2026-11-16
HomeEkintza SindikalaLABek irmoki salatzen du Guardianen itxiera

LABek irmoki salatzen du Guardianen itxiera

LAB sindikatutik irmotasun osoz salatu nahi dugu Guardianek aurkeztuko duen Enplegu Erregulazio Espedientea. Horrek, 171 langileren kaleratzea ekarriko du eta Aiaraldeako eskualdean eta inplikatutako familietan izango duen eragina izugarria izango da.

LABetik ohartarazi genuen bezala, Guardianek aspaldi hartutako erabaki bati erantzuten dio itxiera honek. Ibilbide orri batekin ari da enpresa. Jarduera errentagarrienak deslokalizatzen hasi zen, eta ondoren, Glavistaren zatia putre funts bati saldu zion. Beste behin ere, argi dago, multinazional honek bere interes ekonomikoak lehenesten dituela langileen bizitzen gainetik. Orain Guardianekin gertatzen ari denak Glavistarekin gertatu zenaren ildo berari jarraitzen dio, nahiz eta LABetik bi enpresak bideragarriak zirela mahaigaineratu eta salatu izan dugun.

Garrantzitsua da azpimarratzea LABek ez duela Guardianek aurkeztu duen errelato faltsua sinesten eta ez dugula uste arrazoi objektibo fidagarririk dagoenik itxiera hau justifikatzeko, errentagarritasunetik haratago. Horregatik, erakunde guztiei eskatzen diegu, eta bereziki Eusko Jaurlaritzari, eskura dituzten mekanismo guztiak erabil ditzaten egoera honi buelta emateko eta Guardianentzat oraina eta etorkizuna bermatzeko. Ezin da onartu dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek enplegua suntsitzen eta gure eskualdea prekarizatzen dituzten erabaki arbitrarioak hartzea.

LABetik elkarlanean antolatzen ari gara eta eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu itxiera hau geldiarazteko eta Aiaraldeko langile klasearen etorkizuna bermatzeko.

Hasieratik adierazi genuen borroka piztu behar genuela, Guardian amaiera honetara eramango gintuen erabakiak hartzen hasi zenetik. Onartezina da etekin ekonomiko soilak langileon, familien eta eskualde osoaren ongizatearen aurretik jartzea.

Amaitzeko, dei egiten diegu langile guztiei eta, oro har, gizarteari borroka honetara batzeko eta gure eskualdearen oraina eta etorkizuna defendatzeko.

Guardianen itxierari ez! Borrokak aurrera jarraitzen du.

Aiaraldearen etorkizunaren alde borrokan!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreak beste bi greba egun iragarri ditu Hego Euskal Herrian, azaroaren 26an eta 27an

LABek, ikuskizun eta ekitaldien sektorean Nafarroan ordezkaritzaren %100 duen sindikatuak, EAEko beste sindikatuekin batera (Teknikariok, ESK, ELA CCOO, UGT eta CNT) bi greba egun berri deitu ditu negoziazioak desblokeatzea eta sektoreko lehen hitzarmen kolektiboa sinatzea eskatzeko. Deialdi bateratuak bi lurraldeetan partekatzen den aldarrikapen bati erantzuten dio: prekarizatutako sektore baten erregulaziorantz aurrera egitea.

Mobilizaziorako deia egin dugu, Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako

Hamar hilabete baino gehiagoko negoziazioaren ostean, LAB, ELA eta ESK sindikatuok aurrerapausorik ez dagoela salatu dugu, eta abenduan bi elkarretaratze eta 2027an balizko grebak iragarri ditugu, Gizardatz patronalak aldarrikapenak aintzat hartzen ez baditu.

Arabako metala borrokan: negoziazioa orain!

LAB, ELA, CCOO, eta UGT sindikatuok, Arabako metalgintzako hitzarmenaren negoziazio batzordeko kideok, plataforma bateratu bat aurkeztu dugu SEAren aitzakia guztiak saihesteko eta, behingoz, sektoreko pertsonek behar duten eta merezi duten hitzarmena negoziatzera esertzeko. SEAk, ordea, entzungor egin die langileei eta ez du hartu nahi izan sindikatuek egindako plataforma bateratua