2024-04-19
HomeEkintza SindikalaGaitasun legegilerik ez duen plana eta enpresen lehiakortasunean oinarritutakoa, ez da nahikoa...

Gaitasun legegilerik ez duen plana eta enpresen lehiakortasunean oinarritutakoa, ez da nahikoa enplegu duina sortzeko


LAB sindikatuak “ez nahikotzat baloratzen ditu egungo langabezia eta prekarietate egoerari buelta emateko Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen 2016-2019 Enplegu Planean jasotako 140 neurriak. Zentzu honetan eta benetako helburua lortzeko –guztiontzako enplegu duina lortzea-, LABek proposatzen du “Nafarroaren burujabetzan aurrera egitea eta akordio intersektorialak lortzea lanaren banaketa (35 orduak) eta soldatari dagokionez (1.200 eurotako gutxieneko soldata)”. Gainera, “zerbitzu publikoetan 1.000 lanpostu sortzea planteatuz eta enpleguaren kalitatea bermatuz Lan Osasunaren kudeaketa publikoa eta klausula sozialei esker”, “igande eta jai-egunetan ez zabaltzea” ere exijituz.

Garbiñe Aranburu, LABeko Ekintza Sindikaleko arduradunak eta Imanol Karrera LABek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan duen ordezkariak komunikabideen aurrean aurkeztu dute Nafarraoko Gobernuak aurkeztutako 2016-2018 Enplegu Plan berriaren inguruko balorazioa.

Imano Karreraren arabera, “lehenik eta behin, gure ustez positiboa da Nafarroako Gobernuak Enplegu-Plana bezalako tresna baten kudeaketa publikoa berreskuratzea, orain arte Gobernua, Patronala, UGT eta CCOOen arteko “holdingak” kudeatzen zuena”.

Hala ere, nabarmendu du “Gobernua egiten ari den kudeaketa ez da egokiena. Udan Enplegu-Planerako ekarpenak eskatu zizkiguten eta irailean, bere osaketan parte hartzen ari ginen eragileoi eta komunikabideei aldi berean aurkeztu zitzaigun dokumentu luze baten aurrean aurkitu genuen gure burua. Positiboagoa izango zen eragile ezberdinen arteko lanerako mahaia martxan jartzea, pasa den artean Parlamentuan sortu zern Enpleguaren Mahaiaren antzera”.

Egia da LABek, neurri handi batean partekatzen duela Nafarroako lan-merkatuari buruzko diagnostikoa (langabezia handia, batez ere gazteen artean eta iraupen luzekoa, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak, laneko prekarietatea, nahikoak ez diren babes sozio-laboraleko babes sistemak etab), “ondoren aurkezten diren 140 neurriak ez dira nahikoa, LABen iritziz, diagnostikoan jasotako egoerari buelta emateko”, Karreraren esanetan.

LABetik ulertzen dute Nafarroako Gobernuak Enplegu-Planaren bidez lortu beharreko helburuak guztientzako enplegu duina izan behar duela “eta helburu honen arabera gainontzeko politika ekonomikoak eta bestelako neurriak antolatu eta martxan jarri, eta ez alderantziz. Nafarroako Gobernuarentzat ordea, helburu nagusia ez da kalitatezko enplegua sortzea, Nafarroako enpresen lehiakortasuna handitzea baizik mundo mailako ekonomiaren testuinguruan, gainontzeko enplegu politikak lehiakortasun helburuan oinarrituta diseinatuz, eta ez enplegu duinaren sorreraren arabera. Ondorioz, aipatu lehiakortasunaren izenean enplegua suntsitu egiten da eta eskubide laboral eta sozialak murriztu”, laburtu du Karrerak.

LABen iritziz, lehenik eta behin eredu berri horretaz hitz egin behar da eta zer nolako jendartea nahi den aztertu, ondoren eta abiapuntu honetatik, erabakitzeko ia nahi dena pertsonen beharrizanak lehenetsiko dituen Enplegu-Plana nahi den edo bestela, enpresarien irabaziak ahalik eta gehien handitu nahi dituena.

LAB sindikatuarentzat, Enplegu-Planean jasotzen den laguntza ekonomikoen politika edo/eta kenkari fiskalenak Nafarroak duen eskuduntza faltan dauka bere justifikazioa. “Lan eta enplegu gaietan dagoen eskuduntza falta diru-laguntzetan oinarritutako neurriekin ordezkatu nahi dute Enplegu Planean. Horrela, Nafarroako Gobernuak pisu garrantzitsua ematen dien pizgarri fiskal eta laguntza ekonomikoei. Hori bai, patronalaren gustukoak dira, apostu horren egungo faktura fiskala eta esplotazio kosteak murriztea dakarrelako, enpresen azken emaitza hobetuz, baliabide publikoak jarriz euren zerbitzura”, azpimarratu du Karrerak.

Azkenik, ezaguna den moduan, LABetik berriro salatu dute Nafarroako Gobernuaren enegarren ahalegina Eztabaida Sozialaren egitekoa indartzeko, kasu honetan Enplegu-Planaren bidez. Apostu honen aurrean “guztiz kontra dagoela” erakutsi du LABek, eta zuzenean eskatu dio Nafarroko Gobernuari, aipatutako Eztabaida Sozialeko Kontseiluaren edozein erreferentzia ken dezan Enplegu-Planetik. Honen inguruan, eta alternatiba moduan, proposatzen dute “Nafarroan lan harremanen eredu berri bat zehaztu, lehenik eta behin ZER zehaztuz (lan harremanen edukiak) eta jarraian NOLA (aipatu edukiak garatzeko tresnak”, amaitu du Imanol Karrerak.

8 proposamen enplegu duina sortzeko

Beste alde batetik, Garbiñe Aranburuk LABetik Enplegu-Planari egingo zaizkio proposamen eta ekarpenak nabarmendu ditu, 8 puntutan laburtu dituenak.

Lehenik eta behin, “funtsezkoa da Nafarroako Gobernuak lan eta enplegu gaietan legeak egin ahal izateko gaitasuna eta eskuduntza aldarrikatzea, eta baita politika pasiboak ere, bere gain hartzeko urrats efektiboak emanez. Era berean, ezinbesteko irizten diogu Lan-Ikuskaritza propioa martxan jartzeari.

Bigarrenik, LABek 35 ordutako asteko lanaldia aldarrikatzen du soldata murrizketarik gabe, inposatutako lanaldi partzialekin (bereziki emakumeei) eta aparteko orduekin amaituz. “Gobernuak irizpide hauek ezari ditzake enplegatzaile den esparruetan eta baita azpikontratetan ere, klausula sozialen bidez. Esparru pribatuan ere bultzatu ahal eta behar du”.

“Beste horrenbeste planteatzen dugu gutxieneko soldataren inguruan. Nafarroako Gobernuak ez du soldaten inguruan legislatzeko eskuduntzarik baina susta dezake Gutxieneko Soldata Nafarroan 1.200 eurotan kokatzearen aldeko Akordioa. Badakigu patronalak ez duela borondaterik txikiena ere, baina esparru guztietatik egin beharko da presioa, beharrizan sozial bat delako”.

Laugarrenik, sektore publikoak 1.000 lanpostu sortzea planteatzen du LABek: “esparru publikoak enplegu-sorreraren motore izan behar du, gutxienez azken urteetan suntsitutako enplegu publikoa berreskuratuz (500 lanpostu inguru) eta beste 500 sortuz azpigaratuta dauden zerbitzuetan”, adierazi du Aranburuk.

Ekonomia sozialari dagokionez, LABen ustez, esparru honetan milaka lanpostu sortzearen aldeko apustua arriskutsua izan daiteke, beste neurri batzurekin batera ez badator: gardentasuna, fiskalizazioa arlo publikotik eta egungo eredua benetan aldatuko duen filosofia berri bat duten langile eta erabiltzaileen partehartzearekin. “Sentsazioa ematen digu enplegu zentro berezien esparruan lehentasuna ematen zaiola alde kuantitatiboari (enplegu kopurua) kualitatiboaren aurrean (euren kalitatea). Zentzu honetan, gutxieneko soldata ezarri beharko litzateke esparru honetan, maila orokorrean defendatzen ditugun 1.200 euroetarantz joz”, adierazi du Aranburuk.

LABek egiten duen seigarren proposamena lan osasunaren kudeaketa publikoa da, Lan Osasuneko Nafar Zerbitzua indartuz eta gertakari arrunt zein profesionalak mutualitateetatik Gizarte Segurantza/Osasunbidera aldatzea sustatuz.

Zazpigarrenik, LABek irizten dio Kontratazio Publikoaren Legearen aldaketan, datorren hilabeteotan garatuko dena, Nafarroko Gobernuak klausula sozialen %100 zehaztea proposatu beharko duela.

LABek proposatzen duen zortzigarren neurria da igande eta jai-egunetan saltokiak ez irekitzea (0 irekiera), “langileen lan-baldintzen kaltetzean, enplegu suntsiketan, merkataritza txikian eta jendarte ereduan eragin zuzena duelako”

Azkenik, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du “kalean zein Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lan egitera goaz, Enplegu-Plana Nafarroako langileen eskubideen aldeko tresna izan dadin benetan, hauei enplegu duina eskainiz, ondorioz aldaketaren gobernuak LABek aurkeztutako proposamenak aurrera eraman ditzan”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.