2025-12-05
InicioAcción SindicalIgor Arroyo: “Lan harremanen eredua iraultzen du hezkuntza publikoko irakasleen akordioak, 2008tik...

Igor Arroyo: “Lan harremanen eredua iraultzen du hezkuntza publikoko irakasleen akordioak, 2008tik zerbitzu publikoetako lan harremanak estatalizatuta izan baititugu”

Elkarrizketa egin diote Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrari Euskadi Irratian, agenda soziolaboralean dauden hainbat gairi buruz; besteak beste, langile migratu eta arrazializatuen egoeraz, EAEko hezkuntza publikoko irakasleen lan hitzarmenaz, Osasun Mahaiaz eta Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioaz. Hemen entzun dezakezue.

Egunotan atzerritik heldutako langileen inguruan iritzi publikoan esandakoetatik abiatuta, irmo mintzatu da aferaz Arroyo: “Ez da batere onargarria horrelako ikuspegi utilitarista batekin aritzea langile migratuez. Guretzat migranteak ez dira aparteko kolektibo bat. Lanera etortzen diren pertsona horiek gure klasearen parte dira eta beraiekiko harremana klase elkartasunean oinarritzen da. Gure asmoa da kolektibo horiek guztiak sindikalki antolatzea; azken batean, diskriminazio eta esplotazio egoera asko pairatzen dituztelako”.

Migratzea eskubidea dela gogoratu du, eta, ez hori bakarrik, migratzen duen jende gehienak “beste erremediorik ez duelako egiten duela». “Daukagun nazioarteko ordena injustua da, eta oinarritzen da Ipar Globalaren dominazioan Hego Globalarekiko, eta natur baliabideen eta errekurtso ekonomikoen ustiapen basati batean. Hori da konpondu behar genukeen lehen gauza”. Horrekin batera, baina, eskuinetik datozen mezuen atzean dagoen “hipokresia” salatu du: “Behar ditugu, baina ez ditugu maite. Nahi dugu erregularizatzea, baina, era berean, modu irregularrean dauden horietatik probetxua aterako dugu, eta ongi etorriko zaigu paperik ez izatea. Itxurakeria eta hipokresia horrekin amaitu beharra dago, eta gizatasunez eta klase elkartasunez heldu afera honi”.

LABek ekainaren 11rako pribatizatutako zaintzako langileak mobilizatzeko egindako deialdiaz ere mintzatu da Arroyo. Langile horiek “langile publiko moduan” kontsideratuak izan behar luketela defendatu du, eta, horregatik, azpikontratatuta egonagatik, lan baldintzetan langile publikoekiko ekiparaziorantz jo behar litzatekeela. ELA sindikatuak Gipuzkoako adinekoen egoitzetan grebak bakarrik deitu izanaren arrazoiez galdetuta, Arroyok argitu du sindikatu horrek erabaki zuela Greba Feminista Orokorraren ondotik eratu zen intersindikaletik atera eta bere ibilbidea “bakarrik” egitea. Beste sindikatuekin adostasunik bilatu ez, eta greba deialdia bakarrik egin izana “ez da abiapuntu ona” koordinatzaile orokorrarentzat, halako deialdiek “ahalik eta adostasun zabalena” bilatu behar bailukete, haren irudiko, “langile ahalik eta gehien mobilizatzeko”. Edozein kasutan, LABek deialdia eta edukiak aztertuko dituela azaldu du.

Berriki, hainbat greba eta mobilizazioren ondoren erdietsitako EAEko hezkuntza publikoko irakasleen akordioaz ere aritu da Arroyo. “Oso pozik gaude lortutakoarekin; borroka eredugarria izan da, eta akordioa oso potentea da”, nabarmendu du. Lan kargak aritzea, ratioak jaistea, euskalduntzerako, hezkideratzako eta hezkuntza prozesua garatzeko baliabide gehigarriak lortu direla aipatu du, batetik, eta, bestetik, azpimarra egin du lortu den soldata igoeran: “Lortu den soldata igoera harago doa estatu mailan ezartzen den KPIren arabera normalean azken urteetan ezarri denetik. Alegia, estatu mailan ezarriko den soldata igoeratik harago, %7ko igoera lortu da. Horrek, erosahalmena berreskuratzeko urratsa izateaz gain, lan harremanen eredua erabat iraultzen du, 2008tik zerbitzu publikoetako lan harremanak estatalizatuta izan baititugu. Lortu duguna da, 2008tik lehenengo aldiz, horrelako kolektibo zabal batentzat, apurtzea logika horrekin, eta hemen adostea lan baldintzak”.

Marra gorriak, patronalarenak

Bestelako hainbat gairen artean, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioaren aldeko borrokaz ere aritu da Arroyo. Batetik, lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzari patronala negoziatzera eramateko iniziatibak har ditzaten eskatuko die LABek, azaldu duenez, eta, bestetik, Herri Ekimen Legegilea martxan dela gogoratu du, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko soldata hemen ezarri dezaten eskumena izan dezaten: “Espero dugu sinadura bilketa hau erraldoia izatea, pentsiodunen mugimenduak egin duen moduan”. Guillermo Buces Cebekeko presidente berriak egindako adierazpenez ere galdetu diote Arroyori, sindikatuekin “marra gorririk gabeko” elkarrizketa nahi duela esan baitzuen. Hitzoi sinesgarritasuna emateko aukera duela oroitarazi dio Arroyok Bucesi: “Bere hitzak sinesgarriak izateko, Cebekek apustu egin beharko luke gutxieneko soldata ezartzeko mahai horren alde. Ezin da esan marra gorririk gabe hitz egingo duzula, eta hitz egiteko sortzen den mahai horretan ez eseri. Benetan elkarrizketarako borondatea badauka, Cebekek badauka aukera Confebasken barruan bultzatzeko mahai horren sorrera, mahai horretan horixe egingo dugulako: eseri, marra gorririk gabe”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB denuncia de forma rotunda que hayan dejado a 111 personas en la calle en el barrio de Martutene de Donostia

LAB recuerda que toda la ciudadanía tiene derecho a tener una vida que merezca ser vivida, y ha reclamado a las instituciones que lo...

Gobierno Vasco: ¡garantiza la financiación necesaria para la universidad pública! Partidos políticos del Parlamento: ¡defended firmemente la EHU!

El paro y la concentración de hoy son la cuarta de las movilizaciones llevadas a cabo esta semana en los campus de la EHU,...

Condiciones de vida y trabajo de la clase trabajadora de Navarra: una de cada dos navarras sigue viviendo en situación de precariedad

En Navarra el salario medio ha subido en el último año, pero tanto las desigualdades sociales como las situaciones de pobreza están aumentando. Por...