2026-03-24
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakHelegitea aurkeztuko dugu Iruñeko Haur Eskoletako LEParen aurka, berme juridikorik ez duelako

Helegitea aurkeztuko dugu Iruñeko Haur Eskoletako LEParen aurka, berme juridikorik ez duelako

LAB sindikatuak helegitea aurkeztuko du Iruñeko Udal Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren Gobernu Batzordeak 2021erako onartutako Udal Haur Eskoletarako LEParen aurka; izan ere, aztertu ondoren, ondorioztatu du Lan Eskaintza Publikoan aurreikusitako hainbat lanpostuk ez dutela berme juridikorik. Behin deialdiak abian jarri ondoren, berme falta horrek deialdiak geldiaraz litzakeen errekurtso-andana bat eragingo du, horrek dakartzan kalte eta eragozpen guztiekin.

LABek uste du beharrezkoa dela Iruñeko Haur Eskoletarako plazak sortzea eta LEPak egitea, are gehiago azken deialdiak 2003an (20 plaza) eta 2007an (3 plaza soilik) egin zirela kontuan hartuta; horrek behin-behinekotasun-tasa oso handia eragiten du eskola horietan lan egiten duten pertsonen artean. Baina, aldi berean, eskatzen dugu lan-eskaintza publiko horiek ordenamendu juridikoak ezarritako bermeak bete ditzatela, eta hori ez da gertatzen Gobernu Batzordeak 2021eko abenduaren 10ean egindako bilkuran onartutakoan. Izan ere, deialdi horretako 51 lanpostuk arazoak sor ditzakete dotazio ekonomikorik ez izateagatik (47 egonkortzekoak eta 4 ordeztekoak), LEPa onartu zenean indarrean zegoen plantilla organikoan jasota ez zeudelako, ordezte-tasarik ez dutelako edo deialdia epez kanpo argitaratu zelako.

LABek Haur Eskoletako langile guztien eskubideak defendatu nahi ditu, eta, oposizio baten aurrean egin beharreko ahalegina eta lan izugarria kontuan hartuta, hautaketa-prozesuek berme juridiko guztiak izatea lortu nahi du, hala, ondorengo ziurgabetasun, ustekabe eta atzerapausoak saihestuz. Errekurtso honen helburua da Enrique Maya Iruñeko alkatearen eta Navarra Suma alderdiaren LEP lardats honek eragin ditzakeen ondorioak saihestea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidosen EEEa gauzatu izana salatu du, eta enpleguaren eta industria-etorkizunaren aldeko konpromisoa berretsi du

LABek publikoki salatu nahi du Tubos Reunidos enpresak EEEa gauzatzeko hartu duen erabakia. Erabaki horrek, beste behin ere, berretsi egiten du enpleguaren suntsiketan, altzairugintzaren...

Confebaskek gutxieneko soldataren negoziazioari betoa ezartzen jarraitzen du

LAB eta ELA sindikatuek martxoaren 17ko greba orokorraren ondoren Confebaskekin gutxieneko soldata negoziatzeko bilera deitu zuten. Confebaskek bere izaera autoritarioa eta probokatzailea berretsi du,...

Nafarroako grafikagintza sektoreak lanuzteak eta mobilizazioak deitu ditu AEGRANek hitzarmena berreskuratzeari uko egin diolako

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek dei egin diete sektoreko langileei datozen hilabeteetan mobilizatzera, AEGRAN patronalak urte bat baino gehiago daramanean Nafarroako Grafikagintzako hitzarmenaz...