2024-04-24
HomeUncategorizedLAB da Nafarroan ordezkaritza gehien handitzen duen sindikatua, aldaketa sozialaren aldeko...

LAB da Nafarroan ordezkaritza gehien handitzen duen sindikatua, aldaketa sozialaren aldeko prekarietatearen aurkako bere eredua indartuz

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta Imanol Karrera Nafarroako eledunak prentsaurrekoa eman dute gaur Iruñean, hauteskunde sindikalen aldi trinkoak ardaztu duen ikasturte honen amaiera balantzea egin eta, berriki egin diren hauteskunde politikoen ondoren Nafarroan ireki diren egoeren inguruko hausnarketak ere konpartitu nahiko genituzke.

Hauteskunde sindikalak
Imanok Karrerak adierazi du, hauteskunde sindikalen aldi trinko honetan berritu direla Nafarroako enpresetako ordezkari gehienak (delegatuak) edo lehen aldiz egin dira hauteskunde sindikalak langileek ordezkaritza sindikala aukeratzeko. “Eta hau izan da ikasturte honetak erronka nagusietako bat. Guretzat, hauteskunde hauek enpresa eta sektore ezberdinetako langileekin aritzeko aukera eman digute, gure kanpainako lemak zioen moduan, langileen bidelagun izan, langile-klasearen bizi eta lan-baldintzak hobetzeko botere sindikala eskuratzekoa, eta bizi dugun prekarietate egoera eraldatzekoa”.

Alde kuantitatibotik jarritako helburuak, 1.000 delegatuen kopurua eta ordezkaritzaren %16a gainditzea,
gainditu egin dituztela adierazi du jarraian.

Ekintza sindikal berritua
“2017/2018 ikasturtean gatazka, borroka eta grebek gora egitea lortu genuen. 2018/2019 ikasturte honetarako, bide honetatik pauso bat harago joatea planteatzen genuen. Eta aitortu beharra dugu ikasturte honetan, aurretik zehaztutako bideari jarraitu diogula. Borroka eta greba eraginkorren aldeko apostua egiten jarraitu dugu praktikan”, gehitu du Karrerak.

“18 borroka eraman ditugu aurrera Nafarroan. Hauetarik 8 (%45) sektore feminizaztuetan egin dira. 12 borroketan (%67) erabili dira greba edo lauzteak eta 8 (%45), klabe ofentsiboan egin dira”.

“Langileen aktibazioa da gure ekintza sindikalaren oinarri nagusietakoa. Eta gure ustez, honetan ere eman ditugu aurrera-pausoak eta pultsua berreskuratu. Gure delegatuak, gure afiliatuak aktibatu egin dira eta gainera, gero eta gehiago dira gure ekintza sindikal eredu berrian modu aktiboan parte hartzen dutenak, kalean egindako borroketan edo aipatutako hauteskunde sindikaletan”.

“Huerta de Peraltako langileek egin duten borroka duina eta Piztu Alarma dira gure koherentzia eta sinesgarritasunaren adibideak, langileriaren beharrizanekin konektatzen dugu eta antolakuntzarako benetako alternatiba gara, gure lan eta bizi-baldintzak hobetuko dituzten borrokak artikulatzeko”.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “Nafarroan, oso positiboa izan da balorazioa, hauteskunde aldirako zehaztutako helburu guztiak bete ditugu, bere ordezkaritza gehien handitu duen sindikatua gara, absolutuki edo portzentualki, gainontzeko sindikatuekiko alde handiarekin. Indartuta atera gara hauteskunde alditik, hortaz, ondorioztatu dezakegu gure eredu sindikala sendotuta dagoela eta gainera, benetako alternatiba dela Nafarroako milaka langilerentzat. LAB hazten ari den sindikatua da eta oraindik hazteko margena duena, hortaz, hortik doaz gure etorkizunerako aurreikuspenak”.

“Aldi trinko honetarako zehaztuta genituen helburuak bete ditugu. Alde kualitatibotik zein kuantitatibotik. Bete eta gainditu egin ditugu zehaztutako helburuak. Momentu hauetan, 1.018 delegatu ditu Nafarroak eta %16,67ko ordezkaritza.”

Oso emaitza positiboak dira hauek. Aldi trinko honetan, 45ean gehitu dugu delegatu kopurua. Lau urtetan, 150 delegatu gehiago eta ordezkaritza 1,8 puntutan handitzea lortu du LABek Nafarroan.

LABek modu proportzionalean egiten du gora Nafarroako eskualde guztietan. Iruñerrian azken lau urteotan ia 2 puntu portzentualetan egin du gora bere ordezkaritzak. Erriberan ere portzentaia berdina hazi da gure ordezkaritza. Sakanan lehen indar sindikala bilakatu gara, delegatuen %39,11rekin.

Federazio guztietan egin du gora LABen ordezkaritzak. Industria federazioan %0,9. Zerbitzu pribatuetan %2,3 igo dugu ordezkaritza. Eta zerbitzu publikoen federazioan %2.

“Alde kualitatibotik oso modu positiboan baloratzen dugu sindikatua, zerbitzu pribatuen eremuan oso prekarizatuta dauden sektoreetan eta guk soziokomunitarioa deitzen dugun sektorean hedatu izana. Azken sektore honetakoak dira hirugarren adineko egoitzak, beharrizan bereziak dituztenentzako arreta, etab. “ gaineratu du Aranburuk.

Foru administrazioan LAB sindikatuak lortutako garaipen berria ere nabarmentzekoa da. Berriz ere lehen indar sindikala izateaz gain, gora egin du LABek babes zein delegatu kopuruan.

Ikastoletako ordezkaritza ere handitu du LABek. Egun, %96koa dauka. Garaipen garrantzitsuak izan ziren ere Auzolagunen lortutakoak, gehiengo absolutuarekin, Kybsen edo Kasedako Viscofanen.

Bestalde, gero eta handiagoa da sindikatuan dagoen emakumezko delegatuen kopurua. Egun, duela 4 urte baino 90 gehiago dira, bere jardunbide guztietan erakunde feminista izateko bidean pausuak emateko sindikatuak hartutako erabakiaren isla.

Garrantzitsua da ere aipatzea badagoela belaunaldi aldaketa ordezkaritza sindikalean eta gure delegatu ugarik metatukoa esperientziarekin batera, gero eta garrantzitsuagoa dela LABeko ordezkari moduan aurkezteko urratsa ematen duten langile gazteen presentzia.

LABek hazkundeak garrantzia berezia dauka kontutan hartzen badugu bere jarduera jazarri egiten duela patronalak, aukerarik galtzen ez duena langileek duten ordezkaritza sindikalerako eskubidea urratzeko. Berriro ere ikusi ditugu eskrupulorik gabeko enpresarien presio ugariak, zenbait kasutan, sindikaturen batek lagunduak.

“Bilakaera positibo honen arrazoia da langileek kontrabotere sindikalismoaren alde egiten dutela, estrategia integrala duena eta eraldaketa soziala eta aldaketa politikoaren alde borrokan ari dena”, ondorioztatu du Aranburuk:

“Eraldaketa sozialaren alde ari gara borrokan”:
– Berritutako ekintza sindikaleko ereduarekin, eraginkorragoa, patronala eta instituzioen aurrean borroka sortzeko gaitasun handiagoarekin.
– Feminismoa gure ekintza sindikalean txertatuz.
– Langile klasearen indibidualizazio eta zatiketaren aurrean, badugu klase-subjektua berrosatzeko eskaintza sindikal eta organizatiboa.
– LAB presente dago borroka sindikal eta sozial guztietan, langileen lan eta bizi-baldintzak hobetzea dutenean helburu. Lan-zentroetan borrkatuz, pentsionisten plataformekin batera, Mugimendu Feministarekin edo gazteekin aliantzak sortuz.

“Aldaketa politikoaren alde ari gara borrokan”, gaineratu du:

• Kontrabotere sindikalaren gure posiziotik, borroka egin dugu duela lau urte izandako aldaketa instituzionala sakoneko aldaketa sozial eta politikoa izan zedin.

• Dialektika eraikitzaileari eutsi diogu. Balioa eman diegu mobilizazio sozialeko urte luzeei esker lortutako aurrerapen demokratizatzaile eta sozialei. Eta erabaki batzuk kritikatu ere egin ditugu, aldaketa sozial eta politikok prozesu batean aurrera egiteko neurri gehiago exijituz.

• Legegintzaldi oso honetan zehar adierazi dugu aldaketa prozesuak egiturazko oztopo bi zituela: Nafarroaren menpekotasuna Madrilekiko, politika soziolaboral eta publikoak erabakitzerako orduan. Eta bigarrenik, patronalaren eragina garatu diren politika ekonomikoetan.

• Hauteskunde kanpainan zehar behin eta berriro esan dugu Nafarrokoa aldaketa instituzionala beharrezkoa baina eznahikoa zela aldaketa sozial eta politikorako. Baina aliantzetan PSNren mesedetan egindako edozein aldaketak, aldaketa prozesu honen blokeoa edo honetan atzera egitea ekarriko lukeela. Horrela izaten ari da.

• Azken lau urteotan urrats garrantzisuak eman dira demokratizazioa eta normalizazioan. Horregatik salatu nahi dugu PSN garatzen eta Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerra jarraitzen ari diren bazterketa politika, ulertzen dugulako bizikedetza eta normalizazio politikoari eraso egiten diola.

Ondorioetan, honakoa zehaztu du Aranburuk, “Indartuta atera gara hauteskunde prozesutik eta orain dagokiguna da langileen bizitza duina bermatzeko borrokan jarraitzea. Orain dagokiguna da lan-zentroetan borroka sindikala aktibatzen jarraitzea eta mobilizazioa sozialaren aldeko apustua egitea, ez erresistitzeko, etorkizuna, aldaketa soziala irabazteko baino. Era berean, mobilizatzen eta Gobernu berria interpelatzen jarraituko dugu azken urteotan egondako aldaketetan inolako atzera-pausorik egon ez dadin, bazterketa eta apartheid politika ezarri ez dadin eta politika publikoen norabidea alda dadin, gehiengo sozialaren mesedetan”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.

Babestu egin dugu oraindik aitortua ez zuten Osasunbideko osasun langileentzako Lanbide Karreraren ezartzea, baina osasun arlokoak ez diren langileei zabaltzea eskatzen dugu

Gaur eguerdian Iruñean egin den Osasunbideko mahai sektorialean, LAB sindikatuko kideok aldeko botoa eman diogu C eta D mailetako osasun langileentzako Lanbide Karreraren lege proiektuari. Lege proiektu hau LABek bere garaian Osasun Departamentuarekin lortu zuen akordioaren gauzatzea da, eta neurri garrantzitsua da horren onura jasoko duten 3.000 pertsona baino gehiagorendako. Hala ere, bidegabetzat jotzen dugu osasun arlokoak ez diren langileak kanpoan gelditu izana; beraz, borrokan jarraituko du Osasunbideko langile guzti-guztien lan baldintzak erabat duindu arte.

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.