2024-04-24
HomeIndustriaMetalgintzaMichelinetik kaleratutako langile bati Europako jurisprudentzia ezarri ondoren, kalitatezko enplegu finkoa eskatzen...

Michelinetik kaleratutako langile bati Europako jurisprudentzia ezarri ondoren, kalitatezko enplegu finkoa eskatzen dugu

EAEko Auzitegi Nagusiak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia aplikatu dio Gasteizko Michelin enpresan aldi baterako lanean zegoen langile bati. Horren ondorioz, bere kontratua bukatutzat ematean, indemnizazioa lan egindako urte bakoitzeko 12 egunekoa izatetik, 20 egunekoa izatera pasa da. LABek hori baliatu nahi du Michelini kalitatezko enplegu finkoa exijitzeko.

Michelinek langileari kontratu ebentuala produkzio-gorabeherengatik egin zion eta duela ia urtebete, eta enpresak jakinarazi zion langileari kontratua bukatutzat ematen zuela, 12 eguneko kalte-ordaina ordainduta. LAB sindikatuak horren kontrako demanda aurkeztu zuen eta Gasteizko epaitegiak aipatu ez bazuen ere, helegitea aurkeztu ondoren, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia berria aplikatu ahal zaiola. Beraz, kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko 20 egunekoa
izan behar dela erabaki du, epaia irmoa izanik.

Euskal Herriko eremu industrialean jurisprudentzia hori aplikatzen duen sententzia aitzindarietako bat izan daitekeelakoan gaude. Gainera, ezin dugu ahaztu Michelinen bertan hamarnaka langile eta langile ohi egoera berean egon daitezkeela. Beraz, LABek dei egiten dio enpresari hemendik aurrera jurisprudentzia hori zuzenean aplikatzeko, bitarteko, produkzio-gorabeherengatiko eta obrako kontratuetan, bai oraingo langileei baita azken urtean egoera horretan egon diren langile ohi guztiei.

Horren kontura ere, LABek uste du epai hau oinarri hartuta, ebentualitatea eta iruzurrezko kontratazioa ezabatu eta kalitatezko enplegu finkoa bultzatu behar dela, bai Michelinen baita beste enpresetan ere.

Azkenik, langileei eta langile ohiei deia luzatzen diegu aktibatzeko eta beraien eskubideak borrokatzeko, bai enpresan baita epaitegietan ere.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.