2025-12-21
Blog Page 1079

Ainhoa Etxaide: “Indarkeriaren alternatiba bestelako jendarte bat eraikitzea da”

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako eguna dela eta, LAB sindikatuak harreman erronda bat burutuko du Hego Euskal Herriko mugimendu feministako eragile ezberdinekin. Harreman horien baitan, gaur, azaroak 23, Donostiako Emakumearen Etxean LABeko ordezkariak Bilgune Feminista eta Malenetxea Emakume Migranteen Elkarteko kideekin batu dira. 

Bilera ostean Ainhoa Etxaidek azaldu du, sindikatuak, azaroaren 25ean, “prekarietatea emakumeen kontrako biolentzia” dela salatuko duela. Muturreko prekarietate egoerak ematen dira, eta honek ezinezko egiten du bizi proiektu bat baldintza duinetan aurrera ateratzea. “Egoera hauei etekina ateratzen dien jendea dago eta beti galtzen ateratzen den emakume gehiegi ere” azpimarratu du Etxaidek. Eta honen aurrean sindikatuak konpromisoak hartuko ditu.

Askotan prekarietateaz hitz egiten dugunean, lan munduan dagoen prekarietateaz hitz egiten dugu eta ahaztu egiten gara edo behintzat ez diogu behar bezalako arreta jartzen lan mundutik kanpo dagoen muturreko prekarietate horri. Martxan jarri dugun bilera erronda honetan “egoera horiek aztertu eta horien aurrean zer egin dezakegun ikusteko baliatuko ditugu”. Gaurkoan adibidez etxeetan lan egiten dutenekin aritu gara elkarlanerako aukerak non dauden bilatzen, zein diren sindikatuak asumitu ditzakegun konpromisoak eta horren kontra borrokatzeko bideak asmatzen.

Azaroaren 25etik haratago eragile feministekin elkarlana indartzeko borondatea dugu. Etxaidek argi esan bezala “indarkeriaren alternatiba bestelako jendarte bat eraikitzea da eta hori ezinbestez feminismotik egin behar da. Beraz bide horri jorratzen jarraituko du sindikatuak.
 

AZAROAK 25
 Prekarietatea indarkeria da, eta bertatik irtetea, zure eskubidea (Izaskun Garcia Bordagarai)

MOBILIZAZIOAK
LAB Gasteizen mobilizatuko da goizean.

ARRATSALDEKO MOBILIZAZIOAK
Donosti
a: 19:00etan Bulebarrean
Gasteiz: 19:30etan Andra Mari Zuria
Iruña: 20:00etan Gaztelu Plazan
Bilbo19:30etan Arriagan

 

 

Patronalaren asmorik okerrenak konfirmatu dira

LABek Erakunde Sindikal eta Enpresarialen Estatutoen Gordailuari buruzko Errege Dekretuari CEOE – CEPYMEk eginiko alegazioak eskuratu ditu. Bertatik ondorio argi bat atera daiteke: CONFEBASK gezurretan ibili da. 2014ko azaroan gure eskuetara iritsitako txosten batean jasotzen zena aintzat hartuta, ELA eta LAB sindikatuak erregistrotik kanpo uzteko asmoa zuela salatu genuen.

CONFEBASKek ukatu egin zuen txosten hori berea zenik. GEZURRETAN ari zen, EGIA BOROBILA zen, guk salatutakoa. Denbora izan da testigu: CEOE – CEPYMEren alegazioetan, CONFEBASKen txostenean agertzen diren alegazioak sartuak daude, ia hitzez hitz. Hori horrela izanik ere, zorionez, Errege Dekretuan (aurtengo ekainean onartua), alegazio horiek ez dira bere horretan onartuak izan.

Guk oso argi genuen CONFEBASK horrelako astakeria bat eskatzeko gai dela. Guk argi dugu patronal autoritario eta antidemokratiko bat dugula aurrean. Guk argi dugu, gure sindikalgintzak traba egiten diola CONFEBASKi.

Salaketarekin batera mobilizatu ginen eta baita instituzioak interpelatu ere. Legebiltzarrean eta Foru Aldundietan, CONFEBASKen asmoak gaitzesteko mozioak sartu genituen. Eragile politikoen gehiengoari, PNV, PSE eta PPri, nahikoa izan zitzaizkien CONFEBASKen hitzak. Berriro ere patronala babestu zuten, patronalari eman zioten sinesgarritasuna, eta gainera, guri giroa zapuztea leporatu ziguten.

Testuinguru horretan Elkarrizketa Sozialeko Mahaia eratu zuten. Guztiz antidemokratikoa, gutxiengo sindikalarekin eta gehiengo sindikala lan mundutik kanporatzea eskatzen ari den patronalarekin.

Argi dago COFENBASKek ez duela bere jarrera aldatuko, Jaurlaritzaren erabateko babesa duelako. Baina ez gaituzte geldituko. Gure lan sindikalarekin jarraitzen dugu, gure egunerokoan, prekarietatearen aurkako borrokan, langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan.
 

 

 

Hitzarmen duinak borrokatuko ditugu metalgintzan langileen aktibazioaren bidez

0

LABek agerraldia eskaini du gaur metalgintza sektorean negoziazio kolektiboaren egungo egoeraren berri eman eta sindikatuak hemenik aurrera martxan jarriko dituen ekimenak azaltzeko. Hala nola, sektore bezala mobilizatzen jarraituko dugu, prekarietateari aurre egingo dion eremu eraginkorra beharrezkoa dela aldarrikatzeko. Era berean klase politikoa interpelatuko dugu.

Egungo egoera
Negoziazio kolektiboa metalgintzako sektorean, gainerako sektoreetan bezalaxe, langileen lan baldintzak hobetzeko bitarteko nagusietako bat izan ohi da. Izan ere, prekarietateari muga jartzeko, enplegu duina sortzeko nahiz aberastasuna era justuago batean banatzeko tresna eraginkorra izan ohi da. Enpresen eta langileen arteko harremanak orekatzeko ezinbesteko tresna.

Gaur, oreka hori zeharo apurtu da. Patronalak negoziazio kolektiboa bahituta dauka. Jada erabaki du, ez du negoziatzeko interesik, botere politikoak, legearen bidez, askoz gehiago ematen baitio; eskatzen duen guztia ematen dio. Beraz, metalgintzan txantaia argia egiten du, edo “nik esaten dudan hitzarmena ematen didazu ala ez da hitzarmen kolektiborik egongo”. Ez dago negoziaketarik, xantaia hutsa baizik.

Horixe da, hain zuzen ere, Araban CCOO eta UGTrekin gutxiengoan erdietsitako aurreakordioan gertatu dena. Sindikatu hauek patronalaren eskaerak onartu dituzte, nahiz eta negoziazio mahaian patronalak berak aitortu duen enpresariek ez dituztela behar. Anekdota moduan, erabat harrigarria da (eta eskandaluzkoa), aurreakordioa iragarri zutenetik 4 hilabete geroago, oraindik sinatua ez izana.

Gauza bera gertatu da joan den astean Nafarroako metalgintzan adostutako aurreakordioan, hau ere UGT eta CCOO sindikatuekin, oraingoan behintzat gehiengoa izanik. Aurreakordioa patronalaren eskaera nagusiak jasotzera mugatu da, hala nola, lanaldia handitzea, malgutasuna areagotzea, soldata baxuagoak kontratazio berrientzat… Non geratzen dira sindikatu guztien eskaerak? Non geratzen dira gizartearen eta langileen beharrak? Zakarrontzian. Non daude prekarietatea mugatzeko neurriak? Inon ez. Eta enpleguaren bermerik gabeko malgutasun gehiagorekin zein lanaldiaren handitzearekin, kalitatezko enplegua suntsitzen jarraituko da.

Jarrera berdina mantentzen ari dira Gipuzkoako zein Bizkaiko patronalak. Dagoeneko aurreratu dute ez daudela prest egungo hitzarmena errespetatzeko ere.

Patronalak egiten duen txantaia ez litzateke posible izango Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dion babesarik gabe. Ez da bidezkoa prekarietatea, pobrezia eta desberdintasun sozialak handitzen ari diren honetan ixilik egotea.

Jaurlaritzaren aldetik CCOO eta UGTren estrategia babestea defenda ezina da. Ez dira ezer salbatzen ari, aldiz, negoziazio kolektiboa hiru eremutik erasotzen ari dira:
– Egungo hitzarmenak kaskartzen ari dira, eskubideak murrizten dituen akordioekin. Gainera, enplegua suntsitzen dutenak.
– Gutxiengo sindikaletik, posizio zeharo antidemokratikotatik.
– Madrilen adosten dituzten akordioak EAE eta Nafarroako negoziazio eremuak ahultzen ari dira, eskumenak lapurtuz.

Erreforma ezberdinei publikoki ezetza eman zieten alderdietako askok eta lan harremanetarako euskal esparruaren alde daudela dioten horiexek, beren jarduera politikoarekin negoziazio kolektiboaren zentralizazioa eta erreformak bere osotasunean aurrera eramaten laguntzen ari dira. Eredu honek ez du prekarietatea geldiarazten ezta enplegurik sortzen ere. Akordio hauen bitartez patronalari negoziazio kolektiboa oparitzen diogu, herri honen gutxi batzuk gero eta aberatsagoak izan daitezen, gehiengoa gero eta pobreagoa den bitartean.

Egoera honen aurrean, LABek ezetz esaten du, aski dela. LABek ez ditu patronalak nahi dituen hitzarmenak sinatuko. Ez gaude pobrezia eta prekarietate gehiago onartzeko prest. Ez ditugu langileentzat kaltegarriak diren neurriak babestuko. Langileek ez dituzte behar, justu kontrakoa. LABek ez ditu, inolaz ere, metalgintzako langileak abandonatuko. Aldiz, eurekin batera borrokatuko du patronalak bilatzen duen prekarietatea eta desberdintasuna handitzeari alternatiba emateko.

LABen ardatz nagusiak
Lan merkatu arautua behar dugu, prekarietatea eta pobrezia mugatuko dituena. Negoziazio kolektiboaren eskubidea defendatzen jarraituko dugu, aberastasuna era justuan banatzen dela bermatzeko. Egin genezakeen gauzarik okerrena izango litzateke ematen ari den eskubide lapurreta normaltzat hartzea. Eskubide hau ezerezean uzten ari diren hauek seinalatuko ditugu. Ez diogu patronalari gure eskubideen jabe izaten utziko. Inposatu nahi digun blokeoa gainditzera goaz. Hauek dira metalgintzako sektorean LABek defendatuko dituen lan ardatz nagusiak:

1.- Metaleko sektore arautua izatearen beharra eramango dugu lantoki guztietara, enpresa handiak ala txikiak izan. Sektoreko langile guztiek gutxieneko eskubideak bermatuta eduki behar dituztela exijituko diogu patronalari. Horretarako, sektoreko hitzarmena aitortzeaz gain, berau hobetuko dituen proposamenak aurkeztuko ditugu lantoki guztietan. Araban eta Nafarroan sinatutako aurreakordioek ezin dituzte Euskal Herriko metalgintzako lan harremanak arautu. Hor ez dago etorkizunik, pobrezia gehiago baizik.

2.- Sektore bezala mobilizatzen jarraituko dugu, prekarietateari aurre egingo dion eremu eraginkorra beharrezkoa dela aldarrikatzeko. Negoziazio kolektiboa letra larriz aldarrikatuko dugu. Lan harremanen indibidualizazio eta prekarizazioaren aurrean, eskubideak guztiontzat behar ditugula aldarrikatu eta defendatuko dugu. Euskal Herriak lan erreformatik babestuko gaituen eredu propio eta ezberdina behar du. Hori lortzera goaz.

Lehenengo urratsa hurrengo azaroaren 26an Adegi eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo dugun mobilizazioarekin emango dugu.

3.- Klase politikoa interpelatzen jarrituko dugu. Negoziazio kolektiboa ez da soilik patronalaren eta sindikatuen arteko arazoa. Lehen mailako arazoa politikoa da, hau da, nola banatzen den aberastasuna, zer nolako herria eraiki nahi dugun… Pobreziaren hedapena noiztik ez da lehentasun politikoa? Instituzioak badira langileok bizi dugun egoeraren arduradunak. Halaber, prekarietatea gelditzeko eta enplegua sortzeko ekimenak aurkeztuko ditugu erakundeetan.

Beraz, metalgintzako sektorean hitzarmena duinak lortzeko LABek langileei aktibatzeko dei egiten die.
 

 

 

Gipuzkoako Metaleko hitzarmenaren alde mobilizatuko gara

0


Azaroak 19, osteguna, LABeko Debaldeako metaleko delegatuen batzarra egin dugu, Gipuzkoako metaleko hitzarmenaren egoera aztertu eta honi nola aurre egin definitzeko. Ondoren, Eibarko Untzaga plazan konzentrazioa egin dugu, Adegiren erantzunkizuna salatzeko eta azaroaren 26an Donostian, Adegiko egoitzatik Batzar Nagusietara egingo den manifestaziorako deialdia egiteko.

 

 

Aberastasuna birbanatu eta patronalak zerga gehiago ordaintzea eskatu du LABek


Ahotsa.info

LAB sindikatuak diruz betetako 40 zaku (Ali Babaren 40 lapurrei erreferentzia eginez) eraman ditu sinbolikoki Patronalaren egoitzatik Ogasunera, patronalak zerga gehiago ordain ditzan aldarrikatzeko.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Nafarroako bozeramaile Igor Arroyok patronala Nafarroan sortutako aberastasunaren gero eta zati handiagoa eskuratzen ari dela salatu du. 2005ean soldatetara bideratutako Barne Produktu Gordinaren zatia, gutxiengo enpresarial eta profesionalak eskuratutakoa ("excedente bruto de explotación" delakoa) baino handiagoa zen; alabaina, gutxiengo enpresarial eta profesionalaren zatia %24,43 handitu da, langileei bideratutakoa %4,79 besterik igotzen ez zen bitartean. Honela, 2009tik "excedente bruto de explotación" delakoa soldatetara bideratutako zatia baino handiagoa da. "Patronalak gure lanaren fruitua lapurtzen digu, plusbalia, geroz eta ondasun handiagoa pilatuz. Sortzen den aberastasuna birbanatu beharra dago, batetik langile guztientzat soldatak 1200 euro netotik gora igoz eta bestetik Kapitalaren errentekiko zergak igoz".

Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuak planteatutako erreforma fiskala ez nahikotzat jo du Arroyok, bereziki Elkarteen Zergari dagokionez. "Gobernuak enpresa handiei tipo orokorra %25etik %28ra besterik ez die igotzen eta guk uste dugu 2006an ordaintzen zuten %35 ezartzeko garaia dela". Bestetik, LABen ustez Gobernuak proposatzen duen gutxieneko zorua (%13) ere baxuegia da eta gainera ez du zentzurik zoru hori berbera izatea enpresa txiki nahiz handientzat. Ildo honetan, gogoan hartu behar da Patronalaren gertukoa den Navarra Capital komunikabideak plazaratutako elkarrizketan, Elkarteen gaineko Zergari dagokionez Nafarroako Patronalak EAEn, Estatuan eta eurozonaldean baino gutxiago ordainduko duela aldarrikatu zuela Uxue Barkosek.

Bestalde, iruzur fiskala salatu du LABek, gehienbat enpresa handiek eragin eta Europako beste herrialdeetan baino nabarmen handiagoa dena. LABen ustez, bada iruzur fiskala gutxitzeko formula eraginkorra: Ogasuneko ikuskari gehiago kontratatzea. "Gero eta ikuskari gehiago, gero eta iruzur txikiagoa, horixe izaten da legea" Arroyoren arabera "beraz eremu honetan enplegu deialdi publikoa egitea premiazkoa da".
 

 

 

Abian prozesuaren baitan entzute ta harreman faseari ekitera goaz

Pasa den azaroaren 7an, ezker abertzaleko 300 bat kidek Abian prozesuari hasiera eman zioten agerraldi baten bidez. Azken helburu gisa Euskal Estatua eraikitzea izanki urrats berri bat emateko borondatea azaldu genuen Zutik Euskal Herria eztabaidatik hona aurreratutakoak neurtuz, ezinak aztertuz eta hanka sartzeetatik ikasiz.

Guztiok aktibo izan behar dugu. Abian prozesuaren xedea ezker abertzaleko militante guztiok elkarrekin gogoetatu, hitz egin eta eztabaidatzea da. Dena prest dago prozesu luze honen lehen faseari ekiteko, hau da entzute eta harreman faseari, ondoren etorriko da eztabaida fasea.

Hilabeteetan luzatuko den prozesu honetan ahalik eta parte hartze handiena izatea garrantzitsua deritzogu eta horretarako hitzorduak gainean ditugu. Arlo zehatzen inguruan hitz egiteko espazio eta hitzordu zehatzak izateaz gain gogoeta egun orokorrak baditugu, herrialdeka. Azaroaren 21ean Arabakoa izango da Gasteizen, eta Gipuzkoakoa Hernanin eta Azaroaren 28an Bizkaia eta Nafarroaren txanda izango da Durangon eta Atarrabian urrenez urren.
 

 

 

Gasteizko eremu berdeak kontserbatzeko ezarri duten aurrekontu-murrizketak arriskuan jartzen ditu lanpostuak

0

LAB sindikatuak, Gorka Urtaranen udal gobernuak udalaren eremu berdeak mantentzeko, 2016. urteko aurrekontu proiektuan proposatzen duen aurrekontu-sailaren gehiegizko jaitsiera salatu nahi du. Alegia, 1.000.000 € gutxiago egotea planteatzen da. Hau da, %38 gutxiago.

Guzti honek egonezin handia eragin du, gaur egun zerbitzua eramaten duen VIVEROS PERICA enpresako langileen artean. Izan ere, aurrekontu-sail horrekin, beste gauza batzuen artean, ez luke emango gaur egungo langile kopurua mantentzeko. Kontuan hartu behar dugu, gaur egun 50 langile inguruk lan egiten duela enpresan, eta uda garaian kopuru hori bikoiztu egiten dela errefortzuekin. Hauetariko kontratu asko, lan mundura sartzeko arazoak eta ondorioz giza-bazterketan erortzeko arriskuan dauden pertsonekin egiten direlarik.

Ez luke soilik lan postu batzuen galera suposatuko, baizik eta langile askoz gutxiagorekin, lan karga berbera egitera behartuta egongo lirateke. “Green Capital” bezala saltzen den hiriko udal gobernuaren helburua, Gasteizko esparru zabal berdeak eta parke handien mantenimendua, garbiketa, eta lorazain lanak zabartzea ez bada, ez dugu inola ere neurri hau ulertzen.

Guzti honegatik, LAB sindikatuak Gorka Urtaranen udal gobernuari eskatzen diogu VIVEROS PERICAko langileen ahotsa entzun dezala, eta atzera egin dezala enpresa honetako langileentzat guztiz okerrak eta kaltegarriak liratekeen ondorioak ekarriko lituzkeen neurri honekin aurrera egin aurretik.
 

 

 

LABek euskal osasun sistema publikoaren aldeko alternatiben inguruko jardunaldiak antolatu ditu

0

LAB sindikatuak, “Esperientziak batuz euskal osasun sistema publikoaren alde – Alternativas en defensa de la sanidad pública vasca” izenburupean jardunaldiak antolatu ditu.denon artean Osakidetzaren gainean egiten dugun diagnostikoa konpartitu, alternatiba zein izan daiteken gogoetatu, eta alternatiba hori sustatzeko gure indarrak biltzeko komenientziaren inguruan aritzeko.

Gonbidapena:

Idatzi labur honen bidez LAB sindikatuak, “Esperientziak batuz euskal osasun sistema publikoaren alde – Alternativas en defensa de la sanidad pública vasca” izenburupean azaroaren 26an Bilboko Arrupe etxean, goizeko 9,15etan hasi eta 14ak bitarte, antolatu dituen jardunaldietara gonbidatu nahi zaituzte.

Gonbidapen honekin batera jardunaldi hauek antolatzerako orduan egin dugun irakurketa eta hauen helburuak zuekin konpartitu nahi ditugu. Hortara datoz, hain zuzen ere, ondoko lerroak.

Alde batetik, atzeraldi ekonomikoaren aitzakiarekin EAEko osasun sistema publikoan, osakidetzan alegia, era askotako murrizketak egin dituzte, eta egoera geroz eta okerragoa da lan baldintzak, zerbitzuaren kalitatea zein prestazioei dagokienean: kopago sanitarioa, gero eta langile sanitario zein ez sanitario gutxiago izatea, pribatizazioak, ginekologia zerbitzuen murrizketak, C hepatitisa duten gaixoak sendatu ditzaken medikamentua ez ematea, ….

Langileak haien lan baldintzen defentsan ari dira, baina ez hori bakarrik, baita Osakidetzak ematen dituen zerbitzuak kalitatezko gutxieneko baldintzetan emateko ere. Bestetik, badira herri eragile asko, bakoitza bere arazo partikularraren ikuspegitik, Osakidetzako zerbitzuen gabezien aurrean antolatzen eta borrokan ari direnak: pentsionistak kopagoaren kontra, TOPA plataforma pribatizazioaren kontra Tolosaldean, guraso elkarteak pediatria zerbitzuen murrizketen kontra, mugimendu feminista ginekologia zerbitzuen murrizketen kontra, euskalgintza euskerazko zerbitzuek aldarrikatuz, …

Borroka horietako bakoitzak askoz indar handiagoa hartuko luke baldin eta denon arteko gogoeta bateratu baten baitan indarrak batzeko gai izango bagina. Hori izango litzateke jardunaldi hauekin bilatzen duguna: denon artean Osakidetzaren gainean egiten dugun diagnostikoa konpartitu, alternatiba zein izan daiteken gogoetatu, eta alternatiba hori sustatzeko gure indarrak biltzeko komenientziaren inguruan aritzea. Ikusten duzuenez jardunaldiok, LABek antolatuak izan arren, denon artean zerbait bateratua eraikitzeko helburua dute, eta horrexegatik garrantzi handia ematen diogu zuen parte hartzeari. Informazioa gehiago nahi izanez gero jar zaitez harremanetan gurekin 636 359 337 telefonora deituz edo a.sarasola@lab.eus helbidera idatziz.

Agur bero bat.
 

 

 

LABek Hauteskunde Sindikalak irabazi ditu Eusko Jaurlaritzan Bizkaian

0

Atzo egin ziren Hauteskunde Sindikalak Eusko Jaurlaritzan Bizkaian eta LAB izan da lehen indarra.
Bototan, LABek 59 jaso ditu, 48 ELAk, 24 CCOOek eta 18 UGTk. Delegatuen banaketari dagokionez, 3 LAB, 3 ELA, 2 CCOO eta 2 UGT.

Emaitza hauek gure sindikatuaren lan-lerroa indartzen dute eta kolektibo osoaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, inolako bazterketarik gabe. Guzti hau Administrazioak hamarkadetan atzeratu duen Lan Postuen Zerrenda negoziatuko den garaian. Helburua, langile batzuk bizi duten laneko segurtasun falta eta hauetako batzuen lanpostuen balorazioa konpontzea.