2026-09-12
Blog Page 1069

Greba uztailaren 28an Bilboko Guggenheim Museoan

0

Bilboko Guggenheim Museoan azpikontratatutako hezitzaile eta orientatzaile taldeak GREBA EGUNA burutuko dute uztailaren 28an jasaten dugun prekarietatea salatzeko.

Bilboko Guggenheim Museoan azpikontratatutako hezitzaile eta orientatzaile taldearen oharra

Bilboko Guggenheim Museoan azpikontratatutako hezitzaile eta orientatzaile taldeak GREBA EGUNA burutuko dugu uztailaren 28an jasaten dugun prekarietatea salatzeko

Guggenheim Museoan Manpower Group Solutions enpresarekin azpikontratatuak gauden hezitzaile, gida, areto orientatzaile eta hezitzaile laguntzaileok, publikoki salatu nahi dugu, orain dela urte asko jasaten ari garen prekarietatea eta ezegonkortasun laborala.

Bisitariekin arteari buruzko elkarrizketak ditugu aretoetan, bisita gidatuak egiten ditugu, tailer artistikoak edota arte udalekuak burutzen ditugu mota askotako talde eta pertsonekin. Hau da, museoko hezkuntza programen garapeneko aurpegia gara, artea pertsonengana helaraztearen helburua betearaziz.
Astelehenetik iganderako lanaldi aldakorrak ditugu (jaiegunak barne) urtarriletik abendura.

Goi mailako ikasketak ditugu eskatzen diren kalitate estandarrak eta bikaintasuna betetzeko (lizentziatura, hizkuntzak, masterra, esperientzia, disponibilitatea, balioaniztasuna eta etenik gabeko formakuntza)

Bilboko Guggenheim Museoko Giza Baliabideak eta Kalitate arloko arduradunaren hitzetan: “ Pertsonak zaintzea balio handikoa da, pertsonak enpresak ondo funtzionatzeko arrakastaren oinarria dira” “Aitzindariak gara pertsonak kudeatzeko moduan” eta “ errotazio gutxi dugu, eta hau arro egoteko balio bat da, lan egonkortasun handia mantentzen dugu eta hori ona da”.

Hala ere, gure kasuan, estandar kualitatiboak eta bikaintasunezkoak ez dira betetzen inondik inora.

− Gure lanpostua, lan baldintzak eta soldatak EZEGONKORRAK dira, SUBROGAZIOA ez delako kontratazioan bermatzen, eta urtero (bi urtetik behin zortearekin) enpresa merkeenak aukeratzen dira, lan kalitatean honek duen eragina kontutan izan gabe.
− Ez da inolako plusik aitortzen jaiegunetan edo gaueko lanean.
− Ez da dagokigun KATEGORIA PROFESIONALA aitortzen eta horregatik gure soldatak ikasketarik gabeko lan postuen soldaten ratioan mugitzen dira, oinarrizko soldata 5.35€ gordin orduko (gehi plusak eta prorratak) eta kasurik hoberenean 12.30€ gordin ordukoa da.
− Soldata minimo interprofesionaletik oso urrun dauden soldata aldakorrak kobratzen ditugu hilero. ‘Tarifa laua’ aplikatzen zaigu eta edozein zerbitzu egiten dugula ere, orduko kobratzen dugu baina ordu horiek ez daude bermatuak (ordu minimorik ez dago)
− Erakusketa bakoitza prestatzeko katalogoa EROSI egin behar dugu (edo liburutegian kontsultatu) eta gure etxean egiten dugu lan hau musutruk.

Hau guztiagatik, Bilboko Guggenheim Museoko Patronatoaren (Solomon Guggenheim foundation+ Bizkaiko Foru Aldundia + Eusko Jaurlaritza) esku dago egoera lotsagarri honekin bukatzea, eta Bilbo eta Bizkaiko motore ekonomikoaren ‘berezkoa dna’ osatzen duen ERANTZUKIZUN SOZIALA aplikatzea.
Bilboko Guggenheim Museoko KALITATE ETA BIKAINTASUN estandarrak titanioaren barruan ere aplikatzea eskatzen dugu, aurki hezkuntza zerbitzua emateko publikatuko duten lizitazioarekin kontratatzen duten enpresa zeinahi dela ere.

Orain arte, eta museoko arduradunei bidezko eta beharrezko eskaera hau helarazi ostean, isiltasun administratiboa baino ez dugu jaso, eta ez dugu inolako konpromisorik lortu azpikontrataturik dagoen hezitzaile taldeak jasaten duen prekarietatea eta ezegonkortasunarekin amaitzeko. Pasibotasuna ez da bikaintasun kulturala lortzeko bidea, eta horregatik uztailak 28an GREBA eguna burutuko dugu konponbidea duen arazoa plazaratzeko. Guggenheim Museoa eta Patronatoaren borondatea baino ez da behar prekarietate honekin bukatzeko.

Bilboko Guggenheim Museoan azpikontratatutako hezitzaile eta orientatzaile taldea

 

 

 

Larrialdiak-Eulen UTEak kudeatzen duen Bizkaiko Larrialdi Osasun Sarearen egoera tamalgarria da

0

LAB, ESK eta ELA sindikatuok, Larrialdiak-Eulen UTEak kudeatzen duen Bizkaiko Larrialdi Osasun Garraio Sarearen (RTSU) zerbitzuaren egoera tamalgarria salatzen dugu.

Pasaden irailaren 1etik, Larrialdiak (lehen sozietate kooperatiba zena, eta orain S.L.a bihurtua) eta Eulen enpresak Bizkaiko Larrialdi Osasun Garraio Sarearen (RTSU erderaturik) ardura lortu zutenetik, sektore honek bizi duen prekarietatea era tamalgarrian areagotu da. Enpresaren gerentziak ez ditu pliegoen baldintzak betetzen.

Hori dela eta, langileak ezin dute gehiago jasan egoera. Lan segurtasunarekiko beharrezkoak diren konponketak egiten ez direlarik, deskantsurako legediak exijitzen dituen lantokiaren gutxiengo baldintzak ez dira bermatzen. Lan baldintzen duintasun gabezia salatzen dute sarean diarduten langileak.

Bajen plangintza eskasa, langileen ordezkarien ordu sindikalen kudeaketa tamalgarria eta batipat, oporraldien antolakuntzaren gabeziak, zerbitzua erabateko kaos batetara eraman du. Bizkaitar guztiontzat, eta diru publikoz mantendua den ezinbesteko osasun zerbitzu baten larrialdi egoera salatzen dute sindikatuek; Osasun Sailaren erantzukizun utzikeria leporatuz.

Egun gehienetan, lanaldia bukatu beharreko txanda (12 orduko lanaldiaren ostean) erreleborik ez duela aurkitzen da, eta zerbitzu nahitaezkoa izanik, lanpostuan mantentzera derrigortua aurkitzen da, hitzarmen kolektiboak espreski debekaturiko aparteko orduak egitera derrigortuz, enpresak ordezkoren bat bidali arte. Errelebo askok, 36 orduko lanaldiaren ostean egin izan dira.

Larrialdiak-Eulen UTEak bideratutako beste pirateria enpresarial adibide bat Bakioko basean aurki genezake. Bakioko udalerriak uztailean, abuztuan eta irailean “oinarrizko bizi euskarri” (soporte vital básico) anbulantzia bat du. Hilabete horietarako, 12 orduko lanaldiak egiteko langileak kontratatu beharrean, enpresak Bilboko Errekalde eta Zorrozako lankideak (lehen ISCAN enpresaren kudeaketaren ardurapean) xantaiatu ditu, beraien egun libreetan, eta Bizkaiko hitzarmenaren lan baldintzak aplikatzearen trukean Bakioko txandak egiteko. Lankide hauek nahikoak ez izanik Bakioko txandak betetzeko, beste lankideei eskaini zaie hitzarmenak debekaturiko aparteko orduak sartzera. Gaur egunerarte, Larrialdiak-Eulen enpresak hiru hitzarmen ezberdin aplikatzen ditu lan berdinak egitearren, batetik bestera 400 eta 700 €tako diferentziak direlarik.

Oporraldietarako kontrataturiko langile bakanak praktikako kontratupean hartu ditu enpresak, hitzarmenak jasotzen duen soldataren % 60a ordaintzen dietelarik, lanaldi esklabotzaren ordainetan. Ez dute koadrante finkorik, edozein momentutan jaso dezaketen deien zain direlarik txandaldiak betetzeko. Egoera horretan, badira praktiketako lankideak 30 egunetan 2 egun besterik atzeden hartu dituztenak.

Sindikatuek, herritarrei eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, zer nolako zerbitzua eman daiteken galdetu nahiko lieke, esplotazio lan baldintzetan, soldatak garaiz kobratzen ez direlarik , funtzionamendu egoki eta lan segurtasunarekiko beharrezkoak diren baldintzak bermatzen ez diren egoeran.

Ba al du Darpon Jaunak estresaren ondorioz bajen, “burn out” sindromearen, lepoko eta bizkarreko lesioen kopuruen berri ? (errekurtso askotan, lateral mailak ez du funtzionatzen, gaixoa pultsuan jaso beharrean aurkituaz, horrek dakarren lepoko eta bizkarreko arazoekin).
Ba al dakite herritarrek noren esku utzia den guztion osasunean ezinbesteko garrantzia duen zerbitzua ?.

Instituzioei zerbitzu honek eskatzen dituen ezinbesteko kalitate parametruak berma ditzala exijitzen diegu. Bildu dadila salaketa hau bideratzen duten sindikatuekin egoera tamalgarri honi irtenbidea bilatze aldera.

Gure ustetan, interbindea oso erraza da: UVI mobilak bezalaxe (16 urte eskas funtzionamenduan darabiltenak) RTSU zerbitzupean gabiltzanok, administrazioaren menpean izan gaitezela exijitzen dugu. Enpresa publiko bat izan dedila kudeaketaren arduradun, azken 3 urteetan pairatutako egoera tamalgarri honi bukaera emateko.

 

 

 

LABek bere elkartasuna adierazten die Herrialde Katalanetako haragi industriako langileei

0


LABek Vic-en Herrialde Katalanetan haragi industriako langileen aldeko mobilizazioan parte hartu du, langile hauek Martxotik gaur egun ukatuak zaizkien eskubideen alde borrokan dihardute eta.

Gatazkaren hasiera Vic-eko Esfosa enpresako langileek Martxoaren 28 eta 29an egindako greban kokatu behar da. Langileak lan hitzarmenaren sistematikoki betetzen ez zutela ikustean grebari ekin zioten. Greba horretan enpresarietako bat piketeetan zegoen langile etorkin batengana hurbildu eta honako irain arrazistak egin zizkion: “Afrikara bidaliko dizut goseak hil zaitezen”, “lau tiro emango dizkizuet”… Grebaren ondoren enpresak lantegi batzordeko (COS-eko 7 kide UGTeko kide bat eta CCOO-eko kide batek osatuta) kide batzuk 6 hilabete lan eta soldatarik gabe zigortu zituen. Gaur egun Esfosako langileak Erregulazio Espediente batean daude bete vetean, borrokan dauden langileekiko mehatxu garbi batean. Gertakizun hauen ondoren Càrnies en lluita plataforma sortu zen COS, CGT, UCFR ( Unitat contra el Feixisme i el Racisme) eta norbanakoek osatuta. Plataforma honek haragi industriako langileei informazio laborala dohan eskaintzen dio, borrokan dauden langileentzat erresistentzi kutxa bat sortu du eta dirua biltzeko material ezberdina atera du.

LABetik gure babes osoa eskaini nahi diogu COSeko langileei eta orokorrean beraien lan eskubideen defentsan borrokan dauden haragi industriako langile guztiei ere.
Grebalarien eskubideen aurkako eraso guztiak Euskal Herrian salatu ditugun bezala, langile klasean beste lurraldeetan jasaten dituen eraso guztiak ere salatu nahi ditugu, eta kasu honetan partikularki Kataluniako haragi industriako langile guztiei. Haragi industriako mafia bukatu behar da, eta txantai eta arrazismo jarrera guzti hauek ere bukatu behar dira.. Onartezina da praktika arrazista hauek lan munduan eta jendartean orokorrean gaur egun oraindik mantentzea eta desager daitezen neurriak hartu beharko dira.
Bukatzeko berriro ere Euskal Herritik borrokan dauden Esfosako langileei eta Càrnies en lluitako plataformako kideei gure elkartasun guztia bidali nahi diegu, kalean borrokatzen ari diren langileen eskubideak noizpait errealitate bihur daitezen.

Elkartasun besarkada bat

 

 

LAB Copenhaguen izan da pentsiodun eta erretirodunen Nazioarteko Sindikatuen Batasunak antolatu duen europar konferentzian

0


LABeko Helduak eta Pentsiodunen arloko ordezkaritza batek Nazioarteko Sindikatuen Batasunak Danimarkako Copenhaguen hirian antolatu duen Europar Konferentzian parte hartu du. LABen ordezkaritza Joseba Gonzalez eta Fernando Iriartek osatu dute. 

Nazioarteko konferentzia honen xedea tokian tokiko esperientzien elkartrukatzeaz gain, Europar kontinentean duintasunez bizi irauteko pentsio publikoa kontinenteko bazter guztietan errealitatea izan dadila aldarrikatzea da, non osasun sistema eta sendagaiak doakoak izango diren eta gizarte segurantza publikoa izango den.

LABeko ordezkaritzak EHan Heldu eta Pentsionistek bizi duten egoera azaldu du. EHko populazioaren %25 a heldua eta pentsioduna da dagoeneko. Hala ere, sektore ezegonkorra da, Heldu eta pentsionisten %54 (emakumezkoak gehienak) Europako karta sozialak gomendatutako gutxieneko pentsioak baino baxuagoak jasotzen ditu, hutsalak.

Premiazko egoera honetan, Europak zehaztutako pentsio minimo erreferenteak aintzat hartuta (herri bakoitzeko batezbesteko soldataren %60a), pentsio baxuenen osagarritasunaren alde borrokan ari gara. Gurean, gutxieneko pentsio hori, 1080 €-koa beharko luke.

LABen borrokak badu helburu ere, Euskal Herrian Gizarte Segurantza eta Babes Sistema propioa izatea, euskal erakundeen eskumen guztiekin: pentsioak, mendekotasunari arreta, osasungintza… Ardatz ditugu baita ere: gizon eta emakumeen arteko berdintasun eskubideen aldarrikapena; erabilerraztasuna; osasun-arreta osoa, publikoa eta doakoa…

Ez dira faltatu LABeko Idazkari nagusi izandako Rafa Diez Usabiagaren askatasuna aldarria eta Pentsiodun eta Erretirodunen Nazioarteko Sindikatuen Batasuna antolaketa lanetan ibili zen Igor Urrutikoetxea omeneko hitzak.

 

 LABeko Helduen eta Pentsiodunen arloko delegaritzaren agurra
[EUS] [ES] [FR] [EN] [DE]

 

 

Gure pentsioak lapurtzen ari zaizkigun horiek seinalatu eta salatu behar ditugu

Pentsioen kutxari eginiko lapurreta salatzen du LABek eta horrekin batera, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeari uko egiten jarraitzen dutela ere bai. Rajoiren Gobernuak Pentsio Publikoen “kutxa” gisa ezagutzen dugunari astinaldia eman dio berriro. Azken urteetan Funtsak 42.608 milioiko lapurreta jasan du, eta hala, 2011tik 2016ª bitarte, 66.815 milioi izatetik 24.207 milioi izatera pasatu da. 

Urteetan langileek lortutako aurrezkiak xahutzen dituzten bitartean, Gizarte Segurantzako kontuetan diru-sarrera berririk ez dute egiten, besteak beste, prekarietatearen erruz, soldata baxuak direla medio edota soldatarik handienak dituztenek osotasunean kotizatzen ez dituztelako, diru-kutxa publikora bideratu beharko litzatekeen zati garrantzitsu bat euren poltsikuetan gorde eta pentsio-funts pribatuetara bideratuz. Halaber, enpresariek ere, jasotzen dituzten “diru-laguntzak” tarteko, ez dute diru-kutxa publikora bideratu beharko luketen kopurua guztia bideratzen.

Horri guztiari gehitu behar diogu EAEn, PNV-PP-PSOE alderdien jarrera, 1.080 euroko gutxieneko Pentsio Duina ezartzearen kontrako jarrera adierazi dutelako Legebiltzarrean, Pentsiodunen Plataformek egindako eskariari muzin eginez. Gauzak horrela, pentsionista askok bazterketa eta pobrezia egoeran jarraitzea sustatzen ari dira, kasurik gehienetan kopuru horren azpitik kobratzen ari baitira. Gogoratu, gainera, Europako Gutun Sozialaren arabera, ezarritako kopuruak balio izan behar duela pertsona guztientzat etorkizun duina bermatzeko.

Bada garaia Euskal Herrian Babes eta Gizarte Segurantza Sistema Propio bat erdiesteko, pertsona guztientzat pentsio publiko duinak bermatuko dituena. Bada ordua herri-sektore honi, pentsiodunei alegia, ezarri izan zaizkien murrizketa-politikekin amaitzeko. Pentsiodunek urteetan lan egin eta kotizatu dute, baina orain, zigorrak, murrizketak eta osasun sisteman berrordainketa inposatzen ari zaizkie, zer eta euren gaixotasunak behar bezala artatzeko.

Gure pentsioak lapurtzen ari zaizkigun horiek seinalatu eta salatu behar ditugu, PNVk egiten duen moduan, egungo egoeraren alternatiba gisa pentsioen pribatizazioa sustatzen ari diren horiek guztiak. Euskal Herrian pertsona guztiek Gutxieneko Pentsioa izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, beren azken urteak baldintza duinetan emateko aukera izan dezaten. Horregatik, berriro diogu, sisteman propioa aldarrikatzen dugu, Madrilekiko eta handik datozen murrizketekiko menpekotasunik gabea. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea eskatzen dugu.

 

 

 

Cabieces-Kutxabank kasuan delitu egin zutenek ez ezik, delitu horiek sustatu zituztenek ere ordaindu behar dute


Cabieces-Kutxabank kasuan akusazio partikularra osatzen dugun eragileok (LAB, ESK, STEEILAS, HIRU, EHNE-Bizkaia, EKA/OCUV, PENSIONISTAK MARTXANek) agerraldia eskaini dugu gaur Bilbon Mario Fernandez Pelaz, Miguel Angel Cabieces Garcia eta Rafael Alcorta Callejari leporatzen dizkiegun delituen harira, ahozko epaiketari ekiteko eskatu dugula adierazteko eta epaitegian aurkeztu dugun kalifikazioaren berri emateko.

Lehenengo eta behin, azpimarratu nahi dugu delitu hauek eta Euskal Kutxak Kutxabanki banka negozioa transferitu izana aldi berean gertatu zirela. Izan ere, Euskal Kutxak likidatzea eta pribatizatzea da, hain zuzen, nahasturik dauden pertsona hauek delituok justifikatzeko erabiltzen ari diren argudioa.

Egia da Mario Fernandez, Rafael Alcorta eta Miguel Angel Cabieces jaunak egile materialak direla, baina, honekin ere, Euskal Kutxen likidazioa burutu duten alderdiek –PNVk,PPk, PSEk- ardura politiko ezin nabarmenagoa daukate, borondateak erosi eta mesede tratuetan nahasirik daude eta.

Horregatik, lehenik eta behin zera exijitzen dugu, erabaki politikoa hartu eta adostu zutenek euren erantzukizunak bere egin ditzaten, Mario Fernandez, Rafael Alcorta eta Miguel Angel Cabiecesi leporatzen zaizkien delituak betetzeko ezinbestekoak izan direla aitor dezaten eta ondorioak euren gain har ditzaten. Ezin da gardetasunaz berba egin eta, aldi berean, salatzen ditugun jokabideetan ibili, ezta eremu politiko-instituzional eta enpresa eremuaren arteko ate biribilkariak erabiltzen jarraitu ere.

Gure asmoa ez da gertakarien deskribapen sakona egitea, hala ere, bereziki esanguratsuak diren bi gai azpimarratu nahi genituzke:
Cabieces jaunaren merezimendu bakarra gobernuaren ordezkaria izatea izanda, 2008ko martxoaren amaiera eta 2014ko urria bitartean 243.492,02 euro jaso zituen, horren ordainez inolako lanik egin gabe.
Rafael Alcorta jaunaren bulegoak kontratatu zuen 5.783 eurotako iguala areagotzea amarru kontablea izan zen Cabieces jaunari iruzurrezko ordainketak ezkutatzeko.

Erabaki operatiboa Mario Fernandez jaunak aldebakarrez eta Kutxabankeko gobernu organoen inolako kontrolik gabe erabaki zuen.

Adierazitako gertakariak honakotzat har daitezke:

• Zigor kodearen 295. artikuluan jasotzen den administrazio desleialen delitutzat.
• Zigor kodearen 250.1 eta 5; 252 eta 74. artikuluetan jasotzen den etengabeko bidegabeko jabetze delitutzat.
• Zigor kodearen 27 eta 28. artikuluetan jasotzen den agiri-faltsutze delitutzat.

Hori dela eta, akusatuei honako hau ezartzeari zilegi deritzogu:

– Mario Fernandez Pelaz jaunari 2 urte eta 3 hilabeteko kartzela-zigorra, denbora tarte berean kargu politiko berezi moduan zein elkarte merkantiletako administrari edo kontsilukide moduan aritzeko inhabilitazioa; eta 9 hilabetez eguneko 100 euroko isuna

– Miguel Angel Cabieces jaunari 3urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra, denbora tarte honetan kargu politiko moduan eta abokatu moduan aritzeko inhabilitazioa, eta 12 hilabetez eguneko 100 euroko isuna.

– Rafael Alcorta jaunari 3 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra, denbora tarte honetan sufragio unibertsalaz hautatutako kargu politiko moduan eta abokatu moduan aritzeko inhabilitazioa, 12 hilabetez eguneko 100 euroko isuna.

Honez gain,akusatu guztiak prozesuko kostuak ordaintzera ere kondenatzea, herri akusazio honek eragindako kostuak barne.
Azkenik, ondoko froga hau gauzatu dadila eskatzen dugu:

Akusatuen aitortza

Herri akusazio honek orain arte egindako lanari ontzat deritzo eta uste dugu honelako jokabideak, politika eta enpresa eremuen artean lar ohikoak direnak, ezin direla zigor barik gelditu. Arduradun politikoak dira jokabide hauek sustatzen eta babesten dituztenak eta horrexegatik arduradun hauek eremu politikotik eta denonak diren instituzioetatik at bota behar direla uste dugu.

Amaitzeko, PNVk, PPk eta PSEk Euskal Kutxak likidatzeko eta, horrela, kapital pribatua eta espekulatzaileak saritzeko, burutu duten prozedura osoa salatu nahi dugu. Euskal Herrian finantza sektore publiko sendoa behar dugu eta likidazio zein pribatizazio prozesu hauek mota guztietako iruzurrak zein mesede tratuak egiteko eta borondateak erosteko ezinbesteko funtsa dira. Berriro ere, honelako jokabideak ezin dira zigor barik gelditu.

Gure esku dagoen neurrian, salaketetan jarraituko dugu Kutxabanken moduko gertaerak berriro erepika ez daitezen.

LAB, ESK, STEEILAS, HIRU, EHNE-Bizkaia, EKA/OCUV, PENSIONISTAK MARTXAN

 

 

 

LABek Jurramendiko Mankomunitatearen SMSA Enpresa Publikoaren Hitzarmen Kolektiboa gaitzesten du

Azken egunetan, Jurramendiko Mankomunitatearen SMSA enpresa publikoaren hitzarmen berriaren negoziazioa itxi egin da. Mankomunitate honen lehendakaritza LOIUko Marivi Sevilla Marzok dauka EHBildu, Geroa Bai, Ahora-Orain eta independente batzuen sostenguarekin.

LAB sindikatuarentzat hitzarmenaren edukiak ez du barnebiltzen plataformak jasotzen zituen aldarrikapen bat bera ere. Aldarrikapen gehienak izaera sozialekoak ziren eta Langileen Batzordeko sindikatu guztiek aurkeztuak ziren (CCOO 3, LAB 2, UGT 2, ELA 2). Gainera, ez da galdutako ezer berreskuratzen eta UPN-PSNren eskutik etorritako urteetako murrizpenak deuseztatzetik urrun Mankomunitateko arduradunek erabaki dute eskuinak hartu zuen bidetik segitzea, lanaldia handituz 10 orduz urtean, non eta ordu gehien lan egiten den Mankomunitatean. Segitzen dute ordainsari eskala bikoitza mantentzen eta ez da aintzat hartzen Madriletik inposaturiko lan erreforma deuseztatzeko neurririk.

Hitzarmena ELA eta CCOO sindikatuek eta UGTko ordezkari batek sinatu dute. LABek salatu nahi du sindikatu hauen jarrera, zeinak bermatzen baitu aurrerapausorik gabeko eta lan baldintzetan atzerapauso argia dakarren hitzarmena, eskuinak hasitako murrizpenen ildoan.

LABen ustez, indar korrelazio berriarekin aurreikusten zen eta gogo biziz espero zen aldaketa ez zaie ailegatu Jurramendiko Mankomunitateko langileei. Arduradun politikoek argi izan behar dute aldaketak eskubideen berreskurapena eta lan baldintzen hobekuntza ere ekarri behar dituela. Bestela, frustrazio eta ezinegona handitzen joanen dira langileen artean. LABek segituko dut langileen eskubideak defendatzen beti egin dugun modu berean eta Mankomunitatea gobernatzen duena gobernatzen duelarik.

Aurten aukera handia galdu dugu Jurramendiko Mankomunitatearen egoera lehengoratzeko, orain bakarrik espero eta desiratzen dugu hurrengo urtean negoziazioari ekitea guztiz ezberdinak diren parametroetatik.

 

 

Montajes Metálicos Jaureguin bideratutako aldi baterako enplegu-erregulazioari ezetza eman dio epai batek

0

LAB eta ELA sindikatuok Gasteizeko epaitegi batek, uztailaren 11an, eman zuen epai bati buruzko iritzia ezagutarazi nahi dugu, non Amurrioko Tubos Reunidos enpresan lan egiten duten 33 langileren kontratuak etetea BIDEGABETZAT jotzen duen.

Lan Erreforma onartu zenetik enpresei erabateko gaitasuna eman zaie haien erabakiak ezar daitezen. Horren adierazgarri, edozein argudio eta EREak erabili ohi dira langileen baldintzak ahalik eta gehien kaskartzeko. Enpresek aipatu baliabideak erabiltzen ditu, enpresa jasaten ari den egoera zaila gainditzeko baino, langileen erabateko malgutasuna lortzeko eta mozkinak ahalik eta handienak izan daitezen. Hori guztia euren erabakiz egiten dute, langileen ordezkaritzarekin inolako itunik lortu behar izan gabe. Horixe izan da, hain zuzen, Montajes Metálicos Jaureguin gertatu dena. Aldi Baterako Enplegu-espedientea 33 langileri eta lanaldiaren %100ari ezartzeko helburuan, lan-zama egonkor dagoela, kontratazio berriak egiten ari dira eta asteburutan lan egiten da.

Jaureguin ezarri Aldi Baterako Enplegu-espedientea zuritu nahi zuten Tubos Reunidos de Amurriok lanaldiaren %48rako aurkeztutakoarekin (bigarren horri ere auzia jarri zaio eta ebazpen judizialaren zain dago). Enpresa handi horren egoera azpikontratarenaren ber-bera da, hots, ia erabili ez den espedientea aurkeztu da, aparteko orduak egin dira eta kontratazioak lotu dira. Abuztuan, oporrengatik ixten bada ere, aurten lan egiteko boluntarioak eskatu dira. Egoerak ia berdin-berdinak izanik, ebazpenak ber-bera izan beharko luke ere. Hala ere, susmoa dugu enpresa honen botereak eta eraginak langileen arrazoia eta eskubidea baino eragin handiagoa izango dutela.

Litekeena da Montajes Jauregui enpresaren nagusikeria beste lantokietan egin dituzten antzeko negoziazioetan oinarritzea. Beren buruak “negoziatzailetzat” dituzten sindikatu horiek onartzen dute enpresek honelako eta bestelako erabateko malgutasun moduak, txarrean onena bezala adieraziz.

Amaitzeko, LAB. eta ELA. sindikatuok ez deritzagu frogatutzat eta ez genuke ulertuko, sententzia irmoa eta zorrotza izanik, Montajes Metálicos Jauregui enpresak errekurrituko balu, ez eta Aldi Baterako Enplegu-espediente berria aurkezteko aukera adieraziko balu ere. Hortaz, espero dugu zuhurtasuna nagusituz enpresaren langileen egoerak, lanaren ohikotasunak bere horretan iraun dezala, eta ez dadila hura aldatzeko asmorik izan.

 

 

 

Soldata-eskala bikoitzari ez Laudioko Gometegui lantegian

0

LABetik Laudioko Talleres Gometegui enpresaren zuzendaritzak, lehiakortasun eza argudiatuz, inkorporazio berrietan ezarri nahi duen soldata-eskala bikoitza salatu nahi dugu. Gure ustez, gaur egun enpresak bizi duen egoera kudeaketa negargarri eta inbertsio eta antolamendu ezaren ondorioa da. Duela bi urte mehatxuka, gezurretan, iruzurretan eta kaleratzeekin hasi zen enpresa eta LAB honen guztiaren aurka borrokatu da eta erantzuten saiatu da.

Hala izanik ere enpresaren jarrera, LABetik proposamen alternatibo bat aurkeztu dugu; bi urtetan tenporalki soldata murriztean oinarritzen dena (2018ko urtarrilaren bataz geroztik berreskuratu eta eguneratuko litzatekeena), modu honetan aukera emanez enplegua bermatzeko, enpresak inbertsio eta antolakuntzari loturiko konpromisoak hartzeko eta behin-behinekotasuna eta kontratazioa kontrolatu eta arautzeko.

Hala ere, enpresak ez du gogoan hartu gure proposamena eta soldata-eskala bikoitza ezartzeari eusten dio temati, kontuan hartuz, horrek, kontratazio berriei, egungo soldatekin alderatuta, %20a baino handiagoa den murrizketa dakarkiela.

LAB ez da jarduera horren ez erantzule ez eta partaide izango; espero dezagun gainontzeko enpresa batzordekideak ez izatea ere.