2026-02-03
HomeEkintza SindikalaHaurreskolak Partzuergo publikoko gerentea kargutik kentzeko eskatu diogu Hezkuntza sailburuari

Haurreskolak Partzuergo publikoko gerentea kargutik kentzeko eskatu diogu Hezkuntza sailburuari

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuon oharra:

Gaur, hilak 5, Haurreskolak Partzuergoko ikasturteko Batzar Nagusia bilduko da. Bertan, Jokin Bildarratz lehendakaria duen Zuzendaritza Batzordeaz gain, Haurreskolak Partzuegoaren kide diren udaletako ordezkariak bilduko dira. Nabarmendu behar dugu Haurreskolak Partzuergoaren etorkizunari eta haurren eta familien beharrei buruzko eztabaida sustatzen ez duen foroa izateaz gain, bilera hori aurrekontu-partidak onartzera mugatzen den esparru bihurtu duela Administrazioak berak. Horrez gain, udalen bozken muga salatu behar dugu, Hezkuntza Sailak baitu bozka kopuruaren gehiengoa.

Bukatzear dagoen ikasturtea berezia izan da oso, eta, pandemia bete-betean, Haurreskolak Partzuergo publikoko gerentea den Zorione Etxezarragak ez bezala, langileok eta familiak arduraz jokatu dugu. Ardura falta horrek izugarri kezkatzen gaitu.

Izan ere, Hezkuntza Sailak 2020ko urtarrilean izendatu zuen Zorione Etxezarraga Haurreskolak Partzuergo publikoko gerente ate birakarien bitartez, hezkuntzaren esparruan inongo ezagutzarik izan gabe; zer esanik ez 0-3 zikloaren gainean. Harrezkero, zerbitzu publiko horren noraeza izugarria izan da. Hezkuntza zerbitzu publiko horren funtzionamendu egokia eta bideragarritasuna bilatu baino, aurrekontura nola mugatu izan da bere helburu bakarra. Horretarako langileon, haur eta familien eskubideen gainetik pasa da hainbatetan, lotsarik gabe. Horrela onartu zuen ikasturte hasieran Legebiltzarrean, langileok mobilizazio dinamikan murgilduta geundenean, egin zuen agerraldian: “Ez zuen langileekin sinatuta dagoen lan hitzarmena betetzen, dirua ez zitzaiolako heltzen.”

Gerente kargua hartu zuenetik negoziazio kolektiboa bahituta izan du eta langileok 8 greba egun egin behar izan ditugu blokeoa gainditzeko eta Lan Hitzarmen berriaren negoziazioari ekiteko. Hala eta guztiz ere, negoziazioaren hastapenetan mahai negoziatzaileetan agerian geratu da Hezkuntza Saila eta gerentziaren arteko koordinazio eza. Ondorioz, negoziazioak erritmo mantsoegia hartzeaz gain, trabak besterik ez ditugu aurkitu bileraz bilera.

Halaber, etengabean saihestu nahi izan du langileen ordezkariekin elkarrizketa. Lan sindikala etengabean oztopatu du, sindikatuak informatu gabe eta deialdirik gabeko batzordeak sortu ditu, adostu gabeko prozesuak abian jarri ditu, informazioa ezkutatu su, etab. Zerbitzuaren, familien eta hezitzaileen kaltetarako erabakiak hartu eta hurrengo egunean bertan behera utzi ditu baita ere, hezkuntza komunitatearen kexak tartean. Ikasturte bukaeran gauden honetan, besteak beste, oraindik ez dakigu zein irizpideren baitan hornituko diren haurreskolak hezitzailez datorren ikasturtean.

Hori guztia kontuan harturik, gaur Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan egin dugun eskaeraren bidez, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergo publikoaren Lehendakariari dagokion erantzukizuna bete dezala exijitzen diogu: berandu baino lehen, Zorione Etxezarraga gerentea kargutik kendu eta Hezkuntza Sailean Haurreskolak Partzuergoaren integrazio adostua negoziatzen has dadila eskatzen diogu. Horrela, lanpostuak egonkortzeaz gain, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari (0-3ari, alegia) hezkuntza sisteman aspaldi zor zaion tokia aitortuko litzaioke, udalen eskumena handituz eta familia eta haurren beharretara egokituz.

Era berean, gogora ekarri nahi dugu 2018an Legebiltzarrak 18.000 euro baino errenta baxuagoa duten familientzako haurreskolen doakotasuna onartu eta doakotasun osorantz urrats gehiago ematea eskatu zuenetik, Eusko Jaurlaritzak ezer gutxi egin duela. Beraz, haurrek aukera berdintasunean hezkuntzarako duten eskubidea bermatzeko doakotasun osorako beharrezko urratsak emateko garaia badela uste dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...