Aspalditik martxan duen zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borroka ildoaren barruan, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak jardunaldi nazionalak egingo ditu datorren larunbatean, maiatzaren 10ean, Bilboko Unamuno institutuan. “Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioaren bidean, Euskal Herria eraldatzen” izenburupean, orain arteko bideaz eta aurrera begirako erronkez arituko dira bertan. Dinamikaren hurrengo inflexio puntua izango da, Herri Akordioan biltzen diren Euskal Herriko hainbat eragile eta norbanakok antolatutakoa. LABek jardunaldietan parte-hartzeko deia egin eta izen-ematearen garrantzia azpimarratu nahi du (lotura honetan duzue horretarako aukera).
Euskal Herriko Mugimendu Feministak urteak daramatza zaintza eta lan banaketa sexuala politizatzen eta agendan kokatzen. 2023an mugarri garrantzitsua jarri zuen: Greba Feminista Orokorra egin zuen. Ordura arte Mugimendu Feministak bere kabuz lantzen zuen lan ildoa, herritar orok eta herri gisa erantzun beharreko problematika bihurtu zuen, gaia kolektibizatuz eta sozializatuz, nahiz egungo zaintza erregimen sostengaezinaren irakurketa konpartitu bat eginez.
Inflexio puntua izan zen greba bera, baina, batez ere, greba horren antolakuntza prozesua. Zaintza eraldatzearen garrantzia, greba borroka tresna gisa birpentsatzea… eta beste hainbat ertz landu zituen Mugimendu Feministak. Bide horretan, Herri Akordioa deituriko aldarrikapen taula bat adostu zuen Euskal Herriko hainbat eragile sozial eta sindikalekin, eta hori izan da bere zoru komuna, baita zerumuga ere.
Argi izan ditu hasieratik zeintzuk izan diren bere eskakizunak, aldarrikapenak eta interpelazioak eta zeintzuk diren gaur egungo urgentziak. Greba Feminista Orokorraren ostean euskal gobernuak interpelatu zituen eta hauek entzungor egin zuten. Ez du aurrerapenik ikusi, are gehiago; zaintza lanak pribatizatzen eta enpresen mesedetan lan egiten jarraitu dute, zaintza negozio bihurtuz emakume*, eta batez ere, emakume* migratu eta arrazializatuen kontura. Horren aurrean, bere bidea jarraituko duela argi utzi nahi izan du.
Aliantzak josteko dinamika jarri zuen martxan, eta horretan aritu da gaur egunera arte; Euskal Herriko askotariko eragileekin elkartu da, zaintzaren problematika sozializatzeko eta bakoitzak bere eragin esparrutik, gaiari heltzeko intentzioz lan egiteko.
Etxeko eta zaintza langileak izan dira eta dira borroka honen ezinbesteko subjektu; 2023ko grebarako kontsentsu eta marra gorri inportanteak markatu zituzten, eta ozen aldarrikatu ziren greban haien lan baldintza duinak ere, atzerritartasun legea deuseztatzeko eskaerarekin batera. Sindikatuak ere aliatu ezinbestekoak izan dira azken bi urte eta erdian, eta negoziazio kolektiborako oinarriak aurkeztu zituen iazko martxoan. Euskalgintzatik, antirrazismotik, gazte eremutik, ekofeminismotik, transfeminismotik eta beste hamaika eremuetatik eragiten duten eragileekin aritu da lanean.
Argi dago aurrera urrats garrantzitsuak egin dituztela, eta horretan jarraitu nahi dute, badakitelako zaintza eraldatuz sistema bera eraldatzeko aukera dutela. Bide horretan, zehaztua dute hurrengo hitzordua: maiatzaren 10ean jardunaldi nazionalak egingo dituzte.
Bertan, orain arteko lorpenez, etorkizuneko erronkez eta aurrerapausoez arituko dira.
Hona hemen jardunaldien egitaraua:
9:30. Izen ematea
10:00. Testuinguruaren kokapena
11:00. Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek antolaturiko errolda soziala babesteko giza katean parte hartuko dute.
12:30. Konpromisoen aurkezpena eta aurrera begirako erronkak
13:30. Agerraldia
14:00. Bazkaria
15:00-17:00. Konpromisoen ezaugarritzea eta itxiera
Euskal Zaintza Sistema Publiko eta Komunitariora bidean, garrantzitsua da norabidea marrazteko ardura herritar orok hartzea. Horregatik, jardunaldiak herritik, herriarekin eta herriarentzat antolatu dituzte, eragin esparru askotatik, zaintzaren borroka honetan eragile eta sektore bakoitzak konpromiso eta ardurak hartu behar baititu.
Zaintza eraldatzeko borrokaren parte izan diren eta diren eragile eta norbanako guztiok elkartzea nahi dute. Horregatik, maiatzaren 10eko jardunaldietara Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikalak daude gonbidatuak, Mugimendu Feministako talde eta kideak, zaintzaren sektorean lanean dabiltzanak, erabiltzaileak eta haien ingurukoak, eta, oro har, zaintza eraldatzeko bidean ekarpena egin nahi duten herritar guztiak.
“Euskal Zaintza Sistema Publiko eta Komunitariora bidean, jarrai dezagun elkarrekin zaintza sistema eraldatzen, sistema bera eta Euskal Herria eraldatzeko!”, adierazi dute.



