Sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua baliogabetu izanak agerian uzten du euskara eta gaztelania maila berean jarriko dituen arkitektura juridikoaren beharra. LABetik Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu auzitegien mehatxuei aurre egin diezaiela eta euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berria osatzeko prozesua has dezala.
Administrazioan euskararen erabilera normalizatu eta hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri guztien aurkako erasoaldi sistematikoarekin jarraitzen dute auzitegiek. Oraingoan Eusko Jaurlaritzaren 2024ko dekretua jarri dute jopuntuan, horren txosten ekonomikoa eskasa dela argudiatuta. Auzi bakoitzerako espresuki bihurritutako argudioak erabilita, urteak daramatzate auzitegiek euskalduntzea sustatzeko lan deialdiak eta arkitektura juridikoa desegiteko ahaleginean. Begi-bistakoa da euskararen desofizializazio prozesuen beste urrats bat dela honako hau.
Bereziki larria da Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua bertan behera utzi izana. Dekretu horrek EAEko administrazioa euskalduntzeko aspektu guztiak arautzen ditu, eta, ondorioz, bertan behera utzi izanak erabateko ziurgabetasunean uzten du euskararen erabilera normalizatzeko prozesu guztia. Urteetan ezagututako epaiek prozesu horren ziurtasun juridikoa arrakalatud ute, eta azken honek goitik behera desegin du.
Dekretua onartu zenean LAB oso kritiko agertu zen, guztiz ez-nahikoa zelako euskararen egoerak dituen beharrei egoki erantzuteko, baita herritarren zein langile publikoen hizkuntza eskubideak bermatzeko ere. Administrazioaren euskalduntzean jauzia emateko anbizio falta zuela salatu zuen LABek. Alta, ez-nahikoa izanda ere, eragile eta epaile euskarafoboentzat gehiegizko dekretua izan da, urrunegi joan dena. Eta neurriak guztiz gutxienekoak izanik ere, eta horien aurka juridikoki egitea justifikaezina izanik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak txosten ekonomikoaren “eskastasuna” erabili behar izan du argudiotzat.
Ekainean onartutako Enplegu Publikoaren Lege berriak dekretu hori baliogabetu eta berri bat onartu beharrean kokatzen du Eusko Jaurlaritza. Berritzeko prozesu hori hasi behar duen honetan, mehatxu gisa har daiteke auzitegiaren epaia. Horregatik, LABek Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio auzitegien mehatxu inplizituei aurre egin diezaiela eta benetan euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu egokia osatzeko prozesua has dezala, inplikatutako eragile guztion parte hartzearekin.
Epaien kate luzearen azken katebegi honek, beste behin ere, agerian uzten du administrazio euskalduna lortu ahal izateko legedi egoki baten beharra dagoela. Euskara gazteleraren maila juridiko berdinean kokatuko duen legedia onartu ezean, ziurgabetasun juridiko honekin eta epaitegien uneko apetaren mende jarraituko du administrazioaren euskalduntzeak.
Euskararen normalizazioaren aurkako epai larri honen aurrean, LABek dei egiten die herritarrei eta langileei euren lan eta hizkuntza eskubideen defentsan mobilizatzen jarraitzera.

