2026-10-03
HomeEkintza SindikalaNafarroako adingabeen zentro batzuetan izan diren azken erasoak salatu ditugu, eta publifikazioa...

Nafarroako adingabeen zentro batzuetan izan diren azken erasoak salatu ditugu, eta publifikazioa eskatu dugu

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur Iruñean, Eskubide Sozialen Departamentuaren ondoan, salatzeko Nafarroako Gobernuak pribatizatu eta azpikontrataturiko adingabeen zentroetan azken asteetan izan diren larritasun handiko gertakariak —langile eta erabiltzaileentzako arrisku handikoak batzuk—. LABek funtsezko gizarte-zerbitzuak publifikatzea eskatzen du, egiturazko prekaritate jarraitua ezabatzeko bidean.

Gertakari larriak izan ziren: bi langile ia bota zituzten eskaileretan behera , gela batean sutea, adingabeen arteko liskarrak tresna ebakitzaileekin, eta, azkenik, segurtasuneko langileen aurkako eraso bat; eraso horren ondorioz, langile batek orkatila, tibia eta peronea hautsita zituen, eta beste langile batek ubelduak eta arnasa hartzeko zailtasunak izan zituen, zapalduta eduki zutelako.  LABek bere elkartasunik handiena helarazi nahi die baldintzarik txarrenetan onena ematen ari diren pertsona horiei.

Kasu horiek ez dira bakanak, ez. Egiturazko prekaritate-egoera luze baten ondorioa baino ez dira, funtsezko gizarte-zerbitzuen pribatizazioak eragindakoak: zuzeneko arretako langileen eta segurtasuneko langileen ratio baxua (halakorik dagoenean); enpresetako eta Administrazioko balorazio-langileen ratio baxua; soldata txikiak; aldaketa arbitrarioak titulazioen eskakizunetan; eraso fisikoak eta hitzezkoak; lan-arriskuen eta neurri zuzentzaileen prebentzio falta; mehatxuak eta aldi baterako kontratazio ilegala, abusuzkoa eta justifikaziorik gabea;  zerbitzuen kontrol publikorik ez eta aurreikuspenik, baliabiderik, plangintzarik eta gardentasunik ere ez; sindikatuetako ordezkariei informaziorik ez ematea,  lidergoa duten postuetan eta aginte-kateetan kalitate eskasa; Gobernuari informazioa ezkutatzea…

Eta zer eginen du Nafarroako Gobernuak egoera honen guztiaren aurrean? Errotik konponduko du arazoa inoiz esku pribatuetan egon behar ez zuten zerbitzu horiek guztiak publiko eginez? Eta zerbitzuak publifikatzen diren bitartean, ezarriko ditu enpresa horiek kontrolatzeko mekanismorik? Bermatuko du langileak eta erabiltzaileak bizirik iraunen dutela? Hartuko ditu neurriak langileen eskubideak sistematikoki urratzen dituzten enpresa horien aurka? Zergatik ez dute sekula ondoriorik izaten enpresa horiek?

Zer gehiago gertatu behar da neurriak hartzeko? LABen ustez, premiazkoa da arazo horri behingoz heltzea, arazoaren errora joatea, funtsezko gizarte-zerbitzu horiek publifikatzea eta, behin betikoz, zerbitzu horiek azpikontratatzeko aukera debekatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...