2025-12-25
Blog Page 105

Arabako egoitzetako egoeraren harira, administrazioaren erantzukizuna azpimarratu dugu

Sektorearen egoera prekarioaren ardura langileen gain jartzea ez dugu begi onez ikusten, hain zuzen ere beharginak baitira zerbitzua behar bezala ematea zailtzen dieten lan-baldintza prekarioak salatzen dihardutenak.

“Zaintza Araba” egoiliarren senideen elkarteak argitaratutako ohar baten harira, komunikabide ugarik Arabarren egoitzako zerbitzuaren baldintzei buruzko albiste baten berri eman dute.

Egiten ari den irakurketaren larritasuna salatu nahi dugu. Aipatutako oharrean adierazten diren gertakariak oso kezkagarriak diren arren, izugarri larria da sektoreko langileengan erantzukizuna kokatzea, horiek baitira, hain zuzen ere, euren lan-baldintzak urteak salatzen daramatzatenak: ratio guztiz eskasak, langileen ordezkapenik eza, gehiegizko lanaldiak, laneko segurtasuneko baliabide eta neurririk eza.

Beste behin ere, adinekoei arreta emateko zerbitzuen ardura duten administrazioen zabarkeria salatzen dugu. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak ez du adinekoei arreta emateko zerbitzuak modu egokian arautuko dituen dekretu berri bat egiteko ardura bere gain hartzen, eta Arabako Foru Aldundiak, dekretu hori egon ezean, ez ditu beharrezko neurriak hartzen egoiliarrei arreta egokia emateko, eta utzikeriaz jarraitzen du jokatzen.

Salatzen du aspalditik EAJk bultzatutako pribatizatutako zaintza eredua dela gaur egun egoitzetan dagoen errealitate tamalgarriaren erantzule, egoiliarrek ez ezik, langileek ere pairatzen dutena.

Horrelako gertaerek gaur egungo zaintza-sistemaren gabezia larriak eta honen pribatizazioaren ondorioak azpimarratzen ditugu. Era berean, salatzen dugu Arabako Foru Aldundiak uko egiten diola duen erantzukizunari, adinekoen arreta zerbitzuen baldintzak modu egokian arautuko dituen herrialdeko hitzarmen sektorialari dagokionez. Halaber, zaintza publiko eta komunitarioko sistema baten premia larria aldarrikatzen dugu, eta beste behin ere aldarrikatzen dugu plublifikaziorako bidea, egoiliarren zein sektoreko langileen bizi baldintza duinak bermatuko lituzkeena. Izan ere, zaintza ezin daiteke esku pribatuetan egon, are gutxiago Aldundiaren babesarekin. Instituzioek kudeaketa publiko zuzena bultzatu behar dute, eta pribatizazioari atea itxi. Pribatizazioak zaintza langileen eta egoiliarren miseria dakar, etekin ekonomikoek zaintza duinak baino garrantzi handiagoa hartzen dutelako. Horregatik, zaintza ereduaren premiazko aldaketa exijitzen dugu.

Sindikatuak ezin du onartu langileak jomugan jartzea, eta EAJ-PSOEri eta beraiek gobernatzen dituzten administrazioei erantzukizuna, inplikazioa eta erreparazioa exijitzen die.

EAEko Hezkuntza Sailak eskola jangelak arautzen dituen agindu bat argitaratu du, alde bakarretik, sindikatuokin eta hezkuntza-eragileekin adostu gabe

Joan den ostiralean, Begoña Pedrosa Lobato Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berriak agindu berri bat argitaratu zuen, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eskola jangelak arautzen dituena. Agindu hori sektoreko langileen ordezkariokin eta hezkuntza-eragileekin hitz egin gabe onartu du.

Agindu berrian, Hezkuntza sailburuak jasotzen du jangela funtsezkoa dela ikasleen hezkuntza-prozesu osoan, baina oraindik ere zerbitzu osagarri gisa hartzen da. LABek beti defendatu du jangela ikastetxeko beste gune bat dela, eta bertan ikasten eta irakasten jarraitzen dela. Halaber, bertako langileok hezkuntza-lana egiten dute, baina gaur egun oraindik ez dute aintzatespen instituzionalik.

Hezkuntza sailburu berriak aukera bat galdu du berriz ere jangelen kalitatea hobetzeko, arlo publikoaren bitartez. Argi dago ez zaizkiola batere axola langileak ezta jangela erabiltzen duten ikasleak ere. Agindu berrian ez dio erreparatu langileen aldarrikapenetako bat bera ere jasotzeari: ratioak hobetzea (begirale bakoitzeko ikasle gutxiago egotea), jangelako gutxieneko ordutegia (gutxieneko lanaldiak), funtzioak zehaztea, ikastetxearen erabakietan parte hartzea, hezkuntza-lanaren aitorpena eta formakuntza, besteak beste.

Agindu berriak zerbitzu publiko bat pribatizatzen jarraitzen du. Zerbitzu hori diru publikoarekin ordaintzen zaie enpresa pribatu batzuei, kudeaketa integrala egin dezaten. Kudeaketa horren barruan sartzen dira elikagaiak eta langileen soldata eta lan-baldintzak, eskola gutxi batzutan izan ezik (gero eta gutxiago); horietan, sukaldeko langileak Hezkuntza Sailekoak baitira. Garraiatutako janaria duen jangela bat ikastetxean bertan prestatzera pasatzen den bakoitzean (in situ jangela), sukaldeko langileen kudeaketa kolektibitateetako enpresa pribatuen esku geratzen da. 2019tik, sukaldarien soldata Hezkuntza Saileko sukaldarien soldataren %100ean parekatuta dago, eta 2023tik begiraleena ere bai. Nola jarrai dezakete Hezkuntza Saileko langileen soldata eta kostu ekonomiko berarekin azpikontratatutako langileak izaten? Are gehiago, nola ulertzen da Sailak berak jasotzea langileen orduko prezioaren puntuazioa lizitazioetan?

LABek beti defendatu izan du jangela kudeatzeko egungo eredua aldatu beharra, zaharkituta dagoelako, hezkuntza-komunitateak bertan parte har dezan, baina zalantzarik gabe, langileen kudeaketa Hezkuntza Sailari dagokio zuzenean.

LAB sindikatuak galdera bat egiten dio Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berriari: Jangelen zirkularra ere aldatuko al du alde bakarretik, aldez aurretik sindikatuekin eseri gabe, 2000ko martxoaren 22ko aginduarekin egin duen bezala, horrek zuzenean eragiten baitie jangeletako langileen lan-baldintzei eta zerbitzuaren kalitateari?

Orain da unea jangeletako langileak kalera ateratzeko. Hezkuntza Sailak langileen ordezkariekin eseri behar du eskola jangeletako langileen aldarrikapenak entzuteko, euren lan-baldintzak hobetzeko eta lanpostuei eusteko akordioak lortzeko, baita kalitatezko zerbitzua emateko beharrezko tresnak eskaintzea ere.

LAB sindikatuak dei egiten die sektoreko langile guztiei lan-baldintza eta bizitza duinen aldeko borroka-prozesua hasteko.

Lan eta bizitza duinen aldeko dinamika eskualdez eskualde zabaldu dugu

Lan eta bizi baldintza duinen aldeko neurriak aldarrikatu, eta horien gainean Euskal Herrian bertan erabakitzearen aldeko aldarria erdigunean jarri du LABek aurtengo ikasturtean. Langileen aldeko politikak behartzeko konfrontazioa beharrezkoa izango dela iritzita, lantoki eta sektore mailako borroketan parte hartzen jarraitu, eta, era berean, gobernuak eta patronala interpelatuko ditu LABek; nagusiki, hiru aldarrikapenekin: 1.600 euroko gutxieneko soldata ezar dadila, negoziazio kolektibo intersektorialaren bidez; lanaldia 30 ordura jaitsi dadila, digitalizazioak ekarriko duen enplegu suntsiketari erantzuteko, krisi ekosozialak eskatzen duen trantsizioari ekiteko, eta zaintza krisiari aterabidea emateko; eta zerbitzu publikoak indartu ditzatela. Halaber, neurrion gaineko erabakiak Euskal Herrian bertan hartzearen premia ere mahaigaineratu nahi du kanpainak.

Kanpaina Hego Euskal Herriko eskualde guztietara eramateko anbizioa du LABek, eta, asmo horrekin, ehunka ordezkari sindikal bildu ditu azken asteetan, hamalau batzarretan. Horietan, eskualde bakoitzean ikasturteko erronkak zein diren xehatu, eta, aldi berean, kanpainak ezarritako helburuak eguneroko jardun sindikalera nola eraman aztertu dute.

Negozioaren eta instrumentalizazioaren aurka, guztiontzako eskubideen alde

Irailaren 23an, behartutako prostituzioa helburu duen giza-salerosketaren aurkako nazioarteko egunean, LAB sindikatutik giza-salerosketa mota guztien aurkako jarrera berretsi nahi dugu: prostituzio behartua, nahitaezko lanak, derrigorrezko ezkontza, organoen salerosketa… Era berean, salatu nahi dugu erakundeek oraindik ere ez dutela nahikoa egiten krimen horrekin amaitzeko, eta alderdi politiko eta elkarte batzuek auzi hau instrumentalizatzea ere gaitzesten dugu.

Mugen sekuritizazioarekin eta pertsonen (batez ere lurralde pobretuetatik datozenen) mugikortasunaren kriminalizazioarekin “aurrera” egiten duen Europak pertsonen salerosketari aurre egin beharrean, garai honetako negozio handienetako bat bihurtu du: hainbat helburutarako, giza bizitzekin salerosten da. Atzerritartasun Legeak baliabiderik ez duten pertsonak salerosketa-sare eta legez kanpoko trafikoko sare mafiosoetara kondenatzen ditu. Europara iristen laguntzen diete, migrazio-zor handi baten truke, eta zor hori itzultzeko mehatxuak eta esplotazioa eguneroko ogia dira. Atzerritarrei buruzko Legeak berak eskatzen die, Europan jarraitzeko, beren bizitza eta senideena arriskuan jarriko dituen salaketa bat egitea.

Adierazi nahi dugu prostituzioaren diskurtso abolizionistak ez duela migrazio-prozesuetan arretarik jartzen, giza-salerosketa sexu-zerbitzuen eskaerarekin amaituko balitz bezala. Zorroztasun metodologikorik gabeko azterlanak erabiltzen dituzte (Espainiako Berdintasun ministroak joan den astean aurkeztu zuen bezala), trata instrumentalizatu eta sexu-lana kriminalizatzeko. Salatzen dugu beste giza-salerosketa mota batzuei ez zaiela ikusgarritasunik ematen eta salatzen ditugu giza-salerosketa etekina ateratzeko erabiltzen diren egitura guztiak.

Ezkutuko ekonomiak, subalternizazioak eta marjinalitateak babesgabetasun handiagoko zirkuituetan jartzen dituzte pertsona horiek. Sare horietatik ateratzeko erakundeen aurpegia garbitzeko diru laguntza handiak baino askoz gehiago behar da: ikuspegi integrala izango duten politika publikoak behar dira, pertsona horientzako oinarrizko eskubideak bermatzeko.

Salerosketaren biktimek behar dutena sexu-lanaren aurkako diskurtsoetan instrumentalizatuak izateari uztea eta izu-morala hedatzeari uztea da. Izan ere, lege punitibistek ere behartzen dituzte pertsona hauek klandestinitatera.

Nafarroa Garaiko Ikastoletako LABek Irailaren 26rako Hezkuntza Publikoan deitutako greba deialdia babesten du, bai eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren jarrera salatu ere

LAB Ikastoletako langileok argi dugu Hezkuntza orokorreko eta Irakaskuntzako langileon lan-baldintzak hobetzeak hezkuntzaren kalitatearen hobetzea dakarrela, baina horretarako beharrezkoa den eta sindikatuek eskatzen duten benetako negoziazioari uko egin dio behin eta berriz Hezkuntza Departamentuko kontseilariak. Ikastoletako langileok ere, Nafarroako Hezkuntza komunitateko parte garen heinean, Gimeno kontseilaria hezkuntza komunitatearekiko arduradun nagusi den heinean, sektorean lan egiten dugun pertsona ororen eskakizunak entzutea, erantzutea eta akordioak lortzeko beharrezko negoziazio prozesuak eta finantziazioa bermatzeko ardura har dezala galdegiten dugu.

Jaso Tower Craneseko langileek greban jarraitzen dute

Zuzendaritzaren borondate falta dela eta, greba eta mobilizazioen bideari jarraitu beste irtenbiderik gabe daude langileak. Gaurkoa bosgarren greba eguna izan dute, eta manifestazioa egin dute Idiazabalen barrena. Datorren asteartean (hilak 24) berrekingo diete lanuzteei, ostiralera arteko greba dagoelarik aurreikusita.

Joan den asteko bi greba egunen ondotik, hitz egitera ere eseri nahi ez zuen Zuzendaritza mahaiaren bueltan jarri da azkenean. Ordea, langileen ordezkariei oso kezkagarria eta arduragabea iruditu zaie erakutsi duen jarrera, ez baitu akordio posible baterako edukietan sartzeko asmorik erakutsi. Enpresak ez du negoziatu nahi eginiko zortzi kaleratzeen gainean, eta Jasoko enpleguaren etorkizunarekiko neurriak exijitzean, hitz politez harago, konpromezu konkretuei dagokienez ezer gutxi jarri du mahai gainean.

Zentzu honetan, langileek greba eta mobilizazioen bidea ere probestu nahi izan dute enpresari jarrera aldatu eta egoera konpontzeko borondatea izan dezan eskatzeko. Izan ere, gaur-gaurkoz ez daukate beste bilera baterako datarik ere.

Bada, enpresa batzordeak Jasoko langileak zoriondu nahi izan ditu borroka ekimen hauetan erakutsitako jarrera irmoagatik, grebaren jarraipena ia erabatekoa izaten ari baita.

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Aipatzekoa da subrogatu gabeko langileek zeregin oso aktiboa izan zutela Bilboko Argiakeko plantillak 2021ean egin zuen 98 eguneko greban.

Subrogazioan sartu ez diren langileek hainbat urte daramatzate Bilboko mantentze elektrikoko zerbitzurako esklusiboki lanean. Bizkaiko Industria Siderometalurgikoaren Hitzarmen Kolektiboak, agiri teknikoan bertan eranskin gisa jasota dagoenak, honako hau ezartzen du: “Mantentze-kontratu bat amaitzean (…) aipatutako mantentze- edo instalazio-lanak etengabe eta esklusiboki enpresa nagusiarentzat, publiko zein pribatuarentzat, egiten dituzten langileek esleipendun berrira igarotzeko eskubidea izango dute, subrogatuz”. Gainera, legeria orokorra aplikatuz ere, ekoizpen-unitate autonomo baten aurrean egongo ginateke. Unitate horrek Bilboko Udalaren kanpoko argiztapen-instalazioen mantentze-kontratuari atxikitako plantilla osoa hartzen du, eta, beraz, hari atxikitako langile guztiak subrogatu beharko lituzke esleipendun berriak.

Gaur egun, LAB eta ELA sindikatuek dute Bilboko Argiak aldi baterako enpresa-elkarteko langileen ordezkaritza. LAB Bilboko Udaleko hainbat zinegotzirekin harremanetan jarri da, lizitazio berriaren agiriak idatzi dituzten teknikariekin bilera formala eskatzeko, gaur egun subrogatuta ez dauden 9 pertsonak subrogazio-zerrendan sar daitezen. Oraingoz gure eskaerak ez du erantzunik jaso eta, agiri teknikoei errekurtsoa aurkezteko epeak presakoak direnez, LABek agiri teknikoen aurkako helegitea aurkeztea erabaki du.

Nolanahi ere, LABen nahia da gai hau udaleko teknikariekin izandako elkarrizketaren bidez konpontzea, haiei helaraziz agiri teknikoetan jasotako subrogazioaren egungo zerrenda ez datorrela bat aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan eta Langileen Estatutuan ezarritakoarekin.

Hala ere, Bilboko Udalak ez balitu egungo agiriak zuzenduko, LABek aurrera jarraituko luke agirien aurkako helegitearekin, eta, aldi berean, Bilboko Argiak aldi baterako enpresa-elkarteko langile guztien subrogazioa lortzera bideratutako mobilizazioen egutegia iragarriko luke.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin dugu gaur goizean, helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dugu, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

LAB sindikatuan beti egin dugu Osasunbideko langile guztiak modu ekitatiboan eta bidegabekeriarik gabe aitortzearen alde, eta hala berretsi genuen 2023ko martxoan, greba amaitzeko akordioan. Eragozpen eta negoziazio luzeen ondoren, akordio haren zati bat betetzeko eguna iritsi dela nabarmendu dute, eta hala, gaurkoa funtsezko urratsa da Osasunbideko langile guztientzat, osasun-arloko langileentzat eta osasun-arlokoak ez direnentzat, karrera profesionala ezartzeko.

Hala ere, nabarmentzekoa da LABek lortutako akordioa lehen urratsa baino ez dela, eta Osasunbidean 2.600 profesional daudela oraindik karrera profesionalaren zain. Izan ere, Osasunbidearen arazo nagusienetako bat horixe da, profesional horien errekonozimendu falta: 1.500 administrari, zerbitzu orokorretako 500, 155 gizarte-langile, mantentze-lanetako langileak, informatikariak, telefonistak, kudeaketa-teknikariak… LABen defendatzen dugu guztiek garrantzi bera dutela osasun-zerbitzu publikoa emateko tenorean, eta hala, merezi duten errekonozimendua jaso behar dutela. Hori dela eta, Parlamentuaren aurrean bildutako langile sanitario eta ez sanitarioek premiazko ebazpena eskatu dute, Osasunbideko langile guztientzat eta baldintza berberekin.

Edonola ere, beste urrats batzuk ere eman behar dira araudia garatzeko, Osasunbideko langile guztien eginkizunak definituko dituen tresna bat taxutzeko. Tresna horrek behar diren mekanismoak artikulatuko ditu arlo publikoan kalitatezko prestakuntza bermatzeko eta langileek Osasunbidearen helburuetan benetan parte hartuko dutela bermatzeko, irizpide zuzen eta objektibo batzuekin, horrela soilik emanen baitzaie amaiera urte askoan iraun duten agrabioei. Horrez gain, administrazioari gogorarazi behar zaio ezen medikuek eta erizainek badutela aukera hori, duela hamarkada batzutatik hasita, eta Osasunbide osorako errealitatea izan behar duela lehenbailehen.

LABek karrera profesionala langile guztientzat ezartzeko borrokan jarraituko duela gaineratu dute, bai eta adi egongo direla Osasunbideko edozein kolektibo edo profesionali eragin diezaiokeen edozein bidegabekeriaren edo eskubide-galeraren aurrean.

Azkenik, adierazitako helburuak aintzat hartuta, laster egingo diren aldarrikapen-dinamiketan parte hartzera animatu dituzte langileak, Osasunbideko langile guztien errekonozimendua berdintasun baldintzetan lortzeko. Horregatik, helburu horietara iritsi ahal izateko, langile guztien inplikazioa eta babesa eskatu dituzte “sanitarioaren” eta “ez sanitarioaren” artean bereizketarik egin gabe. Izan ere, azpimarratu nahi izan dutenez, “borrokaren eta mobilizazioaren bidez bakarrik lortzen dira helburuak”.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.

Akordio berriak pentsioen azken erreformari jarraipena ematen dio. LABek erreforma horren aurka egin du sistematikoki, erretiroaren benetako adina luzatzea baitu helburu, pentsio-sistemaren “finantza-oreka” lortzeko, gastua murriztuz eta, neurri txikiagoan, diru-sarrerak handituz. Ezin dugu ahaztu, Hego Euskal Herrian, erretiro-adina atzeratzeak pentsioen gastu publikoa murrizteko, kolektibo askorentzat, bereziki ahulenentzat, legezko erretiro-adina bizi-itxaropenarekin berdintzea dakarrela.

Ildo horretan, dokumentuak aldaketak dakartza ditu erretiro partzialari, pentsioaren eta lanaren arteko bateragarritasunari, erretiro aurreraturako jarduera nekagarrietan koefiziente murriztaileak ezartzeari edo mutualitateek Gizarte Segurantzarekin lankidetzan aritzeari dagokienez lesio traumatologikoek eragindako bajetan. Azken puntu horri dagokionez, abuztuaren 2an salatu genuen akordio honek Lan Osasunaren pribatizazioa sakonduko duela, osasun publikoa lehenetsi beharrean, patronalak eta mutualitateek tradizionalki aldarrikatutako eskariaren ondorio baita.

Erretiro partzialari dagokionez, akordioak ez du 2013ko erreformaren aurreko egoera berreskuratzen; izan ere, legezko adina baino 5 urte lehenago lortu ahal zen erretiro partziala, une horretan 65 urtekoa baitzen. 2024an 66 urte eta 6 hilabeterekin lortu ahal izango da, eta 2027an 67 urterekin. Gainera, neurri hori hartzen duenak oso gutxi murriztuko du lanaldia (%20 eta %33 artean lehenengo urtean), eta aurreko ereduan bezala mantenduko da hurrengo bi urteetan, %25 eta %75 artean. Erretiro partziala hartzeko kotizatutako denboraren igoerak ere ez du hobera egiten, 33 urtekoa izatera igaro zena.

Erretiro atzeratuan pizgarriak hobetzeari dagokionez, neurri horiek ez dute laguntzen enplegua sustatzen, are gutxiago enplegu duina eta kalitatezkoa. Aitzitik, emakume* gazteenek lana lortzea atzeratzen du. Bestalde, erretiro aktiboari dagokionez, lanaren eta pentsioaren arteko bateragarritasunak aukera ematen du pentsio berrien beherakada konpentsatzeko; izan ere, azken urteotan inflazioa baino gutxiago igotzen ari dira, baina adin altuetan lan egiten jarraitzearen truke.

Espainiako Gobernuak erretirorako legezko adina atzeratzeko aplikatzen dituen politikek, beraz, ez dute kontuan hartzen langile gehienek erretiroa legezko adina baino lehen hartzea erabakitzen dutela, nahiz eta pentsioa murriztu behar izan. Beraz, erretiroa luzatuko dutenek klase-pribilegioagatik egingo dute, edo, justu kontrakoa, berez nahikoa ez den pentsio batekin zahartzaro duin bati ezin izango dutenak. Akordio honek, beraz, pentsiodunen arteko gizarte- eta genero-arrakala areagotzen laguntzen du, gizarte-segurantzako sistemaren pribatizazioan sakonduz. Beraz, LABek erabat errefusatzen du.