2026-07-05
Blog Page 1019

Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmena sinatu da

0

LABek, sektoreko delegatuen batzarraren erabateko adostasunarekin, Gipuzkoako Grafikagintzako hitzarmena sinatu du. UGTk ere sinatu du. Hitzarmenaren sinadurarekin langileen eros-ahalmena bermatzeaz gain, sektoreko lan baldintza guztiak, baita soldata eta lanaldia ere, 2021era arte bermatu ditugu, lan erreformari aurre eginez.

ADEGI lan erreformaren jarraitzailerik sutsuena izanik, atzera egin behar izan du eta 3 urteko ultraktibitatea onartu (lan erreformaren urtebetekoa gehi beste bi urte). Honek duen garrantziaz ohartarazi nahi dugu, gainerako sektoreetarako aurrekaria izan daitekeelako. Lorpen hau, zalantzarik gabe, langileen borrokaren emaitza izan da.

Azkenik, arrazoi ezberdinak direla medio, ELA eta CCOOek ez sinatzea erabaki dute. Sindikatu hauen erabakia guztiz errespetagarria bada ere, bere erabakia hartzeko erabilitako argudioak ez horrenbeste.

CCOOk nahiz ELAk arrazoi juridikoak aipatu dituzte, ea ultraktibitatearen akordio berri honek dagoena kaltetuko ote duen. Ez zaigu serioa iruditzen, euren plataforman zein negoziazio mahaian LABek dioen gauza bera adierazi baitute. Plataformak eta aktak publikoak dira. Koherentzia garrantzitsua da.
 

 

 

Indauxeko langileek greba egin dute

0


Hitzarmena negoziatzen ari dira, eta zuzendaritzak egindako proposamena "itxia" eta "kaltegarria" dela salatu dute. Mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute langileek; beste batzar bat egingo dute bihar, urtarrilerako deituko dituzten protestak adosteko. Bi urte daramate dagoeneko hitzarmena negoziatzen.

Getariako Indaux enpresako langileek, lan taldearen %90 baino gehiagoko babesarekin, greba eguna egin dute gaur lan hitzarmen duin baten alde. Hitzarmena negoziatzen ari dira, baina, langileen batzordearen hitzetan, enpresaren proposamena "itxia" eta "kaltegarria" da. Beste gauza batzuen artean, langile berriak 6 urteetan Indauxeko tauletatik behera egotea, erreforma laboralen aurkako klausulak ez onartzea edo soldata igoera KPI-ri lotu gabekoa izatea eta %0,25-0,55 artean finkatzea proposatzen du enpresak. 

Hala, LAB, ELA eta INDEP osatutako langileen batzordeak, langileen ia guztien berrespenarekin, ez ditu baldintza horiek onartu: "Eskatzen duguna da lankide guztiek soldata bera eduki dezatela, lan beraren truke; soldata igoerek KPI erreferentzia mantenduz gaur egungo igoera mailan behar dutela (Gipuzkoan, batez bestekoa, %0,90 da); langile berriek Indauxeko tauletatik jasotzea soldata; taulak eguneratzea soldata igoerekin; eta behin behineko langileak finko gelditu daitezela".

Goizeko batzarraren ostean, langileek erabaki dute mobilizazioekin jarraitzea, eta, horretarako, bihar, abenduak 23, beste batzar bat egingo dute. Urtarrilean zein mobilizazio egin erabakiko dute, bozketaren bitartez. 

 

 

 

Eskoletako jantoki publikoetako negoziazio mahaia osatu da

LABek sustatuta eskoletako jantokien negoziazio mahaia osatu berri da. Hala, kolektibo honi zuzendutako hirugarren hitzarmena lortzeko epea zabalik dago. Negoziazio honekin lan baldintzak parekatzea dugu helburu, Eusko Jaurlaritzako gure lankideekiko. Egonkortasuna, lanpostuaren iraupena eta kolektiboaren formakuntza ere ditugu xedeen artean.

LABek argi utzi nahi du negoziazio honek ez duela aurrekoaren bide bera jarraitu behar. Negoziazio horrek hiru ikasturte iraun zuen, eta 36 greba egin ziren guztira. Prozesu hartan, Eusko Jaurlaritzaren esleipenen bitartez zerbitzua eskuratu zuten enpresek familiak, haurrak eta langileak bahitu zituzten nolabait, enpresa horien interes ekonomikoek oztopatu baitzuten negoziazioa.

Enpresei ez ezik, Hezkuntza Sailari ere paper garrantzitsua ematen diogu negoziazioan. Aurreko mahaietan ez zen egon, eta bere hutsunea nabarmena izan zen.

Hitzarmen honen negoziazioan, hiru aldeak mahai berean egotea eskatzen dugu: Eusko Jaurlaritza, enpresak eta langileak. Eta ez da kapritxo hutsa. Enpresei dagokien kudeaketari buruzko gaiak hizpide izango ditugu negoziazioan, baina ezin dugu ahaztu, hitzarmenetik harago, langileok ere 2000ko Arautegiaren legegintzaldiaren baitan ari garela lanean, eta arautegi hori Hezkuntza Sailak egin zuela, eta orduz geroztik ez
duela gaurkotu.

Arautegi horrek eskola komunitateko hainbat eragilek eta LABek arbuiatu dute behin eta berriz, gure eskoletako jantokietan ezarri eta inposatutako ereduari erantzuten ez diolako.

LABek agortutzat ematen du egungo eredua. Jantoki publiko eta osasuntsuen alde egiten dugu, eta ikastetxe bakoitzaren Eskola Proiektuan integratu daitezela eskatu. Jangeletako hezitzaileek lan baldintza berak izan behar dituzte, azpikontratak desagertu behar dira, eta formakuntza eta euskalduntze egitasmo integral bat gauzatu behar da, guztiok eskola komunitatearen parte izan gaitezen.

Hezkuntza eredu publiko, osasuntsu, justu eta burujabe baten alde egiten dugu.

 

 

 

Armagabetzean “tresna independenteak” beharrezkoak direla berretsi dugu

0


Pasa den ostiralean Luhuson egindako atxiloketen inguruan egiten duten irakurketa eta armagabetze prozessuaren inguruko jarrera azaltzeko medioen aurrean izan dira Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ezberdinetako ordezkariak (PNV, EH Bildu, Podemos Nafarroa, Geroa Bai, Podemos Donostia, ELA, LAB, STEILAS, Etxalde, Antikapitalistak). Erakunde hauek,
bakearekin duten konpromisoa adierazi dute berriro publikoki.

Alderdi politiko, sindikatu eta eragileen irakurketa:

Prentsa agerraldi honetan bildu garen alderdi eta sindikatuok balorazioa egin dugu joan den ostiralean izan zen Luhusoko operazioaren ondoren sortu den egoerari buruz, eta honako gogoeta eta eskariak plazaratu nahi ditugu:

  1. Gure poza agertu nahi dugu aske utzi dituztelako atxilotu zituzten pertsonak: Txetx Etcheverry, Michel Berhocoirigoin, Béatrice Molle-Haran, Michel Bergougnan eta Stéphane Etchegaray. Halaber, oso positiboa deritzogu ehundaka hautetsi eta kargu instituzionalek adierazi duten konpromisoari, baita izan den mobilizazio sozialari ere; hori izan da zati handi batean gertatu denaren arrazoia.
  2. Joera politiko guztietako Iparraldeko hautetsi asko eta askok egin duten bezalaxe, espainiar eta frantses gobernuei eskatzen diegu beren ardura aintzat har dezatela eta lagun dezatela armagabetze ordenatu, kontrolatu, seguru eta gardena izan dadin, antzeko kasuetan aplikatu ohi diren nazioarteko estandarren arabera.
  3. Uste dugu eginkizun honetan beharrezkoak direla egiaztatzeko tresna independenteak, esaterako Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, zeinak gure erakunde, alderdi eta euskal jendarteko antolakunde errepresentatiboek aitorpena duen.
  4. Halaber, nahiko genuke Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, segurtasun arloan dituzten eskumenak medio, lagungarri izatea armagabetze hori arrakastaz gara dadin. Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek, baita Iparraldean eratuko den Lurralde-Elkargoak, prozesu horren jarraipena egiteko aukera izan behar dute.

Ziur gaude armagabetze hau arrakastaz burutzeko berebiziko bultzada izan daitekeela erakunde errepresentatiboen, egiaztatze instantzien eta jendarte zibileko antolakundeen arteko artikulazio egokia. Horregatik, gaur eta hemen gure erakunde politiko eta sindikalek bakearekin duten konpromisoa adierazten dugu.
 

 

 

Jaso Industrialeko langileek manifestazioa egin dute hitzarmen duinaren alde

0


Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileek hiru aste daramatzate jada greba mugagabe partzialean. Honekin batera bigarren asteazkenez jarraian manifestazioa egin dute hitzarmen duin bat aldarrikatuz. Momentuz zuzendaritzak ez du negoziazio borondaterik azaldu. Honen aurrean langileek mobilizatzen jarraituko dute.

Jaso Industrialeko enpresa batzordearen oharra:

Itsasondoko JASO INDUSTRIAL enpresako langileok, bigarren asteazkenez jarraian, manifestazioa egin dugu goizeko 10:45etan Ordiziako San Joan auzotik abiatu eta Ordiziako azokan amaituaz, "JASO Itsasondo, hitzarmen duin baten alde" lemapean. Manifestazio honetara, Goierriko enpresetako LAB, ELA eta CC.OOeko delegatu sindikalak etorri dira JASOko langileoi babesa ematera eta guztira 100 lagun inguru bildu gara.

Ostegun honetan, 3 aste beteko dira Greba Mugagabe Partziala hasi genuenetik eta momentuz ez da kontakturik egon zuzendaritza eta komitearen artean. Gaurko batzarrean honakoa helarazi dute komiteko kideek, "Momentuz zuzendaritza eta komitearen artean kontakturik ez dago. Guk mobilizazioetan hasi aurretik eman genituen urratsak, alternatiba ezberdinak jarri genizkion mahai gainean soluzio on bat emateko negoziaketari, beraz beraiei tokatzen zaie mugitzea. Aukerarik txikiena ikusten badugu egoera desblokeatzeko mugituko gara baina momentuz enpresak negoziaketa blokeatua du eta beraiek dute desblokeatzeko giltza".

Negoziaketan zuzendaritzak duen jarreraren aurrean " Inork ez du ulertzen zuzendaritzaren jarrera, daukagun lan karga guztiarekin gatazka honi irtenbide bat ez ematea, erabat kezkagarria da hitzarmen honetarako eta baita etorkizunerako ere, enpresa bezala bide oso txarretik goaz". Langileok, urtarrilaren 2tik aurrera jarraituko dugu Greba Mugagabe Partzialarekin, asteazkenero Ordiziako Azokan manifestazioak eginaz egoera konpondu bitartean.

 

 

 

Eredu demokratikoa eta gardena galdegiten dugu Mercedes-Benzeko kontratazio eta lan harremanetan

0

Mercedes-Benzen lehenengo kontratu mugagabeak egiten hasi diren honetan, LABen ustez, gurpil-zoro maltzurra osatzeko arriskua dago: hitzarmena sinatu prekarietatea handituz (sindikatu sinatzaileei prebendak eman), hauteskundeetan “bozka gatibuak” (hitzarmen berria prekarietate gehiagorekin)… Gure iritziz, Mercedes bezalako enpresa batean, erakunde publikoetatik diru laguntza handiak jasotzen dituena, ezin da faboritismorako, entxufismorako edota diskriminaziorako susmo txikiena egon.

Duela 20 urtetik hona, Mercedes-Benzeko lan eskubideak eta lan baldintzak murrizten ari dira eta, aldi berean, susmo iraunkor bat egon da: enpresaren nahiak beti onartzen dituztenek aldeko tratua jasotzen dutela. Susmo horrekin behingoz bukatu behar delakoan gaude.

Honekin batera, argi esan behar dugu lan harremanetan diskriminazioa nagusitu dela: ez dute uzten sindikatu ez-sinatzaileek parte hartzea sortzen diren batzordeetan, Segurtasunekoan eta Berdintasunekoan kenduta, derrigorrezkoa baita. Informaziorako sarbidea ere ukatu digute, Langileen Batzordean ordezkaritza izategatik dagokigun informazioa ez baitigute ematen, ez enpresak ezta sindikatu sinatzaileek ere. Hortaz, adibidez, Lan Ikuskaritzak berriki ebatzi du Enpresak Diziplina espedienteak Langileen Batzordeari helarazi behar dizkiola, ez orain arte egin duen bezala.

Gure proposamena:

-LAB adi egongo da, eta antzemanez gero, dagozkion arloan salatuko ditu irregulartasunak, diskriminazioak eta faboritismoa. Ahal dugun arloetan gehiegizko ebentualitatea ere salatuko dugu eta iruzurrezko kontratatuak mugagabe bihurtzea exijitzen dugu.

– Kontratazioetarako eta Lan Harremanetarako eredu erabat demokratikoa eta gardena proposatzen dugu, diskriminaziorako eta faboritismorako aukerak erabat desagerraraziz. Hortaz, 2000/78 Europako Zuzentaraua (tratu berdintasuna ez diskriminaziorik eza lan arloan) oinarria izatea proposatzen dugu.

-Zehazki, LABek proposatzen du kontratazioak egiteko eta kontratu ebentualak mugagabe bihurtzeko irizpideak izatea publikoak, objetiboak, gardenak, komitearentzat egiaztagarriak eta plantilak ezagutzea.

-Aldi berean, lan harremanak demokratizatzeari begira, hitzarmena sinatutakoan sortuko diren batzorde guztietan sail sindikal guztiek parte hartu ahal izatea eta informazio guztia Langileen Batzorde guztiari helaraztea proposatzen dugu.

-Langileen Batzordearen hurrengo bilerara eramango dugu proposamena, gai honetan akordioetara heltzeko asmoz, guztiok filosofia hau konpartitzen dugulakoan, Volkswagenen gertatu den bezala.

-Balizko akordioa enpresari luzatuko diogu eta prozesu bat abiatuko dugu irizpide horien lanketa amankomuna egiteko eta batzorde guztietan sail sindikal guztien parte hartzea bermatzeko.

LABek uste du posiblea, beharrezkoa eta oso positiboa dela, bai plantilarentzat bai enpresarentzat ere, Zuzendaritza eta sindikatuen arteko akordio bat, Mercedes-Benzen kontratazioetan eta lan harremanetan gardentasuna bermatzeko.

 

 

 

EITBko albistegien azterketa eta proposamen zehatzak plazaratu ditugu

0

EITBko LABek aurkeztu berri duen txostenean komunikabide publikoaren albistegien azterketa eta proposamen zehatza egiten ditugu. Betidanik EITBren erabilera partidista egin izan dute Jaurlaritzan egondako alderdiek, eta hau etxe barruan LABek beti salatu izan du, bakardadean. Oraingoan, azterketa atenporala egin dugu, albistegien arazoa unean unekoa edo koiunturala baino, estrukturala delako. Hain zuzen EITBk agintean dagoen alderdiaren kontrola ziurtatzeko nahita sortutako egitura da.

EITBko LABen aspaldian egin nahi izan dugun ariketa da, eta esan bezala ez gara une puntual batera mugatu, baizik eta mahaiaren inguruan eseri eta arazoa errotik aztertu eta proposamen bat landu. Gogora dezagun 2011n Ipar-Hegoa eta Baietz fundazioekin batera albistegien azterketa zehatza argitaratu genuela.

Egoerari aspaldian eman behar zitzaion buelta, jakina, baina gogoeta eta proposamena une interesgarrian egiten dugulakoan gaude. Batetik, parlamentuak bai Zuzendari Nagusia zein Administrazio Kontseilua laster aukeratu beharko dituelako; bestetik, jendartea eta alderdi nagusiak aspalditik EITBren birmoldaketaren beharraz ari direlako. Hau langileon benetako parte hartzearekin egingo dela espero eta exijitzen du LABek.

LABek gogoeta eta erabaki horietan eragin nahi du, eta bera gogoetaz gain proposamen zehatza aurkezten du. Txostenaren diagnostikoaren atalean albistegiak nola egiten diren azaltzen dugu, eta sistema horrek informazioaren kalitatean duen eragina azaltzen dugu; agenda propioaren beharra ere aldarrikatzen dugu; eta amaitzeko profesionaltasuna eta talde-lanaren beharra eta esku-sartzerik ez egotea jasotzen dugu proposamenean.

Proposamenak berez ez du konponbidea ekarriko, baina bai ziurtatu dezakegu konponbiderik egotekotan gutxieneko horrekin etorri beharko dela. Euskal jendartearen zerbitzura egongo diren albistegi profesional eta kalitatekoak eskaintzen du proposamenak.

 

 

Nafarroako Ikastolen Elkarteak egindako proposamena atzera bota dezan eskatu dugu

0

Negoziazio kolektiboaren markoan, Nafarroako Ikastolek langileentzat oso kaltegarria den proposamena atzera botatzea eta lan baldintzak hobetze aldera negoziatzea eskatuz elkarretaratzea egin dute langile ordezkariek. NIEk mahai gainean jarritako proposamenak besteak beste, behin-behineko eta behin betiko, dozente eta ez-dozente langileen arteko aldeak handitu, prekarietatea areagotu, langileen parte hartzea gutxitzea dakar. 

Gaur goizean Nafarroako Ikastoletako LABen ordezkariek (langileen % 92) Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzaren aurrean bilkura egin dute. Nafarroako ikastoletako langileen Lan Hitzarmena 2010az geroztik ultraaktibitatean dago. NIEk Nafarroako Gobernuak 2010ean eta 2012an ezarritako murrizketak aplikatu zituen, langilen soldatak %9’2 eta %2 artean jeitsiz.

2016ko urtarrilean Lan Hitzarmena berritzeko negoziazio mahaia osatu zen. Otsailean, LABek bere plataforma aurkeztu zuen, NIEk eskakizun ekonomikoen aurrean hartutako jarrera eta gai honetan adostasunera iristeko zailtasuna ikusirik, negoziatzeko borondate adierazgarri akordio partzialerako proposamena aurkeztu zuen, inpaktu ekonomikoa suposatzen zuten neurriak gutxienetan utziz. Irailean ikastoletako LABen ordezkari sindikal guztiek sinatuta NIEri idazkia aurkeztu zitzaion, non negoziazioen arintzea eskatzen zen.

NIEk denbora honetan guztian zehar ez zuen proposamen bakarrik jarri mahai gainean. Azaroaren 16ean bere proposamena aurkeztu zigun, non besteak beste, behin-behineko eta behin betiko, dozente eta ez-dozente langileen arteko aldeak handitu, prekarietatea areagotu, langileen parte hartzea gutxitu eta langileekiko ardura ekonomiko osoa Nafarroako Gobernuaren esku utzi nahi duen Itunpeko Irakaskuntzako patronalen bidetik.

Honi gehitu behar diogu Itunpeko Irakaskuntzako dozenteek 2017ko urtarrilatik Nafar Gobernutik %1aren igoera lortzen badute, NIEk egindako mehatxua esaten duenean “ikastolek erabaki beharko dutela igoera aplikatu ala ez”.

Honen guztiaren aurrean langileek NIEk egindako proposamena atzera botatzeko eta lan baldintzak hobetzeko benetako negoziazioari ekiteko geldegiten dute.
 

 

 

Pentsio sistema propioaren aldeko 7.306 sinadura aurkeztu dira Nafarroan


Nafarroako Pentsionistak Martxan plataformak 7.306 sinadura aurkeztu ditu. Horri esker, Nafarroako Parlamentuko osoko bileran Herri Ekimen Legegilearen inguruko eztabaida burutu ahal izango da. ILP honen bidez pentsiorik apalenak osatu eta 1080€tako gutxiengo pentsioa ezartzea eskatzen dute, baita babes eta gizarte segurantzaren bertako sistema sortzea ere.