2026-07-15
HomeEkintza SozialaAniztasun FuntzionalaAniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak eta bizi-kalitatea mehatxatzen dituzten dekretuen aurrean, elkarrizketa...

Aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak eta bizi-kalitatea mehatxatzen dituzten dekretuen aurrean, elkarrizketa exijitu diogu Bizkaiko Foru Aldundiari

Aniztasun funtzionalaren sektoreko LABeko delegatuek eta dekretuek eragiten dieten familiek esku-hartze publiko bat egin dute Batzar Nagusietan, eta 2026ko apirilaren 1ean onartutako Foru Dekretuen eragina aztertu dute.

Dekretuok jasotzen dituzten zazpi alderdi xehatu dituzte hitzartzean, eta, delegatuen iritziz, horiek larriki honda ditzakete aniztasun funtzionala duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea, autonomia eta eskubideak. Delegatuek erakundearekin benetako elkarrizketa prozesua lehenbailehen irekitzea eskatu dute.

Hitzartzea egin duten LABeko ordezkariak sektoreko zuzeneko langileak dira, eta urte askotako esperientzia dute aniztasun funtzionala duten pertsonei laguntzen. Beren eguneroko lana laguntza pertsonalizatuan, loturak mantentzean eta pertsona bakoitzaren ezagutza sakonean oinarritu da. Delegatuek ohartarazi dute dekretu berrien zenbait alderdik arreta-eredu hori desegin dezaketela.

Hitzartzean nabarmendutako zazpi puntu nagusiak honako hauek izan dira:

1. Egokitasun-ziurtagiriak kentzea

Dekretuek ezabatu egiten dituzte erabiltzaileen profilen eta dauden baliabideen arteko egokitasuna bermatzen zuten ziurtagiriak. LABeko ordezkariak beldur dira neurri horrek zerbitzu beraren barruan beharrizan heterogeneoagoak egotea eragingo ote duen, horrek arreta espezializatua zailago egingo bailuke eta sektoreko langileen lan-baldintzak okertuko bailituzke.

2. Laguntzak mugatuta 18-64 urte bitartekoentzako

Dekretu berriek ezartzen dutenez, laguntza espezializatuak mugatu egingo dira 18 eta 64 urte bitarteko adin-tartearentzako. LABeko ordezkariek salatu dutenez, neurri horrek aniztasun funtzionalaren errealitatea aintzat hartzen ez duen logika administratiboa ezartzen du; izan ere, aniztasun funtzionala dutenek etengabeko laguntzak behar dituzte bizitza osoan zehar, ez zahartzaroan bakarrik.

3. Nagusien egoitzetara nahitaez bideratzea

64 urte betetzean, bizileku izan dituzten baliabide espezializatuak utzi eta adinekoentzako egoitzetara joan beharko dute erabiltzaileek. LABeko ordezkariek eta familiek haustura traumatikotzat jo dute neurri hori, behartzen baititu etxea uztera, errutinak galtzera, erreferentziazko profesionalengandik aldentzera eta lotura afektiboen sare osoa hutsetik berreraikitzera.

4. Aldi berean baliabide publiko bakarreko mugapena ezartzea

LABeko ordezkarien arabera, hainbat zerbitzu publiko — hala nola laguntzak dituen etxebizitza bat eta eguneko zentro bat — bateragarri egiteko ezintasunak zuzenean mugatzen du gizarteratzea, eta komunitatean parte hartzeko, gizarte-harremanetarako eta garapen pertsonalerako aukerak murrizten ditu.

5. Laguntza eskaintzen den etxebizitzetarako exijentzia gehiago, finantzaketa handiagorik gabe

Etengabeko arretarik gabeko 24 orduko etxebizitzetarako baldintzak aldatzeak ekarriko du plantilla handitu eta ratioak berrikustea; aldiz, oraingoz ez dago aurreikusita hitzarmen ekonomikoak berrikustea. LABeko delegatuek exijitu dute edozein eskakizun berri bideragarri egiteko beharrezko baliabide ekonomikoekin batera egin dadila, eta azpimarratu dute langileek beraiek jasango dutela hori ez egitearen eragin zuzena.

6. Familiak zigortzen dituzten koordaintketa sistemak

Dekretuetan aurreikusitako koordainketa-sistemak gurasoen diru-sarrerak hartzen ditu kontuan. LABeko ordezkariek eta eraginpeko familiek salatu dute horrek zigor ekonomikoa dakarkiela bizitza osoa zaintzari eta laguntzari eusten daramaten familiei, eta alderatu dute seme-alabei guraso nagusien bizilekua ordaintzeko eskatzearekin, haien senide izate hutsagatik.

7. Pertsona erdigunean: Egia ala erretolika hutsa?

Esku-hartzearen amaieran galdetu dute ea dekretu horietan jasotako neurriek benetan sistemaren erdigunean jartzen duten pertsona, edo, aitzitik, ea administrazio-irizpideak lehenesten dituzten aniztasun funtzionala duten pertsonen premien, loturen eta bizi-proiektuaren gainetik. LABeko ordezkariek azpimarratu dute errealitate hori hobekien ezagutzen dutenak erabiltzaileekin eta haien familiekin egunero bizi diren langileak direla.

Aipatutako guztia ikusita, LABeko ordezkariek Bizkaiko Foru Aldundiari honako eskakizun hauek helarazi dizkiote:

– Sektoreko beharginekin, ordezkari sindikalekin, familiekin eta erabiltzaileekin benetako elkarrizketa prozesu bat abia dadila dekretuak behin betiko ezarri aurretik.

– Baliabideak eskuratzeko egokitasun irizpideak berrikustea, sektoreko langile eta delegatuekin batera.

– 64 urtetik aurrera laguntzak eskuratzen jarraitzeko bermea, adin-irizpide administratiboek inposatutako etenik gabe.

– Laguntzadun etxebizitzetarako ezarritako exijentzia berrien bideragarritasuna bermatzeko hitzermen ekonomikoak eguneratzea.

– Koordainketa sistemaren berrikuspena, familientzako zigor ekonomikoa desagerrarazteko.

– Baliabideen osagarritasuna aitortzea benetako gizarte-inklusiorako erreminta gisa.

Gizarte inklusiboa ez da neurtzen pertsonak produktiboak direnean artatzeko moduaren arabera, baizik eta bizitza osoan laguntza behar dutenei laguntzeko moduaren arabera, haien loturak, erabakiak eta bizi-proiektua errespetatuz.

Bada, zaintza eredu duin eta errespetuzko baten alde, LABetik mobilizazioak iragarri ditugu sektorean. Ostegunean, hilaren 25ean, 10:30ean, elkarretaratzea deitu dugu Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean. LABeko ordezkariak eta sektoreko langileak mobilizatuko gara Gizarte Ekintzako foru diputatuari azalpenak eskatzeko apirilaren 1ean onartutako dekretuen eraginagatik. Hala, jakinarazi nahi diogu aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideen murrizketak ez direla onargarriak eta herritarrek erantzunak nahi dituztela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako esku-hartze sozialeko sindikatuok negoziazioa desblokeatzeko aurkezturiko proposamena aurkeztu dugu, aldarrikapenei erantzun gabe segitzen duen patronalaren aurrean

ilabete eta erdi baino gehiago patronalaren aldetik inolako proposamenik gabe egon ondoren, atzoko mahaian AISAk uztailaren 29rako proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen, eta, bertan, sektorearen aldarrikapen ugariri behingoz erantzutea espero dugu.

Patronala Gipuzkoako gasolindegien hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari da

LAB, ELA eta UGT sindikatuok, ordezkaritzaren % 70,27 dugunok, elkarretaratzea egin dugu gaur Donostian, AEGA patronalaren jarrera salatzeko asmoz; izan ere, sektorean dauden benetako arazoei ez die erreparatzen patronal horrek. Hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi baino gehiago igaro ondoren, AEGAk negoziazioa blokeatu du, eta Gipuzkoako gasolindegietan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak duintzeko akordio bat lortzea eragozten ari da.

Langileen osasuna bermatu dadila eskatzeko mobilizatzen ari dira Siban enpresaren lantegietan

Abanto Zierbenan kokaturiko Siban Peosa eta Siban Innobelting enpresetako langileek greba partziala egiten ari dira gaur, uztailak 15, 12:00etatik 16:00etara arte, hilaren 1ean Siban Innobelting lantegian izandako lan-istripua salatzeko.