2026-09-16
HomeEkintza SozialaLAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari...

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Imanol Pradalesek lehendakari kargua hartu eta argi berretsi du Guggenheim Urdaibai proiektuarekin aurrera egiteko asmoa, EAJ eta PSEren arteko akordioan jasoa geratu denez. Bestetik, Elixabete Etxanobek gidaturiko Bizkaiko Foru Aldundiak Busturialdean etorkizun ekonomikoari buruz martxan jarri asmo duen “prozesu parte hartzailearen” berri izan dugu. Prozesu horrek ez du eskualdearen etorkizuna erabat baldintzatuko duen proiektuari buruzko galderarik Guggenheim Urdaibai Stop plataformak salatu duenez, eta gainera eskualdean aritzen garen eragile sindikal eta sozialok ez dugu parte hartzeko aukerarik jaso. Beraz, LABen ustez “prozesu parte-hartzaile” hau BFAk eta Eusko Jaurlaritzak euren buruak desenkusatzeko aitzakia bat da, eskualdearen etorkizuna bertan bizi eta lan egiten dugunoi bizkarra emanda eraikitzen duten bitartean.

Guggenheim Urdaibai proiektuaren eskutik Busturialdeko ondare natural eta historikoa ustiatu nahi da gutxi batzuen interesen mesedetan. Artean, Busturialdean lan eta bizi baldintza duinak eskuratzea gero eta zailagoa da: %11,7ko industria-jardueraren beherakada hamar urtetan, %70a eskualdetik kanpo lanean edota etxebizitza turistikoak %33 ugaritzea eta honen prezioa garestitzea horren adibide. Proiektuak turistifikazioan sakontzen du, eta horrelako prozesuak jasan dituzten bestelako lurraldeetan ikusi ditugu honen ondorioak zeintzuk diren: kalitatezko enpleguen galera, prekarizazioa, eta tokiko langileon bizi-baldintzen kaskartzea, eta lurraldearen gain-esplotazio ez jasangarria, besteak beste.

Gainera, 130 miloi euroko kostua aurreikusten zaion proiektu honek baliabide publikoak xahutzea dakar, ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren ikuspegitik kaltegarria den proiektu batean. Artean, bestelako lehentasun sozialak, hala nola zerbitzu publikoak, pribatizatzen eta azpi-finantziatzen ari direlarik Busturialdean, Bizkaian eta EAEn.

Horregatik, LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera utzi dadila eskatzen dio Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz. Politika publikoen bultzada eskualdean etorkizun ekosozial justua bultzatzeko norabidean kokatu behar da: Bizi dugun erronka ekologiko globala aintzat hartzen den etorkizun sozioekonomikoa eraiki, eta lan eta bizi baldintza duinak eta ganorazko zerbitzu publikoak sustatzen dituena. Horretarako, “prozesu parte hartzaile” antzuak baztertu eta tokiko eragile politiko, sozial eta sindikalen zein herritarren ahotsak protagonista izan behar dira.

LABek aktibazio eta bultzada sozialaren parte izaten jarraituko du. Horregatik, Solomon R. Guggenheim Foundation-i Guggenheim museoa zabaldu eta Urdaibaiko Biosferaren suntsipenari uko egiteko eskatzen dion sinadura bilketan parte hartzera deitzen ditu langileak. Bestetik, urriak 19ko data gorde eta egun horretarako Gernikan deituta dagoen mobilizazioan parte hartzeko deia egiten du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Santurtziko Ander gaztearen kasuan dauden ardura zuzen eta politiko guztiak argitu ditzatela exijitzen diegu udalari eta Segurtasun Sailari, justizia egin eta gertakari larri hauek...

Gaur publiko egin den bideoak agerian utzi du Santurtziko Ander gaztearekin era oso bortitz eta desegokian jardun zuten udaltzainek gertatutakoa ezkutatu dutela eta haien arduradunek babestu egi

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa deitu dugu LAB sindikatuak eta Testako maizterrek

Etxabakoitz, Buztintxuri, Artika, Sanduzelai eta Arrotxapeko bizilagunek, LABen babesarekin, manifestazioa iragarri dute Iruñean urriaren 17rako. Mobilizazioaren helburua da salatzea Testak ez dituela berritu BOE...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.