2026-07-04
Blog Page 1024

LABen elkartasun mezua Grezian abenduaren 8rako deituta dagoen greba orokorrarekin

0

LABetik elkartasun eta babes mezua bidali nahi diegu Greziako klase orientaziozko sindikatua den PAMEri, biharko Grezian deituta dagoen greba orokorraren harira. Greziako gobernuak Europar Batasunarekin, FMI eta Europako Banku zentralarekin batera, argi berdea eman dio negozio eta enpresari taldeei murrizketetan sakontzeko.

Greziako gobernuak Europar Batasunarekin, FMI eta Europako Banku zentralarekin batera, argi berdea eman dio negozio eta enpesari taldeei eta honako plana inposatu du: 

  • Kaleratzeen liberalizazio masiboa
  • Lehendik murriztutako gutxiengo soldatari murrizketa berri bat
  • Ezkerrarentzako edozein irabazien abolizioa
  • Kontratu indibidual edo kolektiboen inposaketa bataz besteko soldata oraindik ere gehiago jeisteko.
  • Malgutasunaren inposaketa lan harremanetan
  • Murrizketa berriak pentsioetan eta Gizarte Segurantzako eskubideetan
  • Enpresarien itxiera patronalaren legalizazioa
  • Araudi sindikal berri baten inposaketa non greba eskubidearekin eta sindikatuen eskubideekin bukatu nahi den, askatasunak mugatu nahi diren eta bertze hainbat neurri gehiago.

Hau guztiarengatik Greziako langile klaseari eta bereziki PAME sindikatuari gure elkartasun osoa bidali nahi diegu. Greziako langile klasea berak sortu ez duen krisi baten pisu guztia jasaten ari da, Kapitalismoak beti egoera hauek erabiltzen baititu oraindik eta kapital gehiago eskuratzeko. 

Gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da egoera injustu honen kontrako borroka eta PAME bezalako sindikatuak beharrezkoak dira Greziako langile klasearen aurkako kapitalaren eraso honi aurre egiteko.

Biharko greba orokorrak Greziako langile klasearen erakustaldi masibo bat izan dadila desio dugu. 
  

 

 

Prekarietatearekin amaitzeko irtenbideak proposatu ditugu

LABek manifestazio bat egin du gaur, Ezkerraldeko langile askoren prekarietate egoera salatzeko, Barakaldoko Megaparkeko gasolindegitik abiatuta. LABek prekarietatearen aurkako dinamika bat sustatuko du datozen hilabeteetan, eta ekimen horren lehen mobilizazioa izan da gaurkoa. Hain zuzen ere, Ezkerraldeko langileen lekukoa beste eskualdetakoek hartuko dute.

Gaurkoan, LABek nabarmendu du Ezkerraldean langile behartsuak daudela. Askok Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eskatu behar dute, pairatzen dituzten lan baldintza prekarioak direla medio. 

Ezkerraldean ez ezik, Euskal Herrian ere hedatuta dago kapitalismoak eragindako gaitza. Honen aurrean, sindikatuaren lehentasun nagusienen artean dago prekarietatearen aurka eragitea, eta, ildo honetan, urgentziazko neurri hauek har ditzaten eskatu diegu eragile politikoei:

-1.200 euroko gutxieneko soldata. -Lanaren banaketa, lanaldia 35 ordura murriztuz.

-Hitzarmen kolektibo propioak, Madriletik etor daitezkeen erreformekiko blindajearekin.

-Lanaldi partzialeko kontratazioetarako gutxieneko ordu batzuk finkatzea.

-Lan ikuskaritzaren kontrol eraginkorra enpresekiko.

LABek aldarrikapen hauek guztiak kalera eramango ditu martxoa bitartean, prekarietatearen aurkako dinamikaren harira. Gasteizen izango gara, otsailaren 10ean; Donostian, martxoaren 3an; Bilbon, martxoaren 24an; eta Iruñean eta Oarso Bidasoan, martxoaren 31n.
 

 

 

Iragarritako kaleratzeen aurka protesta egin dute Fagor CNA enpresako langileek

0

Fagor CNA enpresako langileek agerraldia egin dute goizean, Arrasateko Garagartza industriagunean, lantokiaren aurrean. Agerraldia ez ezik, ordubeteko lanuztea ere egin dute, zuzendaritza osatzen duten Geyser eta Edesa Industrial taldeek iiragarritako kaleratzeak salatzeko. Hain zuzen ere, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute. Astelehenean, ordubeteko lanuztea egingo dute, 10:15etik 11:15era, Basauri, Eskoriatza eta Garagartzako lantokietan.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako adierazpena, Edesa Industrial, Geyser Gastech-eko enpresa batzordeak eta Basauriko ordezkaritzak sinatuta: 

Fagor CNAko (Geyser eta Edesa Industrial) Zuzendaritzak egin nahi dituen berehalako kaleratzeen inguruan, honako hau adierazi nahi du langileen ordezkaritzak:

• Urriaren 26tik aurrera, enpresak suspentsioko EEE bat ezarri du. Horrela, egosketako langileak hiru astez egon dira inaktibo eta garbiketako langileak ez dira urriaz geroztik lanean hasi.

• Kontsulta epearen barnean, argi azaldu genuen EEEa ez zela enpresak omen dituen arazoen konponbidea.
• Enpresak aurrera eraman nahi dituen kaleratzeak ere ez dira konponbidea.

• Kaleratzeek ez dute zentzurik, azaltzen zaigun moduan “gastuen kontuak onbideratzeko” badira. Gure ustez, badaude beste konponbide batzuk, elkarlanean arituz konpon daitezkenak.

• Kaleratze traumatiko hauen ordez, beste neurri alternatibo batzuk ere luzatu dizkiogu enpresari, honen ezezko erantzuna jasoz, gure ustez derrigorrezkoak baitira bere etorkizuneko estrategian.

• Ez dugu enpresaren bideragarritasun planik ez etorkizuneko planik ezagutzen, ezta balizko inbertsorerik dagoen ere.
Proiektu honetan aktore estrategiko gehiago dagoela ere gogorarazi nahi dugu. Horrela, MCC bera dago, lurzoruaren jabea dena; Fagor S.Coop, marka komertzialaren jabea; eta batez ere Eusko Jaurlaritza, zeinaren Garapen Ekonomikoko Saila, sarri, CNAren proiektuaren aldeko agertu baiten.

Honengatik guztiagatik gaude hemen. Ordubeteko lanuztea egin dugu gaur, eta agerraldi eta ekintzekin jarrituko dugu kaleratze-planarekin jarraitzen badute eta enpresaren bideragarritasuna eta etorkizuna azaltzen ez badute.

Ekintzak hasteko, datorren astelehenean, abenduaren 12an, ordubeteko lanuztea egingo da 10:15 eta 11:15 artean, lantoki guztietan, Basauri, Eskoriatza eta Garagatzan. Kaleratzeak gauzatzen diren neurrian, mobilizazio gehiago egingo dugu.
 

 

 

Kalera aterako gara politikak aldatzera behartzeko


LAB eta ELA sindikatuok agerraldia eskaini dugu Hego Euskal Herrian zein Madrilen adosten ari diren aurrekontuak salatu eta hauen aurrean mobilizazioa suspertzeko beharra aldarrikatzeko. Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiaren esanetan “aurrekontu hauen aurka gauden guztiak kalera aterako gara ziur gaudelako egoera eta eztabaida soziala kontrolatzeko aukera kentzea dela egin dezakegun hoberena”.

EAE eta Madrilen osatu berri diren gobernuek azken urteetako politikak aldarrikatu dituzte, egonkortasuna jarri dute lehentasun gisa. Eta markatu duten helburu horri erantzutekoa ustezko ezkerra izan dute aliatu. Bi Gobernuek aurrera eraman nahi dituzten proiektuek “murrizketa gehieago” ekarriko dituzte langileentzat Etxaideren aburuz.

Egoera hau aldatzeko helburuz LAB eta ELA sindikatuak “kalera aterako gara”. Mobilizazioa ezinbestekoa da aurrekontu hauek egiteko eta justifikatzeko diskurtsoarekin izkutatzen duten errealitatea plazaratzeko, aurrekontu hauek bazterrean uzten dituzten guzti guztiak eztabaida politikoaren erdian jartzeko eta aurrekontu hauen atzean dagoen proiektu politiko eta ekonomikoaren kontra jende asko dagoela erakusteko.

Politika sozioekonomikoak aldatzeko Programa Sozial bat duen mugimendu bat gara eta jarduera eta agenda instituzionala baldintzatzeko asmoa dugu. Politikak aldatzera behartu nahi ditugu. Bide hori elkarlanean jorratu nahi dugu, “Karta sozialaren baitan Euskal Herri berri bat eraiki nahi duen gehiengo hori antolatu eta martxan jartzera goaz.

AINHOA ETXAIDE, LABeko IDAZKARI NAGUSIAren INTERBENTZIOA

"Kritikatu nahi dugun lehenengo gauza bi gobernuen artean dagoen parekotasuna (EAE zein Madril), PNV eta PPk egin dutenaren inguruan dagoen parekotasuna.

Biek azken urteetako politikak aldarrikatu dituzte eta egonkortasuna jarri dute lehentasun gisa. Egonkortasuna, ulertuta hori dela politika berdinak egiten jarraitzeko gehiengo instituzionala edukitzea. Alegia, aritmetika instituzionala kontrolatzea.

Madrilgo Gobernuak zein Gasteizkoak guztiz konpartitzen dute ere momentuaren irakurketa, sistema zaintzea eta babestea. Bi gobernuen arteko adostasuna eta giro ona posible da PNVren eta PPren gobernuak euren proiektuetan bat datozelako, hain zuen ere.

Bi Gobernuen sintonia hasiera hasieratik ikusten ari garen akordio ekonomikoetan atzematen da: defizit topea. PNVk adostu du Madrileko Gobernuarekin EAEko erkidego autonomo bat gehiago dela, gainontzekoen berdina. Akordio hau ote da autogobernuaren aurrean Jaurlaritzak egingo duenaren erakusle?

Guretzat horrek guztiak esan nahi du murrizketa gehiago datorkigula babes sozialaren maila gero eta txikiagoa izan dela, alegia. Eta ez aberastasuna sortzen ez delako, baizik eta sortzen denaren zati geroz eta handiagoa joango delako kapitalaren eskuetara, enpresa handietara, bankeetxetako jabeetara. Joango egingo da soldata bidez, horiek ere gainbeheran direlako. Eta joan egingo da aurrekontuen bidez, batez ere politika fiskalaren bidez, ez delako aberastasuna banatzen.

Ez ditugu PNVren aurrekontuak ezagutzen baina ikusten ari gara nolakoa izaten ari den aurrekontuak egiteko bidea:

1. Lehenengo kontuak egin ditu bertako enpresari nagusiekin politika fiskala finkatzeko. Enpresa handien interesak jasotzen dira hasieratik.

2. Bigarrenik kontuak egin ditu Estatuarekin. Estatuan eta estatu politika hauetan kabida izango duten aurrekontuak izango dira zalantzarik gabe.

3. Hirugarrenik kontuak egingo dira sistema finantzieroarekin, zorra eta interesak ordaintzeko partida zehaztuz bestelakoetan sartu aurretik. Banketxeak gastu sozialaren aurretik jarriko dituzte.

4. Inbertsio ekonomikoak izango dira laugarrenak. Ikerketan eta inbertsioetan behera egingo da eta AHTak izango du lehentasuna.

Ondoan dugu Nafarroako Gobernua ere. Haren printzipioa da aldaketa lasai eta erosoa egitea. Egoera aldatzeko azken urteetako erreformak eta neurriak atzera bota behar dira, egoera aldatzeko herriaren gehiangoaren aldeko desoreka argia egin behar da aurrekontuetan.

Ez dugu auzitan jartzen gauzak aldatzeko aldarrikatzen den borondate politikoa, baina onartutako defizitarekin eta fiskalitatea benetan ikutu gabe ez dago aldaketarik politiketan.

LAB eta ELAk mobilizazioaren bidea suspertzera goaz
Eztabaida politikoa lokartu nahi dute inposatu dizkiguten erreforma guztiak sendotzeko eta atzeraezinak egiteko. Eztabaida sozialik gabeko Herria nahi dute, horrek ziurtatzen duelako benetan egonkortasun instituzionala. Gehiengo nahikoak instituzioetan eta gehiengo isilak kaleetan. Gure eskutan dagoena egitera goaz bi gauza hauek ekiditeko.

Kalera aterako gara:

– Aurrekontu hauek egiteko eta justifikatzeko diskurtsoarekin ezkutatzen duten errealitatea plazara atera behar delako.
– Aurrekontu hauek bazterrean uzten dituzten guzti guztiak eztabaida politikoaren erdian jarri nahi ditugulako.
– Aurrekontu hauen atzean dagoen proiektu politiko eta ekonomikoaren kontra jende asko dagoela erakutsi nahi dugulako.
– Kalera aterako gara ziur gaudelako egoera eta eztabadia soziala kontrolatzeko aukera kentzea dela egin dezakegun hoberena, politikak aldatzeko bideari ateak irekitzeko.

Gure asmoa da jarduera eta agenda instituzionala baldintzatzea da, politikak aldatzera behartzea. Bide baten emaitza izango da, badakigu. Bide hori egin nahi dugu, elkarlanean, langileak batuz borroka honetara, eragile sozialekin bat eginez borroka honetan.

Bi tresna ditugu horretarako:

– 2013an karta soziala egin genuen 100tik gora eragileren artean. Mobilizazio eta ekimen asko burutu ditugu orduz geroztik. Gehiengo sozial berri bat osatzeko gai izango den mugimendu soziolaborala osatzeko tresna da. gu ziur gaude herriaren gehiengo handi batek egiten duela bat karta sozialean marraztu dugun Euskal Herri berriarekin. Gehiengo hori antolatzeko eta martxan jartzeko lan egitera goaz.

– Programa soziala. Politika sozioekonomikoak aldatzeko programa bat duen mugimendu bat gara. Programa horretan jasotzen diren politika guztiak egingarriak dira. Egoera sozialak justifikatzen ditu. Arrazoia dugu, indarra da falta zaiguna. Indarra mobilizazioak eta langileak antolatzeak emango digu. ELA eta LABen arteko elkarlana funtsezkoa izango da patronalaren politikak borrokatzeko."

 

 

 

Sidenorreko lantegietan asanbladak egitea proposatuko dugu

0

Sidenor Taldeak proposatutako lantegi guztietarako aldi baterako EEEaren negoziazioa gelditzea eta taldeko Akordio Markoaren negoziazioaren hastapenen aurrean, langile guztiak informatzeko, lan zentro guztietan asanbladak egitea proposatuko du LABek.

Egokitzapen Laboraleko Planean (ELP) proposatutako neurriak gehiegizkotzat jotzen ditugu. Zergatik? Lantegi bakoitzeko egoera ekonomiko zein produktiboa kontuan hartu gabe, talde osoko plantillari eragingo liokeen EEEa proposatzen delako eta bere ezarpenak, instalakuntza batzuk kaltetuko lituzkeelako besteen etorkizuna bermatu gabe. Gainera, neurri hauek atzerakoiak dira eta bere onarpenak ekarriko luke aurreko negoziazioetan enpresak hartutako konpromiso batzuk ez betetzea eta Akordio Markoan adostutako beste baldintzak ere kaltetzea.

Enpresak EEEaren negoziazioa eten eta Akordio Markoaren negoziazioari ekin badio helburu batekin izan da, hau da, lan baldintzak okertu eta lantegien kudeaketa esklabutza sistema bihurtzeko, non langileek enpresa eremutik kanpo bizitza pertsonala izateko eskubidea izan ez duten, bizitza laborala eta familarraren arteko kontziliazioa galeraziz.

Taldearen zuzendaritzak ez du bermatzen ELPeko neurriak gauzatuta ere lantegien arazo desberdinak konponduko direnik eta jarraitzen du uko egiten Sidenor Taldeko etorkizuna nondik norakoa markatuko lukeen Plan Industriala aurkezteari. 

Hau guztiagatik, LABek lan zentroetan asanbladak egitea beharrezkoa dela uste du, langileak eurei eragin diezaieketen neurriez informatuak izateko.
 

 

 

Desgaitasun Hitzarmena: itzal gehiegi, gero eta argi gutxiago!


Sindikatuen arteko elkarlanaren hausturak eta langileek mobilizazioak alde batera uzteak, Agentziak inoiz baino gutxiago eskaintzea eta enpresek berriro deskuelgeari eustea ekarri digu.

Urriak 28an eta gaiarekin nahasten hilabete luzez ibili ondoren, Agentziak sindikatuak bildu zituen, hitzarmenaren negoziazioan aurrera jarraitzeko dagoen diruaren berri emateko. Gure harridura ikaragarria izan zen eskaintzen zutena entzuterakoan; %1eko igoera 2017rako, %2ra iristeko aukerarekin, funtzionariei %1a igoz gero. Gure soldatak langile publikoenak baino askoz baxuagoak izanda (240€ ZAINTZAILEKO), hauekin alderatzea da beraien proposamena.

Hasiera batean urte askotarako proiektu ekonomiko baten zain zeudela argudiatu arren, hurrengo urteetarako ez dute ezer eskaintzen. Ideia, gu langile publikoen modura tratatzea dela azpimarratzen dute; beraiei ez badiete ezer igotzen guri ezta ere, edo gehienez, beraiei ematen dietena emango digute.

Proposamena, sindikatuok betidanik defendatu izan dugunarengandik oso hurrun geratzen da, baita administrazioak aurreko bileretan datozen urteetarako eskeinitako %8 tik ere.
Egungo egoera oso kezkagarria da. CCOO eta UGT-k Agentziak proposatutakoa onartzeak, sindikatuen arteko ez adostasunak, mobilizazioak alde batera uzteak eta aurretik aipatutako bi sindikatuek, enpresak eta administrazioak darabilten harremanak, sortu du larritasun egoera hau. Agentziaren partetik hirugarren kapazitazio ordainaldia eta 2012 tik indarrean behar lukeen %3,35 eko igoera finantziatzeko konpromezua besterik ez dago…, eta etorkizunerako gutxi gehiago.

Agentzia, bere jokua onartu duten bi sindikatuekin harremanetan jartzen da bakarrik eta negoziazio eszenatoki berri honen hildotik datoz, administrazioak egiten dituen eskaintzak, hasiera batean sindikatu guziek ontzat zituzten irizpideetatik oso urrun daudenak. Guzti honen ondorioz, enpresek Deskualgearen gaia beren alde negoziatzeko baliatzaen dira eta bere partetik administrazioak soldata igoera ukatzen du. Hau da haien artean izandako mila bileren ondorioa.

Gure %1eko igoeraren aurrean, enpresaren irabazia %2,5 ekoa da. Guri kentzen digutenarekin, enpresak aberasten jarraitzen dute. Hori dela eta, sektorean igoera haundiagoak exijitzen jarraitzen dugu, eta kudeaketa publikoko zerbitzuak lortzearen aldeko pausoak ematea eskatzen dugu. Gure lan postuak galdu gabe egiteko modu asko daude.

Langileen aldetik aurrera eramandako borroka izan da azken urteetan lapurtzen ari zigutena berreskuratzen hasteko bide bakarra. Hori dela eta, argi dago zer egin behar den hurrengo urteetarako igoerak nahi baditugu. Plataforma bakarra apurtu zuenak, bereak ez diren sariak berarentzat hartu beharrean, batasunaren aldeko apostua egin beharko luke eta denak elkarrekin mobilizazio eredua berrikusi beharko genuke batu gaituenak lortu ahal izateko: betetzeko bermea izanen duen hitzarmen duin bat.

LAB etik, duela bost urte hasitako bidea bukatzeko gure indar guztia jartzeko prest gaude. Sindikatu sinatzaileek beren bidea bakarrik egiten jarraitzen badute, gutxi egiteko izango dugu…. eta langileentzat ez da batere onuragarria izango.
 

 

 

Euskara hutsean aritzen gara zuzendaritza egituretan

LABek euskararen erabileraren inguruan ikasturtero egin ohi duen neurketaren azken emaitzak eskuetan ditu jada. Datuek erakusten dute sindikatuak euskara hutsean funtzionatzen duela Komite Exekutibo, Nazio Biltzar eta Nazio Komiteari dagokienez. Hain zuzen ere, neurketak zuzendaritza egiturak hartzen ditu erreferentziatzat, eta kopuruek ez dute zalantzarako tarterik uzten: 2015-2016 ikasturteko euskara erabileraren batez besteko indizea 9 puntukoa da, sabaiatik puntu eskasera.

Komite Exekutiboak euskaraz funtzionatzen du, bilerak erabat euskaraz dira, ez da erdarazko interbentziorik egoten. Interbentzioak bietan egiten direnean, euskara da nagusi, eta erdarazko esamolde edota esaldiak txertatzen dira. Eta bi hizkuntzetan egiten diren interbentzio hauek ere murriztuz joan dira.

Hau da Komite Exekutiboaren bilakaera:

2012/13 ikasturteko batez besteko indizea: 8.9
2013/14 ikasturteko batez besteko indizea: 9.1
2014/15 ikasturteko batez besteko indizea: 9.1
2015/16 ikasturteko batez besteko indizea: 8.9

2012-2013 urtetik aurrera, Nazio Biltzar kide izateko euskara ulertzeko gaitasuna izatea ezinbestakoa da, aldi bereko itzulpengintza zerbitzua kentzea erabaki zelako. 2015-2016 ikasturtean, hiru neurketa egin dira, irailean, urtarrilean eta ekainean; ondorioz, Nazio Biltzarrean egiten den euskararen erabileraren inguruan, zenbait ondorio atera ditzakegu. Aipatutako neurriak abian jarri direnetik, esan dezakegu, Nazio Biltzarraren funtzionamendua euskaraz izatea lortu dugula. Biltzarretan ez da erdara hutsezko interbentziorik egoten, eta, ikasturte honetan egin diren neurketetan, interbentzio guztiak euskara hutsean egin dira.

Hau da Nazio Biltzarraren bilakaera:

2013/14 ikasturteko batez besteko indizea: 9.2
2014/15 ikasturteko batez besteko indizea: 9.4
2015/16 ikasturteko batez besteko indizea: 9.3

Nazio Komiteak euskara hutsez funtzionatzen du, baina, azken bi neurketetan, gehituz joan dira bi hizkuntzetan egindako interbentzioak; gehienetan, erdarazko esamoldeak edota esalditxoak txertatzen direlako izaten da. Euskara da nazio komitearen hizkuntza.

Hau da Nazio Komitearen bilakaera:

2013/14 ikasturteko batez besteko indizea: 8.9
2014/15 ikasturteko batez besteko indizea: 8.9
2015/16 ikasturteko batez besteko indizea: 8.6

 

 

 

Prekarietatea salatuko dugu bihar Ezkerraldean, Megapark zeharkatuko duen manifestazioaren bitartez

LABek manifestaziora deitu du biharko, Ezkerraldeko langile askoren prekarietate egoera salatzeko. Martxa Barakaldoko Megaparkeko gasolindegitik abiatuko da, 11:00etan, eta, protestaz gain, prekarietatearen lehen lasterketa egingo dute: garailea gehien irabazten duen enpresa izango da, langileei baldintza prekarioenak ezarrita. Dominak Confebask, Eusko Jaurlaritza eta EAJko ordezkariek banatuko dituzte; baldintza prekarioak ezartzea ahalbidetzen dituzten arduradunek, hain justu.

LABek nabarmendu du Ezkerraldean langile behartsuak daudela. Askok diru sarrerak bermatzeko errenta (RGI) eskatu behar dute, pairatzen dituzten lan baldintza prekarioak direla medio. Adibide moduan, merkataritzan eta elikagaigintza arloetan Estatu mailako hitzarmenaren menpe daude, eta jasotzen duten batez besteko soldata 750 eurokoa da. Hala ere, emakume asko daude soldata txikiagoarekin, lanaldi osoko kontraturik ez dutelako.

Prekarietatea ere industriara iritsi da, kontratazio berriek ez baitituzte garai bateko eskubideak jasota. Hortaz, Ezkerraldeko gazteria emantzipatu ezinik eta emigratzera zigortuta egoten da. Gainera, langile gehien dituzten enpresetan, udaletan eta Gurutzetako Ospitalean, okerrera egin du egoerak. Enplegua sortzeko iturri izan beharko lirateke enpresa publiko hauek, baina murrizketak besterik ez dituzte egin.

Egoera honen aurrean, LABek biharko manifestaziora deitu ditu Ezkerraldeko langileak, prekarietatearen aurka borroka dezaten, sindikatuak datozen hilabeteetan kapitalismoak eragindako gaitz honen aurka egingo duen dinamikaren baitan. Hain zuzen ere, Ezkerraldeko langileen lekukoa beste eskualdetakoek hartuko dute martxoa bitartean.
 

 

 

Bizkaiko elikagaien merkataritzako hitzarmenaren alde egin dute protesta

0

LAB, ELA eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon, Autonomiako Simply eta Atxukarroko Erkoreka supermerkatuen aurrean.

LAB, ELA eta UGT Bizkaiko elikagaien merkataritzako mahaian daude. Hiru sindikatuek patronalaren jarrera itxia salatu dute: "Blokeora garamatza".

Hain zuzen ere, Bizkaiko elikagaien merkataritzako hitzarmena ez dago indarrean gaur egun: "Beharrezkoa dugu hitzarmena, lehenbailehen, langileen lan baldintzak blindatzeko".

Sindikatuek jakinarazi dute abenduaren 7an eta 12an mobilizazio gehiago egingo dituztela; Ezkerraldean eta Eskumaldean, hurrenez hurren.