2026-09-10
Blog Page 1020

Gipuzkoako esku hartze sozialeko bigarren lan hitzarmena sinatu dugu

Lan erreformaren kontrako blindajea, ordainsarien %5eko igoera eta lan orduen jaitsiera lortu dugu, asteko 35 orduak lortu arte. Bi urtetako negoziazio luze baten ostean, gaur egindako bileran, Hedatzenek, bere gain hartu ditu sindikatuen eskariak eta hartara, LAB, ELA, CCOO eta Hedatzenek akordio batera heldu gara.

Akordio honek 2.300 langile baino gehiagori eragiten dio. LABek akordioa oso positibotzat ematen du arrazoi hauengatik:

• Lehenik eta behin, lan erreformatik blindatzeko klausulak sinatu ditugu: Hitzarmenaren ultraktibitatea bermatzen da,malgutasunikez, derrigorrezko arbitrajea baztertzen da eta herrialdeko esparrua finkatzen da.
• Beste alde batetik, mutualitateak kentzea gaixotasun arruntetan eta absentismoaren jarraipenean, ultraktibitatea, 82,3. artikuloaren ez aplikatzea, mugikortasun geografikoa ez aplikatzea, etab.
• Horiez gainera, ordainsarien igoera, lanorduen jatsiera asteko 35 orduak lortu arte, oporren egunak gehitzea; aitatasun, amatasun, kontziliaketa eta berdintasunean hobekuntzak, subrogazioan berme gehiago, etab…

Patronalren aldetik Hedatzen izan dugu eta, ikus daitekeenez, borondatea badago herrialdeko hitzarmenak sinatu daitezke eta eduki garrantzitsuekin. Honek sektoreko langile guztien lan baldintzak duinak izatea bermatzen du, baita gatazkarik ez egotea enpresetan.

Azkenik, eskerrak eman bai gure delegatu baita afiliatuei ere, egindako mobilizazio, batzar eta abarretan parte hartu eta hau posible egiteagatik.
 

 

 

Zuzendaritza, Ingemarren balizko itxieraren errudun

0

Usurbilgo enpresa hartzekodunen lehiaketan sartu da, talde bereko beste bi lantegirekin batera. LABek eta ELAk Ingemar taldeko administratzaileari eta akziodunei leporatu die egoeraren ardura, azken hauei kapital gehikuntza onetsi arren gauzatu ez dutelako.

Hau da Usurbilgo Ingemar lantegiko enpresa batzordeak gaur kaleratu duen agiria:

INGEMAR-Usurbilgo lantegia hartzekodunen konkurtsoan sartu da, talde bereko beste bi lantegiekin batera (INGEMARGA, S.A. eta CORPORACION INGEMAR). Horren zergatia zera da: akziodunek kapital-gehikuntza onetsi zuten, baina azkenean ez da gauzatu. Hasieran milioi bat euroko kapital-gehikuntza egin behar zen, bideragarritasun-plana abiarazteko, eta gero beste hiru milioi euroko ekarpen bat plana gauzatzeko. Borondatezko konkurtso horretarako eskaria Lugon aurkeztu da, 26/2017 Ohiko Konkurtso Prozeduraren bidez, zeren INGEMARGA, S.A.ren egoitza Lugon dago, eta enpresa filial hori da pasiborik handiena duena.

Ingemar, S.A.ko langileen ustez, egoera horren errudunak dira, batetik, INGEMAR TALDEKO administratzaile bakarra, Jose Longarela, kudeaketa txarra egin duelako, eta ekarpena bermatu ez duelako; eta bestetik, akziodunak, kapital-gehikuntza onetsi arren gauzatu ez dutelako.

Bideragarritasun Planaren arabera, kapital-gehikuntza ezinbesteko baldintza zen, hala adostu baitzuten Taldeko Zuzendaritzak eta langileek, Usurbilgo Udalaren, euskal erakundeen eta bankuen laguntzaz (Sabadell eta Kutxabank).

2017ko urtarrilaren 16an, astelehena, lehen bilera egin zen konkurtso-administratzailearekin, eta Enpresa Batzordeak azaldu zion, lehenik eta behin langileen kezka geroaz, eta bigarren, konkurtsoa jardunean jarraitzeko modukoa izateko eskaria; hau da, ea taldeko Zuzendaritzak hitzarmen bat aurkezten duen, inbertsiogile bati sarbidea emateko, eta ea konpromisoa hartzen duen, lantegia jardunean iraunarazteko, azaroan Zuzendaritzarekin lorturiko akordioak betez.

Bestalde, Enpresa Batzordeak dei egiten die herri-erakundeei (Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Usurbilgo Udalari), orain arte jokatu duten bezala jokatzen jarraitzeko, eta hortaz inbertsiogile bat erakartzen laguntzeko, INGEMAR, S.A. lantegiaren bideragarritasuna ziurtatze aldera; hala jaso baitzen Taldeko Zuzendaritzaren eta langile-ordezkarien arteko akordioan. Horren menpean daude 51 langileren lana eta 26 langileren aurre-erretiroak.

INGEMAR, S.A. TALDEAk Usurbilgo lantegian du egoitza soziala, baita Usurbilen ekoitzi ere hainbat urtetatik hona balio erantsi handieneko produktua. Lantegi hori errentagarria da argi eta garbi, falta den gauza bakarra horretan sinestea da, eta abiarazteko adinako kapitala ekartzea. 75 familiaren geroa horren menpean dago, eta langileok azken mugaraino eramango dugu gure borroka helburu hori lortu arte.

 

 

 

Lan gatazka kolektiboa salatu dugu AZTI-Tecnalian, kategoria igoeretarako deialdian antzemandako irregulartasun larriengatik

0

LAB eta ELA sindikatuek ekimen publikoko Fundazioan erdietsitako akordio kolektiboak betetzea eta erakundeko gatazkak amaitzea eskatu dugu.

Kategoria igoerak arautzen dituen akordio kolektiboko atal garrantzitsu batzuk ez betetzea erabaki du AZTI Fundazioko Zuzendaritzak. Milagarren gatazka kolektiboa da hau Fundazioan, 2005ean zuzendari nagusia aldatu zenetik.

Horrenbeste gatazka 2015 urtean AZTI Fundazioari eman zitzaion Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sariaren aurka egon litekeen arren, kontutan izan behar da Confebask dagoela Euskalit-en presidenteordetzan eta, hain zuzen ere, lan-eskubideen babesa ezin dela haren ezaugarri nagusitzat hartu.
 

 

 

Helegitea jarri dugu Sidenorreko Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurka

0

LABek helegitea jarri dio Audientzi Nazionalean Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa eta Lanera Egokitzeko Plana onartzen dituen eta enpresak UGT, CCOO eta USO sindikatuekin sinatutako akordioari. Gure ustez, legez kontrakoa izan daiteke askatasun sindikala urratzen duela ulertzen dugulako eta, zehazkiago, negoziazio kolektiborako eskubidea.

Gure iritziz, enpresak, sindikatu hauen ezinbesteko laguntzarekin, espedientea era maltzurrean eta gehiegikeriaz erabili du Lanera Egokitzeko Planean jasotzen diren lan baldintza prekariagoak ezartzeko asmoz. Soldata gehiago kobratzearen truke, aurretik lan baldintza hauek onartu behar dira lantegi ezberdinetan. Xantaia hau, sindikalki defendaezina izateaz gain, legez kontrakoa ere izan daitekeela uste dugu.

Honek demanda hau jartzera eraman gaitu, Sidenorreko langile guztien eskubideak defendatzeko, enpresak erabilitako prozesuaren egokitasuna zein proportzionaltasuna exijitzeko eta, bereziki, txantai eta mehatxurik gabeko benetako negoziazio kolektiboaren eskubidea berma dadin.
 

 

 

Michelinetik kaleratutako langile bati Europako jurisprudentzia ezarri ondoren, kalitatezko enplegu finkoa eskatzen dugu

0

EAEko Auzitegi Nagusiak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia aplikatu dio Gasteizko Michelin enpresan aldi baterako lanean zegoen langile bati. Horren ondorioz, bere kontratua bukatutzat ematean, indemnizazioa lan egindako urte bakoitzeko 12 egunekoa izatetik, 20 egunekoa izatera pasa da. LABek hori baliatu nahi du Michelini kalitatezko enplegu finkoa exijitzeko.

Michelinek langileari kontratu ebentuala produkzio-gorabeherengatik egin zion eta duela ia urtebete, eta enpresak jakinarazi zion langileari kontratua bukatutzat ematen zuela, 12 eguneko kalte-ordaina ordainduta. LAB sindikatuak horren kontrako demanda aurkeztu zuen eta Gasteizko epaitegiak aipatu ez bazuen ere, helegitea aurkeztu ondoren, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia berria aplikatu ahal zaiola. Beraz, kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko 20 egunekoa
izan behar dela erabaki du, epaia irmoa izanik.

Euskal Herriko eremu industrialean jurisprudentzia hori aplikatzen duen sententzia aitzindarietako bat izan daitekeelakoan gaude. Gainera, ezin dugu ahaztu Michelinen bertan hamarnaka langile eta langile ohi egoera berean egon daitezkeela. Beraz, LABek dei egiten dio enpresari hemendik aurrera jurisprudentzia hori zuzenean aplikatzeko, bitarteko, produkzio-gorabeherengatiko eta obrako kontratuetan, bai oraingo langileei baita azken urtean egoera horretan egon diren langile ohi guztiei.

Horren kontura ere, LABek uste du epai hau oinarri hartuta, ebentualitatea eta iruzurrezko kontratazioa ezabatu eta kalitatezko enplegu finkoa bultzatu behar dela, bai Michelinen baita beste enpresetan ere.

Azkenik, langileei eta langile ohiei deia luzatzen diegu aktibatzeko eta beraien eskubideak borrokatzeko, bai enpresan baita epaitegietan ere.

 

 

 

Ez dugu borrokaren kriminalizazioa onartuko


Berriro hasiko da Laudioko JEZ enpresako gure delegatu baten eta beste bi pertsonaren aurkako epaiketa. Honen aurrean, bere salaketa indartsuena egin nahi du LABek.
Sindikatuaren iritziz epaiketa hauen helburu bakarra da boterearen erabakien kontrako mobilizazioa jazarri eta kondenatzea. Horregatik duela bi hilabete bezala, LABek bat egiten du epaiketa hauen kontrako deialdi guztiekin.

Ia hiru urteren ondoren, hiru pertsona hauek behartuak izango dira berriro epaitegira jotzera, lehen agerralditik bi hilabete pasatu direnean. Beste bi hilabete gehiago ustezko justizia honen mehatxuarekin, alde batetik begiak itxi edo zigor hutsalak jartzen dizkietenak komisioak kobratu, guztion dirua xahutu edota gutxiengo pribilegiatu baten alde egiten dutenei. Horrela lanpostu ona bermatzen dute euren karguak uzten dituztenerako. Bien bitartean, arduradun hauek eta defendatzen dituztenei aurre egiten dietenak jazarri eta kondenatzen dituzte, prekarietate eta miseriarik gorrienera kondenatzen
gaituztelarik.

Iñaki, beste bi auziperatuak eta aurretik epaitutako beste pertsona batzuk libre geratu behar dira eta inoiz ez lukete epaitegi baten aurrera agertu beharko. Guztia beste batzuk egindako ekintza batzuengatik erantzuteko, multinazional handien eta munduko botere finantzieroaren interesak ordezkatzen dituzten nazioarteko erakundeen buruen exijentziak zehaztasun osoz jarraitu eta bete zituztenak, jendartearen gehiengoaren ahotsa entzun barik.

Horregatik gaur, duela bi hilabete bezala, LABek bat egiten du epaiketa hauen kontrako deialdi guztiekin. Epaiketa hauen helburu bakarra da boterearen erabakien kontrako mobilizazioa jazarri eta kondenatzea. Horregatik animatu nahi ditugu inposatutako politika hauek eta hauek sortzen dituzten egoerak baztertzen dituzten guztiak bi deialdiotan parte hartzera. Batetik, JEZeko enpresa-batzordeak deitu duen kontzentrazioa Laudion datorren urtarrilaren 20an 19:30ean Laudioko Herriko Plazan. Bestetik, LAB sindikatuak deitutako elkarretaratzea urtarrilaren 27an, epaiketaren eguna, 09:15etan Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegietan.

 

 

 

Euskotreneko tren gidariek greban jarraitzen dute

0

Amara eta Arasoko lan egoitzetako kaltetutako Langileen Batzordeak proposatu eta onartu ditu lan uzteak. LABek eta Independenteek deitu eta babestu dute. helburua da Tren Agente finkoen kopurua handitzea lortzea, kolektiboak irailaren 12a baino lehen zituen lan baldintzei eta jardueraren garapenari eusteko.

2016ko abenduaren 30ean, Amara eta Arasoko Langileen Batzordeak erabaki zuen greba deitzea Amara eta Arasoko egoitzetan (Gipuzkoa) jarraian agertzen diren egun eta orduetan:

• Urtarrilaren 19an: 19:00etatik 0:00etara.
• Urtarrilaren 20an: 24 orduko lanuztea.
• Urtarrilaren 24an eta 26an; otsailaren 13, 15 eta 17an: 06:25etatik 08:35etara eta 17:25etatik 19:35etara.
• Otsailaren 25ean: 16:00etatik 22:00etara.
• Urtarrilaren 28an; otsailaren 11n: 11:55etatik 16:05etara.
• Urtarrilaren 30ean; otsailaren 1, 3, 21, eta 23an: 6:55etatik 9:05etara eta 17:55etatik 20:05etara.
• Otsailaren 7, 9 eta 27an: 07:25etatik 09:35etara eta 18:25etatik 20:35etara.

Amara eta Arasoko lan egoitzetako kaltetutako Langileen Batzordeak proposatu eta onartu du greba hau. LABek eta Independenteek deitu eta babestu dute.

Greba hau deitzera eraman gaituen arrazoietako bat izan da Zuzendaritzak ezarri zuen lanpostu finkoen ugaritzea (Hendaia-Lasarte eta Amara-Zumaia ibilbideen artean frekuentzia berriak ezarri izanak eragindakoa), ez dela nahikoa Tren Agenteen kolektiboak irailaren 12a baino lehen zituen lan baldintzei eta jardueraren garapenari eusteko.

Bigarren arrazoia da, Zuzendaritzak ezetz esaten jarraitzen duela Arasorako lan egoitza aldaketak kaltetutako langilegoarentzat garraio plan bat berehala ezartzeari.

Hirugarren arrazoia izan da Zuzendaritzak negoziazioetan agertutako jarrera immobilista, arazoetako asko zerbitzuaren fidagarritasunarena, errekonozimendurako trenena edo langileentzako garraioarena, esaterako konponduko zituzten Alde Sozialaren proposamenei sistematikoki entzungor eginez.

Laugarren arrazoia izan da, uztailean, Zuzendaritzak negoziazioak hautsi zituela zerbitzu koadroak inposatuz. Koadro hauek irailaren 12an sartu ziren indarrean.

Eta azkenik, Zuzendaritzak auzitegietara eraman ditu Greba Batzordea osatzen zuten langileak, sindikatuak eta Batzorde Iraunkorra, inoiz egin ez ziren lanuzteengatik, bertan behera utzi baitziren.

Finean, grebaren helburua da Tren Agente finkoen kopurua handitzea lortzea, kolektiboak irailaren 12a baino lehen zituen lan baldintzei eta jardueraren garapenari eusteko, Arasoko lan egoitzako langileek beraien lanpostuetara joan ahal izateko zerbitzu publikoak erabiltzeko aukera izan dezatela, eta Zuzendaritzak bertan behera utz dezala jarritako salaketa.
 

 

 

Burujabetza prozesua azkartzeko apustua eramango du zuzendaritzak maiatzeko Biltzar Nagusira


LABeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur Bilbon, maiatzean egingo dugun 9. Biltzar Nagusiaren harira. Hain zuzen ere, eztabaida prozesuaren inguruko xehetasunak eman ditugu, eta Ponentzia-taldeen koordinatzaileek zuzendaritzak proposatutako ponentzia olitiko sindikala eta antolakuntza ponentzia aurkeztu dituzte. 

LABen 9. Biltzar Nagusia maiatzaren 25 eta 26an izango da, Gasteizen. Bada, Ponentzia-taldeen koordinatzaile Garbiñe Aranburuk, Igor Arroyok, Bea Martxuetak, Izaskun Garciak eta Maider Jauregik agerraldia egin dute gaur, zuzendaritzak aurkeztutako bi ponentzien ezaugarri nagusiak aurkezteko: ponentzia politiko sindikalean eta antolakuntza ponentzian jasotakoak, hain justu.

Ponentzia politiko sindikalaren arabera, Biltzar Nagusira burujabetza azkartzeko apustua eramango du zuzendaritzak, besteak beste: "Prozesua martxan jarri eta haustura demokratikoaren aldeko hautua egitea proposatzen dugu. Prozesu horrek, gehiengoen atxikimenduan oinarritu eta eratzailea eta eraldatzailea behar du izan".

Zentzu horretan, ponentzian honela marrazten du ekarpena: 

-Estrategia sozioekonomiko argia izatea. Kongresuan ponentziako ardatzak onartzen badira, ondoren zehaztuko dugu estrategia hori.
-Karta Sozialaren balio estrategikoan berrestea.
-Estatus politiko berrien eztabaidan klase interesak kokatzea: erabakitzeko eskubidearen alde egiten dugu eta hori gurera ekarriz, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrurako (LHBSEE) eta esparru sozioekonomiko propiorako bitartekoak eskuratzea izango da gure lehentasunezko borroka.
-Langileriaren aktibazioa eta mobilizazioa sustatzea.
-Eremu soberanistan adostasunak eraiki eta lankidetzaren alde egitea.

Zuzendaritzak beste erabaki nagusi hauek jaso ditu testuan:

-Euskal sozialismoa eraikitzeko apustua. Kapitalismoaren eraginpean jarraitzen dugu.
-Euskal Estatua, euskal sozialismoa eraikitzeko tresna.
-Bizitzaren sostengarritasuna gure eredu sindikalaren erdigunera ekartzea.
-Langile klasearen berrosaketa bultzatzea.
-Ekintza sindikal eta sozial integrala.
-Aliantzak bultzatu.

Eraldaketa feminista, lehen lerrora

LABeko ordezkariek ere antolakuntza ponentziaren berri eman dute. Bertan, zuzendaritzak sindikatuaren izaera definitzen duten baloreak nabarmendu ditu, eta LABen eraldaketa feministari bultzada emateko konpromisoa hartu du. Hauek dira erabaki nagusiak:

-Sindikatuaren izaera definitzen duten baloreak gaurkotu.
-Sindikatuaren eraldaketa feministari berrekin.
-Ekintza sozio-sindikal berritua egiteko gure tresnak indartu.
-Afiliazioa balioan jarri, antolatu eta parte hartzea sustatu.
-Klase subjektua berrosatzeari begira, langile sektore ezberdinak antolatzeko ahalegina egin.
-Zehar lerroak garatu.
-Langileekiko komunikazio bideak indartu.

Eztabaida prozesua irekita dago jada, eta, aurten, berritasun gisa, aplikazio telematiko bat jarri dugu abian afliatuen parte hartzea sustatzeko. Hain zuzen ere, informazioa jaso eta emendakinak aurkeztu ahal izango dute baliabide horri esker, besteak beste.

 


 APLIKAZIO TELEMATIKOA
9. BILTZAR NAGUSIAREN PROZESUAN LABeko
AFILIATU GUZTIEK PARTE HARTZEKO TRESNA

 

 

Epaiketa egongo da Gurutzetako hiru ordezkari sindikalen kontra, zinpeko zaintzaile batek egindako erasoagatik

2016ko maiatzaren 26an Gurutzeta Ospitalean antolatuta zegoen Urdulizko Ospitalean hainbat zerbitzu pribatizatzeko asmoaren kontrako ekimen sindikalean (zoritxarrez pribatizazioa errealitate bihurtu da eta aurrera doa azken egunetan, enpresa pribatuen esku sukaldea eta lentzeria arropa utziz, besteak beste), hiru ordezkari sindikal (LAB, ESK eta UGT) Prosetecnisa enpresako zinpeko zaintzaile batek bortizki erasotu zituen, ekintza guztiz baketsua egiten zutenean eskubide sindikalen alde eta desadostasuna azaltzeko injustua den egoera salatuz.

Antza denez, ESI honen zuzendaritzak antolatzen dituen ekimenetan ez du gustuko sindikatuetako kideak agertzea. Eta gure aldarrikapenei ematen dien erantzuna zinpeko zaintzaileak bidaltzea da, alegia, edozein modutan, gu isilarazteko asmoz.

Erasoa eta gero, zinpeko zaintzaileak bere burua lesionatu zuen eta ordezkari sindikalen kontra salaketa jarri ere. Guk ere salatu genuen erasoa. Astelehen honetan egingo da epaiketa.
Jasandako erasoa bezain onartezina izan da Gerentziaren jarrera, hasieratik zinpeko zaintzailearen jokaera bortitza onartu eta defendatu duena. Beraz, erantzukizuna erasotzailearena da, baina baita ere Prosetecnisa enpresako arduradunarena zein Osakidetzaren segurtasun buruarena eta gerentziarena berarena.

Egoera honi erantzuna emateko eta gure eskubide sindikalak defendatzeko, LAB sindikatuak elkarretarat deitu du Gurutzetako ospitaleko sarreran, hurrengo astelehenerako, hilaren 23an, 9.00etan; eta jarraian, Barakaldoko Epaitegian ere, 10.30etan.