horregatik, berriro diogu, sisteman propioa aldarrikatzen dugu, Madrilekiko eta handik datozen murrizketekiko menpekotasunik gabea. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea eskatzen dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.