2024-05-06
HomeEkintza SindikalaAlex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Zuzendaritzak urte askotako ezegonkortasuna eta zalantzazko kudeaketak egin ondoren, enpresa hondoratu egin da azkenean. LABek beti borrokatu du lanpostu duinen alde, eta ehun urteko enpresa honen eta haren mendeko familien jarraitutasuna eta sostengua defendatu ditugu, baina enpresen erabakiek ezinezko bihurtu dute helburu hori.

Enpresaren zuzendaritza berria sartu zenetik, AYAk izugarrizko gainbehera izan du. Azken urteotan, gizarte segurantzaren eta sindikatuaren salaketak jaso ditu, hainbat arrazoirengatik: ERTE egoeran dauden langileak izatea lanean, jubilatuak lanean, aurkeztu gabeko kontuak, armen legez kanpoko inportazioa eta abar luze bat.

Edalontzia bete zuen tanta 2023ko udan gertatutakoa izan zen: Alex Aranzabalek (AYAko CEO) aldebakarrez eta diktatorialki ezarritako erabaki baten ondoren, gainerako bazkideen eta langileen iritziaren aurka, fikziozko bi enpresa sortzea erabaki zuen, 10 langileak 3 enpresa ezberdinetan banatuz eta lan-eskubideak murriztuz. Horren ostean, langile guztiek aho batez erabaki zuten lanuzteak egitea, kontzentrazioekin eta grebekin mobilizatzea, bitartekotza egiteko eta lan-gatazka konpontzeko akordio batera iristeko ahaleginean. Horren ondorioz, Alex Aranzabalek langileekiko eta sindikatuekiko komunikazio mota guztiak moztea erabaki zuen (elkarrizketa modu guztiak blokeatuz, bilerak ukatuz…), jarrera prepotentearekin eta inolako negoziaziorik onartu gabe. 2023ko uztailean, Aranzabalekin berriro hitz egiten saiatu ginen, eta behin baino gehiagotan jakinarazi genion disrupzio-ildo horretan jarraituz gero hainbat langilek enpresa utziko zutela. CEOak erabateko ezezkoa eman zion inolako negoziaziori, eta ondorioz enpresa egoera kritikoan jarri zuen, ordezkaezinak ziren langile ugarik bere lanpostuak utzi baitzuten borondatezko bajaren ondorioz. Izan ere, egoera jasanezinak behartuta enpresatik langabeziarik eta kalte-ordainik gabe eta lan-etorkizun bermaturik gabe alde egiten zuten.

Denborak arrazoia eman digu eta gure susmo guztiak bete dira, gure aldarrikapenei eta gure borrokari zentzu osoa emanez. Horren erakusgarri dira udatik izan ditugun 7 epaiketak, non enpresak oinarrizko lan-eskubideak urratzen zituen, eta horiek guztiak, salbuespenik gabe, langileen ordezkariek irabazi dituzte.

Gauzak honela, 2024ko otsailean, enpresan geratzen ziren langileek prentsaren bidez jakin zuten kaleratuak izan zirela; izan ere, erdiek, argitaratutako artikulua baino egun batzuk geroago jaso zuten kaleratze gutuna, eta beste erdiek, gaur egun oraindik, ez dute derrigorrezko jakinarazpen hori jaso, eta SEPEra jo behar izan dute, haien lan-egoera zein zen egiaztatzeko.

2023ko irailetik enpresak 6 hileko zorrak ditu, baita Gizarte Segurantzari ez ordaintzeagatik zorrak, Geroari ez egindako ekarpenak eta kaleratzeen kalte-ordainak ere. Ohartarazi nahi dugu CEOak hartu duen biktimismoaren rol lotsagarria, eta azpimarratu nahi dugu enpresa-kudeaketa izugarri eta negargarri horren benetako biktimak AYAko langileak izan direla.

2018an AYAko gerente sartu zenetik, Eibarko armagintzako plantillarik zaharrena 24 langile izatetik 0 izatera igaro da, eta bidean egoera jasanezina eta langileen osasunaren kalterakoa ekarri du, bai eta langileen egoera ekonomikoan kalte izugarria eragitekoa ere.

Argi eta garbi, Alex Aranzabalek egindako kudeaketa sistemak enpresaren, hornitzaileen, bezeroen, langileen eta Villa Armeraren izen onaren eta egonkortasunaren hondamendia baino ez du ekarri.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.