2025-12-16
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEz lanean, ez inon, eraso sexistarik ez!

Ez lanean, ez inon, eraso sexistarik ez!

LABen Pikete feministak mobilizazioa egin du gaur Bilboko Azkuna Zentroan, Lanalden-eko langile batek bertan jasandako eraso sexistaren aurrean. Azkuna Zentroari eta Lanalden enpresari erantzukizunak har ditzatela eskatzen diegu, gertatutakoaren larritasuna onar dezatela eta berehalako neurriak har ditzatela, langile horiek behar duten babesgabetasunaren aurrean.

Abuztuaren 15ean, Lanalden enpresako langile batek sexu-erasoa jasan zuen Bilboko Azkuna Zentroko bere lanpostuan.

Erasoa eraikineko teilatuan gertatu zen. Erakusketa batera bidali zuten langilea, nahiz eta, bere lanpostuan, zeregin horretarako kontratatuta ez egon. Bakarrik zegoela aprobetxatuz, gizon bat oldartu zitzaion, eta emakume langilea erasotu zuen. Ondoren, emakumeak salaketa jarri zuen.

Hurrengo egunean langilea, berriro baldintza berdinetan, lanpostu berberera bidali zuten, inolako segurtasun neurririk hartu gabe, enpresa gisa zegokien erantzukizuna ukatuz, emakume horren ondorio psikologikoak eta segurtasun neurriak kontuan izan gabe.

LABetik salatu egin nahi dugu Azkuna Zentroak ez zuela gertatutakoaren berri eman, eta, beraz, azarora arte Lanalden-eko enpresa-batzordeak ez zuela bere lankideetako batek jasan zuen erasoaren berri izan, hau da, informazioa jasotzeko eta sindikatu-eginkizunak betetzeko eskubidea ukatuz.

Horren ondorioz, abuztuan erasoa gertatu zenetik, batzordeak gertatutakoaren berri izan eta neurriak hartzeko eskatu arte, lanpostu horretan zeuden langileak baldintza berberetan mantentzen jarraitu dute, inolako babesik gabe. Azkuna Zentroari eta Lanalden enpresari erantzukizunak har ditzatela eskatzen diegu, gertatutakoaren larritasuna onar dezatela eta berehalako neurriak har ditzatela, langile horiek behar duten babesgabetasunaren aurrean.

Salatu nahi dugu, halaber, Azkuna Zentroan sexu-eraso bat gertatu den arren, azken horrek ez diela langileei jakinarazten sexu-jazarpenen edo sexu-arrazoiengatiko jazarpenen aurkako protokoloari buruz, horrela, erasorik izanez gero, tresna eraginkorrez hornitzeko.

Ez da emakume batek bere lanpostuan sexu-eraso bat jasaten duen lehen aldia, baina gaur egun oraindik ez dugu beharrezko mekanismorik indarkeria matxista den gaitz horrek lan-munduan lekurik izan ez dezan.

Horregatik, LABek exijitzen du enpresak behartzea sexu-jazarpenaren eta sexuaren araberako jazarpenaren prebentzioan lan egiteko. Baita lantokiak indarkeria matxistarik eta diskriminaziorik gabeko gune bihur daitezen, langileen parte sozialarekin adostutako jarduera-protokoloak egiteko ere.

Guk borroka kolektibo honetan jarraituko dugu, saretuta, beste emakume batzuekin batera. Dei egiten diogu pikete feministari eraso honen aurrean estrategia bezala, horrela autodefentsa feminista aldarrikatuz erantzun zilegi bezala. Aurrean izango gaituzue, antolatuta, espazioak okupatuz eta enpresa eta erakundeek ezkutatu nahi dutena publikoki salatuz, lantokiak emakumeentzako gune seguruak eta erasorik gabekoak izan arte.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Asuncion Klinikako enpresa batzordeak agerraldia egin zuen atzo, Eusko Legebiltzarrean

Urtebeteren ondoren berriz ere gure hitza eta iritzia zuen aurrean plazaratzeko etorri gara. Esan bezala, hainbat hilabete eta gero, hemen aurkitzen gara, zuen aurrean,...

CTLpack-eko langileek euren hitzarmenaren negoziazio egoera salatu dute eta bidezko hitzarmenaren aldeko mobilizazioak hasi dituzte

Ohar honen bidez, CTLpack Vitoria S.A. (lehen Tuboplast Hispania) enpresako ESK, ELA, CCOO, LAB, USO eta UGTko atal sindikalek publikoki salatu dute Hitzarmen Kolektiboaren...

Martxoaren 17an, greba orokorra: LGS hemen erabaki

ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek greba orokorra deitu dute datorren martxoaren 17an, Hego Euskal Herrian gutxienez 1.500 euroko LGS bat ezar dadin galdegiteko. ELAk,...