2026-09-12
Blog Page 1076

Katering enpresek ez dute isuna ordaindu nahi, non dago Eusko Jaurlaritza?

Kulebroia ez da amaitu. 2016ko ekainaren 22an jakin dugu, data horretan amaitu baita ikasturtea, catering enpresei ezarri zitzaien isunaren ordainketa gelditu egin dela zigortutako enpresa guztiek helegitea aurkeztu dutelako. 

Joan den otsailean, Lehiaren Euskal Agintaritzak 18 milioi eurotako isuna ezarri zien euskal eskola publikoetako jantokia-zerbitzuak ematen zituzten zortzi enpresei, prezioak finkatu eta merkatua beraien artean banatu zutelako. Ebazpenaren arabera, zigorturiko enpresek beren artean banatu zuten, “adostasunez”, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua, 10 urtez gutxienez, 2003 eta 2014 artean.

Ebazpen edo erabaki hura otsailaren 9an jendarteratu zen. Hortik aurrera, zigortutako enpresek 2 hileko epea zuten zigorra kitatzeko. Hala ere, denek aurkeztu dute helegitea (Eurest, Auzo Lagun, Gasca, Gastronomía Vasca, Tamar, Magui, Goñi) administrazioarekiko auzien epaitegi bidez, zigorraren kautelazko etendura eskatuz gainera.

Aipatu eskaera onartua izan da, eta hortaz, ordainketa etenda geratuko da oraingoz. Oraingoan, eta enpresa hauen asmoaren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek ekinbidea geratzen. Zigorra jaso duen kontratu polemikoaren arduraduna izanik, hari dagokio euskal lehiaren ebazpena babestea.

Hortaz, kasu hau erabakitzeko dago bide administratiboan zein penalean. LABek gogora ekarri nahi du fiskaltzak eginbideari ekin ziola Eusko Legebiltzarrak Urkulluren gobernuari errekerimendua egin ostean, aukera zegoelako lehiaren aurkako jardunak gure poltsikoei 200 milioi eurotako iruzurra eragiteko.

LABek aditzera eman nahi du kasu honen lehen ondorioak honezkero nabaritu genituela duela 15 bat egun, jangeletaz arduratzen diren langileei lanaldia murriztu zitzaienean. Horrek jangeletako mahaiak aska bihurtzea ekarri zuen, ikasleentzako lekua txikituz. Ordura arte bi txandetan egiten zena, geroztik, txanda bakar batean egin ohi da. LABek hedabideetan salatu zuen egoera eta Hezkuntzako lurralde ordezkaritzaren aurrean egin zuen elkarretaratzea.

Murrizketa hau Hezkuntza Saila berak ezarri zuen, oraingoan, hain zuzen, familien eta langileen interesak babestu behar dituen horrek. Horregatik, izugarri kezkatzen gaitu kasu honetan egiten ari diren kudeaketa.
Adierazi nahi dugu, aipatu Hezkuntza Saila berriro fidatu dela enpresa ber-berez jantokiko zerbitzua egiteko. Horren harira, egoera horrek eragin du salaketa jarri eta iruzurra agerian uzten lagundu zuen AIBAK enpresa, berriro deitua izatea Legebiltzarrera joateko. Eskari honi erantzun zaio.

Azpimarratu nahi dugu harrigarria dela honen berri ekaina amaieran izatea, ikastetxeei ezinezkoa suertatzen zaielako aipatu informazioaren berri ematea, familiek honen guztiaren jakitun izan daitezen.

LABek berriro dio kasu hau ez daitekeela honela ebatzi, eta honi guztiari jarraipena egingo diogula, Eusko Jaurlaritzak familia, pertsona eta ikasle guztien defentsa egin dezan. Azken finean, horiek guztiak dira iruzur hau ordaintzeko ekarpenak egin behar izango dituztenak (prezioa garestituz, lanaldiak urrituz, kalitatea kaskartuz).

Bestalde, berriro diogu jantokiak kudeatzeko eredu hau zaharkitua dagoela. Aldaketa garaian gaude, eredu berriak eraiki daitezen eginkizunak geureganatzeko garaian bizi gara. Hori LABek onartua dauka eta ordezko proposamea jarri du martxan. Familia, ikastetxe, ekoizle eta erakundeak berau proposamena ezagutzera gonbidatzen ditugu.

 

 

 

Geroz eta enpresa gehiago multinazionalen esku

0

Euskal Herriko kapitala duten puntako bi enpresa kanpoko multinazionalen esku gelditu direla kezkaz ikusten dugu LAB Sindikatutik. Aste honetan azken, urteetako bilakeran beste urrats bat emanez, ekonomiaren motore izan beharko luketen puntako enpresen erabakiguneen deslokalizazioa gauzatu da. Siemensek Gamesaren erosketa gauzatu du, eta Mubeak Inauxa taldea erosi du. 

Honen atzean dagoen benetako interesa, orain arteko akzionistek egin duten “pelotazoa” dago, ez besterik. Benetan enpresen arteko sinergia eta elkarlana badira salmenta hauen arrazoi bakarra, bada bestelako akordioak egiteko aukera, bi aldeak lotzen dituena, eta erabaki ahalmena Euskal Herrian mantendu dezakeena.

Kezkagarria da oso Eusko Jaurlaritzak kasu honetan izan duen utzikeria: onartezina da diru publikoz sortutako Gamesaren kasuan, besterik gabe kanpoko kapitalak gehiengoa edukitzea txalotzea.

Ez dezatela aitzakiarik jarri, zuzenean eskumena duten kasuan, Inauxaren kasuan, 4,6 milioiko partaidetza zuen kapitalean Ezten Fondoaren bidez (akzioen%20) ez dute ezer egin. LABek Eusko Jaurlaritzari erabakigunea, eta Euskal Herrian proiektu industrialaren garapena bermatzeko baldintzak jartzeko eskatu genion arren, entzungor egin du Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzaren industria politika ezaren adibide dira hauek, traktoreak izan beharko liratekeen lantokiak babesteari uko egin dio.

Horrelakoak egin eta gero, denbora batera deslokalizatutako enpresak gogoan ditugu. Bi kasu hauetan ere, ez dago inolaz ere bermatuta Euskal Herriko lantokien aldeko etorkizuneko apustua. LABetik, proiektu hauek Euskal Herrian garapena izan dezaten, eta honek zuzeneko nahiz zeharkako lanpostuen sorrera eta baldintza duinak sortzen jarraitzeko lanean jarraituko dugu.
 

 

 

UGT eta CCOOek estatalizazioa ezarri dute de facto Arabako egurgintzan

0

SEA, UGT eta CCOO Arabako lobbyak berriro adostu du herrialde honetako langileen lan baldintzak kaskartzea. Izan ere, gaur goizean, Egurgintzako Hitzarmena sinatu dute eta bertan, hainbat atzerapausu eta murrizketa ezarri dituzte, horiek guztiak praktikan Estatu mailako hitzarmenera zuzenean hurbiltzen gaituztelarik.

Gogorarazi behar dugu sektore honetako Estatu mailako hitzarmenean, 2012an, UGTk, CCOOek eta Espainiako Patronalak 16 gai gorde zituztela esparru horretan negoziatzeko, herrialdeko hitzarmenak neurria handi batean edukiz hustuz. Horri segida emanez, Arabako Hitzarmenaren zenbait arlo Estatukoak arautuko ditu (kontratazioa, probaldia, maila profesionalak,…), tartean inaplikazioak ere, eta horren ondorioz derrigorrezko arbitraia inposatu diete Arabako langileei.

Gainontzekoan ere, UGTk eta CCOOek men egin die SEAren asmoei eta bestelako atzerapausuak onartu dituzte, besteak beste, ultraktibitatean -18 hilabetera mugatuz- eta malgutasunean, 125 ordu ezarriz (orain arte 20 ordu ziren eta enpresetan ez ziren erabiltzen, beraz 125 ordu enpresaren mesedetan eta langileon bizitza pertsonal eta familiarraren kontra). Gainera, KPIren erreferentziarik gabeko soldata igoera eskasa da (%1), eta plus konpentsagarririk ez dagoenez, langileek sekulako eros-ahalmenaren galera sufrituko dute, 2008tik ez baitute izan soldata igoerarik.

Honenbestez, beste behin ere argi gelditu da UGT-CCOOen sumisioan oinarritutako sindikalgintza, uko egiten baitiote konfrontazio minimoari ere eta SEAri langileen eskubideak oparitu dizkiote, lan erreformari alfonbra gorria jarriz. LABek bere aldetik, ahal duen enpresa guztietan planteatuko du lan baldintza kaxkar hauek hobetzea, langileen aktibazioa bilatuz.

 

 

 

Gaur gaurkoz Hezkuntza Sailak ez du bermatzen murrizketa gehiagorik izango ez denik

0

Sindikatuok ezinbestean lanpostu murrizketarik ez izatea, lan-kargak ez handitzea eta ordezkapenak ez atzeratzea eskatu diogu gobernuari, baina honek asmo on eta murrizketen ondorioak “arintzeko” ahaleginez harago ez digu bermatu murrizketarik izango ez denik.

Gogoratu beharrean gaude azken urteetan murrizketa gogorrak inposatu dizkigula Jaurlaritzak. Milaka lanpostu aurreztu ditu geletan ikasle gehiago pilatuz eta ordezkapenak atzeratuz edo ez eginez, erretiroa atzeratu eta oztopatu du, soldatak murriztu eta izoztu dizkigu, bajak zigortu… Honek gogor eraso die lanpostuei, lan-baldintzei eta hezkuntza kalitateari.

Orain irakastorduak gehitzeak eta ordezkapenak atzeratzeak milaka lanpostu desegitea eta lan-kargak biderkatzea eragingo luke, eta kinka larrian jarriko lituzke hezkuntza berdintasuna eta kalitatea.

Hau guztia kontuan harturik, sindikatuok Jaurlaritzari eskatu diogu ezinbestean inolako lanpostu murrizketarik ez izatea, lan-kargak ez handitzea eta ordezkapenak ez atzeratzea.
Gobernuak ordea, asmo on eta murrizketen ondorioak “arintzeko” proposamenez harago, ez digu bermatu murrizketarik izango ez denik.

Sindikatuok inola ez dugu onartuko lanpostuetan, lan-kargetan edota ordezkapenen atzeratzean ondoriorik izango duen murrizketarik, ez Jaurlaritzak errege-dekretua eta Auzitegi Konstituzionalaren murrizketak osotasunean ezartzen dituelako, ezta modu partzialean edo “arinagoan” ezartzen dituelako ere.

Prest gaude honen guztiaren inguruan hitz egiteko eta neurri hauek indargabetzeko moduak bilatzeko, baina Jaurlaritzak murrizketa neurri berri hauek inolako ondoriorik izango ez dutela bermatzen ez duen bitartean, pasa den astelehenean iragarritako mobilizazio eta greba proposamenak bere horretan mantenduko ditugu. Gaur bertan, ikastetxeetan goiz osoan zehar eta 12:45etan lurraldeetako hezkuntza ordezkaritzetan elkarretaratzeak egin ditugu, eta irailerako, ikasturte hasierarekin batera, greba egunak deituko ditugu.

 

 

 

Lotsagarria eta itxurakeria hutsa dira Tapia eta Urkulluk GRI enpresara egindako bisita

0


GRI enpresa berria, TS Fundiciones zenaren likidaziotik sortua da. Likidazioa eman zenean, une zailak bizi izan zituzten kaleratutako langileek. Hainbat eta hainbat dei eta inplikazio eskaera egin zizkieten langileek, baina eskari guztiei muzin egin zieten! Arantza Tapia, Urkullu eta konpainiak TSko langileak baztertu egin zituzten eta ez zuten langileekin biltzeko interes minimorik ere azalduGaur Tapia Sailburuak eta Urkullu Lehendakariak enpresara egin duten bisitan argi geratu da duten helburu bakarra konpromisorik gabeko argazkiekin etekin politikoak ateratzea dela.

LAB eta ELAren oharra:

GRI enpresa berria, TS Fundiciones zenaren likidaziotik sortua dela. Likidazioa eman zenean, une zailak bizi izan zituzten kaleratutako langileek. Euren lanpostuen defentsan borroka eredugarri bat egin ostean kaleratuak izanda ere, espekulatzaileak uxatzeko eta etorkizunera begirako plan industrial sendo eta egonkor baten bila borrokan jarraitu zuten. Eta egun, sortzen ari diren eta sortuko diren lanpostuen lan baldintza duinak bermatzeko lanean burubelarri ari dira.

Langileek enpresaren bideragarritasunean eta etorkizunean sinisten zuten, orain Gestamp bezalako taldeak egin duen moduan. Langileen borrokak fondo espekulatzaileek eskua sartzea majo gelditu du eta gaur arte lorturikoa neurri haundi batean, langileen borrokari esker izan dela azpimarratu nahi dugu.

Eta bide luze eta gogor honetan non egon da Arantza Tapia? Non Eusko Jaurlaritza? Hainbat eta hainbat dei eta inplikazio eskaera egin zizkieten langileek, baina eskari guztiei muzin egin zieten! Arantza Tapia, Urkullu eta konpainiak TSko langileak baztertu egin zituzten eta ez zuten langileekin biltzeko interes minimorik ere azaldu! Orain zertara dator argazki hau atera nahi hau? Etekin elektoralak atera nahi hutsa al da? Hori al da Eusko Jaurlaritzaren interes bakarra?

Langileek eragile eta herritar ezberdinen babesa jaso dute, elkartasun ikaragarriarekin batera, baina konpromisoak eskatu zirenean, ez Eusko Jaurlaritzak ez gaur argazkira azaldu direnek ez zuten maila eman.

Gaur ere argi geratu zaigu Urkullu eta Tapiak duten helburu bakarra konpromisorik gabeko argazkiekin etekin politikoak ateratzea dela! Oportunismoa eta protagonismoa baino, konpromiso garbia erakutsi behar dela pentsatzen dugu

Oztopoak oztopo, langileok jarraituko dugu herria eraikitzen.

 

 

 

Giroa-Veolian mobilizazioak hasiko ditu lan-baldintzak hobetzeko

0

Giroa-Veoliako langileek, joan den maiatzaren 12an deitutako Asanbladaren ondoren, gehiengoz erabaki dute Enpresak aurkeztutako azken eta behin betiko proposamena baztertzea eta mobilizazioen prozesua hastea, Enpresa Hitzarmen propioaren eta lan baldintzak hobetzearen alde.

Hilabete ugari pasa dituzte Enpresarean Zuzendaritzarekin negoziatzen aurreko Ituna berritzeko, eta prozesu negoziatzaileari borondatez ekiteko erakutsi duten pasibitate eta interes faltaren nabariak izan dira, Batzordeak aurkeztutako proposamenari kasurik egin gabe, Zuzendaritzak azken proposamen bat egin du bere azterketa eta onarpenerako. Azken honek eskubideen galera eta lan-baldintzak kaltetzea besterik ez dakar. Honen aurrean, langileek behartuta ikusi dute euren burua erabaki hau hartzera, euren egoera sozializatu eta ezagutzera emateko, egungo lan-baldintzak defendatu eta hobetzeko.

 

 

 

Zerbitzu sozialetan pairatzen diren eraso eta estresaren aurrean neurri prebentiboak bultzatzeko dinamika martxan da

LABek dinamika berria jarri du martxan zerbitzu sozialetan pairatzen diren eraso eta estresaren aurrean neurri prebentiboak bultzatzeko asmoz. Dinamika honen helburua bikoitza da. Alde batetik inkesta batzuen bidez, gizarte zerbitzuetako langilek pairatzen dituzten arriskuak identifikatzea eta kuantifikatzea, eta bestaldetik, arrisku horien aurrean neurriak proposatzen saiatzea lan duin eta osasungarriago baten alde egiteko.

Zerbitzu sozialetako hainbat baliabidetan, jarduerari nahiz lanaren antolamendu ezegokiari loturiko hamaika arriskuekin bizi ohi gara langileok.

Zereginak eskakizun maila handiaz egiteaz ari gara, lan-zama zein langile kopurua urriaz ari gara, ordezkatuak ez izateaz, eskatzen zaigun erabateko konpromisoaz ari gara, oso emozio biziak kudeatu beharraz ari gara, zereginak eta aldiak antolatzeko autonomia urriaz, erasoez,… Honelako arriskuekin bizi beharrak arriskuan jartzen ditu sektoreko langileen eta erabiltzaileen ongizatea, osasuna edota segurtasuna.

Gisa honetako arrisku egoeretan lan egitearen ondorioak ugariak dira: motibazioa galtzea, estres sintomak edo depresioa, beldurra, autoestimua galtzea, lesio fisikoak jasateagatik osasun-laguntza,… Lan arloan, gaixotasunak eragindako absentismoaren eta lana utzi behar izatearen artean ibiltzen dira ondorioak. Honek, berriz, kaltetutako pertsonaren familiarengan zein pertsona esparruan izan ditzake ondorio kaltegarriak; erabiltzaileei eskainitako zerbitzuaren kalitatean ere izan dezake eragin kaltegarria.

Erabiltzaileak izan ditzakeen premiei aurre egiteko eskaintzen diren zerbitzuen ezegokitasunak, eskaintzen diren zerbitzuen kalitate eznahikoak, pertsonal eskasia izateak eta lanaren antolamendu kaskarrak ondorio kaltegarriak dakarzkio gure osasunari; horrengatik, prebenitu daitezkeen arazoak dira. Hala ere, arrisku ebaluazioek eta prebentzio plangintzek maiz ahazten dituzte arazo hauek.

Gizarte zerbitzuetako langileen osasunari kalte egin diezaiokeen egoera zehatz hauek ezagutzeko asmoz, eta batik bat, hauek konpondu aldera, animatu nahi ditugu sektoreko langile guztiak, gizarte zerbitzuetako hainbat errekurtsoetan banatuko dugun inkestatxoa betetzera.

 

 

 

Indarkeriaren alternatiba beste jendarte bat eraikitzea da


Azken bi egunetan lau emakume hil dituzte Euskal Herrian, bat Gasteizen eta hiru Angelun. Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren azken biktimak izan dira. LAB sindikatutik indarkeria sexista egungo sistema heteropatriarkarraren izozmendiaren muturra dela adierazi nahi dugu, erro sakon eta zabalak dituen matxismoaren adierazpiderik bortitzena, baina ez bakarra.

Hala ere, ez gara istripuez edo saihestu ezin diren dramaz ari, arazo sozial eta politiko batez baino, alternatibak dituena. Egungo ereduak bultzatzen dituen botere harremanak iraulita zein harreman parekide eta justuagoetan oinarrituko den jendarte bat eraikita egingo diogu aurre indarkeriari modurik eraginkorrenean.

Honekin lotuta, ezinbestekoa da erasoak ozen salatu eta jendarte mobilizazioa hauspotzea. Horrela, Emakumeen Mundu Martxatik deitu diren deialdi desberdinetan parte hartzeko deia egin nahi die LAB sindikatuak langile eta herritarrei. Mobilizazioak “Eraso sexistarik ez” lemapean egingo dira.

Emakumeen Mundu Martxaren deialdiak:

Gaur, ekainak 22, asteazkena
– Gasteiz. Manifestazioa Andra Mari Zuritik 20:00etan

Bihar, ekainak 23, osteguna
– Mobilizazioak Hegoaldean (ohiko toki eta orduetan). Adib. Donostia. 19:00etan Bulebarrean; Bilbon. 19:30ean Arriagan…

Etzi, ekainak 24, ostirala
– Angelu. 18:00etan Angeluko Herriko Etxearen.

 

 

 

GUFE-Aldundiako langileak mobilizatu dira enplegu suntsiketa salatzeko

0


GUFEk/Aldundiak pribatizazio politikekin eta enplegu publikoaren suntsipenarekin jarraitzea erabaki du, astiro baina gelditu gabe. Lanpostuak ez dira betetzen, zerbitzuak ixten dira, ireki behar direnak ez dira irekitzen. Egoeraren larritasunaren aurrean sindikatuok kalera irtetea erabaki dugu eta hala jarraituko dugu egoera aldatu ezean.

LAB, ELA, UGT eta CCOOren oharra

GUFEk/Aldundiak pribatizazio politikekin eta enplegu publikoaren suntsipenarekin jarraitzea erabaki du, astiro baina gelditu gabe. Aldundiak lanpostu kopuru handi bat du bete gabe eta GUFEk ildo berean dabil, baina are eta larriago, asistentzia-zerbitzutan aritzen baita eta neurri hauek arrisku larrian jartzen dituzte.

GUFEko gaurko egoera zehaztu dezagun: Leioako egoitzaren zerbitzari garbitzaileen hornidura 58tik 53ra jaitsi egiten da, Zuzendaritzak antolaketa arrazoiak argudiatuz. Bost lanpostu gutxiago. Horretaz gain, oraindik ez dituzte bete Zubieteko Sukaldari-Etxe zerbitzari 4 lanpostu, sukalde eta garbiketa zerbitzuen errebersioen zain.

Maiatzaren 28ko Aldundiko Negoziazio Mahaian, GUFEko Zuzendaritzak argi utzi du beraien jarrera eta jokaera zein izango den: ez dute Leioako lanpostu horiek beteko. Gure irakurketa, lehen urratsa dela eta kategoria bera arriskuan dagoela.

Ordua da serio hartzeko. Lanpostuak ez dira betetzen, zerbitzuak ixten dira, ireki behar direnak ez dira irekitzen… eta bitartean: langabezian dauden pertsonak lan egiteko deiaren zain, gero eta langile gutxiagorekin eman omen diren zerbitzuak… erabiltzaileengan honek daukan eragina kontutan hartuta.

Azaldutakoagatik, zuen Batzar Taldeari, Aldundiko eta GUFEko zerbitzu eta enplegu publikoaren defentsan jardutea eskatzen dizuegu.