LABek dinamika berria jarri du martxan zerbitzu sozialetan pairatzen diren eraso eta estresaren aurrean neurri prebentiboak bultzatzeko asmoz. Dinamika honen helburua bikoitza da. Alde batetik inkesta batzuen bidez, gizarte zerbitzuetako langilek pairatzen dituzten arriskuak identifikatzea eta kuantifikatzea, eta bestaldetik, arrisku horien aurrean neurriak proposatzen saiatzea lan duin eta osasungarriago baten alde egiteko.

Zerbitzu sozialetako hainbat baliabidetan, jarduerari nahiz lanaren antolamendu ezegokiari loturiko hamaika arriskuekin bizi ohi gara langileok.

Zereginak eskakizun maila handiaz egiteaz ari gara, lan-zama zein langile kopurua urriaz ari gara, ordezkatuak ez izateaz, eskatzen zaigun erabateko konpromisoaz ari gara, oso emozio biziak kudeatu beharraz ari gara, zereginak eta aldiak antolatzeko autonomia urriaz, erasoez,… Honelako arriskuekin bizi beharrak arriskuan jartzen ditu sektoreko langileen eta erabiltzaileen ongizatea, osasuna edota segurtasuna.

Gisa honetako arrisku egoeretan lan egitearen ondorioak ugariak dira: motibazioa galtzea, estres sintomak edo depresioa, beldurra, autoestimua galtzea, lesio fisikoak jasateagatik osasun-laguntza,… Lan arloan, gaixotasunak eragindako absentismoaren eta lana utzi behar izatearen artean ibiltzen dira ondorioak. Honek, berriz, kaltetutako pertsonaren familiarengan zein pertsona esparruan izan ditzake ondorio kaltegarriak; erabiltzaileei eskainitako zerbitzuaren kalitatean ere izan dezake eragin kaltegarria.

Erabiltzaileak izan ditzakeen premiei aurre egiteko eskaintzen diren zerbitzuen ezegokitasunak, eskaintzen diren zerbitzuen kalitate eznahikoak, pertsonal eskasia izateak eta lanaren antolamendu kaskarrak ondorio kaltegarriak dakarzkio gure osasunari; horrengatik, prebenitu daitezkeen arazoak dira. Hala ere, arrisku ebaluazioek eta prebentzio plangintzek maiz ahazten dituzte arazo hauek.

Gizarte zerbitzuetako langileen osasunari kalte egin diezaiokeen egoera zehatz hauek ezagutzeko asmoz, eta batik bat, hauek konpondu aldera, animatu nahi ditugu sektoreko langile guztiak, gizarte zerbitzuetako hainbat errekurtsoetan banatuko dugun inkestatxoa betetzera.