2026-03-20
HomeEkintza PolitikoaAtxiloturik zeuden sindikatuko bost kideak kalera atera dira, epailea bera ikusi gabe

Atxiloturik zeuden sindikatuko bost kideak kalera atera dira, epailea bera ikusi gabe

Espainiako Poliziak LAB sindikatuko 6 kide atxilotu zituen asteartean Nafarroan. Horietako bat berehala askatu zuten, baina bertze bortzek egun osoa eman dute polizien eskuetan. Asteazken goizean, bederatziak aldera, epailearen aitzinera ziren pasatzekoak. Baina epaileak ez ditu hartu. Galdetu diete ea deklaratu behar zuten, eta ezetz erran dutenez, aske utzi dituzte, karguekin. LAB sindikatuaren ustez, epaileak atxilotuak ikusi ez izanak are handiagoa egiten du polizia operazioaren burugabekeria.

Sei atxilotuei egotzi diete martxoaren 8an CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen Iruñeko egoitzan eginiko protesta ekintza batean edo apirilaren 9an ISN enpresaren kamioi batekin eginiko protesta ekintza batean parte hartzea. Mehatxuak, bortxa, kalteak eta -kamioiaren kasuan- zirkulazioaren segurtasunaren aurkako delitua leporatzen diete, abokatuen ustez “oso pobrea” den atestatu batean. Bide batez, aipatzekoa da abokatuek ikusi ahal izan duten atestatu horretan ez direla pertsona gehiago agertzen, nahiz eta Poliziak eta Gobernu Ordezkaritzak berak atzo erran zuten 11 izanen zirela atxilotuak.

LAB sindikatuak asteartean salatu zuen -berresten dugu gure salaketa- LABen aurkako operazio honetan patronala eta polizia eskuz esku ibili direla. Izan ere, kamioiaren ekintzaren kasuan aipatzekoa da Foruzaingoak ofizioz hasi zituela diligentziak, eta gero atxilotua izan denetako bat deklaratzen egon zela haiekin, baina ISN enpresak salaketa Espainiako Polizian jarri zuenez, hark hartu zuela kasua, eta martxoaren 8ko ekintza harekin lotuta, antzezlan handi hau muntatu duela.

Soldata arrakala salatzeko ekintza bat, eta Garbiketen sektoreko hitzarmenaren negoziazioetan zegoen blokeoa salatzeko bertze ekintza bat. Alegia, emakumeen lan baldintza kaskarrak salatzeko eta haien eskubideak aldarrikatzeko bi ekintza. Bi ekintza baketsu eta LABek bere ekintza sindikalean ohikoak dituenak. Horixe da patronalak eta Espainiako Poliziak jomugan jarri dituenak. Eta Poliziak atxiloketen bortizkeria erabili du emakume sindikalista horien jarduera sindikala baldintzatzeko eta eragozteko eta, oro har, emakumeen borrokei zilegitasuna kentzeko.

LAB sindikatuaren ustez, bi ekintza horietan ez dago deliturik. Baina Poliziak bi ekintza horietan delitu zantzurik ikusi baldin badu, nahikoa zuen sei sindikalista horiek deklaratzera deitzea. Ez zen beharrezkoa halako operatibo poliziala muntatzea. Ez zen beharrezkoa parametro demokratikoetan, noski. Baina LABek uste du patronalak eta Poliziak halako operazio hanpatua egin dutela, batetik, LABek ordezkatzen duen sindikalismo borrokalariaren aurka zuzenean jotzeko eta, bertzetik, gerora etorriko diren zigor eskaerak indartzeko.

Bukatzeko, LAB sindikatuak dei egin nahi die Nafarroako langileei parte har dezaten larunbatean Iruñean eginen den manifestazioan, borroka sindikalaren alde, patronalaren eta poliziaren muntaiaren aurka. Manifestazioa 17:00etan aterako da, Iruñeko Baluarte plazatik. Bestalde, ostiralean mobilizazioak egingo ditugu Euskal Herriko hainbat eskualdetan.

Nazio Komitearen deia

Gure sindikalismo borrokalariaren aurkako polizia operazioa gogor salatu du LABeko Nazio Komiteak, eta mobilizatzeko deia luzatu die langileei.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.