2026-06-19
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakBaliteke ehun langile baino gehiago kaleratzea baldin eta Nafarroako Gobernuak ezarritako adingabeen...

Baliteke ehun langile baino gehiago kaleratzea baldin eta Nafarroako Gobernuak ezarritako adingabeen baldintza agiriaren zentzugabekeria betetzen bada

Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Departamentuak bertze behin ere funtsezko zerbitzuak pribatizatzearen aldeko apustua egin du eta Nafarroan adingabeei laguntzeko zerbitzu gehienen lizitaziorako baldintza agiri berria argitaratu du. LAB sindikatuak duela hilabete batzuk jakinarazi zuenez -Gobernuak eskatutako titulazioetan aldaketa handiak aurreikusten zituztela jakinarazi zuenean-, eskakizun berriekin hainbat enpresatako ehun langilek baino gehiagok lana gal lezakete hurrengo hilabeteetan.

Egoitza-hezitzailearen kategoriari dagokionez, hemendik aurrera gutxienez hezkuntzako eta gizarte-laneko unibertsitate-graduak eskatu nahi dituzte, bai eta gizarte-integrazioko goi-mailako lanbide-heziketa ere, baldin eta gutxienez bortz urteko antzinatasuna badute. Irizpide horiek betetzen ez dituen pertsona oro kaleratu ahal izanen dute, eta, gainera, irizpide horiek aurrekari izanen dira hurrengo lizitazioetarako; beraz, kaleratze-kopurua handiagoa izan daiteke heldu diren urteetan.

Gainera, zuzeneko arretarako (hezitzaileak eta laguntzaileak), ingelesezko eta frantsesezko B2 duten langileen %20 izan nahi dute gutxienez. Baina zer gertatzen da euskararekin? Nahikoa da euskarafobiarekin, erabiltzaile asko ezin baitira beren hizkuntza naturalean hartu, Gobernuak ez baitu eskubide hori aintzat hartu nahi.

LABek errana du ados dagoela titulazioen gaian ordena jartzeko asmoan, baina irmoki uste du modu transitorioan eta negoziatuan egin behar dela eta ezin zaiela kalterik eragin dagoeneko lanean ari diren pertsonei, haien eskubideak errespetatu behar direla. Ezin zaie halako tratu txarrik eman; langileek errespetua merezi dute.

Ez da ez serioa, ez da arduratsua 4 urtean behin Gobernuak titulazioen irizpideak aldatzea. Ezin da ulertu, halaber, Nafarroako Gobernuak titulazio batzuk bertze batzuen gainetik jartzea, titulazio bakoitzak ahalbidetzen dituen lanbide-inguruneei kasurik ez egitea, eta Esku-hartze Sozialeko Hitzarmenaren Zaintza eta Interpretaziorako Batzorde Paritarioak arlo horri buruz ematen dituen ebazpenak kontuan ez hartzea.

Nahiz eta gu aurka egon, Gobernuak zentzugabekeria hori gauzatu du; beraz, hainbat enpresatako ehun langilek baino gehiagok lana gal lezakete hurrengo hilabeteetan. Baina baldintza agiria udaren atarian aterata bidegabekeria hori oharkabean gertatzea lortuko dutela pentsatzen badute, oso oker daude. Ez dugu onartuko. Hala, langileei dei egiten diegu antolatzeko eta mobilizatzeko, baldintza agiri horiek kendu eta berriak egin ditzaten, aldarrikatu ditugun parametroen arabera: akordio negoziatu eta tenporalizatu batean oinarrituta aplikatzea, modu transitorioan, eta egun lanean ari diren pertsonentzako bermeekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.