2025-12-23
Blog Page 1056

Bizkaiko Hirugarren Adineko zentroetan patronalak prekarietatearen alde egiten du


Bizkaiko Hirugarren Adineko zentroetako lan baldintzak eta, era berean, egoitza hauetako erabiltzaileen baldintzak hobetzeko eseri ginen mahai honetan. Patronalak langileen eskaerei muzin eginez proposamen onargaitza aukeztu du. Jarrera honen aurrean negoziazio manahitik altxatzea erabaki dugu. Otsailaren 19an Bizkaiko egoitzetako delegatu eta afiliatuen batzar orokorra deitu dugu eta bertan, hemendik aurrera begirako plangintza eta mobilizazioak zehazteko.

Urte honetan zehar Bizkaiko Hirugarren Adineko Zentruetako Hitzarmenaren negoziaketan gaude.

Jakina den bezala, egoitza hauetan lan egiten duten langileak, 5.000, lan baldintza oso gogorretan ari dira lanean. Ordu asko (1698 ordu urtean), lan karga fisiko eta emozional izugarria, pertsonal gutxi lanean, presioa, ordutegi oso ezegonkorrak… Zaintza lanez ari gara gainera eta honek sektore oso feminizatua izatea dakar eta, honek, PREKARIETATEA esan nahi du zoritxarrez.

Hau dena esanda, negoziazio mahaian, sektore honen lan baldintzak eta, era berean, egoitza hauetako erabiltzaileen baldintzak hobetzeko eseriko ginela uste bagenuen ere, patronalak proposamen onargaitza jarri du mahai gainean, langileen eskaerei muzin eginez. Lanaldiak gora, lanaren egonkortasuna %80ra jeitsi, ditugun lansariak ere murriztu, eskubide sindikaletan murrizketak….

Guzti honek, mahaian parte hartzen duten langileak zur eta lur utzi zituen, eta haien erabateko ezetza adierazi zuten mahaian bertan.

Hau ikusita, patronalak ez du beste proposamenik egiteko asmorik izan, baina langileok baditugu gure eskubideak eta hauek defendatzeko prest gaude!

Honez gain, Aldundiak, zerbitzu hauen arduraduna, beste alde batetara begiratzen du zerbitzua kalitatezkoa eta baldintza duinak izan daitezen neurririk ez hartzen.

Benetan negoziatzeko asmoa ez dagoen bitartean, beraz, LAB mahaitik altxatu da eta gurea dena eta etorkizunerako utzi nahi duguna borrokatzeko behar den guztia egingo dugu. Horretarako, Otsailaren 19an Bizkaiko egoitzetako delegatu eta afiliatuen batzar orokorra deitu dugu eta horretan, hemendik aurrera begirako plangintza eta mobilizazioak zehaztuko ditugu GESCA, LARES eta ELBE patronalei eta Bizkaiko Aldundiari benetako negoziazio bat exijitzeko.
 

 

 

Pentsio duinen aldeko sinadura bilketa martxan da


Eskubide Sozialen Aldeko Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak hilean 1.080 euroko gutxieneko pentsioak eta EAEn Pentsio, Babes Soziala eta Dependentzia kudeatuko dituen Erakunde Publiko propioa sor dadin eskatzeko sinadura bilketa aurkeztu zuten atzo. Pentsionisten egoera asko okertu da eman diren murrizketak medio, egunetik egurera eros ahalmena galtzen ari dira. Ekimen honekin Europako Kartak aholkatzen duen moduan, Gasteizko Parlamentuan dauden ordezkariei eta Eusko Jaurlaritzari pentsio duinen alde, Aurrekontuen baitan beharrezko diren osagarriak onar ditzatela eskatzen zaie.

Eskubide Sozialen Aldeko Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak – OHARRA
PENTSIO DUINAK: 1080€ HILEKO. PENTSIOAK ETA BABES SOZIALA BERMATZEKO KUDEAKETA HURBILA

Hego Euskal Herriko 300.000 pentsionista erdiak ia hilean 600€tara ez dira heltzen eta bien bitartean Banku eta multinaziolak irabazi erraldoiak egiten ari dira. argi dago aberastasuna ez dagoela zuzen banatuak eta bidegabekeria honi amaiera eman behar zaiola, oarain arte gure politikoak albora begira badaude ere. Pentsio duin bat bermatu beharra dago inor oinarrizko premiak ase gabe gera ez dadin: aterpea, beroa, elikadura…

Zure sinadura eskatzen dugu Gasteizko Parlamentuan dauden gure ordezkariei eta Eusko Jaurlaritzari eskatzeko onar dezatela Aurrekontu Publikoen baitan pentsioak hilean 1.080€tara arte hel daitezen behar den osagarri, kopuru hori aholkatzen baitu Europako Karta Sozialak.

Gure ustez ere kppuru hori da pentsionistek gurean duintasunez bizitzeko behar dutena: oinarrizko premiak, elikadura, etxebizitza, argindarrra…

Halaber, gure pentsioen kontuan gardentasuna nahi dugu eta kudeaketa hurbila. Eta horretarako Babes Sistema eta Gizarte Segurantza propioak nahi ditugu. Azken aldian etengabeko aldaketak medio pentsionisten egoera asko okertu da alargunen eta umezurtzen ahulezia, 2011z gero gure pentsioak izoztuta edo %0,25 bakarrik igota gero eta eros ahalmen eskasagoaz.

Horregatik, sina ezazu pentsio duinak eskatzeko, geroa bermatze aldera Sistema propio baten alde.

 

 

Altzairuaren multinazionalak ez dira biktimak, errudunak baizik

0

Gaur, hilak 15, oso izaera desberdineko bi mobilizazio egin dira altzairugintza sektorearen krisiaren harira. Bata Bruselan sektoreko multinazional guztiek deituta, Europako Batzordeari Txinako altzairu merkearen aurrean neurriak harzteko eskatzeko. Bestea, Bilbon, ACBko langileek eta azpikontratek deituta, Iberdrolako dorrearen parean tarifa elektrikoaren gehiegikeria salatzeko eta lanpostuen defentsa egiteko.

Lehenak instituzio ugariren eta sindikatu batzuren babesa jaso du. ACBko langile eta azpikontraten mobilizazioak, ez du instituzioen babesik jaso, bakarrik utzi dituzte.

Honen aurrean, LABek ondorengoa ondorioztatzen du:

1.- LAB ez da pankarta beraren atzean jarriko enpresak isten dituztenekin edo enpresak ixtearekin mehatxatzen dutenekin. Ez gaitzatela engainatu, ArcelorMittal ez da biktima, Sestaoko ACBren egoeraren erantzulea baino.

ACB aldi baterako istea altzairu txinatar merkearen errua izango balitz, zergatik eraman dute produkzioa Asturiasera? Ez al dute Asturiasen Txinako altzairuaren prezioaren arazoa jasaten? Gezur gehiagorik ez. Arcelor Mittalekin pankarta konpartitzea, Sestaoko ACBren itxiera justifikatzea da.

2.- Bruselas baino gertuago dago Bilbo. Zergatik ez da Tapia anderea Iberdrolaren parean jartzen enpresa nahiz familientzat horren kaltegarria den argindarraren prezioa salatzeko? Hipokresia gehiago ez mesedez.

3.- Gaur Txinako altzairuaren prezioaren kontra jarduten dutenek, Txinan altzairutegiak izateaz gain, beraiek praktikatzen dute dumpinga, enpresak lekualdatzen dituztenean, lan karga irabazi gehiago lortzeko beste lantokietara eramaten dutenean, edota bertak lan hitzarmenak betetzen ez dituztenean.

Horregatik, LABeko kideok ez gara multinazioalen ondoan pankartan egon, eta bai aldiz, ACBko langile zein azpikontratekin. Hau baita bide bakarra ACB eta Euskal Herriko gainontzeko altzairutegiak salbatzeko bidea, borroka eta mobilizazioa. Ez zaitzatela engaina!
 

 

 

Hezkuntza Saila, itsua, gorra, mutua eta enpresekiko kolaboratzailea da

Katering enpresa eta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren arteko eskandalua ateratzea denbora kontua baino ez zen. Izan ere, LABek hainbatetan eta bide ezberdinez salatu izan du egoera hau. Eusko Jaurlaritzako langilegoak sarri atera du argitara, enpresek menuetan jangaien kantitate eta kalitatea eskas ematen zutela. Enpresa hauetako langileek ere askotan salatu dute Eusko Jaurlaritzak egindako kontratazioetatik zenbateko etekin ekonomikoa ateratzen zuten enpresek.

Gure salaketa guztiek ordea, ez dute deusetarako balio izan, Hezkuntza Sailak gure salaketa guztien aurrean nahita entzungorrarena egin du.

Etekin ekonomikoei dagokienez, jada erakutsitakoaz gain ezer gutxi berri gehitu dezakegu guk. Baina komeni da gogoratzea kontratazio orotan nahitanahiez bete behar diren baldintza plegu administratibo eta teknikoak daudela, Eusko Jaurlaritzak idatzi eta adosten dituenak. Bete beharreko baldintzak gainera ez dira gutxi, eta bere burua garden eta arduratsutzat duen edozein Administraziok, baditu, izan behar ditu edo izan beharko lituzke baldintzok betearazteko eta kontrolatzeko beharrezko mekanismoak.

Beraz, LABetik zera diogu, kasu honetan baldintzak betetzen zirela kontrolatu ez bada, Hezkuntza Sailak nahi izan ez duelako izan da, eta beraz, Hezkuntza Saila da trama guzti honen azken erantzulea.

Horregatik diogu Cristina Uriarte ezin dela azaldu auzi honetan ardurarik izango ez balu bezala. Argi dugu, eta horrela salatzen dugu, hiru gobernu izan direla honen arduradun zuzenak, Ibarretxerena, Patxi Lopezena eta orain Urkullurena, baina orain Cristina Uriarte da azken arduraduna, eta hala seinalatzen dugu.

Hezkuntza Sailburuak ezin du, beste barik, enpresek eta berak zuzentzen duen Sailak egindako iruzur honek familiengan eraginik izan ez duela esan. Hori ez da horrela, familiak ez behin, baizik eta bigarrenez pairatu dituzte egoera honen ondorioak. Alde batetik, urterik urtera izandako kuoten igoeragatik, eta bestetik, gainerako herritarron modura, zerbitzu hau hornitzeko Ogasun publikoaren zergadun bezala.

Afera guzti honetan bada beste kolektibo kaltetu bat, jantokietako langileen kolektiboa hain zuzen ere. Kolektibo honek hiru urte jarraian egin zituen bere lan baldintzak negoziatzen, 40 egunetik gorako grebak egin behar izan zituzten, gatazka honetan zehar enpresek langileen eskakizunak arrazoi ekonomikoengatik asumiezinak zirela esaten zuten behin eta berriz. Enpresek ordea, diru etekin handiak ateratzen zituzten kontratazioetatik, izan ere Hezkuntza Sailak, orduko ordaindutako 25 euroetatik langileek 12 euro besterik ez baizuten jasotzen. (Gogoratu enpresa hauen dedikazioa menuak egitea dela, eta ez kontratazioa). Auzi honen biktimak langileak, eskola umeak, eta familiak izan dira.

Hortaz, Uriarte Sailburua erantzule nagusitzat seinalatzen dugu eta bere dimisioa eskatu besterik ez zaigu geratzen. Hezkuntza Saila izan da, bere ekimenez edo bere hutsegitez, ustelkeria kasu honetann beharrezko kolaboratzailea, eta 7 milio euro kendu izanaren biktimak, eskola umeak, gursasoak, langileak eta herritarrak izan dira.

2000 urtean erabaki zen eta egundo behin ere eguneratu ez den kudeaketa eredu hura zaharkitua geratu da, edo zaharkitua baino, garbi geratu da guztiz eredu okerra dela jantokietako elikadura bezalako gain sentiberetan. Jantokien kudeaketa orain 16 urtekoa da, familia eta langileen eskakizunei entzungor eginez inongo bilakaerarik gabe jarraitzen duelarik.

Gertatutakoaren harira Uriarte Sailburuak zerbitzuaren kalitatea bermatu egingo dela adierazi du, hau guztiz faltsua da. Izatez, dagoeneko kalitatearen galera nabarmena da, kexak eguneroko kontu bilakatu dira, eta orain hiru aste esleipenak aldatu zirenean areagotu dira. Inzidentzia pila dago zerbitzuaren kalitate eta lan baldintzen inguruan.

Kudeaketa modu honek ez du balio, eta kudeaketa gardena izango duen kalitatezko zerbitzua izan, eta lan baldintzak hobetu nahi baditugu bestelako eredu integral eta integratzailea eraiki behar dugula garbi dago.

LABek, jantokietako zein irakaskuntzako lehen indarra izanik, sare publikoko jantokietako funtzionamendu eta kudeaketa modua aztertzeko hiruko mahai bat osatzea proposatzen du, administrazioa, familiak eta langileen partehartzarekin (irakasleak zein jantokietakoak). Funtzionamendu berri bat adostu behar dugu, funtzionamendu berri bat lan baldintzak, zerbitzuaren kalitatea eta gardentasuna bermatuko dituena. Mahai hau ahalik azkarren osatu dadila exijitzen dugu ahal dela datorren ikasturteari begira abian jar dezagun.
 

 

 

Aiaraldeko euskalgintza kontseilua jaio da

40 erakundek —horien artean LAB sindikatuak—Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua sortu dute. Osatu berri den kontseilu honen helburu nagusia euskararen normalizazioaren alde elkarlanean aritzea izango da. Horretarako, ahalik eta eragile gehienen elkarlana sustatuko du kontseiluak. Erakunde berriaren xedea da Aiaraldeko euskararen normalizazioaren alde urratsak eman nahi dituzten eragile zein norbanakoen bilgune iraunkorra izatea, egiten den lanaren eraginkortasuna bilatzea, gogoetarako foroa osatzea, estrategiak diseinatzeko eta gauzatzen laguntze­ko euskarriak sortzea.

Eskualdeko hainbat esparrutako 40 entitatek osatu dute Euskararen normalizazioan elkarlanean aritzeko helburua duen Kontseilua

Pasa den ostiralean, otsailak 12, Laudioko kultur-etxean Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua sortu zen hamarnaka hezkuntza zentro, kultur eta kirol elkarte, euskararen normalizazioan ari diren erakunde eta entitate eta norbanakoen parte hartzearekin.

Duela bi urte, euskararen normalizazioan ari diren zenbait lagun bildu ziren Aiaraldea eskualdean (Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo) euskalgintza indartzeko eta sustatzeko helburuarekin. Bilera horietatik udalerriz-udalerri euskararen egoeraren azterketa egin eta bi ondorio nagusi agertu ziren: euskara-kirola eremua lehentasunezko lan-esparrua dela eta normalizazioaren bidean eragile ezberdinak elkarlanean aritzeko gune bat osatu beharra zegoela.

Bigarren helburu handi horren emaitza da orain sortu den Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua, euskararen normalizazioan parte hartzen duten eta parte hartu nahi duten hamaika eragileren elkarrekintza eta sinergiak bilatuko dituen gunea.

Eskualdeko Euskalgintza Kontseilua egitasmoa lantzen aritu izan gara hilabeteetan; lantaldeak, helburuak, osaera, baliabideak, metodologia zehazten… Proposamen zirriborro bat prestatu eta euskalgintzako beste pertsona batzuekin partekatu genuen azaroan Amurrion. Bertan hamaika elkarte, erakunde eta norbanako batu ginen, Kontseilua osatzeko urratsa emateko prest agertuta.

Jaio berri den Kontseiluaren helburuak dira, besteak beste, Aiaraldeko euskararen normalizazioaren alde urratsak eman nahi dituzten eragile zein norbanakoen bilgune iraunkorra izatea, egiten den lanaren eraginkortasuna bilatzea, gogoetarako foroa osatzea, estrategiak diseinatzeko eta gauzatzen laguntzeko euskarriak sortzea, erreferente izatea eta instituzioekiko eta entitate pribatuekiko interlokuzio aktiboa izatea.

Azken bizpahiru hilabeteko egitekoa izan da entitate (hezkuntza, ekonomia, instituzioak, aisialdia, kultura…) ezberdinen atxikimendua eta parte-hartzea bideratzearekin batera, Aiarako Kuadrilako presidentearekin eta udaletako alkateekin zein euskara teknikariekin bilerak egin eta egitasmoa aurkeztea, Kontseilu honi babesa eman eta elkarlanean aritzeko gonbitea egiteko. Instituzioek harrera ona egin diote proiektuari eta datozen hilabeteetan Kontseiluaren eta 10 instituzio horien arteko elkarlan-esparrua zehaztea da gure asmoa.

Ostiraleko batzar eratzailearen ondoren, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzean izango du hurrengo batzarra. Ordurako, lehen Kontseilu eratzailean izendatutako Talde Eragileak 2016ko plangintza eta aurrekontua landu, elkartea legeztatu, instituzioekiko hitzarmenak bideratu eta beste zenbait lan gauzatuko ditu.

Euskararen normalizazio lanean zeregin garrantzitsua izango den foroa sortu dugu behean sinatzen dugunok, baina nabarmendu nahi dugu Kontseiluak ateak zabal-zabalik dituela edozein erakundek edo pertsonak
bertan parte hartu dezan. Lehen harria jarri dugu, etorkizuna gure eskualdean euskaraz biziko den konbentzimendu osoz.

EUSKALGINTZAREN KONTSEILUKO KIDEAK

• OROZKOKO ERDU EUSKARA BATZORDEA (OROZKO)
• URDUÑAKO ESKOLA (URDUÑA)
• OKONDO ESKOLA (OKONDO)
• ARRANKUDIAGA ESKOLA (ARRANKUDIAGA)
• LAUDIO BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASTETXEKO HNP TALDEA (LAUDIO)
• URDUÑAKO AINTZINAKO ANDRA MARI IKASTETXEA (URDUÑA)
• VIRGEN NIÑA IKASTETXEA (AMURRIO)
• ERDU GUGAZ ARRANKUDIAGAKO ESKOLAKO GURASO ELKARTEA (ARRANKUDIAGA)
• AIARA DANTZA TALDEA (AMURRIO)
• LATIORRO ESKOLA (LAUDIO)
• LAUDIOKO UDAL LANBIDE HEZIKETA IKASTETXEA (LAUDIO)
• OROZKOKO ESKOLA (OROZKO)
• ETXAURREN IKASTOLA (AIARA)
• LAUDIOKO UDAL EUSKALTEGIKO LANGILEAK (LAUDIO)
• LA MILAGROSA IKASTETXEA (LAUDIO)
• AMURRIOKO PILOTA ELKARTEA (AMURRIO)
• GOIKOGANE MENDI TALDEA (LAUDIO)
• AIARAKO EUZKO GAZTEDI (EGI) (AIARA ESKUALDEA)
• LAUDIOKO GAZTE ASANBLADA (LAUDIO)
• AIARALDEKO ERNAI (AIARALDEA ESKUALDEA)
• AIARALDEKO BERTSO ESKOLA – AIEBE (AIARALDEA ESKUALDEA)
• AIARAKO LAB (AIARA ESKUALDEA)
• AIARAKO ELA (AIARA ESKUALDEA)
• STEE-EILAS AIARA (AIARA ESKUALDEA)
• NERBIOI ERRUGBY TALDEA (AIARALDEA ESKUALDEA)
• LUCAS REY ESKOLA (AMURRIO)
• BELAIKI EUSKARA ELKARTEA (BARANBIO)
• MENDIKO LAGUNAK MENDI TALDEA (AMURRIO)
• ZARAOBE INSTITUTUA (AMURRIO)
• ARTEKO GURE AMA ESKOLA (ARTZINIEGA)
• LAMUZA ESKOLA (LAUDIO)
• AIARAKO AEK (AIARA ESKUALDEA)
• AIARALDEKO BERBALAGUNAK (AIARALDEA ESKUALDEA)
• AIARALDEA KOMUNIKAZIO LEIHOA (AIARALDEA ESKUALDEA)
• ARESKETA IKASTOLA (AMURRIO)
• LAUDIO IKASTOLA (LAUDIO)
• BASALARRINA EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA (LAUDIO)
• ZABALEKO ESKOLA (AMURRIO)
• LAUDIOAR TXIRRINDULARI ELKARTEA (LAUDIO)
• AIARAKO HOGEITALAU ELKARTEA (AIARA)

 

 

 

Altzairugintza ez dago salgai

0


Gaur, ostirala, Hego Euskal Herriko altzairuaren sektoreko LABeko delegatuek kontzentrazioa egin dute Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Bertan, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak Euskal Herriko altzairuaren sektoreak bizi duen egoera larriaren aurrean neurriak hartzea exijitu dio Eusko Jaurlaritzari eta otsailaren 15ean Bruselan egingo den mobilizaziora “ez garela joango” jakinarazi du.

Lehenik eta behin, Etxaidek salatu du astelehenean altzairugintzaren egoera larriaren inguruan egindako bileran, Tapiak bere gestioa babestu zuela Euskal Herriko Altzairugintza babestu beharrean. “Argazki bat bilatu zuen eztabaida bultzatu ordez”. Era berean Etxaidek gogorarazi du “herri honetako eragile sozialak prest daudela eztabaidatu eta altzairugintzaren egoerari aurre egitea ahalbidetuko duten proposamenak egiteko, Jaurlaritzak eztabaida hau oztopotu egiten du.

Bestalde, arazo hau konpontzeko oinarrizko hainbat konturi heldu beharra dago. Hala nola, “lan erreforma bertan behera geratuko balitz ez litzateke hain merke izango enpresak itxi eta enplegua suntsitzea orain egiten den moduan”. Horrez gain esan beharra dago egiten diren politikek gertakari hauek ahalbidetzen dituztela. Hain zuzen ere “ezin dugu ahaztu duela bost urte Arcelorekin sinatu zen kontratuan egoera hau aurreikusten zela, baina ez zen kontrako neurririk hartu”. LABen ustez funtsezko den beste gai bati ere heldu behar zaio, hau da, energia politika.

Amaitzeko, astelehenean LAB ez dela Bruselan izango jakinarazi du Etxaidek. Hain zuzen ere LAB ez enpresak ixten dituzten enpresariekin eta itxiera horiek babesten gobernuen ondoan izango. “Egia da guztiak itsasontzi berdinean goazela, baina batzuek itsasontsi hori gidatu eta norabidea erabakitzen dute, beste batzu lehen klasean doaz eta itsasontzia ondoratu arren salbu egongo dira eta gu makinetan gaude eta itsansontziarekin murgilduko gara. Beraz ez da egia interes berdinak konpartitzen ditugunik”. Beraz LABek mobilizatzen jarraituko du Euskal Herrian altzairugintza defendatuko duen politikak egin daitezen.

 

 

 

Zalain Transformadoseko langileek mobilizatzen jarraituko dute

0

Lesakako Zalain Transformados enpresako langileek, otsailaren 11n, egun osoko lanuzteaz gain martxa bat egin dute lantegiko atetik atera eta Lesakako ArcelorMittal enpresa arte. Mobilizazio honen bidez enpresak eguberrietako bi aparteko soldaten %75a zor dietela salatu dute. Horrez gain mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute.

Gogoratu Zalain Transformados lantegia tubo sektoreko Condesa taldearen barruan kokaturik dagoela, honen arazo finantzieroak direla eta eguberrietako bi aparteko soldaten %75 zor die enpresak eta horregatik langileak mobilizatzen ari dira.

Lehenengo mobilizazioak urtarrilaren 18an egin zituzten lan txanda bakoitzean 4 orduko lanuzteak eginez. Ikusita enpresak zor zuena ordaindu gabe jarraitzen zuela otsailak 2 eta 4rako lau orduko lanuzteak egitea erabaki zuten eta tartean mobilizazio bat Berako Banco Santander parean.

Otsailak 4ean, zorra oraindik kitatu gabe zegoenez otsailak 11rako egun osoko lanuztea deitu zuten  eta Lesakan kokatuta dagoen ArcelorMittal enpresara martxa bat egitea adostu zen zor zaiguna ordaintzea eskatuz.

Bestalde, pasa den Urtarrilaren 29an Europako konpetentzia batzordeak ArcelorMittal eta banku konsortzio batek Zalain Transformados eta bertze enpresa batzuen kontrola hartzeari oniritzia eman zion, baino oraindik ez dute berririk eta, noski, zorra ordaindu gabe dago oraindik-orain.

Amaitzeko, langileek egin duten batzarrean mobilizazioekin jarraitzea erabaki da eta konkretuki, otsailaren 18an 4 orduko lan uzteak eginen dituzte. Horretaz gain, Zalaingo langileek Berrioplanoko Perfrisako langileekin batera manifestazioa eginen dute goizeko 12etan Iruñako Udaletxe plazatik abiatuta.
 

 

 

Udazken emankorra izan dugu, ereindakoa jasotzeko ordua da

Udazken emankorra izan dugu, eta ez dira makalak geure buruari jarri dizkiogun lanak hemendik aurrera ere. Bideo honetan kurtso hasieratik hona LAB sindikatuak aurrera eramandako borrokak eta aurrera begirako erronkak ikus ditzakegu. 

Ekintza sindikalean, prekarietatearen kontra, lanaren eta aberastasunaren banaketaren aldeko lerro osoa dugu irekia, arlo sozioekonomikoan Karta Sozialaren bidean buru-belarri sarturik gaude, babes sozialaren aldeko borroka sindikatuaren agendan kokatzen da eta nola ez, 2017ko Biltzar Nagusia gero eta gertuago dugunez, eredu sindikalaren inguruko gogoetari ere martxa sartzera goaz. 

Ereindakoa jasotzeko ordua da, animo eta aurrera!
 

 

 

Correscales 2016 Donostian

Bihartir hasita eta 19a bitarte Donostiako Korrika prekarioa elkartasun taldeak Elkargunea antolatu du Donostiako Easo Plazan. Hasiera bihar goizeko 11:00etan emango zaio aurkezpen agerraldi batekin eta zazpi egunetan zehar prekarietatearen aukako ekimen ezberdinetan parte hartzeko aukera izango da. Amaiera Bartzelonatik abiatu den Correscales Korrika prekarioaren iritsierarekin emango zaio. Informazio gehiago  http://www.dsskorrikaprekarioa2016.org/ webgunean.