2025-01-22
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaLABek Gasteizko Legebiltzarreko Enplegu eta Gizarte politikako batzordera eraman du gizarte zerbitzuetako...

LABek Gasteizko Legebiltzarreko Enplegu eta Gizarte politikako batzordera eraman du gizarte zerbitzuetako profesional falta eta arreta hobetzea


LAB sindikatuak “Zaintza zaindu” lemapean gizarte zerbitzuen langile falta salatzeko kanpaina bat abiarazi zuen. Kanpaina honen ekimen garrantzitsuena otsailaren 19an burututako sinadura bilketa izan zen. Euskal Autonomi Erkidegoan 16.032 sinadura jaso eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu genituen adinekoen, adin txikikoen, aniztasun funtzionala dutenen zentroetan eta orokorrean gizarte zerbitzu guztietan, arreta duintasunez emateko langile gehiago aldarrikatzeko, eta aldi berean, Enplegu eta Gizarte Politikako batzordeari agerraldi eskaera egin zion.

Gaurko agerraldian, azpikontratatutako gizarte zerbitzuetan dagoen errealitatea azaldu diegu. Profesionalen eta zaindu beharreko pertsonen arteko proportzioak lan gainkargak sortarazten dizkigula eta zaintza pertsonalizatua eta kalitatekoa ematea bideraezina egiten zaigula azpimarratu diegu. Era berean, azaldu diegu langileok egin behar ditugun ahalegin handiek gure osasunak oso bizkor txarrera egitea eragiten duela, eta gihar eta hezurduren lesioak eta arazo psikologikoak era kezkagarrian handitzen ari direla azaldu diegu.

Honez gain, zerbitzu hauen erabiltzaileen profila aldatu da. Horrek areagotu egiten du aspaldidanik bizi dugun egoera txarra. Horren gibelean arrisku psikosozialetako hainbat eragile gordetzen dira: zaintza-mailaren eskakizuna arrunt handia, lan erritmoak handiak, lan-kopuru handiegia, eta jazartze eta eraso jarrerak. Azkenik, gizarte-lanak gutxietsiak egoteak egoera okertu besterik ez du egiten, prekarietate eta iragankortasun mailak handiak, soldata apalak, urteko lanaldi luzeak,… ekarriz.

Agerraldian, egunero bizi dugun errealitatea azaltzeaz aparte aldarrikapen konkretu bat egin diegu: gure lan baldintzak eta erabiltzaileek jasotzen duten arreta kalitatea hobetuko duen gizarte zerbitzu guztietarako ratioen dekretu berria. Dekretu horrek hurrengoa jaso beharko luke:

 Langile kopurua handitzea.
 Profilen eta funtzioen hedapena.
 Erabiltzaile bakoitzari eskaintzen zaion dedikazio eta zerbitzu denbora igotzea.
 Langileen, erakunde sozialen eta erabiltzaileen parte hartzea, zerbitzu sozialetako langileen beharrekin loturiko ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan.

Batzordean agertu dugun helburua ez da gure arazoaren berri ematea bakarrik, baizik eta irtenbideak bilatzen hasteko abiapuntua jartzea ere. Jakin badakigu zaila dela egun bakar batean urteetako ibileraren ondorio diren arazoak aldatzea. Hala ere, guretzako urrats sendoak eta epe motzari begirakoak ematea premiazkoa da, gaur egun gizarte zerbitzu askotan ematen den pertsonal faltak suposatzen duen arazoari heltzeko.

Horregatik, gaurko agerraldiaz aparte, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundietan erregistratutako mozioetaz aparte, LABek dinamikarekin jarraituko du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin bilerak eskatuz, ratio dekretu berri baten alde egiteko konpromisoa har dezaten.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko hezkuntza publikoko irakasleen grebak %75etik gorako jarraipena izan du

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du. EAEko Hezkuntza Sailaren 27.000 irakasle zeuden gaurko grebara deituak.

LABek irmoki salatzen du Guardianen itxiera

LAB sindikatutik irmotasun osoz salatu nahi dugu Guardianek aurkeztuko duen Enplegu Erregulazio Espedientea. Horrek, 171 langileren kaleratzea ekarriko du eta Aiaraldeako eskualdean eta inplikatutako familietan izango duen eragina izugarria izango da.

Gizain berriz mobilizatu da eta mobilizatzen jarraituko du bere langileen baldintzak foru administrazioko langileenekin parekatzea eskatzeko

LAB eta CCOO sindikatuok eginiko deialdiari erantzunez, Gizaingo langileek –Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko gobernuaren fundazioa– elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, Eskubide Sozialen Departamentuaren egoitzaren parean, euren lan baldintzak foru administraziokoekin parekatzea eskatzeko.