2026-05-13
HomeEkintza SindikalaLABek manifestaziora deitu du maiatzaren 16an Gimeno kontseilariaren kargu-uztea exijitzeko

LABek manifestaziora deitu du maiatzaren 16an Gimeno kontseilariaren kargu-uztea exijitzeko

Hezkuntza arloko langileen artean, aste gutxiren buruan, ia 2.000 atxikimendu bildu ditu “Nafarroako hezkuntzak okerrera egitearen erantzule nagusia” Gimeno dela eta horregatik “kargugabetu egin behar dela” adierazten duen manifestuak.

2025eko ekainean, duela ia urtebete, LABek kanpaina bati ekin zion, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak bere ardurapeko alor guztietan egiten ari den kudeaketa negargarria azaleratzeko. Hezkuntza-komunitate osoaren atsekabea ikusirik, hasi ikasle eta familietatik eta Nafarroako hezkuntza-sisteman parte hartzen duten profesional mota guzti-guztietaraino, arrazoiak soberan zeuden.

Bada, ordutik hona egoerak okerrera egin du. Oro har, nahikoa litzateke esatea LABek gogoan dituen gobernu guztietatik protesta, mobilizazio eta greba gehien egin dizkioten kontseilaria bihurtu dela, edo urteko aurrekontu orokorretan hezkuntzara bideratzen duen inbertsioaren pisua geroz eta txikiagoa dela gainerako kontu-sailekin alderatuta.

Baina kontua ez da hor gelditu eta azken hilabeteetan zentzu berean jarraitu du:

  • LH dualaren antolamendu gabezia erabatekoaz harro agertu da.
  • Zerbitzuak pribatizatzeko ahaleginean sakondu du, NHEBZ alde batera uzten duten hitzarmenak sinatuz.
  • 0-3an, oraindik ere ez dio erantzun ziklo osoa publifikatzeko joan den urrian LABek egin zion eskaerari.
  • Dozena bat linea baino gehiago itxiko dituela eta zenbait langile baztertuko dituela iragarri du.
  • D ereduaren hedapena kosta ahala kosta oztopatzen jarraitzen du, horrela euskararen normalizazioa galaraziz.
  • Ikastoletako eta ikastetxe itunduetako langileen beharrei erantzuteko hiruko mahaia deitu gabe jarraitzen du.
  • Estatutu berriaren proiektuan langile publikoentzat txertatu dituen neurriekin, bere departamentuko langileak urte askoan Nafarroako Gobernu osoko langilerik behartsuenak izatera kondenatu ditu.

Azken puntu horren harira, LABek gogorarazi nahi du hainbat batzar informatibo hasi dituela Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutu berriak, gaur egun idatzita dagoen bezala aplikatzen bada, izango dituen ondorioei buruz. Gainera, datorren maiatzaren 28an 4 orduko lanuztea egingo du sindikatuak, testu hori Parlamentura eraman ez dezaten eskatzeko, eta lanbide karrera beste lege batean garatu dadin, negoziazio erreal eta serioago baten bidez.

Hala, hezkuntza-komunitate osoaren haserrea inoizko mailarik gorenean dago. Hori ikusirik, LABek manifestu bat idatzi eta zabaldu du kontseilaria kargutik kentzeko eskatuz. Bada, bi hilabetetan bakarrik, hezkuntza arloan lan egiten duten 1.856 langilek baino gehiagok sinatu dute. Horrek LAB norabide zuzenean doala baieztatzen du, eta baita hezkuntza komunitatearen nahiz Nafarroako jendartearen zati handi baten sentimendua jasotzen jakin duela.

Gainera, bide beretik jarraitzeko indarra eman dio LABi. Alde batetik, atxikimenduak biltzen jarraitzen du, eta oraindik sinatu ez duenari horretarako gonbita luzatzen dio. Era berean, haserre orokortu hori mobilizazio masibo baten bidez islatu nahi du, eta datorren maiatzaren 16rako manifestazioa antolatu du, “Kalitatezko hezkuntzaren alde, Gimeno kanpora!” lelopean. Martxa 12:00etan abiatuko da Iruñeko Basotxotik eta Nafarroako Jauregian bukatuko da. Mobilizazio hori nafar jendarteak nahieran dabilen kontseilari harroputz eta autoritarioarekiko sentitzen duen haserrearen eta gogaitasunaren bozgorailu ahalik eta indartsuena izatea nahi du LABek. Ezin du Nafarroako hezkuntzaren arduradun nagusia izaten jarraitu!

Beraz, hezkuntza komunitate osoari, eta baita Nafarroako hezkuntzaren egoera eskasarekin kezkatuta dauden herritar guztiei ere, deia luzatzen die LABek maiatzaren 16an kaleak hartu eta “Gimeno kanpora!” oihuaz bete ditzaten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioak hasiko ditu Gasteizko Vitalquiler Adaniaren maizterren LABeko atal sindikalak

Etxebizitzak babes ofizialeko kalifikazioa galtzen ari direla aprobetxatuz, errenta igoera neurrigabeak eta abusuzko klausulak ezarri nahi ditu Adania promotoreak kontratu berrietan. Horren aurrean, maizterrek mobilizazioa egingo dute bihar, baldintza duinak aldarrikatzeko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu gerraren kontra eta denontzako bizitza duinak eskatzeko

Agerraldia egin dute gaur Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan biltzen diren eragile sozial eta sindikalek. Bertan, gerren, militarismoaren eta gastu militarraren igoeraren aurka...

Bizkaiko suhiltzaileak lan-baldintzen hobekuntzaren alde borrokan

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileak mobilizazioak egiten ari dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere, Eusko Jaurlaritzaren 2023ko Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Legeak jasotzen duen bezala.