Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.
Horren adibide da goizaldeko 4: 15ean Donostiatik Loiuko aireportura doan zerbitzu berria. Printzipioz albiste ona da bidaiarientzat, bai. Enpresak, gainera, bere gain hartuko du zerbitzua, aldunditik edo udaletatik iristen diren eskaeren aurrean egin ohi duen bezala. Baina gogorarazi behar da enpresak ez dituela zerbitzu horiek doan ematen: kobratu egiten ditu, eta, kasu honetan, gaueko zerbitzua denez, pentsatzekoa da ezaugarri berezi horrekin bat datorren prezioa izango duela.
Hori, baina, ez da langileen ordainsarian islatzen; izan ere, zerbitzu osoa goizeko 4: 15etik 06:00etara egiteagatik 1,75 euro inguru jasotzen dituzte gaueko lanaren kontzeptuan. Hau da, 1,75 euro baino ez goizaldean ematen den zerbitzu batean jarduteagatik.
Horrez guztiaz gain, baina, bada langileen ordezkarien ustez jorratu beharreko beste gai bat ere: zerbitzua hasi aurretik gidariak autobusa prestatzeko behar den denbora. Denbora hori ere ezinbestekoa da zerbitzua eman ahal izateko, baina gaur egun ez da behar bezala konpentsatzen.
Gidariek salatu dute, gainera, prentsaren bidez izan dutela zerbitzu berri horren berri. Enpresak ez die aldez aurretik jakinarazi eta ez dizkie baldintzak azaldu. “Egin beharko dugun beste zerbitzu bat dagoela baino ez dugu jakin izan”, azaldu dute.
Langileak nekatuta daude erakundeen proposamen berri bakoitzak gidarientzat eskakizun berri bat ekartzeaz, eta enpresak ziurtzat jotzeaz gidariek dena onartu eta beren gain hartu behar dutela, beren iritzia kontuan hartu gabe eta konpentsazio egokirik gabe.
“Oso ondo dago zerbitzu berriak iragartzea eta horregatik argazkia egitea. Baina iragarki bakoitzaren atzean goizean goiz jaikitzen diren gidariak daude, gauez lan egiten dutenak, ordutegiak aldatzen dituztenak eta ekimen horiek funtzionatzea ahalbidetzen dutenak “, azpimarratu dute.
Langileak ez daude herritarrei zerbitzua ematearen aurka, baizik eta zerbitzu publikoa hobetzeko berau posible egiten dutenak etengabe estutzearen kontra.
Enpresak zerbitzu berezi baten truke kobratu egiten duen moduan, zerbitzu horretan jarduten duen langilearen ahalegina ere ekonomikoki aitortu egin behar da.
“Zerbitzu ona eman nahi dugu. Bidaiariek ahalik eta konexio onenak izatea nahi dugu. Baina, era berean, entzutea, informatzea eta gure lana baloratzea nahi dugu “, zehaztu dute LABeko ordezkariek.

