2026-04-22
Blog Page 102

LAB etxebizitza eremuan ere antolatzen hasi da

Lantokietan nola, etxebizitzaren eremuan ere ekintza sindikalaren bidez patronalari aurre egingo dio.

Sindikatuko afiliatuek etxebizitzarekin dituzten arazoak borrokatzeko aukera izango dutela esan du LABek, eta dagoeneko hainbat gatazka kudeatu eta irabazi dituela.

Etxebizitza larrialdia euskal langileok pobretzeko lehen mailako arazo bezala ezaugarritu du sindikatuak eta, ezer egin ezean egoerak okerrera egingo duela sinetsita, etxebizitza patronalari kontrabotere sindikalismoaren bidez aurre egiteko deia luzatu du.

LABek agerraldia egin du gaur Bilbon, eta, azken hilabeteetan prestatzen aritu dena publiko egin du: etxebitzitzaren gatazkan modu zuzenean arituko da sindikatua.

Garbine Aranburu koordinatzaile orokorrak eta LABek antolatuta dituen etxebizitza asanbladetako baten kide den Zuriñe Gonzalezek hartu dute hitza gaurko agerraldian. Aranburuk gobernuek etxebizitza politikak negozioa handitzera bideratu dutela dituztela eta egun etxebizitza larrialdia bizi dugula salatu du. “Merkatuaren esku utzita, etxebizitza eskuratzeko ezintasuna biderkatu egin da, prezioak etengabe igo dira eta gero eta langile sektore gehiago pobretzeko arrazoi bilakatu da.”

Horrela, langileak aberastasuna modu justuan birbanatzeko soldata igoeren aldeko borroketan murgilduta daudela adierazi du, baina, aldi berean, soldataren gero eta zati handiagoa etxebizitza gastuek jaten dutela. “Inoizko enpresa etekin handienen berri izaten ari gara eta lantokietan sortzen dugun aberastasuna ekintza sindikalaren bidez borrokatzen dugu. Lortutako soldata igoerak, baina, etxebizitza gastu geroz eta handiagoek apaltzen dute dituzte. Horregatik, beehar beharrezkoa behar-beharrezkoa dugu etxebizitzaren eremura ere sindikalismoa eramatea, kapitalari lantokietan bezala, bizi baldintzak hobetzeko borroka fronte guztietan egiteko”.

Hori bera izan da gaurko agerraldian LABek erdigunera ekarri nahi izan duena. Hemendik aurrera, etxebizitzaren gatazkan modu zuzenean jardungo du sindikatuak, afiliatuak antolatuz eta borrokarako bitartekoak eskainiz. Modu partikularrean bizi diren arazoak sindikatuan antolatuko du LABek, eta ekintza sindikala antolatuko du, Aranbururen esanetan, “afiliatuen gatazka bakoitzari aterabide kolektiboa antolatuz eta eraldaketa orokorragoen aldeko ekintza soziosindikala garatuz”.

Antolatzeko ereduari begirako zehaztasunak orain arteko lanean buru-belarri aritu den Zuriñe Gonzalezek azaldu ditu. “Asanblada kolektiboak antolatu eta afiliatuen aktibazioa eta protagonismoa bilatzen dugu”. Modu berean, dagoeneko hainbat gatazka antolatu eta irabazi dituztela adierazi du. “Nafarroan etxetik bota eta kale gorrian geratzekotan ziren LABeko bi kide eta haien familien egoerei aurre egin diegu prozesu banatan. Bi kasuetan, etxegabetzeak gelditzea eta akordio berriak egitea lortu dugu. Gasteizen ere hainbat negoziazio izan ditugu eta gure afiliatuentzat kontratu onuragarriagoak lortu ditugu. Era berean, banketxeekin hipoteka gastuen ehunka helegite kudeatu ditugu, eta itzuli gabe zeuzkaten milaka eta milaka euro berreskuratu.”

Amaitzeko, ‘Langileen alde, etxebizitzaren negozioa eten!’ kanpainari segida emango diotela adierazi dute eta hainbat neurri eta aldarrikapen bildu dituzte honen baitan. Helburu nagusia etxebizitzaren desmerkantilizazioa izan behar dela aldarrikatu du LABek, eskubide gisa errealki gauzatzeko. Horrekin batera, prezioen kontrolaz gain, hauen berehalako jaitsiera eragingo duten neurriak eskatu dituzte, baita pisu turistikoen debekua ere. “Etxebizitzak bizitzeko izan behar dira lehentasunez, eta parke publikoa handitu behar da alokairu soziala biderkatuz.” Espekulazioari mugak jarri eta une honetan gobernuek dituzten mekanismoak aplika ditzatela ere eskatu du sindikatuak, EAE tentsionatutako eremu izendatu dadin eta politika fiskala maizterren aldekoa izan dadin.

[IRITZIA]: U-30eko Greba Orokorretik bost urte: bagoaz aurrera!

Jarraian irakur dezakezue Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorren iritzi-artikulua.

Gaur bete dira bost urte, lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatuz, Hego Euskal Herrian Greba Orokorra egin genuenetik. 2020ko urtarrilaren 30ekoa, pentsiodunen mugimenduaren, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eta sindikatuon arteko konfluentziatik sortutako Greba Orokorra izan zen. Aurreko urteetako greba feministen ekarpen ideologiko eta organizatiboak ere barnebildu zituen. Murrizketa jakin bati erantzun baino, aldarrikapen taula baten alde indarrak biltzea zuen helburu.

Greba Orokorrak arrakasta handia izan zuen baina, jakina denez, pandemiak baldintzatu egin zuen ondorengo kudeaketa. Enpresen etekinak lehenesten zituen kudeaketa salatzea, oinarrizkotzat jotako jardueretan lan baldintza duinak eskatzea eta osasun sistema publikoa indartzea bilakatu ziren garai hartako lehentasunak. Ondoren, pandemia osteko prezioen gorakada Ukrainako gerrarekin areagotu egin zen eta erosmen ahalmena bermatzeko hamaika borroka piztu ziren. Greba Feminista Orokorrean, berriz, pandemiak agerian utzitako zaintza krisia salatu eta zaintzarako eskubide unibertsala bermatuko duen sistema publiko komunitarioa aldarrikatu genuen.

Borroka sindikal eta sozialari dagokionez urte mamitsuak izan dira, izan direnez. Eta horri esker, 2020ko Greba Orokorrari begira plazaratutako aldarrikapen taulako zenbait helburu lortu egin ditugu, hala nola, pentsioen jasangarritasun-faktorea kentzea eta pentsioen eros-ahalmena bermatzea (gutxienez KPIaren pareko igoera bermatuz); lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea; hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate

mugagabea ezartzea; herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenestea estatu mailako hitzarmenen gainetik; edota enpresako hitzarmen batek sektorekoaren baldintzak okertzeko aukerarik ez izatea.

Hala ere, Greba Orokorrak aldarrikatzen zituen eta prekarietateari muga jartzeko funtsezkoak diren hiru neurri lortzeke ditugu: etxebizitzarako eskubidea, gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata. Elkar lotutako hiru aldarrikapen dira hauek. Soldata duinik ezean, ez dago pentsio duinik, ez eta etxebizitzarako sarbiderako aukerarik. Eta, era berean, etxebizitzaren prezioak mugatu ezean, espekulazioak soldata eta pentsio igoera oro jan egingo luke.

Neurri hauek, gainera, aberastasuna banatzeko eta langileen arteko arrakala desberdinak murrizteko funtsezkoak dira. Gutxieneko pentsioa, esaterako, kotizatu ez baina bizitzan zehar lan pila bat egin duten emakumeekiko dugun zor patriarkala ordaintzeko moduetako bat da. Gutxieneko soldataren igoerak, berriz, baldintzarik kaskarrenean dauden langileei (emakumeak, migratuak, gazteak, aniztasun funtzionala dutenak) mesede egingo lieke zuzenean; ez beraiei bakarrik, langileria osoaren soldatak hobetzeko akuilua litzateke.

Zorionez, abian dira hiru gai horietan ere aldaketa esanguratsuak lortzeko ekimenak. Batetik, etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio dinamika piztu da Ipar nahiz Hego Euskal Herrian. Gaur bertan, LAB sindikatuak iragarpen garrantzitsua egin du: etxebizitza eskubidearen aldeko sindikalismoa egiten hasiko da. Honela, lan arloan bezala, etxebizitzari dagokionez ere LABeko afiliatuek aukera izango dute euren arazoari konponbidea emango dion ekintza sindikala aktibatzeko.

Gutxieneko pentsioari dagokionez, berriz, pentsiodunen mugimenduak urtetan aldarrikatutako 1.080 eurora gerturatu gara Nafarroan, baina bizitzaren garestitzeak beste urrats bat ematea eskatzen du. Helburu horrekin jarri da martxan, hain zuzen ere, estatuko lanbidearteko soldataren parekoa litzatekeen pentsio bat bermatzea aldarrikatzen duen dinamika; EAEren kasuan, herri ekimen legegilea abian jarri du pentsiodunen mugimenduak.

Azkenik, gutxieneko soldata propio duin bat lortzeko azken urteotan egindako lan isilak bere emaitzak eman ditu eta agenda politikoaren erdigunean kokatu da aldarrikapena. Bi dira abian jarri ditugun bideak, elkar elikatzen dutenak.

Lehena: Sindikatuen eta Patronalaren arteko lanbidearteko akordioa. Egungo legediaren arabera, euskal langile guztientzat estatukoa baino altuagoa litzatekeen gutxieneko soldata adostu liteke; EAEren kasuan sindikatu guztiok bat egin dugu eskaera horrekin. Lanbidearteko akordio bat egiteak, milaka langilerentzako berehalako onura ekartzeaz gain, indartu egingo luke EAEko zein Nafarroako Gobernuek gutxieneko soldata finkatzeko ahalmena eskuratzeko aldarrikapena, alde guztiek gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzeko borondatea dutela irudikatuko lukeelako.

Bigarren bidea, Herri Ekimen Legegilearena, EAE eta Nafarroako legebiltzarren ekimenez Langileen Estatutuaren aldaketarako prozedura aktibatzean datza, Gobernu biek estatukoa baino altuagoa litzatekeen gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena eskuratu dezaten. Patronalak lehen bidea blokeatuko balu, Herri Ekimen Legegilearen sinadura bilketa, eztabaida legebiltzarretara eramateko ez ezik, Patronala interpelatzeko tresna ere izango litzateke, honek gutxieneko soldata ezartzeko akordioari baiezkoa eman diezaion.

Honela, gutxieneko soldata propioaren alde abian jarri dugun dinamikak ekarpen egiten dio hala EAEn nola Nafarroan estatus politikoaren inguruan zabaltzen ari den eztabaidari; euskal herritarren bizi baldintzak hobetu ahal izateko, burujabetza handiagoaren beharra nabarmentzen du.

Honela, hurrengo hilabeteetan langile orok izango du aukera Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrak aldarrikatutako lan, pentsio eta bizitza duinaren bidean ekarpena egiteko. Gutxieneko pentsioaren eta gutxieneko soldataren herri ekimen legegileak sinatuz, patronala eta instituzioak interpelatzeko mobilizazioetan parte hartuz edota etxebizitza eskubidearen alde sindikalizatuz. Bagoaz aurrera!

Hezkuntza Publikoko Sukalde eta garbiketan ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuek eta hauek agintzerakoan Eusko Jaurlaritzak egindako akatsak grebaren jarraipena baldintzatzea dute helburu

Hala ere sindikatu deitzaileek jarraipen oso zabala espero dute egun dituzten datuen arabera.

Urtarrilaren 30-31 eta otsailaren 19-20ko grebetara Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketako 1.000 langile inguru daude deituak. Grebak deitu dituzten LAB, ELA eta CCOO sindikatuek salatu nahi dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla.

Gainera, akats bat egon da aginduan eta gaur arratsaldeko 14.00ak arte ez da zuzendu. Honek nahasmen handia suposa dezake. Izan ere garbiketako langile guztientzako %50eko Zerbitzu minimoak ezarri zituen hasieran. Sindikatuok aurkeztutako idatzi baten ondorioz agindua zuzendu du eta Haur Hezkuntzan eta hezkuntza bereziko zentroetara mugatu ditu garbiketako Zerbitzu minimoak. Baina zuzenketa hau oso berandu dator eta honek eragina izan dezake.

Gutxi balitz Hezkuntza saila gutxieneko zerbitzuen aginduaren aplikazioa modurik zorrotzenean interpretatzen ari da, langile kopuru ahalik eta handiena lanera joatera behartzeko. Bestalde, grebak prentsan iragarri ostean eskatu diren lizentzia edo baimen egunak ez dituela onartuko eta eskatuta zituztenak ez dituela ordezkatuko jakinarazi digu. Modu horretan, greba egiteko hautua egin duten hainbat langile zerbitzu minimo gisa lan egitera behartuz.

Honekin guztiarekin Jaurlaritzak grebaren jarraipena baldintzatu nahi du.

Hala ere, gaur gaurkoz jasotako datuen arabera, grebarako eskubidea izango duten langileen artean, grebak jarraipen oso zabala izango duela aurreikusten dute sindikatuek.

Gaur ere Haurreskolak Partzuergoko grebak oso jarraipen zabala izan du, atzokoaren parekoa

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok deitutako grebak bigarren egunez %85etik gorako jarraipena izan du.

Atzo Eibarren burutu genuen manifestazioan ehunka haur hezitzaile eta kudeaketa alorreko langile bildu ginen. Gaur beste horrenbeste bildu gara Bilbo, Donostia eta Gasteizko Hezkuntza ordezkaritzetan egindako elkarretaratzeetan.

Beste behin ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak direla eta hamarnaka haur hezitzaileri greba eskubidea ukatu zaiela; batez ere Haurreskola txikietakoei eta, ondorioz, greba bera baldintzatua geratzen dela.

Bi greba egun hauetan 16 urtez hitzarmena eguneratu gabe dagoela salatu dugu. Lan zamak arintzea, gazteberritze plana adostea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela argi adierazi dugu.

Aldarrikapen hauekiko erantzunik ez balego, grebetan jarraitzeko indarra daukagula ozen esaten dugu.

Beraz, Haurreskolak Partzuergoari grebak desaktibatzeko estrategiak alboratzeko eta eskaera horiei erantzungo dieten proposamenak egiteko eskatzen diogu. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitu, baliabidez hornitu eta lan baldintzak hobetzea.

1.500 haur hezitzaile eta kudeaketa alorreko langileak daude gaurko grebara deituak. Aipagarria da gaur ere hainbat eta hainbat haurreskolek %100ean greba babestu izana, esaterako:

Araba: Gasteizko Aranbizkarra, Henrike Knörr eta Arana; Agurain eta Dulantzi.

Bizkaia: Bilboko Zamakola eta Arangoiti, Durango eta Getxo.

Gipuzkoa: Donostiako Loiola, Villabona eta Eibarko Arrateko Andra Mari.

Greba arrakastatsuak izan dira “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean. Adostasunik lortu ezean jarraipena emango diogu otsailak 12rako eta 13rako deitutako greba deialdiei ere.

Hezkuntza publikoko irakasleek hasitako greba dinamika eta haurreskoletako langileek segitu duguna, bihar eta etzi jarraipena izango du Hezkuntza saileko sukalde eta garbiketa kolektiboan. Hemendik agur bero bat bidali nahi diegu.

LABek salatu du EAEko Enplegu Zentro Berezien hitzarmeneko lehen negoziazio mahaia ez dela osatu, patronalen borondate faltagatik

Gaur, urtarrilak 29, LABek deituta, Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu Zentro Berezietako lehen hitzarmen kolektiboa lortzeko negoziazio mahaia osatu behar zen. Salatu nahi dugu EHLABE-k, sektorean ordezkaritza handiena duen patronalak —sektoreko enpresa handiek osatzen dutena: Lantegi Batuak, Katea Legaia, Indesa, Gureak eta Berezilan— bizkarra eman diela aniztasun funtzionala duten 10.000 langileri baino gehiagori.

EHLABE ez da deialdira aurkeztu, eta berau da sektorean ordezkaritza handiena du patronala. Horregatik, beste mahai bat deitzea erabaki da, eta, beste behin, patronal guztiei deituko zaie.

Laguntza ekonomikoen eta hainbat lizitazioren bidez finantzatzen diren enpresa horiek, beste behin ere, langileak prekarizatzen eta esplotatzen jarraitzea erabaki dute: lanbidearteko gutxienekjo soldatari lotutako soldatak, gehiegizko lanaldiak, langileen aniztasunak kontuan hartze ez dituen lan osasun pribatizatua… Gizarteratzearen eta enplegu babestua sortzearen aldeko apustua egiten duten enpresak direla diote, baina, benetan, langile hauekin negozioa egiten ari dira, lan-indarraz aprobetxatzen eta diru publikoarekin.

LABek negoziazio kolektiboaren eta sektore honetako lan eta bizi baldintzen hobekuntzaren aldeko apustua egin du. Uste dugu estatalizazioari aurre egin behar diogula, eta hitzarmen kolektibo bat lortu behar dugula, aniztasun funtzionala duten milaka langilerentzako aterki eta egonkortasuna emateko ttresna gisa balioko duena, egiten duten lanari duintasuna eta balioa emango diena.

Horregatik, LABek, negoziazio mahaian salatzeaz gain patronalaren presentzia beharrezkoa dela, sektoreko langile guztientzako dinamika mobilizatzailea eta eskaintza sindikala martxan jarriko ditu.

Gaur aukera historiko bat galdu dute. Badakigu badakitela aniztasun funtzionala duten pertsonen lana duintzea ez dela haien lehentasuna; horregatik, LAB sindikatuak Enplegu Zentro Berezietako lehen hitzarmen kolektiboa lortzeko benetako negoziazio bat gauzatzeko borrokan jarraituko du.

Elkarrizketarako deien artean administrazioko langileen erretiro plan murritza inposatu du Jaurlaritzak beste behin

Medioen bidez jakin dugu Eusko Jaurlaritzak Administrazioko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialeko Plana onartu duela Gobernu Bileran. Horren aurrean, beste behin ere, LABek funtsa eta formak salatu nahi ditu.

• Forma aldetik, beste neurri bat inposizio bidez onartu du Jaurlaritzak. Azaroko Mahai Orokorraren bileran sindikatuon gehiengoaren babesa ez zuen jaso, baina negoziatzen jarraitzeko eta ekarpenak egiteko prestasuna agertu genuen. Jaurlaritzaren erantzuna izan zen sindikaturen bat prest egonez gero aurrera eramango zutela, gutxiengoa izanda ere. Azken greba eta mobilizazioen aurrean Jaurlaritza egiten ari den elkarrizketarako deiak gezurrezkoak direla argi utzi du oraingoan ere. Beste bilerarik egin gabe, negoziatzen saiatu gabe ere, neurria aldebakarrez inposatu du Eusko Jaurlaritzak.

• Forma aldetik ere, ulertezina egiten zaigu dagoeneko sinatuta dagoen akordioa urtero berrestera aurkezten temati jartzea, negoziazio kolektiboan beste inon ikusten ez den aldrebeskeria. Itxurakeria hutsa.

• Funtsaren aldetik, urtero salatu izan duguna errepikatuko dugu: edukia lan kontratuko langile finkoei mugatuta dagoela. Kanpoan gelditzen dira behin-behineko langileak eta funtzionarioak.

Inposatutako neurri hauek kolektibo guztiei irekitzeko aukera egon badago, baina borondaterik ez du Eusko Jaurlaritzak. LABek gai honi eta iazko greba deialdietako aldarrikapen taulari helduta mobilizazioak deitzen jarraituko du.

LABek Guardianeko Laudioko lan zentroko labea itzaltzeko erabakiaren aurrean dituen tresna guztiak martxan jarri ditu hau geldiarazteko

Guardianek labea itzaltzea aurreratzeko asmoak eta erabakia ikusirik, LABek Lan-ikuskaritzan salaketa jarri, eta Osalanen eta Lan-delegaritzan ere eskaerak martxan jarri ditu. Horrekin batera mobilizazioei ekingo zaie eta urtarrilaren 30ean greba mugagabea deituta dago.

Azkenengo egunetan Guardianen zuzendaritzatik egindako mugimenduen ostean eta Laudioko lan zentroko labearen itzaltzea bihar urtarrilaren 29ra aurreratzea jakin zenetik, honi aurre egiteko hainbat tresna jarri dituzte martxan LABek eta Guardianeko enpresa-batzordeak.

Guardian enpresa enpresa-batzordearen greba deialdiari aurreratu egin zaio eta otsailaren 3rako programatuta zeukan labearen itzaltzea urtarrilaren 29ra aurreratu du. Beraz 30erako deituta dagoen grebak ez lioke neurri honi zuzenean eragingo.

Labea Guardianek aurrikusi duen moduan itzaltzen bada, Laudioko lan zentroaren etorkizuna kolokan geratuko litzakete, atzera bueltarik ez duen neurri bat izan daitekeelako. Honen aurrean bai enpresa- batzordeak eta baita LABek ere beren esku dituzten tresna guztiak martxan jarri dituzte: mobilizazioak, ekintza sindikala eta juridikoa.

Horien artean lan-ikuskaritzan salaketa aurkeztu du LABek, baita Osalanen eta Lan-Delegaritzan eskaera bana. Eskaera hauetan, labearen itzaltzea gelditzeko hainbat arrazoi daudela salatzen du LABek eta bertan esku-har dezaten eskatzen die. Hiru entitateei urgentziaz aritu eta haien artean koordinatzeko eskatzen die LABek, baita Industria Sailaren kolaborazioa ere.

LABen ustez hainbat arrazoi daude labearen itzaltzea gelditzeko, baina horien artean pisu handiko bi arrazoi daudela trasladatzen du. Alde batetik segurtasun irizpideak daude, ez baita segurua ez langile, ez instalazio ezta agian herri eta ingurumenaretzat ere, presaka eta korrika horrelako labe eta instalazio bat amatatzea, inolako aurreikuspen eta protokolo argirik gabe. Eta bigarrenik, langileen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez direla uste du LABek, ez baitira negoziatzeko oinarrizko irizpideak eta eskudideak errespetatzen. Arrazoi berdin hauei jarraiki, ikuskaritzara eta EAEko Auzitegi Nagusira ere jo du enpresa-batzordeak.

Honekin batera, Guardianek labea era arduragabe eta bidegabean itzali eta enpresa ixtera kondenatu nahi duela ikusirik, egingo diren mobilizazio eta ekimen ezberdinetan parte hartzera deitzen du LABek. Bihar, urtarrilak 29an, goizean 7:00etatik 10:00etara Guardianeko sarrera aurrean labea gelditu ez dadin egingo den kontzentraziora eta urtarrilaren 31n 18:00etan egingo den mobilizaziora parte hartzera deitzen du LABek.

Mobilizazio, ekintza sindikal eta juridiko guzti hauekin labearen eta enpresaren etorkizuna bermatu ahal izatea espero da, eta honekin batera beharrezkoak diren ekimenak martxan jartzen aztertzen jarraituko du LABek.

Borrokak bizirik dirau! Guardinaeko labea ez itxi! Guardian ez itxi!

Nafarroako enpresa publikoen gehiengo sindikala adi-adi joanen da Gobernuarekin lortu duen bilerara, baliteke-eta akordio sektorial baten negoziazioa ekartzea

Nafarroako enpresa publikoetako LAB, Lankide, UGT eta CCOO sindikatuek jakinarazi nahi dute datorren ortzegunean, urtarrilaren 30ean, enpresa publikoen eremuan akordio baten negoziazioa sustatzeko mahaia eratuko dutela, Nafarroako bulego eta langelen hitzarmenaren xedapen gehigarriak ezarritakoari jarraiki.

Sindikatu hauek historikoki Nafarroako enpresa publikoendako hitzarmen propioa eskatu izan duten arren, eta talde parlamentarioek aldarrikapen horri babesa eman izan dioten arren, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak [NEKP] formula alternatibo bat proposatu zuen, Nafarroako Gobernuko enpresa publiko elkartuen eremua aitortzen duena, lor daitezkeen akordioei segurtasun juridikoa ematen diena eta enpresa publiko guztiei dagozkien arazoen inguruko negoziazioa hasteko aukera ematen duena.

Beraz, LAB, Lankide, UGT eta CCOO sindikatuak adi-adi joanen dira negoziazio horretara, baina jarrera konstruktiboarekin eta enpresa publikoen langile guztien baldintzak hobetuko dituzten akordioak lortzeko asmo sendoarekin. Era berean, sindikatuek NEKPi eta Nafarroako Gobernuari eskatu nahi diete egoerak eskatzen duen mailan egon daitezela, enpresa publikoen sorreratik dauden arazo zehatzak konponduko dituen akordio batera ailegatzeko.

Urtarrilaren 30eko Nafarroako irakaskuntza publikoko greba deitu duten sindikatuek Hezkuntza Departamentuaren jarrera itxia salatu eta deialdia berretsi dute

Gaur goizean bilera batera deitu du Hezkuntza Departamentuak LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek osatzen duten Nafarroako irakaskuntza publiko ez-unibertsitarioaren urtarrilaren 30eko greba batzordea. Bileraren ostean, sindikatu hauek salatu bertzerik ez dute Departamentuko arduradunak hitzordura gogorik gabe eta aurrez prestatu gabe joan direla.

Aitzitik, greba deitu duten sindikatuek mahai gainean paratu dituzte euren aldarrikapen guztiak. Batetik, Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute LAB, Steilas, CCOO eta ELAk, eta irakasleen greba eskubidea bermatzeko kontraproposamena egin dute. Bertzetik, iragan azaroaren 18an Departamentuak aldebakarrez bukatutzat eman zuen negoziazioari berriz ekitea exijitu dute sindikatuek, eta balizko itun berri baten negoziazioetatik aldentzea. Baina tamalez, bertze behin ere, Hezkuntza Departamentuak bere jarrera itxiari eutsi dio eta ez die kasurik egin gehiengo sindikalaren aldarrikapenei. Horrenbertzez, sindikatuek ortzegun honetako greba deialdia berretsi dute.