EAEko hezkuntza publikoan ordezkaritza dugun LAB, STEILAS, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren aurrean, “Hezkuntza publikoa indartu! Ratioak jaitsi, enplegua sortu eta kontsolidatu!” lemarekin.

Sindikatuon ohar bateratua:

EAE-ko azken hauteskunde politikoek, benetako gobernu aldaketa suposatu ez bazuten ere, Hezkuntza Sailaren berrantolaketa bat ekarri zuten. Sail berria egonda ere, hezkuntzako langileok ikasturtea gogor hasi genuen, pandemiari aurre egiteko mobilizazio eta greba dinamika batekin; “aurrez aurreko hezkuntza itzulera seguru eta adostu baten alde”. Aldarrikapenen artean aurrez aurreko hezkuntzaren aldeko apustua egin genuen eta horretaz gain, lehenagotik urgentziazkoa zen lan-kargak eta ratioak murriztea exijitzen genuen, baliabide gehiago eskatzearekin batera. Apurrak eman zizkiguten.

Horretaz gain, mahai sektorialetan negoziaketari bidea ireki zitzaiola pentsarazi nahi izan ziguten baina ikasturtea amaitzear dugun honetan esan dezakegu orokorrean negoziazioek -sektore batzuetan bilera ugari egon diren arren- etekin gutxi eman dutela besteak beste funtsezkoak diren gutxieneko hiru edukietan -ratioak, enpleguaren sorrera eta kontsolidazioa-. Izan ere, hezkuntza publikoko langileon sektore ezberdinetako mahai negoziatzaileetan adierazi bezala, sindikatuontzat edozein akordio lortzeko abiapuntua ratioak eta lan kargak murriztea da. Horrekin batera, apirilean egin genuen greban aldarrikatu bezala, enplegua sortzeko neurri errealak eta kontsolidaziorako tresnak adostu behar ditugu; eta gai hauen inguruan ez dugu gaur gaurkoz Hezkuntza Sailaren aldetik inolako aurrerapausurik ikusi. Gainera, Hezkuntza Sailak ohikoa duen bezala, ikasturtean zehar zenbait erabaki aldebakarrez hartu eta aplikatu ditu, sindikatu eta langileengan izugarrizko kezka eta nahasmena sortuz.

Horixe izan da Pandemiaren kudeaketari dagokionez ere egondako jokaera. Egunotan Hezkuntza Sailburua komunikabideetan ikusi dugu hezkuntzan izandako kudeaketaren arrakastaz hitz egiten. Gogorarazi nahi dugu alabaina, ikastetxeetan aurrera eramandako kudeaketa bertako langileek eginiko lanaren ondorioa izan dela; osasun prebentziorako materiala eta giza baliabideak ez baitziren garaiz iritsi, iritsi direnak ere erabat ez nahikoak izan direla eta ratioak ez direla inoiz jaitsi. Egoera honetan, ikastetxeek plangintza eta protokoloak ahalik eta modu egokienean kudeatzeko egindako esfortzua izugarria izan da. Bestalde, guztiz salatzekoa da, txertaketaren harira egindako kudeaketa eta sortutako nahasmena. Gogoratu behar dugu egungo langile-taldearen kopuru handi bat txertatu gabe dagoela oraindik eta ez dakiela noiz edo zerekin txertatuko duten. Beraz, nabarmena da pandemiaren kudeaketa guztiz inprobisatua eta alde bakarrekoa izan dela.

Gaur gaurkoz gainera, datorren ikasturteari begirako plangintza, antolakuntza eta baliabideak zeintzuk izango diren ere ez zaigu langileon ordezkarioi jakinarazi. Beste behin ere beraz,  Hezkuntza Sailak gai hau langileen ordezkaritzaren negoziazio esparrutik at utzi du bere aldebakarrekotasun borondatea agerian utziz. Edozein kasutan, negoziazio mahaiek argi utzi digute edozer gauza gertatzen dela ere Hezkuntza Sail honek ez duela ratioak jaisteko asmorik,  ez osasun arrazoiengatik, ezta hobekuntza pedagogikoak sustatzeko ere. Hori da Sail honek hezkuntza publikoaren kalitatearen alde egiten duen apustua. Ratioak jaisteko intentziorik ez, eta enplegu sorreraz eta honen zein langileen kontsolidazioaz hitz egiteko borondaterik ere ez!

Hezkuntzako sektore desberdinetan pairatzen dugun behin-behinekotasun maila onartezina da; Haurreskoletako hezitzaileen artean %40koa eta kudeaketa langileen artean %100koa, irakasle funtzionarioetan %41ekoa, heziketa bereziko langileen artean %60koa, eta sukalde eta garbiketako langileen %65koa. Datu larri hauek izan eta aldatzeko borondaterik ez erakusteak agerian uzten du Administrazioak hezkuntza kalitateari eta bere ardurapeko langileei ematen dien balioa.

Horregatik urgentziazko da enplegua eta langileak egonkortzea eta horretarako ezinbestekoa da kontsolidazio prozesuak abiaraztea behin behineko langileek euren lanpostuak kontsolidatu ahal izateko. Kontziente izan behar dugu lanpostuak estrukturalizatu ezean, horiek desagerraraztea errazagoa izango dela, hau da, enplegua suntsitzeko arriskua areagotzen dela, baita zerbitzuak azpikontratatzea eta pribatizatzea ere, hots, prekarizatzea. Ezinbestekoa da pribatizazio dinamika honekin amaitzea bereziki sukalde eta garbitzaileak bezalako sektore prekarizatuetan.

Gaur hemen sinatzen dugun sindikatuok jakinarazi nahi dugu ez dugula Hezkuntza Sail honek orokorrean aplikatzen duen hezkuntza politika pribatizatzailea onartuko eta borrokatzen jarraituko dugula, ez soilik langileen lan baldintzengatik baita zerbitzu publikoaren kalitatearengatik ere. Hori horrela, Hezkuntza Sailari galdegiten diogu, negoziazio mahaiak edukiz bete eta  hezkuntza kalitatean hobetzeko ezinbestekoak diren gaiei heldu diezaiela, besteak beste ratioen jaitsiera, plantillen gazteberritzea eta enpleguaren sorrera zein kontsolidazioaren gaiari.

Datorren ikasturtean gai hauen inguruko erantzunik izan ezean, hemen batu garen sindikatuok mobilizazio dinamikari ekin beste biderik ez digu utziko Hezkuntza Sailak.