2026-07-04
Blog Page 1028

SIDENORen EEEa baztertu eta industria plana lantzea eskatzen dugu

0

Atzo, azaroak 28, Sidenorreko zuzendaritzak bere “Lana egokitzeko plana” aurkeztu zuen. Plan hau lantoki guztietarako EEEa (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) gehi hainbat malgutasun neurriz baino ez dago osatua, hala nola, malgutasunezko 80 ordu, langileak lanpostu batetik beste batera bidaltzea, lantoki batetik beste batera bidaltzeko aukera, oporren zatiketa… finean, malgutasun osoa enpresarentzat. LAB sindikatuak enpresak lantoki guztietarako aurkeztutako EEEa baztertu du.

Lehenik eta behin, enpresak informaziorik eman ez digula salatu dugu, baita EEEa aurrera eramateko enpresak erakutsitako ez ohiko azkartasuna ere. Ez da ulergarria gaurkoan ehunka orritako dokumentazioa jaso eta negoziazioak ostegun honetan bertan hastea. Hau esanda, ez dago inolako arrazoirik holako planteamendua luzatzeko, Euskal Herriko lantoki gehienak beren jardueraren %100an daudenean. Beraz, EEEa arrazoitua ez egoteaz gain, ezinezkoa da hau aurrera eramatea.

Honengatik guztiarengatik, EEEa bertan behera uzteko exijitu diogu zuzendaritzari eta, honen ordez, epe bat ireki dezala langile batzorde bakoitzari eman beharreko informazio eta datuak helarazteko eta, honen arabera, dagozkien neurriak hartzeko.

Enpresak proposamena baztertu du. Honek ez gaitu harritu, bai ordea, UGT, CCOO eta USO sindikatuen jarrerak. Sindikatu hauek ez dute inongo oztoporik jarri, eta aldiz, EEEa negoziatzeko mahaiaren eraketa erraztu diote enpresari.

Sidenorreko langileek “Lana egokitzeko plan” gutxiago eta industria plan gehiago behar dute. Ez ditugu ezagutzen zeintzuk diren Sidenorreko planak beren lantokietarako, zeintzuk izango diren beren inbertsioak, aurrerantzean egin beharreko produktuak, euren apustuak… Ez dago eskubiderik, Sidenorreko zuzendaritza berriak huts egin digu. Gaurdanik badakigu ze asmo duen langileekiko, baina ez ditugu ezagutzen enpresarako dituen planak. Agian instituzioei kontatuko dizkiete, langileei, ez ordea.

LABek Sidenorreko zuzendaritza berriari Sidenorreko Euskal Herriko lantokietarako etorkizuna eta enplegua bermatuko dituen industria plan bat aurkez dezala exijitzen dio. EEE gutxiago, industria plana gehiago.

 

 

 

Greba mugagabe partzialari ekingo diote ostegunean Jasoko langileek

0

Jaso Itsasondo enpresako langileek mobilizazioei ekingo diete ostegunean, enpresa-itun duin baten alde. Hain zuzen ere, enpresa batzordeak jakinarazitakoaren arabera, greba mugagabe partziala egingo dute abenduaren 1etik aurrera. Batzarrean, langileen %70ek eman diote babesa erabakiari.

Urtebete pasa da jada negoziaketak hasi zituztenetik, eta soldataren igoeraren gainetik eskubide sozialak lehenetsi dituzte Jaso Itsasondoko langileek. Enpresa batzordeak alternatiba ezberdinak proposatu dizkio zuzendaritzari akordio batera iristeko helburuarekin, baina zuzendaritza ez da bere posiziotik mugitu.

Joan den martxoan bost eguneko greba egin zuten, eta, orduz geroztik saiakera ezberdinak egin dituzten arren, ez dira akordio batera heldu. Hala, greba mugagabe partzialera deitu dute datorren ostegunerako.
 

 

 

Gaitasun legegilerik ez duen plana eta enpresen lehiakortasunean oinarritutakoa, ez da nahikoa enplegu duina sortzeko


LAB sindikatuak “ez nahikotzat baloratzen ditu egungo langabezia eta prekarietate egoerari buelta emateko Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen 2016-2019 Enplegu Planean jasotako 140 neurriak. Zentzu honetan eta benetako helburua lortzeko –guztiontzako enplegu duina lortzea-, LABek proposatzen du “Nafarroaren burujabetzan aurrera egitea eta akordio intersektorialak lortzea lanaren banaketa (35 orduak) eta soldatari dagokionez (1.200 eurotako gutxieneko soldata)”. Gainera, “zerbitzu publikoetan 1.000 lanpostu sortzea planteatuz eta enpleguaren kalitatea bermatuz Lan Osasunaren kudeaketa publikoa eta klausula sozialei esker”, “igande eta jai-egunetan ez zabaltzea” ere exijituz.

Garbiñe Aranburu, LABeko Ekintza Sindikaleko arduradunak eta Imanol Karrera LABek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan duen ordezkariak komunikabideen aurrean aurkeztu dute Nafarraoko Gobernuak aurkeztutako 2016-2018 Enplegu Plan berriaren inguruko balorazioa.

Imano Karreraren arabera, “lehenik eta behin, gure ustez positiboa da Nafarroako Gobernuak Enplegu-Plana bezalako tresna baten kudeaketa publikoa berreskuratzea, orain arte Gobernua, Patronala, UGT eta CCOOen arteko “holdingak” kudeatzen zuena”.

Hala ere, nabarmendu du “Gobernua egiten ari den kudeaketa ez da egokiena. Udan Enplegu-Planerako ekarpenak eskatu zizkiguten eta irailean, bere osaketan parte hartzen ari ginen eragileoi eta komunikabideei aldi berean aurkeztu zitzaigun dokumentu luze baten aurrean aurkitu genuen gure burua. Positiboagoa izango zen eragile ezberdinen arteko lanerako mahaia martxan jartzea, pasa den artean Parlamentuan sortu zern Enpleguaren Mahaiaren antzera”.

Egia da LABek, neurri handi batean partekatzen duela Nafarroako lan-merkatuari buruzko diagnostikoa (langabezia handia, batez ere gazteen artean eta iraupen luzekoa, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak, laneko prekarietatea, nahikoak ez diren babes sozio-laboraleko babes sistemak etab), “ondoren aurkezten diren 140 neurriak ez dira nahikoa, LABen iritziz, diagnostikoan jasotako egoerari buelta emateko”, Karreraren esanetan.

LABetik ulertzen dute Nafarroako Gobernuak Enplegu-Planaren bidez lortu beharreko helburuak guztientzako enplegu duina izan behar duela “eta helburu honen arabera gainontzeko politika ekonomikoak eta bestelako neurriak antolatu eta martxan jarri, eta ez alderantziz. Nafarroako Gobernuarentzat ordea, helburu nagusia ez da kalitatezko enplegua sortzea, Nafarroako enpresen lehiakortasuna handitzea baizik mundo mailako ekonomiaren testuinguruan, gainontzeko enplegu politikak lehiakortasun helburuan oinarrituta diseinatuz, eta ez enplegu duinaren sorreraren arabera. Ondorioz, aipatu lehiakortasunaren izenean enplegua suntsitu egiten da eta eskubide laboral eta sozialak murriztu”, laburtu du Karrerak.

LABen iritziz, lehenik eta behin eredu berri horretaz hitz egin behar da eta zer nolako jendartea nahi den aztertu, ondoren eta abiapuntu honetatik, erabakitzeko ia nahi dena pertsonen beharrizanak lehenetsiko dituen Enplegu-Plana nahi den edo bestela, enpresarien irabaziak ahalik eta gehien handitu nahi dituena.

LAB sindikatuarentzat, Enplegu-Planean jasotzen den laguntza ekonomikoen politika edo/eta kenkari fiskalenak Nafarroak duen eskuduntza faltan dauka bere justifikazioa. “Lan eta enplegu gaietan dagoen eskuduntza falta diru-laguntzetan oinarritutako neurriekin ordezkatu nahi dute Enplegu Planean. Horrela, Nafarroako Gobernuak pisu garrantzitsua ematen dien pizgarri fiskal eta laguntza ekonomikoei. Hori bai, patronalaren gustukoak dira, apostu horren egungo faktura fiskala eta esplotazio kosteak murriztea dakarrelako, enpresen azken emaitza hobetuz, baliabide publikoak jarriz euren zerbitzura”, azpimarratu du Karrerak.

Azkenik, ezaguna den moduan, LABetik berriro salatu dute Nafarroako Gobernuaren enegarren ahalegina Eztabaida Sozialaren egitekoa indartzeko, kasu honetan Enplegu-Planaren bidez. Apostu honen aurrean “guztiz kontra dagoela” erakutsi du LABek, eta zuzenean eskatu dio Nafarroko Gobernuari, aipatutako Eztabaida Sozialeko Kontseiluaren edozein erreferentzia ken dezan Enplegu-Planetik. Honen inguruan, eta alternatiba moduan, proposatzen dute “Nafarroan lan harremanen eredu berri bat zehaztu, lehenik eta behin ZER zehaztuz (lan harremanen edukiak) eta jarraian NOLA (aipatu edukiak garatzeko tresnak”, amaitu du Imanol Karrerak.

8 proposamen enplegu duina sortzeko

Beste alde batetik, Garbiñe Aranburuk LABetik Enplegu-Planari egingo zaizkio proposamen eta ekarpenak nabarmendu ditu, 8 puntutan laburtu dituenak.

Lehenik eta behin, “funtsezkoa da Nafarroako Gobernuak lan eta enplegu gaietan legeak egin ahal izateko gaitasuna eta eskuduntza aldarrikatzea, eta baita politika pasiboak ere, bere gain hartzeko urrats efektiboak emanez. Era berean, ezinbesteko irizten diogu Lan-Ikuskaritza propioa martxan jartzeari.

Bigarrenik, LABek 35 ordutako asteko lanaldia aldarrikatzen du soldata murrizketarik gabe, inposatutako lanaldi partzialekin (bereziki emakumeei) eta aparteko orduekin amaituz. “Gobernuak irizpide hauek ezari ditzake enplegatzaile den esparruetan eta baita azpikontratetan ere, klausula sozialen bidez. Esparru pribatuan ere bultzatu ahal eta behar du”.

“Beste horrenbeste planteatzen dugu gutxieneko soldataren inguruan. Nafarroako Gobernuak ez du soldaten inguruan legislatzeko eskuduntzarik baina susta dezake Gutxieneko Soldata Nafarroan 1.200 eurotan kokatzearen aldeko Akordioa. Badakigu patronalak ez duela borondaterik txikiena ere, baina esparru guztietatik egin beharko da presioa, beharrizan sozial bat delako”.

Laugarrenik, sektore publikoak 1.000 lanpostu sortzea planteatzen du LABek: “esparru publikoak enplegu-sorreraren motore izan behar du, gutxienez azken urteetan suntsitutako enplegu publikoa berreskuratuz (500 lanpostu inguru) eta beste 500 sortuz azpigaratuta dauden zerbitzuetan”, adierazi du Aranburuk.

Ekonomia sozialari dagokionez, LABen ustez, esparru honetan milaka lanpostu sortzearen aldeko apustua arriskutsua izan daiteke, beste neurri batzurekin batera ez badator: gardentasuna, fiskalizazioa arlo publikotik eta egungo eredua benetan aldatuko duen filosofia berri bat duten langile eta erabiltzaileen partehartzearekin. “Sentsazioa ematen digu enplegu zentro berezien esparruan lehentasuna ematen zaiola alde kuantitatiboari (enplegu kopurua) kualitatiboaren aurrean (euren kalitatea). Zentzu honetan, gutxieneko soldata ezarri beharko litzateke esparru honetan, maila orokorrean defendatzen ditugun 1.200 euroetarantz joz”, adierazi du Aranburuk.

LABek egiten duen seigarren proposamena lan osasunaren kudeaketa publikoa da, Lan Osasuneko Nafar Zerbitzua indartuz eta gertakari arrunt zein profesionalak mutualitateetatik Gizarte Segurantza/Osasunbidera aldatzea sustatuz.

Zazpigarrenik, LABek irizten dio Kontratazio Publikoaren Legearen aldaketan, datorren hilabeteotan garatuko dena, Nafarroko Gobernuak klausula sozialen %100 zehaztea proposatu beharko duela.

LABek proposatzen duen zortzigarren neurria da igande eta jai-egunetan saltokiak ez irekitzea (0 irekiera), “langileen lan-baldintzen kaltetzean, enplegu suntsiketan, merkataritza txikian eta jendarte ereduan eragin zuzena duelako”

Azkenik, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du “kalean zein Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lan egitera goaz, Enplegu-Plana Nafarroako langileen eskubideen aldeko tresna izan dadin benetan, hauei enplegu duina eskainiz, ondorioz aldaketaren gobernuak LABek aurkeztutako proposamenak aurrera eraman ditzan”.

 

 

 

Ehundaka herritarren babesa eta elkartasuna jaso dute Alexis Rodriguez eta David Gonzalez TMAko langile ohiek


Atzo, hilak 27, TMAko langile ohiek deituta manifestazioa egin zen Markinan “Alexis eta David LIBRE. Barriro be egingo geunke” lemarekin. Alexis Rodríguez eta David González, datorren asteartean epaituko dituzte, azaroaren 29an. Enpresariak 5 urte eta 6 hileko kartzela zigorra langile bakoitzarentzat eta 9.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du, eta fiskalak 2 urte eta 3 hileko kartzela.

TMAren itxieraren inguruko gatazkaren lotuta dago epaiketa eta langile hauen kontrako jazarpena. 2013 urte bukaeran 8 hileko greba baten ondoren TMA itxi eta langileak kale gorrian utzi zituzten milaka euroko zorrarekin. Enpleguaren defentsan eta beraien soldatak jasotzeko egindako greba eta borrokaldiaren ondoren, enpresariak hainbat langileren kontrako salaketak jarri zituen. Bi langile ohi, Alexis eta David, auziperatu egin dituzte eta azaroaren 29an epaituko dituzte Bilbon.

Lanpostuak eta soldatak lapurtu ondoren enpresariak kartzelara bidali nahi ditu. Eta hori gutxi balitz, fiskalak ere enpresariaren interesen aldeko jarrera hartzen du eta ez kale gorrian geratutako diren langileen alde. Are gehiago, kontutan izanik, enpresa hori hainbat ikerketetan susmagarria izan denean, hala nola: “Hiriko” auzian tartean egondako enpresatako bat izan da.

Langileek argi izan dute hasieratik patronalak isilik behar gaituela eta horretako mekanismo guztiak martxan jarriko dituela. Gainera, botere publikoek patronalaren interesen defentsarako ere, bitartekoak indartu ditu azken urteetan.

Ekimenaren barri ematen duen blogean alexistadavidlibre.wordpress.com honela adierazten dute: “Baina, horrek ez digu arrazoia kentzen, badakigu langileok gure eskubideen defentsan lan egiten jarraitu behar dugula eta borroka ezinbestekoa dela. Horregatik, gure lanpostuen defentsan egin zuten borrokaren aldeko atxikimenduak eta auziperatuak babesteko dinamika martxan jarri” zuten TMAko langile ohiek: “BARRIRO BE EINGO GEUNKE. ALEXIS ETA DAVID LIBRE!”.

Horixe izan zan atzoko manifestazioko pankarta bakarra, TMAko langile ohiek zeramatena, euren artean bi auziperatuek. Eta atzean 350 herritarretatik gora, Alexis eta Daviden aldeko elkartasun kanpainak lortu dauen zabalkunde handiaren erakusgarri. 

Amaieran, Arkupean jarrita zegoen oholtzara igo zuten pankarta, eta bertatik, bertaratutakoei eskerrak eman zizkien TMAko langile ohi batek, gauzak aldatu zein eskubideak defendatzeko borrokak daukan garrantzia azpimarratuz. Azken asteotan martxan jarri duten elkartasun kanpainaren arrakasta aipatu zuen, zabaldutako ehundaka argazkiak, enpresa-komiteen atxikimendua zein kolore ezberdinetako Udaletako mozioak aipatuz. Alexis Rodriguez eta David Gonzalez gerturatu ziren ondoren mikrofonora eta lehenengoarenak izan ziren ekitaldiko azken hitzak.

Alexis Rodriguezen interbentzioa:
"Se pensaban que nos iban a doblegar, que cederíamos, que nunca llegaríamos hasta aquí, que íbamos a quedarnos sólos. Acobardados, asustados y sin ningún apoyo y sin embargo, estáis todos y todas aquí. Con nuestra lucha, por nuestra causa, ayuntamientos, obreros, trabajadoras… mila esker etortzeagatik! ¡Muchas gracias por vuestro apoyo!

El martes seremos juzgados por el único delito de luchar por nuestros derechos laborales. Por desgracia hemos comprobado cómo Rafael Zabala Fernández nos cerró la empresa, no nos pagó las indemnizaciones y tampoco 4,5 nóminas. Aún así, el Estado español le da todas las herramientas para enjuiciarnos. Los obreros a la cárcel y los sinvergüenzas de paseo.

Para acabar quiero decir una frase de un gran hombre: “Quien no se capaz de luchar por otros, no será nunca capaz de luchar por sí mismo”. Hoy vosotros y vosotras hacéis realidad esta frase. Seguid caminando a nuestro lado que les vamos a plantar cara. Les vamos a decir bien clara una cosa “barriro be egingo geunke”."

Txalo artean amaitu zuen Rodriguezek. Hurrengo hitzordua, epaiketa. Azaroaren 29an izango da Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegietan. LABek protestarako kontzentrazioa deitu du 09:30etatik aurrera.
  

 

 

Agur eta ohore Komandante ¡Hasta la victoria!

0

Gaur denok inoiz entzun nahiko ez genuen berri batekin esnatu gara. Fidel Castro Ruz hil egin da 90 urte zituela, Kubako iraultzaren lider historikoa, historiaren norabidea aldatu zuen iraultzailea. Lehenik eta behin gure doluminak adierazi nahi dizkiogu Kubako herriari momentu triste hauetan.

Munduko iraultzaile guztiontzat Fidel inspirazio bat izan da, lider iraultzailearen erreferentzia bere herriarekin batera inperialismoari aurre egiten ziona bere herriaren alde dena ematen zuen iraultzaile baten duintasunarekin.

Bere garaia eta historiaren joan etorriak inork baino hobeto ulertzen jakin zuen pertsona batez ari gara solasean, Kubako Iraultza munduko iraultzaile guztiontzat erreferiantzia izatera gidatu duena.

Euskal Herrian bere figura erreferentziazkoa da eta izanen da gure herria eraldatu nahi dugun herri sektoreentzat, eta honek aldi berean, gure mundua eraldatzen lagunduko duela sinesten dugunontzat.

Fidelek, txikiak izanda ere, inperialismoari aurre egin ahal zaiola erakutsi digu. Gu guztioi eguneroko borrokak merezi duela erakutsi digu. Fidelek utopia posible dela erakutsi digu, bai Kuban eta bai mundu osoan ere.

Hau izan da Fidelek gizarteriari egin dion ekarpen handiena. Mundu justu baten utopia, non berdintasunean, esplotatu eta esplotatzaile gabe, bizitzea posible den. Fidelek, Sozialismoa munduko gizon-emakumeak askatzeko modu bakarra dela erakutsi digu guztioi.

Guzti honengatik, Euskal Herritik gure azken agurra eman nahi diogu, dizugu, Fidel. Laster arte, Komandante, garaipenaren egunean ikusiko dugu elkar.

Agur eta ohore Komandante! ¡Hasta la victoria siempre Comandante!  

 

 

Amurrioko Udalean azpikontratatutako enpresen mapa eta langileen lan-baldintzak aztertzeko lan taldea osatuko da

Azaroaren erdialdean ibilbide garrantzitsu bati ekin genion Amurrioko kiroldegiko langileen grebaren hasierarekin bat eginez: Amurrioko Udalean mahai baten osaerarako eskaera sartu genuen azpikontratetako langileen lan-baldintzak kezkatuta. Atzo, hilak 24, burututako Udalbatzan eskaera hori gauzatzearen alde bozkatu zuten aho batez alderdi guztiek. Bide honetan emandako urrats txiki bakoitza garrantzitsua dela uste dugu; izan ere, ELA eta LABek adostutako mozioa Udalbatzara eramatea lortu da komite osoaren babesarekin (ELA, LAB eta CCOO) eta alderdi guztien oniritziarekin.

Horrelako adostasuna duen testua lortzeko, jakina, bakoitzak bere aldetik zerbait jarri behar izan du; horrek aitorpena merezi du eta bide onetik goazela uste dugu.

Elkarlanak duen garrantzia azpimarratu nahiko genuke; izan ere, guztion nahia bada langileen lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea ahalik eta hoberenak izatea, guztion lana ezinbestekoa izango da.

LABen argi daukagu, zerbitzu publikoak langile publikoek bete beharko lituzketela, eta horren alde lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere. Gaur-gaurkoz izaera publikorik ez duten lanpostuak ugariak direnez, ordea, pleguetan klausula sozialak barneratzea nahitaezkoa da; eta horiek bildu ditugu ELAk eta LABek adostutako mozioan. Tartean, nabarmentzekoa, 1.200 euko soldata garbia eta astean 35 orduko lanaldia ezartzeak ekarriko lukeen azterketa burutuko dela pixkanaka neurri horiek ezartzeko helburuarekin.

Ibili beharreko bidea ez da motza izango, erraza ere ez. Hala ere, borondatea eta lanerako prestutasuna baldin badaude, ziur gara hau bezalako adostasun puntu gehiago lortuko ditugula.

 

 

 

Mercedesen bidezko lan hitzarmen bat behar dugu

0

Atzo Mercedesen bururtutako bozketan UGT-k, EKINTZA eta PIMek gutxiengoan sinatutako akordioaren gaineko errefusa agerian geratu zen. Akordioa erroldaren %44.84ak onartu zuen eta gainontzekoak modu ezberdinez aurkako pozisioa adierazi zuten. Honen aurrean zuzendaritzari akordio hau bertan behera utzi eta lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat negoziatzeko eskaera luzatzen diogu.

Akordio honek langileen lan baldintzetan hobera egiteko aukera emango ez duela ikusita bi sindikatuk langileei kontrako posizioa agertzeko deia egin genien, izan kontrako bozka emanez, edo abstentzio bidez. Enpresak bere aldetik, gardentasunik gabe burututako prozesua aurrera atera dadin, zuzenean edo zeharka, behin behineko langileak, prozesuan partehartzera presionatu ditu, hortarako, behin-betiko kontratua lortzeko zailtasunak edo kaleratuak izatearen arriskua erabiliz.

LABen iritziz, enpresak plantillaren erantzuna kontutan hartu eta akordioa, lan hitzarmen bihurtzeko erabakia alde batera utzi behar du. Honekin batera berriro ere negoziazioari ekiteko deia luzatzen diogu prekarietatea irauli, flexibilitateari mugak jarri, lan jardunaldia gutxitu, lan sariak igo eta egituzrazko langileen enplegu finkoa bermatuko duen hitzarmena adosteko.

 

 

 

Babesgabeko egoeran bizi diren gazteen zaintza hobetu dadila eskatu dugu

LABek Sansohetan gertatutakoa salatu du, eta erakunde eta hedabide guztiei eskatu eta gogorarazi die jendarteratu diren gertaerak adinez nagusi ez diren gazteei dagokiela, eta, hortaz, hauen babesa eta anonimatoa bermatu behar direla beste edozein interesen gainetik. Era berean, Arabako Foru Aldundiari eskatu diogu arduraz joka dezala gertaera honekin zerikusia duten egintzetan eta erakunde horren tutoretzan dauden gazteen babesean.

Egungo egoerak, murrizketa politiken eta erakundeek agertu duten utzikeriaren ondorio dena, Arabako zerbitzu sozialen narriadura ekarri du, batik bat, azken urteotan. Horrela, babesgabe dauden gazteen abegi-zentroei dagokienez, egoera guztiz kezkagarria da.

Hainbat faktore daude tartean. Alde batetik, administrazio publikoak zerbitzuak pribatizatu izanak hauen eskaintza okertu du, ikuspuntu sozial batetik nahiz erabiltzaileen ikuspuntutik ikusita. Arabako Aldundiak Sansohetako kudeaketaren jarraipenean azaldu duen utzikeria berehala zuzendu behar da; aldundiak bermatu behar du, zentroaren egunerokotasuna gobernatzen duten kudeatzaileen aurrean, gaur egun bizi dugun egoerak eragotziko dituzten elementu zuzengarri oro betetzen eta ezartzen dela.

Bestalde, langile kopurua eta plantilak ezegokiak badira ere, azken urteotan, zentroa eta plaza kopurua handitu ondoren, makrozentro-eredua bultzatu da, eta zaintzako langileek (segurtasuna, begiraleak, jagoleak,…) ordezkatu dituzte izaera hezitzailea duten langileak (hezitzaileak), guneak gaizki diseinatu dituzte, kudeaketan burokrazia nagusitu da, prebentzio neurriak urriak dira,… Egoera horrek, azken finean, zentroetako egoera jasangaitza izatea dakar.

Zentro horietako lan baldintzek ezinezko egiten dute adin-txikikoei laguntza egokia eskaintzea; langileen ahalegina eta inplikazioa, eguneko jardunean, ez da nahikoa horrenbesteko narriadura arintzeko. Kudeaketan eta jarraipen/sorospen ereduan aldatuz bakarrik zuzen daiteke egungo egoera. Abegi ereduak aldatu behar du, hezitzaileagoa eta pedagogikoagoa den eredu baten aldeko hautua egin behar da.

Erakundeek aitortu eta indartu behar dute Sansoheta zentroan lan egiten dutenen eginkizuna, arazoaren kudeaketan eta irtenbideak bilatze aldera. Era berean, sostengua adierazi behar die haien jardunbidearen une zail honetan.

Ezinbestekoa deritzagu gogoratzeari kolektibo honi eskaintzen zaizkion arretaren printzipio gidariak Adin-txikikoen Babes Juridikoaren 26/2015eko Lege Organikoan eta EAEn Haurtzaroa eta Nerabezaroa Zaintzeko eta Babesteko 3/2005eko Lege Organikoan zehazten direla. Bi legeen oinarrizko printzipioetako bat kolektibo horren zaintzan har daitezkeen neurrien izaera hezitzailea da. Printzipio horren eraginkortasuna bermatzeko, ezinbestean, ziurtatu behar da behar beste hezitzaile dagoela, kualifikazioari eta kopuruari dagokionez.

Etengabeko prestakuntzan, hezkuntza ikuskapenean, plangintzan eta lanbide esku-hartzearen jarraipenean baliabideak inbertitu gabe, eta zerbitzu sozial publikoen aldeko benetako apustua egin gabe, ezin daiteke inondik inora ziurta premien estaldura zuzena eta haurrak eta nerabeak babesteko neurriak beteko direla.

Berriro egiaztatzen dugu azpikontratazioak eta lanbide mailak aitortu ez izana erakundeek, sektorean, ekin dioten prekarietatea sustatzeko politikaren ondorio garbiak direla.
 

 

 
 

Eskola jangelak, jasotzeko erein

IRITZIA
Iolanda Formoso eta Zuriñe Andres
LABen Eskola Jangeletako Batzordea