2026-07-31
HomeIndustriaMetalgintzaACBrentzat etorkizuna exijitu diogu Arcelor Mittali

ACBrentzat etorkizuna exijitu diogu Arcelor Mittali

Arcelor Mittaleko zuzendaritzak Sestaoko plantan ezarri nahi duen planaren aurrean zer egin erabakiko dute langileek bihar, hilak 14, egingo den Batzarrean. Bozka honen harira, ELA eta LAB sindikatuek, beraien jarrera bateratua azaldu dute publikoki eta Sestaoko lantokirako alternatiba aurkeztu dute. ELA eta LAB enpresak egindako proposamenaren aurka agertzen dira, ez duelako inolako bermerik eskaintzen, baztertzailea delako, enplegua suntsitzen duelako eta Ezkerraldeko desindustrializazioan sakontzen duelako.

LAB eta ELAren irakurketa:

Langileen asanbladan, LAB eta ELA enpresaren proposamenaren aurka agertu dira, eta adierazi dute ez diotela inolaz ere abalik emango, ehunka lanposturen suntsipena ekarriko duen eta lantoki honen etorkizun industriala bermatuko ez duen egitasmoari.

Proposamen horren bidez, gaur egun zuzenean lan egiten dutenen lanpostuen erdiak suntsituko dira, eta ACBn normalean lan egiten duten kontratetako langile guztiak baztertzen ditu. ELAk nahiz LABek, lehen egunaz geroztik, enpresak egin dezakeen planteamendu orok kontratetako langielak ere kontuan izan behar dituela aldarrikatu dugu, lehenengo egunaz geroztik gurekin batera borrokan dihardutenak.

Azken proposamenak eta aurrekoek ia ez dute ezberdintasunik, ACBko Zuzendaritzak, oraingoz behintzat, soldata murrizketei uko egiten diela izan ezik. Proposamen horretan ez da ezertxo ere bermatzen, ez bada, urrats berria egiten dela Ezkerraldea jasaten ari den etengabeko desindustrializazioan. Arcelor Mittal ez da ezertara konprometitzen ACBren jardun industriala eustearen harira, aurkakoa baizik, jarduera bi edo hiru asteburura mugatzen du hilero. Horren ondorioz, Sestaon ekoizten diren bobinak behin betikoz deslekutuko dira.

Hau guztia, Arcelor Mittalek azaldu duen jarrera guztiz arbuiagarriarekin eman da. Benetako xantaia egin die langileei, adostasuna agertu ezean, enpresa itxiko dutelako. Multinazional horrek ACBn zuzenean zein zeharka lan egiten dutenei nahiz euskal gizarteari agertzen dien erabateko mespretxuaren adierazgarri da hori. Arcelor Mittali dagokio ehunka langileren etorkizunarekiko ardura. LAB eta ELAk berresten dugu eta berriro adierazi gure borondatea etorkizuna eta lantoki honetan dagoen enplegu kalitatearen bermea jasoko duen planteamendu orokorrerako. Ia 600 familia gara, Arcelorren xantaia honekin, lantokiaren itxierari hasiera ematen zaionaren lekuko.

Gogora ekarri behar dugu enpresaren bideragarritasun plana ez dela berez errentagarria eta irauteko, enpresa ixtearekin mehatxatuz lortutako diru-publikoaz elikatu behar duela, bizkarroien antzera; erakundeek amore eman ezean, ez dago ezelango bermerik.

Ekainaren 2an, enpresa-batzorde osoak industria egitasmoa aurkeztu zuen, Arcelorrek gutxietsi egin zuena. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta erakunde guztiek arbuiatu dute enpresaren egitasmoa. Bi hilabete igaro dira, Arcelorrekiko lankidetza erabatekoa zela esatetik egungo jarrera ulergaitza dela esatera jendartean. Beste inbertitzaileei saltzeko aukera aintzat har dadila eskatzeraino iritsi dira.

Batzarra, botazio-erreferenduma edo dena delakoa egitea zuzendaritzaren lana egitearen parekoa da. ELA eta LABen iritziz ez dago arrazoirik borroka baztertzeko. Egitasmo hau bozkatuz enpresaren interesei ematen zaie zilegitasuna, borroka baztertu egiten da.

Arcelorrek beldurraren politika egiten du; bozkatzea haren amarruan jaustea da. LABek eta ELAk proposatzen dugu Arcelorren eta erakundeen aurrean borrokan jarraitu behar dela, kaltetutako 600 familien enplegua, Ezkerraldeko enplegua babesten.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.