2026-08-06
HomeEkintza PolitikoaNafarroako Hezkuntza Itun Sozialaren balorazioa

Nafarroako Hezkuntza Itun Sozialaren balorazioa

PSN-k, Geroa Baik, Podemosek eta IEk 2019an sinatutako Akordio programatikoan oinarriturik, Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilariak Nafarroako Eskola Kontseiluaren eta, ondorioz, bertako kide garen kontseilukideen esku utzi zuen Nafarroako Hezkuntza Itun Soziala adosteko lana.

LABek behin eta berriz adierazi zuen ez zegoela ados itun hori egiteko moduekin eta denborekin: oso epe laburra eman zuen eta Ituna egiteko enkargua, gainera, adituei beharrean kontsultoria bati esleitu zion. Horren aurrean, LABek Nafarroako hezkuntza-komunitateari dei egin zion, emankorra izango zen prozesu bat bultza zezan. Baina azkenean, behin eta berriz iragarri genuen bezala, Itunaren emaitza etsigarria izan da.

Ituna ez da originala, ez du ezer berririk jaso eta une honetan ditugun erronkei ere ez die aurre egiten. Puntuetako asko literatura hutsa dira, zehaztasunik gabeak eta, LABen ustez, asko hobetu daitezkeenak.

Euskarazko irakaskuntzari dagokionez, zonifikazioa eta borondatezkotasunera mugatzen du, erreferentziazko atzerriko hizkuntzetako elebitasun- eta ikaskuntza-programei alfonbra gorria zabaltzen dien bitartean. Beraz, familiek ezin dute aukeratu seme-alabentzat nahi duten komunikazio-, jolas- eta bizi- hizkuntza.

Publiko-pribatua dikotomiari dagokionez, gaia zuzenean baztertu izan da, denak berdin jarraitzen du eta ez du gure helbururantz -eskola publiko komunitario baterantz- pausorik ematen. Trantsizioan Elizaren eskolei eman zitzaizkien erraztasunei eta pribilegioei, ordea, eutsi egiten die. LABek egungo eskola publikoaren eta bokazio publiko/komunitarioko itunpeko eskolaren arteko konfluentzia estrategikoa defendatzen du, hezkuntza-helburu elitistak dituzten eskolak alde batera utziz.

Bestalde, Itunak jasotzen du kalitate-maila egokiak bermatuko dituzten ratioak lortu behar direla, ikastetxeei, irakasleei eta gainontzeko langileei egonkortasuna emango dieten ratioak. Helburu horrekin erabat ados, baina gogorarazi nahi diogu Gimeno jaunari puntu hori jasota dagoela jada Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunean, zeina bete ez den -eta 2022ko abuztuaren 31tik iraungita dago-, neurri batean bere legealdi osoan gaiari heltzeko ahaleginik egin ez duelako.

Gainera, adostutako puntu asko “Administrazioak hartzen duen esparruaren mende” geratzen dira, hau da, une bakoitzean ezartzen diren dekretuen eta aginduen arabera aplikatuko dira –ikastetxeen autonomia edo hezkidetza-programak, esaterako–. Dagoeneko indarrean urteak daramatzaten beste puntu batzuk berrikuntza gisa saldu dizkigute Itunean sartuz, baina kea besterik ez dira -hornidura zaileko lanpostuagatiko pizgarria, adibidez-.

Amaitzeko, LABek azpimarratu nahi du eskola publiko komunitario, euskaldun, feminista, doako, laiko, naturarekiko errespetuzko eta inklusibo baten alde lanean jarraituko dugula.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...