2026-10-02
HomeEkintza PolitikoaLangile migranteak aintzat hartu eta langile borrokaren eta antolakuntzaren beharra azpimarratu dugu...

Langile migranteak aintzat hartu eta langile borrokaren eta antolakuntzaren beharra azpimarratu dugu Gasteizen, Martxoaren 3ko ekitaldian

Ekitaldia egin dugu Gasteizen, 1976ko martxoaren 3ko langile hilketen 47. urteurrenean, sarraskia gertatu zen elizaren ondoan. Bertan parte hartu du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, eta adierazi du “langile borroka markatu duen eguna” izan zela hura, “Euskal Herrira lan eta bizi baldintza duinen bila etorritako langile migratuen borroka, justizia sozialaren aldeko borroka. Eta, borroka feministari ere ekarpena, ezinbestekoa eta erabakigarria izan zelako emakumeek jokatutako papera”.

“Gaur, 47 urte beranduago, hemen gaude, garai haietan heldu zein ume ginenok. Baita jaio gabe zeudenak ere, ez dugu egun hura ahanzturan uzteko. Herri eta langile moduan, nora joan behar dugun jakiteko, nondik gatozen jakitea garrantzitsua baita”, gaineratu du LABeko ordezkariak, Martxoaren 3 elkarteak memoriaren eta egia, justizia eta erreparazioaren alde urte guzti hauetan egindako lana aitortuz.

Egungo egoean erreparatuz, langileontzat kontzesiorik ez dagoela gaineratu du, “eskubideak konkistatu egin behar dira. Orduan eta orain kapitalaren interesak harrapakeria izaten jarraitzen du, sistemak langileen arteko arrakalak bultzatzen ditu, migrante eta bertakoen artean, gizon eta emakumeen artean, gazte eta ez hain gazteen artean, etekina atera eta dominaziorako tresna moduan erabili nahian”.

Adibide zehatzetara joz, Aranburuk aipatu du “Garamendik, 400.000 eurotako soldatarekin, erosteko ahalmenari eutsiko dioten soldata-igoerak ukatzen dizkigu; bankuak eskandaluzko irabaziak poltsikoratzen ari dira eta hipotekak garestitzen dizkigute edo Josu Jon Imazek diru publikoa esku pribatuetara bideratzeko nahi ditu Europako funtsak, baina gero ez du zergarik ordaindu nahi”.

Politika publikoak zehaztu eta publikoa den oro, izan pentsioak edo osasungintza, suntsitu nahi duten elite ekonomiko hauen aurrean, langileak kokatu ditu, “bizitza duinaren alde borrokan ari garenak”.

Kapitala eta patronalaren arteko aliantza kriminal honetan poliziaren errepresioak duen egitekoa ere hizpide izan du Aranburuk, Tubacexeko langileek edo aste honetan Osakidetzako garbitzaileek jasan behar izan dutena aipatuz, baina 1976ko egoerarekin lotura eginez, gaineratu du: “ez orduan ez orain, ez errepresioak ezta borroka sindikal eta sozialaren kriminalizazioak ez gaitu gure bidetik aterako”.

Borroka sindikalaren apologia ere egin du Aranburuk: “Hor dago LAB, orain 47 urte baino sendoago, errotiko aldaketak bultzatu eta eraldaketarako sindikalgintza berria garatuz. Trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatuz, bizitza duinerako eskubidea erdigunera ekarriz. Aberastasuna eta lana banatzeko proposamenak baditugu. Esplotazio eta prekaritate modu zahar eta berriei aurre egiten diegu, lanetik osasuntsu eta bizirik itzultzeko dugun eskubidea bermatzeko neurriak eskatu, injustizia sozial eta edozein arrazoigatiko diskriminazioei aurre egin. Estatua aldarrikatu soilik ez, Estatuaren eraikuntzan busti egiten gara”.

LABek langile guztientzako etxea izan nahi duela gaineratu du sindikatuko ordezkariak, ikuspegi feminista eta antirrazista barnebiltzen dituen praktika soziosindikalarekin, sindikalismo birpentsatzeko ariketa etengabean.

Langile migranteen errealitatea ere hizpide izan du Aranburuk: “asko zarete zuen herrialdeak uztera behartutako langileak, zuentzat eta zuen familientzat bizitzeko aukera hobeen mila. 70eko hamarkadan, Estatu espainoleko txoko ezberdinetatik eta gaur egun, asko urrutiagotik, baina helburu berdinarekin. Eta zer da topatzen duzuena? Migrazio politika kriminalen ondorioak jasan ondoren, arrazista den Atzerritartasun Legea eta diskriminazioa”.

Eskubiderik gabeko errealitate honen aurrean, LABek eskaintzen diena zehaztu du: “Guretzat borroka kideak zarete, bizitza duinerako eskubidea duten langileak, eraldaketa soziala eta Euskal Estatu independenteranzko bidelagunak”. 

Zaintzan ari diren emakumeak

Igor Chillon Gasteiz-Lautada-Errioxako eskualde arduranak eta Lorena Rejo sektore soziokomunitarioko arduradunak ere hartu dute hitza ekitaldian. Rejok, zaintza eta pribatizatutako sektoreetako langileen lan-baldintzak izan ditu hizpide. Zaintza lanak aitortzea eskatu eta behar besteko aurrekontu-hornidura eskatu du zaintzako langileentzat, gizarte-zerbitzuen eta zaintza-zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko; kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa izan dadin.

Ekitaldiaren ondoren, bertan parte hartu dutenak krabelin bana kokatu dute Martxoak 3ko plazan dagoen monolitoan eta hiru kidek “Agurra” dantzatu dute bertan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...

125 udal baino gehiagotako langile batzordeek bat egin dute EAEko udaletan urriaren 8ko greba deialdia babesteko aurkeztu dugun mozioarekin

Hamarnaka udal eta zerbitzu itxiko dira urriaren 8ko greba egunean. Izan ere, 125 langile batzordetik gora dira EUDELi eta EAJ, EH Bildu, PSE-EE...

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.