2026-10-31
HomeEkintza PolitikoaSanturtziko Ander gaztearen kasuan dauden ardura zuzen eta politiko guztiak argitu ditzatela...

Santurtziko Ander gaztearen kasuan dauden ardura zuzen eta politiko guztiak argitu ditzatela exijitzen diegu udalari eta Segurtasun Sailari, justizia egin eta gertakari larri hauek berriz gertatu ez daitezen

Gaur publiko egin den bideoak agerian utzi du Santurtziko Ander gaztearekin era oso bortitz eta desegokian jardun zuten udaltzainek gertatutakoa ezkutatu dutela eta haien arduradunek babestu egin dituztela.

2026ko ekainaren 22an Santurtzin gertatua, tamalez, ez da berria Euskal Herrian. Poliziaren gehiegikeriaren eta esku hartze bortitz baten ondoriorik larrienaren adibidea da. Gertaerok, polizia bakan batzuen jarrera indibidualetik harago, egiturazkoak diren arrazoiak dituzte oinarrian, baita ereduari lotuta hamarkadetan hartu diren erabaki politikoak ere.

LABen kezkaz eta ezinegonez bizi dugu Santurtziko kasua; izan ere, hasiera-hasieratik modu bortitz, larri eta desegokian eginiko kudeaketa izan zen, eta Anderren heriotza izan zen emaitza. Zerbitzu publiko bat eman eta herritarren beharrizanak, kasu honetan Anderrenak, babestu behar zituzten udal langile batzuek —udaltzainak— haien funtzioak ez betetzearen zein gaizki betetzearen ondorioz gertatu zen. Osasun mentaleko arazoak zituen Anderrek, eta gehiagotan artatzeagatik ezaguna zen herritarra zen. Laguntza eta babesa eskaini ordez, muturreko indarkeria aplikatu zioten. Taser pistolarekin tirokatu zuten, udaltzainek taserrak erabiltzeko dituzten protokoloak bete gabe. Denbora luzez atxikita izan zuten eta osasun asistentziarako behar zen informazioa ezkutatua izan zen.

Jarduteko modu hau agintari politikoek poliziaren edozein jarduera babestu eta estaltzeko dagoen ohiko jarrerari lotuta dago. Gardentasun falta honek eta erantzukizunei heltzeari uko egite honek inpunitatea areagotzen du, eta ezein jendarte demokratikok zaindu beharreko oinarrizko zutabeak kaltetzen ditu. LABentzat guztiz salagarria da Santurtziko Udala eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila mutu egon izana.

Haatik, udal gobernuaren zein Segurtasun Sailaren isiltasun horrek bide eman die ordena soziala ezartzeko indarkeriaren muturreko erabilera sustatu eta babesten duten polizien sindikatu korporatiboei, hau da, irtenbidea indarkeria gehiago aplikatzeko formazio teknikak ikastetik etorriko dela eta polizien edozein interbentzio defendagarria dela uste dutenei. Klase sindikalismoa gure jardunaren oinarri dugunez gero, LABen ondo dakigu langileen interesen defentsa ez dela inpunitate gehiago defendatzea, ez eta agenda erreakzionarioa sustatzen dutenen marko sekuritarioa irenstea ere.

Bada, zein momentutan bihurtzen da zerbitzu publiko bat jaso eta laguntza eskatzera doan pertsona polizia jakin batzuentzat mehatxu? Gertaturikoa onartezina da, are gehiago horrelakoak ekidin daitezkeenean. Horregatik, eraldaketa sakona beharrezkoa da segurtasuna ulertzeko erari dagokionez, oro har, eta zehazki polizia ereduaren eta indarkeriaren zein armen erabilerari dagokionez. Udal agintariek urgentziazko erabakiak hartu behar dituzte, zuzenean esku-hartu zuten udal langileetatik hasi, ekintza protokolo guztietatik igaro eta horrelakorik berriro gerta ez dadin egin beharreko aldaketa guztietaraino. Era berean, Segurtasun Sailak gardentasuna erakutsi behar du, erantzukizun politikoak argitu eta egikaritu behar ditu eta kontrol mekanismo zorrotzak eta gardenak aplikatu behar ditu horrelakorik berriro gerta ez dadin. Eta, nola ez, Arkautin ezarri den polizia eredua, orain arte halako gertakariak normalizatu egin dituena, iraultzeko ezinbesteko eztabaida ireki behar du.

LAB sindikatutik eztabaida eta eraldaketa horretan buru-belarri arituko gara, udalez udal zein, era orokorrean, segurtasun ereduaren eraldaketan borrokan. Aspaldi hasi genuen bidean sakonduko dugu, eraldaketa horren parte diren udaltzainak antolatuz eta haiekin lan eginez. Herritarren beharren mesedetan zentratuko den eta gatazkak konpontzeko bitartekaritza metodoetan oinarrituko den formazioa exijituko dugu, baita udal langile diren polizien profilak eta funtzioak zehaztu daitezela eta hautaketa prozesu propioak adostu daitezela ere, eta gardenak izango diren kontrol mekanismo zorrotzak eskatuko ditugu.

LABetik Anderrentzat justizia galdegiten jarraituko dugu, eta bere senide eta hurbilekoei babes osoa adierazten diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....