Langileak urtarriletik dabiltza itun berri bat negoziatzeko saiakeran. Hilabete hauetan, enpresak negoziatzeko borondate eskasa erakutsi du, erantzunak atzeratuz eta bileretara benetako erabakitzeko ahalmena zuten pertsonak bidali gabe. Egoera horren aurrean, maiatzean Lan Harremanen Kontseilura jo behar izan genuen negoziazioa desblokeatzen saiatzeko.
Langileen ordezkaritzak bere aldarrikapenak nabarmen jaitsi zituzen arren, akordio batera iristeko borondate argia erakutsiz, enpresak berriro ere erantzunak luzatzearen aldeko jarrera hartu zuen. Egoera horren aurrean, LABetik ohartarazi genuen irailaren 4rako akordiorik ez bazegoen mobilizazioak hasiko zirela.
Egun horretan bertan, azkenean, akordioa lortu zen. Hala ere, testuaren azken erredakzioa berrikusi eta sinatzea besterik falta ez zenean, SEULAk beste proposamen bat aurkeztu zuen, jada adostuta zeuden sei artikulu aldatzeko asmoarekin.
Proposatutako aldaketen artean gai oso garrantzitsuak daude: hilean 30 euroko makineria-plusa kentzea, bi urte barru negoziatu beharko den itunaren aplikazioa baldintzatzea eta aldi baterako ezintasuneko osagarria nabarmen murriztea. Adostutakoaren arabera, bajak %80raino osatuko ziren 1. egunetik 14.era, eta %90eraino 15. egunetik 180.era. Orain, enpresak lehen tartea kentzea eta bigarrena urteko lehen bajara eta langileen absentismoa %10etik beherakoa izatera baldintzatu nahi du.
Gatazka publiko egin eta enpresaren aldetik gatazka konpontzeko inolako borondaterik ez dagoenez, langileak sei greba egun deitzera behartuta ikusten dute haien burua. Urriaren 4, 5, 6, 10, 11 eta 12rako deitu dira grebak, Aguraingo jaiekin bat eginez.
LABek bere erabakian atzera egin, adostutakoa errespetatu eta ituna sinatu dezala eskatzen dio SEULA enpresari, merezi duten seriotasunarekin hartuz bai langileak, bai zerbitzua eta baita Aguraingo herria ere.


