2026-02-02
InicioAcción SocialCarta de Derechos SocialesEskubide Sozialen Kartako eragileok borrokarako konpromisoa berretsi dugu, lan, pentsio eta bizitza...

Eskubide Sozialen Kartako eragileok borrokarako konpromisoa berretsi dugu, lan, pentsio eta bizitza duinaren defentsan


Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok topaketak egin ditugu Barakaldoko BEC-en, Kartaren birkokapen prozesuan mugarri bat jartzeko eta aurrera begirako norabidea zehazteko. Mugimendu eta mobilizazio sozialaren loraldiarekin aukera berriak sortu dira aldaketa sozialaren bidean, eta aukera berri horiei buruz aritu gara antolatutako mahai inguruetan, urtarrilaren 30eko Greba Orokorra oso presente egonda. Hain zuzen ere, topaketen testuinguruan, Kartako eragileok agerraldia egin dugu BEC-en bertan, Greba Orokorrerako deia egiteko. Manifestu bateratu bat plazaratu dugu, lan, pentsio eta bizitza duinaren defentsan.


Barakaldoko BEC-en egindako agerraldian, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako deia luzatu dugu, arrazoiak soberan daudelako mobilizatzeko. Lan munduaren egiturazko prekarietatearen aurrean, pentsioen murrizketaren aurrean eta bizitzaren sostengagarritasuna arriskuan jartzen duten neurrien aurrean, mezu argi bat daukagu: Lan, pentsio eta bizi duinak!

Pentsiodunen mugimenduaren deiari erantzunez deitu dugu Greba Orokorra. Bi urtez kalean egon eta gero, jauzi kualitatibo bat emateko beharra planteatu du mugimenduak, borroka horren alde beste kolektibo batzuk batzera deituz.

Borroka eta aldarrikapen horiek gure egiten ditugu, eta, gainera, Greba Orokorraren bidez bestelako aldarrikapenak ere ekarri nahi ditugu mahai gainera, Aldarrikapen Taulan jaso dugun bezala. Lan baldintzak duintzeko neurriak eskatzen ditugu: lanaldia 35 ordura jaistea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldata-arrakala amaitzea nahiz azpikontratazioetan enplegua eta lan baldintzak bermatzea. Egun ukatuak zaizkigun eskubide sozialak aitortzea eskatzen dugu: etxebizitza eskubide bat izateko neurri eraginkorrak hartzea, menpekotasun egoera guztiei erantzun egokia ematea zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal eta doakoaren bidez… bizitza erdigunean jartzeko zaintza lanak ikusarazi, aitortu, bermatu eta duintzea eskatzen dugu.

Garaia da azken urteetan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko eta aldaketa sozialaren norabidean aurrera urratsak emateko. Pentsio, lan-baldintza eta bizitza duinak nahi ditugu, eta horregatik borrokan jarraituko dugu planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal eta patriarkal honen aurka. Bide honetan batera ekiteko tenorea dugu, bat eginik: langileak eta mugimendu sindikala, pentsiodunak, mugimendu feminista, gazteak, ikasleak, mugimendu ekologista, eskubide sozialen aldeko eragileak, arrazakeriaren aurkakoak, bestelako eredu bat eraikitzeko alternatibak garatzen ari garenak… denok batera antolatu gaitezen lantokietan eta eskualdez eskualde greba komiteetan, eta mobilizatu gaitezen urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean! Lan, pentsio eta bizi duinak!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB rechaza cualquier tipo de destrucción de empleo en Tubos Reunidos y exige responsabilidades a la empresa y a las instituciones

LAB rechaza de forma rotunda el ERE anunciado por la dirección de Tubos Reunidos en las plantas de Amurrio y Trápaga.  No aceptamos que se...

LAB ha reivindicado ante las administraciones públicas que se garantice el derecho a trabajar y vivir en euskera

LAB ha reivindicado que el euskara tenga los mismos derechos que el castellano en las administraciones públicas de Hego Euskal Herria ante las administraciones...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...