2026-10-02
HomeEkintza PolitikoaEmakumezkoen langabeziak egiturazkoa izaten jarraitzen du, datu orokorrek behera egin arren...

Emakumezkoen langabeziak egiturazkoa izaten jarraitzen du, datu orokorrek behera egin arren Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 144.660 langabe daude, pasa den urtean baino 4.848 gutxiago. Herrialdeen artean, ordea, egoera ez da berdina aurreko hilabetearekin alderatuz; izan ere, Nafarroan urtarrilean baino 366 langabe gehiago daude, gainerako herrialdeetan langabezia jaitsi den bitartean.

Datuok sexu-generoaren arabera aztertzerakoan, langabetuen gehiengoak, %58,29ak, emakumezkoa izaten jarraitzen du. 2022ko otsailean baino gizon eta emakume gutxiago langabezian egon arren, proportzio handiagoan jaitsi da gizonezkoen langabezia (%5,40 egin du behera), emakumezkoena baino (%1,63ko jaitsiera). Langabeziaren azken urteetako bilakaera aztertzerakoan, emakumezkoen langabezia pandemia aurreko balioetara bueltatu dela esan genezake (2020ko otsailean baino %2,08 emakume langabe gutxiago daude), gizonezkoena modu nabarmenean jaitsi den bitartean (gizonezkoen artean, 2020ko otsailean baino %7,31 langabe gutxiago daude gaur egun). Beraz, emakumeen langabezia egiturazkoa dela ondorioztatzen dugu, langabezian dauden emakumeen kopuruak gorabeherak izan arren, egiturazko egoera iraunarazten duelako.

Zentzu horretan, borondate politikoa ezinbestekoa da, politika publikoen bidez emakumezkoen egiturazko langabezia zein prekarietate egoerarekin behin betiko amaitzeko. Langileok ez dugu nahi langabezia egoera ahalik eta hoberenean biziraun; langile guztion lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dituen errealitate berria behar dugu, soldatatan, lan baldintzatan, pentsioetan… areagotzen ari diren sexu-genero arrakalak gaindituko dituena.

Langabezia datuak sektoreka erreparatuz gero, zerbitzuak sektorean langabeziak izan duen gorakada azpimarratu behar dugu, pasa den urtean baino 664 langabetu gehiago baitaude. Era berean, adierazgarria da sektore honetan langile migratuen artean egon den langabeziaren gorakada (710 langabetu gehiago), zerbitzu sektorean egon den langabeziaren bilakaeraren parekoa izanik.

Bizitza kaltetzen eta erasotzen duen sistema batean bizi gara, zeinetan instituzio publikoek kapitalismoaren logikan gobernatzen duten, ahalik eta etekin handienak lortzea helburu izanik. Modu honetan langile emakumeak, migratzaileak edota gazteak prekarietate, ezegonkortasun edota lan baldintza kaxkarretara kondenatzen ditu, kapitalak kolektibo hauek sortzen duten aberastasuna desjabetu eta euren poltsikoetan pilatuz.

Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida honen aurrean, zaintzak erdigunean izango dituen eredu berri bat aldarrikatzeko eguna izango da martxoaren 8a.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.