2026-07-01
Blog Page 1076

M28 Denok Bilbora prekarietatearen aurka

MAIATZAK 28
LANGILEOK BIDEAK BATUZ!
EUSKAL HERRIA CONTRA LA PRECARIEDAD

Maiatzaren 28an Bilbora goaz prekarietatearen milaka aurpegiak azaleratu eta borrokatzera. Langileok bideak batuz lan eskubideen alde eta eskubide sozialen defentsan borrokatu beharra dugu, inposatu nahi diguten ereduaren aurrean alternatibak badirela erakutsiz.

Lerro hauen bidez LAB sindikatuak maiatzaren 28ko mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dizu. Langileok bideak batuz prekarietatea garaituko dugu. Animo eta borrokara! Ekarri zure aldarrikapena!

M28. MOBILIZAZIO NAZIONALA

28M. MOVILIZACIÓN NACIONAL

Aniztasun sexualeko kideen lan eta bizi baldintzek okerrera egin dute

Maiatzaren 17an, Munduko Osasunaren Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen artetik kendu zuela gogoratzen da. Guk behintzat ez dugu ezer ospatzeko, Gaia jendartean ez dago normalizaturik, nahi ez delako gainera, gutxiago lantokietan, eta transexualitatea gaur egun oraindik buruko gaixotasun kontsideratzen da. Gaurkoan egin dugun bezala, Maitzaren 28an, Bilbon egingo dugun mobilizazio nazionalean lantokietan aukera sexuala askatasun osoz bizitzeko aldarrikapena kalera aterako dugu.

Bizi dugun egoera sozio-ekonomiko honetan, aniztasun sexualeko kideen lan eta bizi baldintzek okerrera egin dute, eta horrek normalizazioa kaltetu baino ez du egin. Azkenaldian, gorroto delituek gora egin dute, aniztasun sexual eta funtzionalen kasuen aurka, emakumeenganako indarkeriarekin gertatu den bezala. Izan ere, sistema honek zapaldu eta zapaltzaileak behar ditu aurrera egiteko. Harreman horretan oinarritzen da kapitalismoa aurrera egiteko.

Lantokiak jendartearen ispilu dira, eta gure ustez, beste eremu batzutan baino errazagoa da diskriminazio eta erasoak izatea, hezkuntza guneekin batera. Izan ere, gaizki ulertutako auto-defentsa praktikatu beharra dugu dagoen konpetentziaren aurrean, prekarietateak, erreforma ezberdinek eta murrizketek kaltetuak izanik.

Lan eremuan horrelako egoerak izatearen eta aniztasun sexualdun pertsonek bere eskubideak bermatuak ez izatearen arduradun erakunde publikoak ere badira. Kalean zein lantokietan inolako diskriminaziorik ez erasorik ez izatearen bermatzaile izan beharko lukete erakundeek. Gure ustez, sistema hau bere horretan mantentzeko, gorroto hori sustatzeko tresna dira erakundeak. Gaurkoa bezalakoetan propaganda kanpainak egingo dituzte, guztiz jarrera hipokrita dela deritzogu bestelako jendarte anitza oztopatzen duten bitartean.

Aurreko egoerek lantokietako giroa kaskartu egiten dute, gure lan osasuna eta pertsonen arteko harremanak kaltetzen dira. LABek egoera horri galga jarri nahi dio, horretarako langileei tresnak jarri dizkiegu, lantokietan gai hau lantzeko gida eta protokoloa dauzkagu. Gure egitekoa langileen artean gai honetan sakontzea, aniztasuna ikustaraztea, diskriminazio eta jazarpen egoerak sustraitik gelditzea eta anistazuna duten guztien eskubideak bermatzea izango da.

Lan hori egiteko baina, jendarteko gainontzeko eragileekin erkarlana egin behar dugu, gainontzeko sindikatuekin, eragile sozial eta politikoekin.
 

 

 

Madrilen hasiko den epaiketa politikoa salatzen dugu

0

Beste behin Madrilen hasiko den epaiketa politikoa salatu beharrean gaude. Hain zuzen ere, gaur hasiko da espainiar Entzutegi Nazionalean Urko Aierbe, Joxe Aldasoro, Aniaitz Ariznabarreta, Sandra Barrenetxea, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Egoitz Garmendia eta Rosa Iriarteren aurkako epaiketa. EKINeko zuzendaritzako kide izatea leporatuta. Bestalde LABetik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu auziperatu guztiei.

Euskal Herriak bere bide propioa egiteko aukera guztiak trabatu nahi ditu estatuak. Espainiako Gobernuak giza eskubideak zein eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten politikak garatzen jarraitzen du, gatazkari zein bere ondorioen konponbideri lagundu beharrean. Bada garaia inposatu nahi dizkiguten epaiketa, atxiloketa, sakabanaketa eta beste hamaika urraketen zurrunbilotik ateratzeko.

LABek etorkizunari begiratzen dio eta herri honenetzat askatasunean, bakean eta demokrazian oinarrituko den etorkizuna eraikitzeko konpromisoan berresten da. Ez gaude prest gure etorkizuna Espainiako Gobernuko agintari arduragabeen eskuetan uzteko.

 

Sindikatuek babesa erakutsi diote Erika Bilbaori epaiketa politiko berri baten aurrean

0

Beste behin behartuta aurkitzen dugu gure burua aste honetan Madrilen euren jarduera politikoagatik 9 pertsona epaituko dituztela salatzera. Hauen artean dago Erika gure kidea. 9 kideok euren militantziagatik epaituko dituzte, militantzia herri mugimenduan zein mugimendu sozialetan.

Espekulazioetan oinarritutako prozesua da, estatuaren etsaitzat joak diren pertsonen estigma soziala eta kondena lortzeko. Pertsona hauekiko ezin izan da lortu ETArekiko lotura eta lankidetza zehazten duen inolako ekintza zehatzik, horregatik “inguruaren” tesia berreskuratzen da, espazio ideologiko edo kulturala batena, guztiz zehazgabea den zerbait eta zuzenbidearekin inolako harremanik ez duena. Zentzugabekeria honi lotu behar zaio polizia txostenak automatikoki akusatuen aurkako froga bihurtzeko nahia.

Sumario honen instrukzioan, irregulartasun ugariz gain, arbitrarietate eta gehiegikeriak egin dira: behar ez ziren atxiloketak, inkomunikazio orokortuak, autoinkulpazioa bilatzen zuten tortutak, kartzelaratzeak (urte bi bete dituzte honezkero espetxean), estatuko lurraldetik ateratzea mugatzea bezalako kontrol neurriak, astero sinatzera behartzea, eta guzti hau 5 urtetan zehar.

Adierazten dugu ez gaudela prozesu politikoen ezta guztiz zilegiak diren iritzi edo jarduera politikoengatik jendea kartzeleratzeko sasoian eta pertsona eta erakundeen helburu politikoak epaitzen direla, ez bitartekoak; jarduera politikoa epaitzen da eta ez ekintza zigorgarriak.

Ezin dugu beso-gurutzaturik egon eskubide zibilen urraketa sistematikoaren aurrean eta, hortaz, honakoa exijitzen dugu:

– Akusatuen askatasuna.
– Epaiketa politikoen amaiera.
– Jazarpen eta kriminalizazio politikoaren amaiera.
– Herritarren eskubide zibil eta politiko guztien errespetua.
– Torturaren amaiera.

 

 

 

LABek Gasteizko Legebiltzarreko Enplegu eta Gizarte politikako batzordera eraman du gizarte zerbitzuetako profesional falta eta arreta hobetzea


LAB sindikatuak “Zaintza zaindu” lemapean gizarte zerbitzuen langile falta salatzeko kanpaina bat abiarazi zuen. Kanpaina honen ekimen garrantzitsuena otsailaren 19an burututako sinadura bilketa izan zen. Euskal Autonomi Erkidegoan 16.032 sinadura jaso eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu genituen adinekoen, adin txikikoen, aniztasun funtzionala dutenen zentroetan eta orokorrean gizarte zerbitzu guztietan, arreta duintasunez emateko langile gehiago aldarrikatzeko, eta aldi berean, Enplegu eta Gizarte Politikako batzordeari agerraldi eskaera egin zion.

Gaurko agerraldian, azpikontratatutako gizarte zerbitzuetan dagoen errealitatea azaldu diegu. Profesionalen eta zaindu beharreko pertsonen arteko proportzioak lan gainkargak sortarazten dizkigula eta zaintza pertsonalizatua eta kalitatekoa ematea bideraezina egiten zaigula azpimarratu diegu. Era berean, azaldu diegu langileok egin behar ditugun ahalegin handiek gure osasunak oso bizkor txarrera egitea eragiten duela, eta gihar eta hezurduren lesioak eta arazo psikologikoak era kezkagarrian handitzen ari direla azaldu diegu.

Honez gain, zerbitzu hauen erabiltzaileen profila aldatu da. Horrek areagotu egiten du aspaldidanik bizi dugun egoera txarra. Horren gibelean arrisku psikosozialetako hainbat eragile gordetzen dira: zaintza-mailaren eskakizuna arrunt handia, lan erritmoak handiak, lan-kopuru handiegia, eta jazartze eta eraso jarrerak. Azkenik, gizarte-lanak gutxietsiak egoteak egoera okertu besterik ez du egiten, prekarietate eta iragankortasun mailak handiak, soldata apalak, urteko lanaldi luzeak,… ekarriz.

Agerraldian, egunero bizi dugun errealitatea azaltzeaz aparte aldarrikapen konkretu bat egin diegu: gure lan baldintzak eta erabiltzaileek jasotzen duten arreta kalitatea hobetuko duen gizarte zerbitzu guztietarako ratioen dekretu berria. Dekretu horrek hurrengoa jaso beharko luke:

 Langile kopurua handitzea.
 Profilen eta funtzioen hedapena.
 Erabiltzaile bakoitzari eskaintzen zaion dedikazio eta zerbitzu denbora igotzea.
 Langileen, erakunde sozialen eta erabiltzaileen parte hartzea, zerbitzu sozialetako langileen beharrekin loturiko ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan.

Batzordean agertu dugun helburua ez da gure arazoaren berri ematea bakarrik, baizik eta irtenbideak bilatzen hasteko abiapuntua jartzea ere. Jakin badakigu zaila dela egun bakar batean urteetako ibileraren ondorio diren arazoak aldatzea. Hala ere, guretzako urrats sendoak eta epe motzari begirakoak ematea premiazkoa da, gaur egun gizarte zerbitzu askotan ematen den pertsonal faltak suposatzen duen arazoari heltzeko.

Horregatik, gaurko agerraldiaz aparte, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundietan erregistratutako mozioetaz aparte, LABek dinamikarekin jarraituko du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin bilerak eskatuz, ratio dekretu berri baten alde egiteko konpromisoa har dezaten.
 

 

 

Eskola-jangeletako esperientzia pilotuak propaganda-kanpaina hutsa dira

0

Lakuako Hezkuntza Sailak kanpaina abiarazi du, eskoletako jantokiak tokian tokiko gaiez hornitzeko aukera emanez. LABek, ekimen hau propaganda kanpaina bati estuki lotzen zaiola salatu nahi du, Cristina Uriartek zuzentzen duen Hezkuntza Sailaren irudia garbitu nahi duena. Gogora dezagun Lehiaren Agintaritzak 18 milioitako isuna jarri zuela catering enpresek egindako iruzurrarengatik, diru publikoz ordaindu beharko ditugun 18 milioi euro. LABen ustez ez dago inolako asmorik egungo eredua aldatzeko, eta behin arazoa lasaituta, 2000. urteko jantokietako agindu baliogabetura itzuliko dira.

Propaganda kanpaina honi 2016ko otsailean ekin zioten. Orduan iragarri zuten Markinako jantokia bertoko produktuekin hasiko zela lanean. Horrela, berria ez den senideen aldarrikapenari eutsi zioten. Hala ere, egintza hau eredu aldaketatzat agertzen du Sailak.

Eskema berari eutsi zaio Gernikako Allende Salazar ikastetxeko esperientzia pilotuari ekitean. Hau ere hedabideetan agertu zen.
LABek, propagandatzat jotzen duen kanpaina hori salatzen du, esperientzia pilotuak Gasteizko Legebiltzarrean onartu zirelako 2014ko ekainean, duela bi urte hain zuzen. Haren bidez agintzen zitzaion Eusko Jaurlaritzari 2014/2015 ikasturterako gauzatu behar zela. Agindua ez zuten bete ordea, eta erakunde hauen agendatik desagertu zen. Senideei eragotzi egin zitzaien beren eredua aukeratu ahal izatea, eskola askotatik eskatzen zena.
2016ko otsailean catering enpresetako ekonomia-iruzurraren eskandalua ezagutarazi zen; 18 milioi eurotako isuna eragin diguna, guztion artean ordaindu beharko duguna.
Gauzak honela, Lakuak bere propaganda makina abiarazi du, Markinak, Aste Santua ostean, bertoko produktuekin, lan egin ahal izango duela adieraziz.

Salatu diren lau eskola-pilotuetatik, oraingoz, bik bakarrik daukate aukera hori eskuragarri: Markina eta Allende Salazar. Markinan 265 bazkaltiar daude eta Hezkuntza Saileko 3 langilek dihardute sukaldean lan-kontratudun gisa.Gernikan bazkaltiarrak 597 dira, eta plantillan 7 pertsona dituzte, denak Sailaren lan-kontratudunak ere.

Aipatu bi eskoletan, nahiz datorren ikasturterako proposatzen denean (Laukariz, zeinak 165 bazkaltiar dituen eta sailaren bi lan-kontratudun dituen) sukaldeak dauzkate bertan. Horrek adierazten digu sukaldea ezinbestekoa gertatzen dela bertako produktuak prestatzeko eta egokiro maneiatzeko. Hau guztia LABek behin eta berriz aldarrikatu du, eta Hezkuntza Saila berak, gaur egun berresten badu ere, erabili duen politika bera ezeztatzen du, ikastetxeetan zeuden sukaldeak ezabatu baititu eta garraio bidez banatutako janaria sartu.

Bestalde, gure ustez, neurri honi dauden 502 jantokietatik 4tan soilik ekiteak, izatekotan, adierazten digu neurri eznahiko batez ari garela, nahaste-maniobra huts batez ari garela berresten diguna.

Hala ez bada, geure buruei galdetu beharko genieke zer gertatu zen 2000. urtean jantokien agindua onartu ez zuten eskolekin, haren aurka azaldu baitziren bertako produktuak ezarri nahi zituztela adieraziz (Larrabetzu eta Altzaga Erandio)? Ez zizkieten baina diru-laguntzak kendu, hartu zuten erabakiarengatik, horrek eskolen arteko diskriminazioa eragiten zuela argudiatuta? Ez al zioten baina, ikasleei aukera berdintasuna bera ukatuz, lan baldintzetan bereizkeria eragiten zela esan?

Gainontzeko eskolek 4 eskola hauen tratamendu bera jasoko dute? LABen ustez hala izan beharko luke. Familia eta eskola guztiak berdin hartu beharko lirateke, bazterkeria egoerak saihestuz.

Bestela, pentsatu beharko dugu eredu baten aurka egin den maniobra politiko hutsaz ari garela, aitzakia ekonomikoetan oinarritzen den erabaki batez mozorrotua.

 

 

 

Sertego enpresako kaleratzeak salatzen ditugu


Araiako Sertego enpresan sutea egon zen joan den apirilaren 25ean. Horren ondoren, enpresaren Zuzendaritzak Kontratuak Amaitzeko Expedientea aurkeztu zuen 19 langiletik 13rentzat, arrazoia moduan ezinbestekoa zela argudiatuz, kaleratzeak azkartu eta langileekin negoziatzea ekiditeko. LABetik enpleguari eustea defendatzen jarraituko dugu.

LABetik enpleguari eustea defendatu dugu orain arte, horrelako gertakariak errepikatzea ekidingo duten segurtasun neurriak jartzea eta aldeen arteko eztabaida eta negoziazioa ahalbidetuko duen prozedura bat erabiltzea, egoera horri aurre egiteko alternatibak daudelako; eta horretan ari gara gaur egun ere. Era berean, ezinbestekoa izatea ukatzen dugu, enpresan etengabeak izan direlako sute eta antzerako gertakariak (azkena urtarrilean, suhiltzaileek ere parte hartu zutelarik), nabarmena izanik lantegian dagoen segurtasun neurri falta.

Nabarmendu nahi dugu Asparrenako Udalak, ezohiko Osoko Bilkuran, bere elkartasuna adierazi ziela kaleratutako langileei eta kezka erakutsi zuela herrian, biztanle zein inguruneari arazoak sortzen dizkien enpresa bat kokatuta dagoela.

Bizi zen egoeraren aurrean protesta egiteko, langileek greba hasi zuten joan den maiatzaren 10ean euren lanpostuak eta jarduerak jarraitzea defendatzeko.

Testuinguru honetan, LABek modu positiboan baloratzen da Lan Agintaritzak joan den maiatzaren 11an honakoa ebaztea: “ezin da sutetik eratorritako ezinbestekotasunik egiaztatu, Sertego enpresako 13 langileren kontratuen desegiteen arrazoi modura”, prozesu osoan zehar defendatzen egon garen moduan.

Hala ere, ebazpen honi erantzunez, Urbaser taldekoa den Enpresaren Zuzendaritzak, mugarik gabeko prepotentzia eta autoritarismo keinu batean, 7 norbanako kaleratze burutu zituen arrazoi produktibo eta antolaketaren ingurukoak aipatuz, horrela kaleratze kolektiboa ekidinez. Azken honek, kontsulten aldia hastera behartuko luke, langileekin akordiotara iristeko.

LABek tinkotasun osoz baztertzen ditu modu iruzurtian egindako kaleratze hauek eta horrela aldarrikatuko du esparru guztietan. Argi dago enpresak sute bat baliatu nahi duena, bere utzikeriaren ondorio izan zela, hainbat langile kaleratzeko. Borroka eta langileen eskubideen defentsarekiko konpromisoa berresten dugu, enpleguak manten daitezen eta osasunarentzat eta inguruarentzat seguruak izango diren baldintzetan lan egin ahal dezaten.
 

 

 

#bideakBatuz, Bilbora goaz Maiatzaren 28an

Eraso eta murrizketen aurrean konfrontazioaren bidea aukeratu dugu, euskal esparru sozioekonomikoaren aldeko borrokan gabiltza eta lanaren eta aberastasunaren banaketan oinarrituko den eredu berri baten alde ari gara. Bide hau langileen indar eta mobilizazioari esker ari gara jorratzen. Mobilizazioa ezinbestekoa da politikariek botere ekonomikoari begiratzeari utzi eta guri, langileoi, begira diezaguten! Egoeraren salaketa egitetik harago, proposamen zehatzak ere mahai gainean jarriko ditugu, Euskal Herriarentzako aldaketa erreala egingarri dela erakutsiko dugu.

Arratsaldeko 17.30etatik aurrera, lau aldarrikapen nagusirekin zeharkatuko dugu Bilboko erdigunea eta gaurko egoera grisari kolorea ezarriko diogu.

ZUTABEAK

GIPUZKOA
Gipuzkoako langileak olatu morea izango dira eta Zubiaurretik aterako dira aukera berdintasunaren alde.


BIZKAIA
Bizkaiko langileak olatu urdina izango dira eta Udaletxetik aterako dira kalitateko enpleguaren alde.

NAFARROA
Nafarroako langileak olatu gorria izango dira eta Zubiaurretik datorren olatu morearekin batuko dira Sagrado Corazonen. Nafarrek "Trabajamos para vivir. PREKARIETATEA HILTZAILEA" lelopean mobilizatuko dira. 

ARABA-IPAR EUSKAL HERRIA
Araba eta Ipar Euskal Herriko langileak olatu berdea izango dira eta olatu urdinarekin bat egingo dute Abandon burujabetza aldarrikatuz lantokietara aldaketa iritsi dadin.

 
JAKIN BEHARREKOAK

• Autobusez joango gara Bilbora. Eman izena zure eskualdean.

• 17.30etarako bakoitza bere abiapuntuan izango da.

• Herrialde bakoitzak zutabe bat izango du.

• Zutabe bakoitzeko kamiseta kolore bat dagokigu. Adi beraz!

• Langile bakoitzeko aldarrikapen bat. Ekarri zurea.
 


 

 

Jai egunak aisirako dira eta ez negoziorako

0

LAB sindikatua komertzioak igande eta jai egunetan irekitzearen aurka dago multinazional handiek merkatari txikiak kaltetu eta langileei lan baldintza kaskarrak inposatzen baitizkie. Euskal Herrian kalitatezko merkataritza jasangarria nahi dugu, langileon lan-baldintza eta eskubideak errespetatzen dituena, kontsumo arduratsuan oinarrituz eta gutxi batzuen poltsikoak beteko ez dituena. Guzti hau aldarrikatuz, igandean, hilak 15, 11etan, LABek elkarretaratzea burutu du Bilboko Carrefour Expressen aurrean.